142. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

37E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 10ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2020an kirol instalazioen plana egin dezaten beren eraginpeko eremu geografikoan. DDBN identifikazioa: 510177.

Kirolak gaur egun Nafarroan duen hedapena eta toki entitateek arlo horretan duten inplikazioa dela eta, Nafarroako Gobernuak hainbat neurri eskaintzen ditu Nafarroako populazio osoak kirola egiteko aukera izan dezan eta, orobat, toki entitateei laguntzeko dagozkien eskumenak beren gain har ditzaten eta kirol antolaketa gara dezaten.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.g artikuluan, helburu gisa hauxe finkatzen du: “plangintza bat ezarri eta bultzatzea, Foru Komunitatean kirol instalazioen sare bat ezarri eta mantentzea helburu”. Horretara bideratu behar dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak, eta Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburua da.

Nafarroako kirol instalazioen eraikuntza eta berritzea planifikatzeko, beharrezkoa da honako hauek aztertzea: kirol instalazioen eskaera eta joera berriak, hirigintzaren hazkundea, ingurune sozio-geografikoa, etab. Horietaz gain, egungo instalazioen zahartzea ere aztertu behar da; izan ere, horrek behartzen gaitu epe ertain eta luzean horiek egokitzeko behar diren inbertsioak egitera.

Ingurunera begiratuta, ikus daiteke kirol azpiegituren sare oso zabala dagoela, eta gerta daiteke batzuetan gehiegizkoa izatea. Beharrak ongi aztertu eta zehaztu behar ditugu, oraingoak behar baino gutxiago ez erabiltzeko eta kudeatzeko bideraezinak diren instalaziorik ez eraikitzeko. Eta, behar denean, oraingoak birmoldatzeko.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez, honako eginkizun hauek ditu esleiturik, besteak beste:

g) Kapital transferentzien bidez eragindako inbertsioetako laguntzak koordinatzea, kudeatzea eta kontrolatzea, bai eta kirolerako ekipamendu eta instalazioetarako dirulaguntzak ere.

n) Toki erakundeei aholku eta laguntza ematea kirol instalazioetan inbertsioak egin, horiek eraiki eta horietan berrikuntza lanak egitea xede duten tokiko planak egiten dituztenean (kirol instalazioen tokiko planak-KITP).

Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

d) Kapital transferentzien bidez eragindako inbertsioetako laguntzak koordinatzea, kudeatzea eta kontrolatzea, bai eta kirolerako eta gazteentzako ekipamendu eta instalazioetarako dirulaguntzak ere, egon daitezkeen finantzazio iturriak aztertuta.

e) Toki eta kirol erakundeei aholku ematea kirol azpiegituren arloan, bai eraikuntzari eta zaharberritzeari dagokienez, bai kudeaketari dagokionez.

f) Erabilera publikoko kirol instalazioetako eta bertako ekipamenduetako segurtasun planak kudeatzea eta toki entitateei aholku ematea arlo horren gainean.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egin dezaten.

Horren bidez plangintza bultzatu nahi da, agiri bat eginez, ahalik eta kirol eragile gehienekin lankidetzan, azkeneko helburua lortzeko, hots: Nafarroako Foru Komunitatean kalitatezko kirol instalazioen sarea izatea, egungo gizartearen eskaerei erantzuteko.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak eta eranskinak onestea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egin dezaten 2020an.

Laguntzak emateko ezinbesteko baldintza izanen da aurrekontuan kontsignazioa egotea (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 5. artikulua).

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 30.000 (hogeita hamar mila) euroko gastua baimentzea, honako honen kargura: Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateentzako dirulaguntza, instalazioen planak egiteko” izeneko A50001-A5410-4609-336100 partida ekonomikoa.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzara, haren Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora.

5. Deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 10ean. –Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egin dezaten, honako apartatu honetan zehazten diren jarraibideei jarraikiz:

1.2. Dirulaguntzaren xede izanen dira honako protokolo honen arabera egindako kirol instalazioen planak:

Instalazioen eta jardueren plana egiteko 3 fase ezartzen dira:

1. fasea: oraingo egoeraren datu bilketa. Honako atal hauek ditu bere baitan:

1.–Planaren barnean aztertutako instalazio bakoitza mantentzeko azken 5 urtean erabili den aurrekontua, zerrendaturik. Atal honetan sartuko da mantentze-lanetako ohiko zereginetarako edo instalazioak eraberritzeko erabilitako aurrekontua. Honelako gastuak ez dira sartuko: argia (elektrizitatea), ura, gasa, berokuntzarako erregaiak, instalazioa irekitzeko behar diren eragiketak, pintatzea, etab.

2.–Azken 5 urtean tokian egindako egiazko jarduerak, instalazio bakoitzean garatu direnak, barnean direla normalean kirolekoak izaten ez diren guneetan egindakoak, denak zenbaturik (eskura dauden parte-hartze datuekin).

3.–Dauden kirol instalazio bakoitzaren kontserbazio egoeraren deskribapena.

4.–Eraginpeko eremuaren hirigintzako planoa, adierazita non dauden instalazioak eta ikastetxeak.

2. fasea: jardueren programazioa eta plangintza, eta hurrengo urteetan garatu nahi diren jardueren azterketa.

5.–Hurrengo 5 urtean toki entitate eskatzaileak gauzatu nahi dituen jarduera fisikoen eta kirol jardueren plana eta programa, eta garatu nahi den antolakuntza eredua. Atal honetan sartu behar dira bai orain egiten ari diren jarduerak bai jarduera berriak. Aztertu behar da ea jardueraren batek udalez gaindikoa izan behar duen, duen inportantziagatik edo parte-hartzaile kopuru eskasarengatik elkarrekin egitea komeni delako.

6.–Hurrengo urteetan jardueren planerako erabiliko diren aurrekontuen kalkulua.

3. fasea: funtzionamendu planaren azterketa, prestaketa eta diseinua.

7.–Oraingo instalazioen edukiera eta aukerak aztertzea eta baloratzea, gaur egungo espazioak berrantolatuz eta egungo jarduerak birkokatuz, ebaluatzeko ea aurreikusitako jarduerak oraingo instalazioetan kokatzerik dagoen, kirolgune berriak eraiki beharrik gabe.

8.–Kirolguneetan gabeziak aurkitzea, eta horiek konpontzeko aukera aztertzea.

9.–Behar diren espazioek edo instalazioek bete beharreko ezaugarri teknikoak eta espezifikoak zehaztea, oraingo eta etorkizuneko jarduerak beren baitan hartzeko, garrantzia emanez horiek izan ditzaketen erabilera edo eginkizun anitzei.

10.–Instalazioen plana egitea, kontuan harturik aurkitutako beharrak eta etorkizunerako aurreikusitako populazioa.

Atal honetan honako aldaera hauek hartu beharko dira aintzat:

  • 1.–Handitzeko edo aldatzeko aukerak, oraingo instalazio bakoitzaren eraikuntzaren aldetik, beste modalitate batzuei erantzuteko, edo edukiera handitzeko.
  • 2.–Oraingo instalazioak egokitzeko aukerak, birmoldaketen bidez, espezialitate edo behar berriak beren baitan hartzeko.
  • 3.–Behar diren instalazio berriak.

Oharra: atal honetan kontuan hartu behar dira jarduera mankomunatuak, inguruneko herrietan egin daitezkeenak, eta zer herri eta instalaziotan egiten diren.

11.–Hurrengo urteetarako jarduketen kronograma. Koordinatu egin beharko dira jardueren planaren ezarpena eta egin beharreko obrak: zaharberritzekoak, hobekuntzakoak edo eraikuntza berriak egitekoak.

12.–Eraikuntzako bideragarritasun plana. Aukera ekonomikoetara egokitu beharko da, eta entitate sustatzaileek une bakoitzean duten aurrekontu ahalmenaren menpe egonen da.

13.–Mantentzearen eta funtzionamenduaren bideragarritasun plana.

Bideragarritasun plan bat izanen da herrian egiten diren instalazio eta jarduera guztietarako. Horrek berarekin dakar honako azterlanak egitea:

–Ustiapen edo negozio plan bat.

