142. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena: “Nafarroako udalentzako dirulaguntzak Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa bultzatzeko (Udal Platea Local)”. DDBN identifikazioa: 508714.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatzen da Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa bultzatzeko (Udal Platea Local), horretarako 672.000,00 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta, kontuan harturik betetzen direla gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa bultzatzeko (Udal Platea Local).

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4609-334100: (E) Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak

2020

672.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO UDALEI UDAL PLATEA LOCAL IZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2020KO DEIALDIA, FORU KOMUNITATEKO UDAL AGERTOKIETAN ARTE ESZENIKO ETA MUSIKAL PROFESIONALEN PROGRAMAZIOA BULTZATZEKOA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

1.1. Dirulaguntzen xedea da laguntza ematea udalek egiten duten arte eszenikoen eta musikalen programazioari, publikoekin bitartekaritza egiteko jarduerei eta egoitzei, baita artista elkartuen beste ekintza batzuei ere, arte eszenikoen eta musikalen arloko profesionalak kontratatuz Foru Komunitateko udalen titulartasunekoak diren barruko agertokietarako. Salbuespenez, 2020ko deialdi honetan, eta helburua izanik Covid-19ak eragindako osasun krisiak ahalik eta gutxien eragitea arte eszeniko eta musikalen programazioari, Nafarroako Antzokien Sarearen barruan dauden toki entitateek eta II. eranskinean eta III. eranskinean bildutako baldintzak betetzen dituen agertoki baten titular direnek aukera izanen dute ikuskizunak beren antzeztokietatik kanpo programatzeko, urteko garai jakin batzuetan, deialdi honetan ezartzen denarekin bat.

1.2. 2019ko azaroaren 6tik 2020ko azaroaren 15era, biak barne, egiten diren arte eszenikoen eta musikalen arloko ikuskizun profesionalen programazioa du xede deialdi honek.

1.3. Deialdi honen ondorioetarako, hauek dira arte eszenikoen eta musikalen arloko profesionalak: Ekonomia-jardueren gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean jarduera artistikoen epigrafeetan sartzen diren jardueran aritzen diren enpresak eta profesionalak. Ez dira talde profesionaltzat hartuko irabazi asmorik gabeko elkarteak eta fundazioak.

1.4. Jardueren programazioaren asmoa da eragin positiboa izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean.

1.5. Jardueren programazioaren asmoa da eragin positiboa sortzea Nafarroako kulturgintzako eragileetan, eta haiei laguntzea Covid-19aren pandemiak ekarri duen krisiaren aurrean.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.2. Bi baldintza hauetako bat betetzen duen udalerri bat izatea:

a) Nafarroako Antzokien Sarea elkarteko agertoki baten titularra izatea.

b) II. eta III. eranskinetan jasotako baldintzak betetzen dituen agertoki baten titularra izatea. Baldintza horiek udaleko idazkariaren ziurtagiriaren bidez frogatu behar dira, ziurtagirian alkatearen oniritzia jasota.

2.3. Aurrekoez gain, onuradun izan daitezke, orobat, udalek beren agertokiak zuzenean kudeatzeko dituzten erakunde edo entitateak.

2.4. Kategoria bakoitzean honako baldintza hauek betetzea:

a) A kategoria.

Baldintza hauek bete beharko ditu:

–Populazioa: 20.001 biztanletik 40.000 biztanlera bitarte (biak barne), 2019ko urtarrilaren 1ean.

–120.000 eurotik gorako inbertsioa.

b) B kategoria.

Bi baldintza hauetako bat bete beharko du:

–Populazioa: 10.000 biztanletik 20.000 biztanlera bitarte (biak barne), 2019ko urtarrilaren 1ean.

–Gutxieneko inbertsioa: 40.001 eurotik aurrera.

c) C kategoria.

Bi baldintza hauetako bat bete beharko du:

–Populazioa: 9.999 biztanle gehienez ere 2019ko urtarrilaren 1ean.

–Inbertsioa: 40.000 euro arte.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (672.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, eta honela banatuko dira:

a) A kategoria: 90.000 euro.

b) B kategoria: 440.000 euro.

c) C kategoria: 142.000 euro.

3.2. Dirulaguntzaren portzentajea, gehienez, onartutako aurrekontuan jasotzen diren gastu diruz lagungarrien %70 izanen da.

