143. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

20/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 25ekoa, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak emana, maiatzaren 13ko 17/2020 Foru Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez ezartzen baita zer prozeduraren bidez eman apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuak langile autonomoentzat araututako laguntzak, (foru lege-dekretu horren bidez onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak).

ZIOEN AZALPENA

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak maiatzaren 13an emandako 17/2020 Foru Aginduaren bidez, ezarri zen zer prozeduraren bidez eman apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuak langile autonomoentzat araututako laguntzak (foru lege-dekretu horren bidez onetsi ziren koronabirusaren (COVID 19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak). Foru agindu horri lehendabiziko aldaketa bat egin zitzaion Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren maiatzaren 29ko 18/2020 Foru Aginduaren bidez.

Gero, apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 2. artikulua aldatu da ekainaren 17ko 6/2020 Foru Lege-dekretuaren azken xedapenetako seigarrenaren bidez (foru lege-dekretu horren bidez, premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko). Aldaketaren arrazoia da aldizkakoak direla kulturaren sektoreko langile autonomoek egiten dituzten jarduerak, eta horrek behartzen du alarma egoera deklaratu zenetik eskaera eskatzen den bitartean Nafarroan honako hauetan alta emanda egoteko betebeharra egokitzera: ekonomia-jardueren gaineko zergan eta Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean edo aurreikuspen sozialeko mutualitate batean. Hala, pertsona horiek eskura dezakete 700 euroko laguntza fakturazioa murrizteagatik, baldin eta alta emanda egon badira aipatutako zergan eta araubidean edo mutualitatean, gutxienez 4 hilabetetan edo 120 egunetan alarma egoera 2020ko martxoaren 14an deklaratu aurreko hamabi hilabetean.

Hori ikusita, bidezko da modu berean aldatzea Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren maiatzaren 13ko 17/2020 Foru Agindua.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak maiatzaren 13an emandako 17/2020 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, ezarri zen zer prozeduraren bidez eman apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuak langile autonomoentzat araututako laguntzak (foru lege-dekretu horren bidez onetsi ziren koronabirusaren (COVID 19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak).

Foru agindua honela aldatzen da:

Bat.–2. artikuluko 2.1.2 apartatuko a) letra aldatzen da, eta testu hau izanen du:

a) Jarduerari utzi ez izana eta autonomo moduan altan segitzea Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean edo Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitate batean eta ekonomia-jardueren gaineko zergan Nafarroan, alarma egoera deklaratu zen egunetik hasita laguntza-eskaera egiten den egunera arte. Baldintza hori frogatuko da ordainagirien bidez edo zuzenbidez onartua den beste edozein frogabiderekin.

Kultura sektoreko jardueretako langileen kasuan –b) letran aipatzen dira–, aski izanen da altan egotea aipatutako araubidean edo mutualitatean eta zergan, gutxienez, 4 hilabetetan edo 120 egunetan alarma egoera 2020ko martxoaren 14an deklaratu aurreko hamabi hilabetean.

Bi.–2. artikuluko 2.2. apartatuko a) letra aldatzen da, eta testu hau izanen du:

a) 463/2020 Errege Dekretuak alarma egoera deklaratu zuen egunean, 2020ko martxoaren 14an alegia, zerga-egoitza Nafarroan izatea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako eta Nafarroako Foru Komunitatean alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan ere. Kultura sektoreko langileen kasuan, EJZri dagokion baldintza izanen da aurreko 2.1.2 apartatuko a) letran ezarritakoa.

Ekonomia-jardueren gaineko zergari dagokion baldintza ez dute bete beharko lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileek, ez eta Nafarroako ekonomia-jardueren gaineko zergaren menpe ez dauden jarduerak betetzen dituztenek ere (nekazaritza edo basogintzako jarduerak, menpeko abeltzaintza, abeltzaintza integratua eta merkataritzako ordezkariak).

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko ekainaren 25ean.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F2006686