143. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

167/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez sari honetarako deialdia egiten baita: “Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Saria”.

Departamentuari dagokio, beste eginkizun batzuen artean, gizarte berrikuntzaren arloko praktikak, esperientziak eta proiektuak bultzatzea eta zabaltzea; halaxe xedatu baita urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez ezartzen baita Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa.

Eskumen hori gauzatzeko asmoz, departamentuak, “Tomás y Lydia Recari García” Fundazioarekin elkarlanean, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren Sariaren I. deialdia egin du, urtero deituko dena.

Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntza da gizarte beharrak asetzeko modu berrien multzoa, zeinak aurrekoak baino eraginkorragoak, efizienteagoak, jasangarriagoak, bidezkoagoak edota eraldatzaileagoak baitira.

Zenbait erakundek badituzte gure gizartearen erronkarik azpimarragarrienei aurre egiteko beharrezkoak diren aldaketak eragiteko produktuak, zerbitzuak edo ereduak. Produktu, zerbitzu eta eredu horiek, berritzaileak izateaz gainera, indartzen dute gizarteak berritzeko eta bere burua eraldatzeko duen gaitasuna. Sariaren I. deialdi honetan, publikoki aitortu nahi da erakunde horiek gizarte zerbitzuetako gizarte berrikuntzaren arloan egin duten lana.

Epaimahaiak balioetsiko ditu landutako gizarte erronkaren garrantzia, proiektuko helburuen munta eta egokitasuna, eta parte hartze zein ahalduntze prozesuen zabaltasuna eta sakontasuna. Kontuan izanen du, era berean, garatutako soluzioaren berritasun maila; hau da, ea zer alde dagoen haren eta hura baino ohikoagoak diren soluzioen artean, eta ea horiek nola hobetzen dituen efizienteagoa, bidezkoagoa, jasangarriagoa edo eraldatzaileagoa delako, hain zuzen.

Alde horretatik, epaimahaiak balioetsiko ditu bai lortutako emaitzak bai eta proiektuak, denborak aurrera egin ahala, gero eta eragin handiagoa izateko duen gaitasuna ere, hori guztia proiektuaren jasangarritasun soziala eta finantzazioa kontuan izanik.

Sariaren helburua da proiektuaren emaitzak eta irabazitako balio soziala zabaltzea eta jakitera ematea.

Azkenik, bat etorriz martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian jasotako aukerarekin (errege dekretu horren bidez alarma egoera deklaratu zen, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren egoera kudeatzeko xedez), nabarmendu beharra dago gizarteak baduela interesa aurrera egiteko sariak aitortzen dituen gaietan, eta, horregatik, ezinbestekoa dela espedientea tramitatzea; une hauetan are gehiago, proposamen berritzaileak sortu behar baitira COVID-19aren krisiak eragindako erronkei aurre egiteko. Horregatik guztiagatik, justifikatuta dago prozeduren tramitazioaren etenaldia kentzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ondoren ematen diren oinarri arautzaileei jarraituz, sari honetarako deialdia egitea: “Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Saria”.

2. 6.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastuen aurrekontuko 900008 92100 2276 231004 partidaren kargura, “Gizarte berrikuntzako proiektuak eta Europako proiektuak” izenekoarenera.

3. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Nolanahi ere, adierazi beharra dago ezen, bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, etenda dagoela deialdiaren aurka gora jotzeko balizko errekurtsoa aurkezteko epea. Epea zenbatzen hasiko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo haren luzapenek, baldin horrelakorik bada, indarra galtzen dutenetik.

Eskaerak aurkezteko epea ere etenda dago, aipatutako epea igaro arte. Dena dela, etenaldi horretan entitateren edo pertsonaren batek parte-hartze eskaera aurkezten badu, onartuko zaio, eta epe barruan aurkeztutzat joko da.

4. Foru Agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Administrazio Aferetarako Bulegora, haren Kontabilitate Zentrora eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2005689