–Erabilera edo jarduera kopurua instalazio bakoitzeko.

–Mantentze-lanen kostuak.

–Funtzionamenduaren kostuak.

–Kuotek edo erabilerek ekarritako sarrerak.

1.3. Kirol instalazioak ez dira dirulaguntzen xede izanen baldin ezarritako protokoloa bete ez badute (VI. eranskina) eta Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzako teknikariek onartu ez badituzte.

2.–Helburua.

Eraginpeko eremuko kirol instalazioen plana betetzeko ekintzek ekarritako gastuak ordaintzeko erabiliko da dirulaguntza, 2020ko urriaren 15a arte.

3.–Aurrekontu-kreditua.

3.1. Helburu horietarako 30.000,00 euroko kopurua izanen da, deialdiari erantzuteko, honako honen kargura: Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateentzako dirulaguntza, instalazioen planak egiteko” izeneko A50001 A5410 4609 336100 partida ekonomikoa.

3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua honako atal hauetan banatuko da, 8. oinarrian ezarritako baremoaren arabera:

Banaketa geografikoko multzoak:

ZENBATEKOA

GEHIENEZ ENTITATEKO

ZENBATEKOA

GEHIENEZ MULTZOKO

1. MULTZOA

Eraginpeko populazioa, 1.000 b. gehienez

1.000 euro

2.500 euro

2. MULTZOA

Eraginpeko populazioa, 1.001 eta 7.000 b. artean

2.500 euro

7.500 euro

3. MULTZOA

Eraginpeko populazioa, 7.001 eta 15.000 b. artean

5.000 euro

10.000 euro

4. MULTZOA

Eraginpeko populazioa, 15.000 b. baino gehiago

5.000 euro

10.000 euro

GUZTIRA

30.000 euro

Baldin, behin aurkeztutako eskaera guztiei erantzunda, ez bada betetzen multzo bakoitzari dagokion zenbatekoa, soberako zenbatekoa hurrengo multzo txikienerako (biztanle kopuru txikiena) erabil daiteke, eta, azkenik, diru kopuru erabilgarririk gelditzen bada, eskaera gehien jaso dituzten multzoetarako erabiliko da, handienetik txikienerako hurrenkeran.

3.3. Kultura eta Kirol Departamentuak lehenago onetsi dituen deialdietan instalazioen planak egiteko dirulaguntza bat jaso duten toki entitateek, zeinei ordainketa ukatu baitzaie azkenik dirulaguntzaren xedeko plana egin ez dutelako, berriz aurkezten ahal dute eskaera, deialdi honetako esparruan.

3.4. Dirulaguntzak ematea, betiere, dagokion ekitaldi ekonomikoan xede honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

4.1. Beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plan bat 1.2 oinarriko protokoloaren arabera egiten duten toki entitateek (udalak, kontzejuak, mankomunitateak, etab.) parte har dezakete dirulaguntzen deialdi honetan.

4.2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak dira, bakar-bakarrik, 2020an egindako gastu arruntak, diruz laguntzen den deialdiaren xedeari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egiteko jardueren garapenaren epeari badagozkio.

Baliabide teknikoak eta administratiboak.

–Toki entitateko kirol teknikarien edo administrazioko langileen soldatak eta gizarte segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz laguntzen ahal diren zereginetan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Diruz lagundutako zereginak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin izenpetzen diren aholkularitza teknikorako kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin izenpetzen diren kontratuenak.

Baliabide materialak.

6.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

6.1. Dirulaguntza jasotzeko eskabidea eta hasierako dokumentazioa aurkezten ahalko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 30 egun natural igaro arte.

6.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. https://www.deportenavarra.es/eu/tokiko-entitate-bat-naiz

6.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

6.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

Eskaera egiteko, toki entitate eskatzaileko alkate-udalburuak sinatutako eskaera orokor bat aurkeztu beharko da, Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendua, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera prestatua (eredua Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan dago eskura, baita haren web orrian ere: http://www.deporte.navarra.es).