Laguntzak, kategoria bakoitzean, proportzioaren arabera eta berdintasunez banatuko dira onuradunen artean, eskaeren baremazioan lortzen duten puntuazioaren arabera, IV. eranskinean ezarritako irizpideei jarraituz. Horretarako, udal bakoitzari dagokion dirulaguntza zehazteko, baremoan lortzen diren puntu guztiak batuko dira eta puntu bakoitzari ematen zaion balioaz biderkatuko dira. Puntu baten balioa lortzen da kategoria bakoitzean baimendutako gastua zati barematutako udal guztien puntu kopurua eginda.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

4.3. Laguntza eskabideak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskabide eredua eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

4.5. Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5. Gastu diruz lagungarria.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Talde profesionalen ikuskizunak kontratatzearen ondoriozko gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

b) Publikoarekin bitartekaritza jarduerak egiteko kontratatutako profesionalek sortutako gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

c) Egoitza, artisten elkarketa eta sorkuntza habia/laborategia proiektuak egiteko kontratatutako profesionalek sortutako gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

d) Diruz lagungarria den programazioaren sustapenak eta/edo publizitateak ekarritako gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

e) Egile eskubideen kudeaketarako entitateek sortutako gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

f) Programatutako jarduerak gauzatzeak eragindako gastuak, BEZa barne.

g) Ikusleak programaziora itzultzeko sentsibilizazio kanpainak kontratatzearen ondoriozko gastuak.

h) Salbuespenez, 2020ko deialdi honetan, eta Covid-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz, diruz lagungarriak izanen dira deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten toki entitateek 2020ko martxoaren 14tik azaroaren 15era arte agertokietatik kanpo egiteko antolatzen dituzten arte eszenikoen eta musikalen ikuskizun profesionalak, orkestrak, dj-ak eta dantzaldiak izan ezik (gehienez ere ikuskizun bat egunero).

i) Covid-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz, dirulaguntza hauen xedeko kultur emanaldiak egiteko nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen dituen materialak erosteko edo zerbitzuak emateko egindako gastuak.

5.2. Dirulaguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Irabazi asmorik gabeko fundazio eta elkarteen eta talde ez-profesionalen ikuskizunak kontratatzeak ekarritako gastuak.

b) Bidaia, garraio, otordu eta ostatu gastuak.

c) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

d) Gune eta materialak alokatzeko gastuak.

e) Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako edo sustatutako ikuskizunei dagozkien gastuak.

f) Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

g) Herriko jaiei edo zaindariaren omenezko jaiei loturiko jarduerak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Lorenzo García Echegoyen jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da. Ordezkoa.

–Joaquín Llanso San Juan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Roberto Rebolé Armendáriz jauna, Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Patrick Ullate García jauna.

–Amalia Jiménez Atienza andrea, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: María José Redín Armañanzas andrea.

–Estefanía Munárriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela. Ordezkoa: María Soledad Martínez Caspe andrea, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eta akta eginen ditu. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak.

7.1. Batzordeak kontuan hartuko ditu “IV. eranskina-Dirulaguntza banatzeko baremoa” izeneko baremoan ageri diren balorazio irizpideak. Baremoak hiru atal ditu:

A atala: Balorazio osoaren %35 da, eta toki entitate bakoitzak barruko areto batean talde profesionalen arte eszeniko eta musikalei ematen dien laguntzaren aurrekontu-eginahalari dagokio.

B atala: Balorazio osoaren %50 da, eta barruko areto batean talde profesionalen arte eszeniko eta musikalen programazio berariazkoari buruzkoa da; arreta berezia jarriko zaie dantzari eta Nafarroako sektore profesionalari.

C atala: Balorazio osoaren %15 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruko ebazpenen jakinarazpen guztiak Kultura eta Kirol Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko dira (Navarrería kalea 39, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Halaber, horren berri emanen zaio eskatzaile bakoitzari, erregistro orokor elektronikoaren bidez.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, epea sei hilabetekoa izanen da laguntza eskaera ezetsitzat jo eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Kultur jardueren kudeaketa ez badu zuzenean egiten toki entitateak berak, kudeaketa egiten duten erakunde autonomoek, patronatuek, fundazioek, enpresa entitate publikoek edo merkataritza sozietateek, dirulaguntza eman dela posta elektronikoaz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako jarduerak egin direla eta egindako gastuak justifikatu beharko dira Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak bete direla ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.8. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Halaber, sortzen diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: El Género como prioridad” disponible en: https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Onuradunak jarduerak gauzatu dituela frogatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, %25, %50, %75 eta %100 egindakoan, hurrenez hurren.

Justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan, entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du, 2020ko azaroaren 20an beranduenez:

a) Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztien fakturen zerrenda zenbakitu eta zehatza, honakoak barne:

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren data.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Kontratatutako talde artistikoaren eta/edo entitatearen IFK.

–Ikuskizunen banaketarako kontratatutako enpresa.

–Ikuskizunen banaketarako kontratatutako enpresaren IFK.

–Kontzeptua / jarduera / ikuskizunaren izena.

–Emanaldiaren data.

–Faktura zenbakia eta data (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Oinarrizko zenbatekoa, BEZa, eta guztizko zenbatekoa.

Datu horiek betetzeko, VII. eranskineko eredua erabili beharko da. Informazio hori Excel formatuan aurkeztu beharko da, ez PDF formatuan.

b) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, alkateak ontzat emana (IX. eranskina); bestela, entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko kudeatzaileak edo buruak ontzat emana, datu hauek ziurtatzen dituena:

  • Dirulaguntzaren xede den programazioa bat datorrela laguntzak emateko baremoa egiteko igorritako aurreikuspenarekin, VI. eranskineko ereduarekin bat.
  • Programatutako jarduera bakoitzaren datuak Nafarroako Kultur Informazioaren Sisteman (SICNA) sartu direla.
  • VII. eranskinean sartutako datuak egiazkoak direla ziurtatzea.

c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

Mezenasgo eta babesletzarako dauden modalitateen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.2. Dirulaguntzaren xedeko programarako onartu den gastu guztia justifikatu beharko da.

11.3. Eskatzaileak egindako programazioa bat ez badator barematzeari begira Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeari igorritako programazioaren aurreikuspenarekin, hau da, egindako programazioak VI. eranskinean jasotzen duen puntuazioa programaziorako aurreikuspenak V. eranskinean jasotakoa baino txikiagoa baldin bada, puntuazio berriari dagokion behin betiko laguntza kalkulatuko da.

11.4. Onartutako aurrekontua osorik justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzen arteko portzentaje bera.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Udalerriak Kultura eta Kirol Departamentuaren edozein deialditara aurkezten ahalko dira. Dena dela, bateraezina izanen da kultur jarduera edo proiektu/programa bera Kultura eta Kirol Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradunak jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntza bat baino gehiago hartzen dituenean, dirulaguntza horren zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programazio eszenikoa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Agertokien baldintzak

1. Agertokiaren betebeharrak:

a) 140 eserleku edo gehiago sartzeko tokia.

b) Agertoki edo eremu eszeniko bat, gutxieneko neurri hauekin:

b.1) Zabalera: 7 metro. Hondoa: 5 metro. Altuera: 4,5 metro, 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraiki eta martxan dauden agertokientzat.

b.2) Zabalera: 8 metro. Hondoa: 6 metro. Altuera: 4,5 metro, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokientzat.

c) Trust-ari dagokionez:

c.1) 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokietan, eremu eszenikoaren sabaian trust edo metalezko euskarri bat izatea, proportziozko banaketarekin, ekoizpen lan baten elementuen euskarri izateko. Elementu horiek dira, besteak beste: eszenografiak, ehunak eta argi eta soinu aparatuak. Trustak haga independenteen bitartez eraikita egon behar du, batzuk elektrifikatuak eta beste batzuk ez, eta ez egitura guztia batera jaistera behartzen duen armazoi baten bitartez. Gainera, eszenatokitik kanpora dagoen haga bat izan beharko da, besaulki-patioaren gainean, eta elektrifikatua, ikuskizunari aurretiko argiztapena eman ahal izateko.

c.2) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraiki bada, agertokiak trusta izan behar du edo, bestela, metalezko euskarri bat edo argiztapen pantaila bat. Agertokiak eszenatokitik kanpora dagoen haga bat izan behar du, besaulki-patioaren gainean, eta elektrifikatua, ikuskizunari aurretiko argiztapena eman ahal izateko.

