143. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4E/2020 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaie Iruñeko eta udalerri mugakideen arteko muga jurisdikzionaleko marrak berreskuratzeko eta horien hobekuntza geometrikoa egiteko lanei.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen testuaren arabera, udal-mugartea udaleko gobernu eta administrazio organoek beren eskumenak erabiltzeko duten lurralde esparrua da. Udal-mugartearen mugaketa zehatza, “muga jurisdikzionaletako marrak” izenekoen bidezkoa, funtsezko elementua da toki administrazioaren funtzionamendu egokirako eta beste ahalmen publiko batzuen erabilerarako. Gainera, mugako marra horien kartografia oinarrizko informazioa da herritarrentzat eta eragile ekonomiko eta sozial askorentzat; informazio hori kalitatezkoa eta eskuragarria izatea eskatzen dute, gero eta gehiago, informazio eta komunikazioaren teknologiaren erabileraren arloan orokorrean gertatzen ari den modu berean.

Nafarroako udalerrien mugaketa ofiziala datu dokumental eta kartografiko multzo batean oinarritzen da. Datu horiek Institutu Geografiko Nazionalaren menpeko Kartografiako Erregistro Zentralean gordetzen dira.

Informazio horrekin batera, Nafarroako Foru Komunitatean beste datu iturri bat dago, hori ere udal jatorria duena eta haren eskumenean dagoena: Nafarroako katastroetako datuak. Horiek ere udal mugetako marren kartografia eskaintzen dute, baina beste helburu batekin, helburu fiskalarekin, alegia.

Maiz, bi datu-multzoen arteko desberdintasunak nabarmenak dira, arrazoi askorengatik: batean edo bestean nahiz bietan datu zehaztugabeak izatea, eskala eta lan metodologia desberdina erabili delako, garai desberdinetan jaso direlako edo erakunde desberdinek egin dutelako bilketa. Iruñerrian beste faktore batzuk gehitu beharko lirateke, alegia: 70eko hamarkadatik edo lehenagotik egin diren udal-mugarteen aldaketa prozesu ugariak eta, urbanizazioaren ondorioz, lurraldean gertatutako eraldaketa.

Egoera hori dela-eta, SITNAren koordinazio organoek behin eta berriz adierazi dute beren lan planetan “ez dagoela Nafarroako udalerrien lurralde mugaketaren kartografia finkaturik”, eta horrek segurtasun juridiko falta nabarmena sortzen duela eta, betiere, kalitate falta dakarrela administrazioek gizarteari eskaintzen dioten oinarrizko informazioan, estrategikotzat jo dezakegun horretan.

Aipatutako inguruabar guztiak aintzat hartuta, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du lan programa bati heltzea, pixkana helburu hau beteko duena: Estatuko Administrazio Orokorrean, Foru Komunitatekoan eta udaletan arau eta lan-tresna den dokumentazio administratibo eta tekniko ofiziala guztiz bat etortzea.

Lan programa horren baitan eman da ebazpen hau, xedatzen duena hasiera ematea Iruñeko udalerriko eta hark mugakide dituen udalerrietako muga jurisdikzionaletako marrak berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanei.

Tramite horiek mugakide diren beste udalerri batzuei ere eragiten diete, marra horietako hasierako edo amaierako mugaketa puntuak berberak direlako.

Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak hasiera eman diezaiola udalerrien arteko muga jurisdikzionaletako marra hauek berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanei:

1) Antsoain-Iruña (31016-31201-00 kodea).

2) Aranguren-Iruña (31023-31201-00 kodea).

3) Burlata-Iruña (31060-31201-00 kodea).

4) Zizur-Iruña (31076-31201-00 kodea).

5) Eguesibar-Iruña (31086-31201-00 kodea).

6) Ezkabarte-Iruña (31101-31201-00 kodea).

7) Galar-Iruña (31109-31201-00 kodea).

8) Oltza Zendea-Iruña (31193-31201-00 kodea).

9) Iruña-Atarrabia (31201-31258-00 kodea).

10) Iruña-Barañain (31201-31901-00 kodea).

11) Iruña-Berriobeiti (1) (31201-31902-01 kodea).

12) Iruña-Berriobeiti (2) (31201-31902-02 kodea).

13) Iruña-Berriozar (31201-31903-00 kodea).

14) Iruña-Orkoien (31201-31906-00 kodea).

15) Iruña-Zizur Nagusia (31201-31907-00 kodea).

2. Antsoaingo, Arangurengo, Barañaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Burlatako, Zizurko, Oltza Zendeako, Ezkabarteko, Galarko, Orkoiengo, Iruñeko, Eguesibarko, Atarrabiako eta Zizur Nagusiko udalei eskatzea behar diren udal batzordeak izenda ditzatela aipatu lanak egiten lagundu eta berretsi ditzaten. Batzorde horietako bakoitzak kide hauek izanen ditu: alkatea, hiru zinegotzi, udal idazkaria eta udalak peritu lanak egiteko izendatzen duen pertsona.

3. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak lan tekniko eta administratiboen egoeraren berri eman diezaiela ukitutako udalei modu egokian, gaur egun indarra duten aktak gaurkotuko dituztenak formalizatu daitezen.

4. Jendaurrean jartzea ebazpen honen 1. zenbakian adierazitako udal mugen marren zuzenketa eta hobekuntza geometrikorako oinarrizko proposamena, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasita, lanen xedeari buruzko informazioa edo ekarpenak jasotzeko. Hori helburu, dokumentazioa aztergai egonen da Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren bulegoetan (Arrieta kalea 12, 3. solairua) eta Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian (https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak/proyecto-recuperacion-mejora-geometrica-lineas-limite-jurisdiccionales-pamplona-limitrofes).

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta ukituriko udalei igortzea, baita Institutu Geografiko Nazionaleko Eskualdeko Zerbitzura eta Nafarroako Gobernuaren unitate hauetara ere: Nafarroako Zerga Ogasunaren Lur-ondasunen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kartografia Atalera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalera, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atalera.

6. Ebazpen honen 4. puntuan xedatutakoaren ondorioetarako, ebazpen hau igortzea, orobat, Aitzoaingo, Berriobeitiko, Artikako, Azozko, Arreko, Badostaingo, Cordovillako, Ezkirozko, Zizur Txikiko eta Arazuriko kontzejuetara.

Iruñean, 2020ko ekainaren 8an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2006656