7.1. Eskaera orokorra.

7.2. II. eranskina. Ukitutako biztanleria, planean aztertu beharreko kirol instalazioen zerrenda, aurreikusten diren baliabide ekonomikoak, ukitutako toki entitateak, eta beste entitate laguntzaileak.

7.3. III. eranskina (Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan eta http://www.deporte.navarra.es webgunean jaso daiteke). Toki entitateko alkate udalburuak edo idazkariak izenpetutako ziurtagiria, ereduaren araberakoa, zeinak ziurtatuko baitu toki entitateak ez duela dirulaguntzen onuradun izateko debekurik (debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota daude), eta baimena emanen baitio unitate kudeatzaileari kontsultatzeko ea toki entitateak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituen.

7.4. Toki entitate eskatzaileko idazkariaren ziurtagiria, alkateak/udalburuak ontzat emana, 2020ko udal aurrekontuan helburu horretarako aurreikusitako zenbatekoa adierazita.

7.5. IV. eranskina. Parte hartzen duten toki entitate laguntzaileen parte-hartzezko konpromisoak.

7.6. V. eranskina. Parte hartzen duten entitate (toki entitateak izan ezik) parte-hartzezko konpromisoak.

8.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

8.1. Deialdiko dirulaguntzak emateko puntuak esleituko dira, irizpide objektibo hauen arabera:

8.1.1. Eraginpeko biztanleen kopurua. 5 puntu gehienez.

1.000 biztanle arteko toki entitateak

1,00 puntu/200 biztanleko edo zatikiko

1.001 - 7.000 biztanleko toki entitateak

1,00 puntu/1.400 biztanleko edo zatikiko

7.001 - 15.000 biztanleko toki entitateak

1,00 puntu/3.000 biztanleko edo zatikiko

15.001 biztanletik gorako toki entitateak

1,00 puntu/5.000 biztanleko edo zatikiko

Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako azken zentsukoa izanen da entitate bakoitzeko eraginpeko populazioa.

8.1.2. Planean aztertutako udal titulartasuneko kirol instalazio kopuruaren arabera:

Instalaziorik ez

1,00 puntu

1 - 2 instalazio

2,00 puntu

3 - 4 instalazio

3,00 puntu

4 instalaziotik gora

5,00 puntu

Oharra: instalazioen zenbaketan ez dira kontuan hartuko kirol instalazio edo multzo beraren barneko kirolguneak.

8.1.3. Plana prestatzeko ekarritako baliabideen arabera:

Puntu bat aurreikusitako 1.000 euroko edo zatikiko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Ziurtagiri baten bidez frogatuko da. Toki entitate eskatzaileko idazkariarena izanen da, alkateak/udalburuak ontzat emana, 2020ko udal aurrekontuan helburu horretarako aurreikusitako zenbatekoa adierazita.

8.1.4. Planaren eraginpeko edo planean sartutako toki entitateen arabera:

Puntu 1 emanen da toki entitate bakoitzeko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Proposatzen den kirol instalazioen plana prestatzen parte hartu duen toki entitate bakoitzeko alkate/udalburuaren erantzukizunpeko aitorpena aurkeztuta frogatuko da.

8.1.5. Plana prestatzen laguntzen duten beste entitate batzuen (klubak, federazioak, ikastetxeak, enpresak, etab.) parte-hartzearen arabera.

Puntu erdia entitate parte-hartzaile bakoitzeko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Oharra: behin eskaerak jasota, horietako bakoitza dagokion multzoan jarriko da, lortutako puntuen hurrenkeran, aurreko balorazio irizpideak aplikatu ondoren.

8.2. Hautaketa, balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa:

8.2.1. Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak hautatuko ditu dirulaguntza jaso dezaketen toki entitateak, oinarri hauetako irizpide eta lehentasunei jarraikiz. Aurkeztutako agiriak baloratu eta aztertuko ditu, eta egoki diren egiaztapenak eginen ditu.

8.2.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak toki entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

8.2.3. Oinarri hauetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira dirulaguntzaren onuradun izan ahal izateko hautatu diren toki entitateen eskaerak, eta dagoen kontsignazio ekonomikoaren arabera. Horretarako eskaeren zerrenda bat prestatuko da, multzo bakoitzean lehentasun ordenaren arabera aukeratuta.