d) Zama-lanetarako sarbide bat:

d.1) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraikitako agertokietan, eszenatokitik ahalik eta hurbilen, betiere instalazioak igogailua edo karga-jasogailua izanez gero, areto eszenikoa kalearen mailan ez badago.

d.2) Agertokira zuzenean iristeko modukoa, gutxienez 2,15 metroko zabalera eta 2,15 metroko altuera izanen duena, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokietan.

e) Agertokian zurezko zorua izatea, beltzez pintatua, iltzatutako ainguraketak onartu ahal izateko nahikoa den lodierakoa.

f) Emanaldiaren egunean, jantzi eszeniko bat izatea, ganbera beltz bat sortuko duena, eremu eszenikoa aforatzeko nahikoa, horren barnean izanik foro-oihala, hankak (ehunezkoak edo zur beltzezko bastidoreak) eta banbalinak.

2. Azpiegitura teknikoaren ezaugarriak:

a) Argiztapenari dagokionez:

a.1) Areto guztian potentzia igorpenen proportziozko banaketa, agertokiaren ondoan hargune elektrikoa egonen den tokian bildu ahal izateko.

a.2) DMX 512 seinalea igortzea kabinaren eta agertokiaren artean.

a.3) Korronte hargunea, gutxienez ere 40 kilowatioko potentziarako.

b) Soinuari dagokionez:

b.1) Soinu patch bat kabinaren eta agertokiaren artean, 8 kanalekoa eta 2 itzuleraduna, kableatu finkoarekin, agerian egonen ez dena eta ikusle bakar batek ere uki ez dezakeena.

b.2) Oindunak diren bi mikrofono.

c) Laneko tokiei dagokienez:

c.1) Kontrolerako puntu edo kabina bat (konpartimendu iragazgaitz bat izanen duena edo eremu eszenikoko berariazko eremu bat, agertokia ikusteko aukera emanen duena; ikusleak ezin izanen dira bertara iritsi edo eremu hori gurutzatu). Toki hori ikuskizuneko langile teknikoen lantokia izanen da, eta argiztapeneko eta ikuskizuneko aparatuen kontrolerako izanen da (agertokiarekin komunikatuta egonen da). Aretoko argien kontrola ere izan behar du.

c.2) Agertokian laneko eskailera bat, bi orrikoa, egonen da, araudiaren araberakoa, eremu eszenikoaren altuerarekin bat etorriko den altuerakoa.

d) Bermatuko da kontratatutako talde artistikoak argi eta soinuko behar besteko ekipamendu teknikoa izanen duela emanaldiaren egunean, antzerki, dantza edo musikako ikuskizun estandar baterako nahikoa. Ekipamendua emanaldirako kontratatzen ahalko da, edo areto eszenikoaren jabetzakoa izan.

III. ERANSKINA

Dirulaguntza-deialdian parte hartzeko baldintzak,
Nafarroako Antzokien Sarea elkartekoak ez diren udalentzat

A) II. eranskinean ezarritako baldintzetarako egokia den agertoki bat izatea.

B) Kultur kudeaketako langile profesionalak izatea, agertokirako.

C) Aretoari laguntza teknikoa emateko zerbitzua izatea, bertako langileen bitartez edo enpresa espezializatu baten bitartez.

D) Dirulaguntza honen bidez programatzen diren arte eszenikoetako ikuskizun guztietan gutxieneko sarrera bat kobratzeko konpromisoaren bermea.

IV. ERANSKINA

Dirulaguntza banatzeko baremoa

Lortutako puntuazioa izanen da Kultura eta Kirol Departamentuak toki entitate eskatzaileei emanen dien dirulaguntza banatzeko oinarria. Baremo honetan ageri diren datuak 2019ko azaroaren 6tik 2020ko azaroaren 15era bitarteko epeari buruzkoak izanen dira, biak barne.

Baremoak hiru atal ditu:

–A atala: %35 da, eta toki entitate bakoitzak barruko zein kanpoko areto eszeniko batean eta 2019ko azaroaren 6tik 2020ko azaroaren 15era, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoei eta musikalei laguntzeko egiten duen aurrekontu-eginahalari dagokio.

–B atala: %50 da, eta barruko zein kanpoko areto eszeniko batean, eta 2019ko azaroaren 6tik 20208ko azaroaren 15era, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoen eta musikalen programazio berariazkoaren aurreikuspenei dagokie; arreta berezia jarriko zaie dantzari, zirkoari eta Nafarroako sektore profesionalari.

–C atala: Balorazio osoaren %15 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.

A atala.–Toki entitate bakoitzak barruko zein kanpoko areto eszeniko batean eta 2019ko azaroaren 6tik 2020ko azaroaren 15era, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoei eta musikalei laguntzeko egiten duen aurrekontu-eginahala. 35 puntu gehienez.

1.A) Udalak egiten duen aurrekontu-eginahalari buruz. (33 puntu gehienez).

Barruko zein kanpoko areto batean arte eszenikoetarako aurreikusitako aurrekontua, honela neurtua: deialdi honen araberako diruz lagungarriak diren gastuak, 2019ko azaroaren 6tik 2020ko azaroaren 15era eginak, biak barne.

–Ez da aurreikusten atal honetan dezimalik erabiltzea.

a) A kategoria: Inbertsioa: gutxienez 120.000 euro; eta populazioa: 20.001 biztanletik 40.000 biztanlera bitarte.

  • 3 puntu 2.000 euroko, 120.000 eurotik aurrera.

b) B kategoria: Inbertsioa: gutxienez 40.001 euro; edo populazioa: 10.000 biztanletik 20.000 biztanlera bitarte (biak barne).

  • 3 puntu 1.500 euroko, 40.001 eurotik aurrera.

c) C kategoria: Inbertsioa: 40.000 euro arte; edo populazioa: 9.999 biztanle arte.

  • 3 puntu inbertitutako 2.000 euroko.

Udal erroldako datuen ondorioetarako, kontuan hartuko dira Nafarroako Estatistika Institutuak ematen dituen datu ofizial eguneratuak.

1.B) Aurrekontu-eginahala, populazioarekin alderatuta (2 puntu gehienez). Hau ulertzen da aurrekontu-eginahaltzat: Udal Platea Local 2020ko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati herriko biztanle kopurua.

  • 0 eurotik 2 eurora: 0,25 puntu.
  • 2,01 eurotik 4 eurora bitarte: 0,50 puntu.
  • 4,01 eurotik 6 eurora bitarte: 0,75 puntu.
  • 6,01 eurotik 8 eurora bitarte: 1 puntu.
  • 8,01 eurotik 10 eurora bitarte: 1,25 puntu.
  • 10,01 eurotik 12 eurora bitarte: 1,50 puntu.
  • 12,01 eurotik 14 eurora bitarte: 1,75 puntu.
  • 14 eurotik gora: 2 puntu.

B atala.–%50 da, eta barruko zein kanpoko areto eszeniko batean, eta 2019ko azaroaren 6tik 2020ko azaroaren 15era, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoen eta musikalen programazio berariazkoaren aurreikuspenei dagokie.

“Txarteldegi” bidez egiten diren programazioak salbu.

–50 puntu gehienez.

B.1. Helbidea Foru Komunitatean duten arte eszenikoetako profesionalentzako laguntzari dagokionez. 25 puntu gehienez:

B.1.A. Antzerki eta musika konpainiak:

  • 2,5 puntu kontratatutako ikuskizun bakoitzeko.
  • 0,5 puntu gehiago euskaraz egindako ikuskizun bakoitzeko.

B.1.B. Dantza eta zirko konpainiak:

  • 2,5 puntu kontratatutako ikuskizun bakoitzeko.

B.2. Helbidea Foru Komunitatean ez duten arte eszenikoetako profesionalen kontratazioari dagokionez. 20 puntu gehienez:

B.2.A. Antzerki eta musika konpainiak:

  • 1,5 puntu kontratatutako ikuskizun bakoitzeko.
  • 0,5 puntu gehiago euskaraz egindako ikuskizun bakoitzeko.

B.2.B. Dantza eta zirko konpainiak:

  • 2 puntu kontratatutako ikuskizun bakoitzeko.

B.3. Arte eszenikoak kontratazio formula desberdinekin (finkoa + txarteldegia) sustatzeari dagokionez. 2,5 puntu gehienez.