8.3. Gehienez ere eman daitezkeen zenbatekoak:

a) 1.000 biztanle arteko udalerriak. 1.000 euro gehienez ere.

b) 1.001 eta 7.000 biztanle arteko udalerriak. 2.500 euro gehienez ere.

c) 7.001 eta 15.000 biztanle arteko udalerriak. 5.000 euro gehienez ere.

d) 15.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak. 5.000 euro gehienez ere.

9.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

10.–Antolaketa eta instrukzioa.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetza izanen da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruituko duen organo eskuduna.

11.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

11.1. Behin eskaera eta hasierako dokumentazioa 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkezturik, eta eranskin honen 8. eta 9. oinarrietan ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, dirulaguntza emateko ebazpena emanen da.

11.2. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

11.3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoari jarraituz, deialdi honetako laguntzak emateko ebazpena eta onuradunen zerrenda jakitera emanen dira Nafarroako Gobernuko iragarki taulan (Karlos III.aren etorbidea 2) eta Nafarroako Kirolaren Institutuko bulego nagusietako iragarki taulan jarrita (Aizagerria plaza 1, 1. solairua, 31006-Iruña).

11.5. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

11.6. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Nolanahi ere, jasotzen diren dirulaguntzen zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

11.7. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

12.–Frogagiriak.

Frogagiriak egoki diren inprimakiak behar bezala beteta aurkeztuko dira:

2020ko urriaren 15a arte, honako hau aurkeztu beharko da:

1.–Eraginpeko eremu geografikoko kirol instalazioen plana, 1.2 oinarriko protokoloaren arabera egina.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak txosten teknikoa eginen du aurkeztutako planaren gainean. 1.2 oinarrian ezarritako protokoloa aplikatzen den egiaztatuko du. Zehazki, egiaztatuko da dirulaguntza emateko lehentasunean aplikatzen diren balorazio irizpide guztiekiko lotura. Aurkeztutako planak ez baditu betetzen baloratutako ezaugarriak, onartutako dirulaguntza ordaintzeari uko eginen zaio. VI. eranskina.

2.–VII. eranskina. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu ziren eguna jasoko dira. Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.

Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

3.–Kofinantzaketari buruzko inprimakia. VIII. eranskina.

4.–Gardentasunari buruzko aitorpenaren inprimakia. IX. eranskina.

5.–Hornitzaileak aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia. X. eranskina.

6.–Azpikontrataziorako inprimakia. XI. eranskina.

13.–Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

13.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 12. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

13.2. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, justifikazioa egiteko epea bukatzen denetik hasita.

14.–Laguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da administrazio honek berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten beste laguntza batzuekin, eta kontuan hartuko da ezen dirulaguntzen zenbatekoak, guztira, ezin direla inola ere izan aurreikusitako jarduketen kostua baino handiagoak.

15.–Bete beharrekoak.

15.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartuko ditu eta haiek egin daitezen lagunduko.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. (VIII. eranskina).

15.3. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte. (III. eranskina).

15.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

15.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

16.–Ez-betetzeak.

16.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

16.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17.–Gardentasun betebeharrak.

17.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen foru dekretua). (IX. eranskina).

Urtean 20.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazio hau eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateek haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa emanen dute.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

17.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 15. oinarrian ezarritakoak.

17.3. Apartatu honetan aipatzen den informazioa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendua.

17.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikulua).

17.6. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrezkoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

17.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egongo da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

18.–Azpikontratazioa eta kanpokoen kontratazioa.

18.1. Toki entitate onuradunek zilegi dute diruz lagundutako zereginak azpikontratatzea, guztiz edo partez, eta ez dago horretarako portzentaje-mugarik. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu dirulaguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da, aplikatzekoa den araudiaren arabera.

18.2. Behin ere ez da kontraturik eginen beste batzuekin, diruz lagundutako zereginen kostua garestitu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

18.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

18.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki entitateek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

20.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2006027