B.3.A. Beren agertokia musikako eta antzerkiko talde profesionalentzat uzten duten udalak, talde horiek emanaldia egin dezaten gutxieneko finkoa + txarteldegia kobratzeko akordio baten bidez: (Gehienez ere 1,25 puntu).

  • 1 puntu ikuskizun bakoitzeko.
  • 0,25 puntu euskaraz egindako ikuskizun bakoitzeko.

B.3.B. Beren agertokia dantzako talde profesionalentzat uzten duten udalak, talde horiek emanaldia egin dezaten gutxieneko finkoa + txarteldegia kobratzeko akordio baten bidez: (Gehienez ere 1,25 puntu).

  • 1,25 puntu ikuskizun bakoitzeko.

B.4. Programazioa landu eta sustatzeko molde desberdinei dagokienez. 2,5 puntu gehienez:

B.4.A. Agertokiko programazioan arte eszenikoen zikloak eta jaialdiak sortzea: 1,25 puntu ziklo edo jaialdi bakoitzeko.

  • Gehienez ere, 1,25 puntu.

B.4.B. Dirulaguntza honen onuradun ateratzen diren agertokietan beste udal batzuekin batera egindako programetan parte hartzea, edo beste toki batzuekin elkarlanean aritzea ordainsariak eta kontratazio baldintzak batera negoziatzeko: 1,25 puntu ekintza bakoitzeko.

  • Gehienez ere, 1,25 puntu.

C atala.–%15 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da. Gehienez ere 15 puntu.

C.1. Kulturako teknikarien etengabeko prestakuntzarako konpromisoari dagokionez:

  • 0,25 puntu kultur kudeaketako gaiei buruzko prestakuntzako 10 orduko, agertokiaren arduradun diren kultura teknikariek egin beharrekoa. 0,5 puntu gehienez.
  • Azokak eta biltzarrak: 0,25 puntu azoka edo biltzar bakoitzeko. 0,5 puntu gehienez.

C.2. Programazioa ikustera joateko sustapen neurriak abian jartzea. 4 puntu gehienez. Puntu bat emanen da arte eszenikoak ikustera joateko motibazio kanpaina berariazko bakoitzeko.

C.3. 2019an ikuskizun profesionalak programatzen egindako gastu errealaren portzentaje bera mantentzea (2 puntu gehienez).

  • 2019an programazioan egindako gastuaren %75-89 mantentzen bada: 1 puntu.
  • 2019an programazioan egindako gastuaren %90-100 mantentzen bada: 2 puntu.

C.4. Jarduerak baliabide telematikoen bidez programatzea (puntu bat gehienez). Baliabide telematikoen bidez programatzen den jarduera bakoitzeko 0,25 puntu emanen dira.

C.5. Sarrerak Interneten bidez saltzeko sistema bat izatea: 1 puntu.

C.6. Inklusio sozialeko ekintzak antolatzeari eta gaitasun desberdinak babesteari dagokionez (puntu bat gehienez).

  • 0,25 puntu egokitutako eserleku kopuru bat izanez gero, eserleku guztien %2 gutxienez.
  • 0,25 puntu baldin sistema bat badago entzumen edo ikusmen desgaitasuna duen publikoari egokitua.
  • 0,50 puntu baldin programak edo ekintzak badaude helburu dituztenak zailtasun fisikoak eta psikosozialak dituzten pertsonen inklusioa sustatzea eta/edo kultura-aniztasunari arreta ematea.

C.7. Egoitza proiektuetan profesionalak kontratatzea (puntu bat gehienez).

  • 1 puntu egoitza, artisten edo taldeen elkarte eta sorkuntza laborategi bat osatzeko proiektu bakoitzeko, edo antzeko proiektu bakoitzeko, helburu baldin badute deialdiaren aldian Nafarroako talde edo artista profesionalen sorkuntza bultzatzea.

C.8. Profesionalak kontratatzea publikoarekin bitartekaritza jarduerak egiteko (4 puntu gehienez).

  • 2 puntu publikoarekin bitartekaritza egiteko proiektu bakoitzeko.

V. ERANSKINA

Dirulaguntza banatzeko baremoaren fitxa.

VI. ERANSKINA

Behin betiko programazioa justifikatzeko fitxa.

VII. ERANSKINA

Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko taula.

VIII. ERANSKINA

Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntza-eskabidea.

IX. ERANSKINA

Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren justifikazioa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2005545