141. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

92E/2020 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: “2020ko laguntzak zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G ekipamendua eta azpiegiturak erosteko”. DDBN identifikazioa: 509978.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean jasota dagoenez, ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b) sortzea, zabaltzea eta hainbat eremutan aplikatzea funtsezkoa da Nafarroaren aurrerakuntzarako. I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako.

Bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak I+Gko azpiegituren garrantziaren gaineko aipamen batzuk jasotzen ditu eta, zehatz-mehatz, aurretik dauden azpiegiturak, beharrizanak eta haien finantzaketa aztertu beharra. Halaber, azpiegituren erabilera partekatua sustatuko dela aipatzen da.

Aurrekoarekin bat, zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G ekipamendua eta azpiegiturak erosteko laguntzen 2017ko lehen deialdiak Nafarroako gaitasun zientifiko eta teknologikoa handitzen lagundu zuen, azpiegitura zientifiko eta teknikoak mantentzeko eta eguneratzeko balio izan zuelako. Horrela, ekipamendua eta azpiegiturak erosteko laguntzak eman ziren, azpiegiturak erabili behar dituzten entitateek erabilera partekatua egiten lagundu zen, entitateek sarean funtzionatzea sustatu zen, eta kalitateko ikerketa zientifiko-teknikoa bultzatu zen.

Horrez gain, Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legeak ezarri zituen, bere helburuak eta xedeak lortzeko tresna zela iritzirik, sistemaren efizientzia sustatzen duten neurriak, I+G+b-ko azpiegiturak erosteko eta erabilera partekatzeko laguntzen bidez.

Horregatik guztiagatik, laguntzen deialdi honek lagundu nahi du unibertsitateek, ikerketa zentroek eta zentro teknologikoek ekipamendu zientifiko eta teknologikoen erostea eta hobetzea. Ekipamendu hauek erabilgarriak badira, posible izanen da Nafarroan ikerketa zientifiko-tekniko kalitate handikoa sustatzea.

Beste alde batetik, COVID-19ak sortutako agerraldi epidemikoak ekarri duen larrialdi egoerarekin, beharrezkoa da ikerketa instalazio guztiek babesbide egokiak izatea, kopuruz behar adina, eta eraginkorrak saihestu nahi diren arriskuen aurka; bestalde haien erabilerari buruz lan eta osasun agintariek ematen dituzten gomendioak bete behar dira. Aipatu babesbide horiek eduki behar dituzte lanpostu edo instalazio bakoitzerako eskatzen diren homologazioak eta ziurtapenak. Laguntza hauen beste asmo bat da, beraz, elementu edo ekipo horien erosketa finantzatzea, ikerketa azpiegiturak egoki dakizkien “normaltasun berriak” eskatzen dituen baldintzei.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “2020ko laguntzak zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G ekipamendua eta azpiegiturak erosteko”.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-7819-467302: Ikerketa zentroen eta erakundeen ekipamendua.

2020

1.400.000

Kreditu horri 650.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Gehigarri hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta justifikatu behar da.

Kreditu gehigarriaren onespena eta argitalpena deialdia ebatzi baino lehen eginen dira, eta onespenak ez du ekarriko eskaerak aurkezteko epe berri bat irekitzea, ez eta ebazpenak emateko eta jakinarazteko epe berri bat hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epea alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko da kontatzen.

Iruñean, 2020ko ekainaren 10ean.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da 2. oinarrian aipatutako entitateei ekipamendu zientifiko eta teknologikoak erosten eta hobetzen laguntzea, ekipamendu horiek erabilgarri edukitzeak kalitateko ikerketa zientifiko-teknikoa gauzatzeko bidea eman dezan. Halaber, erraztu nahi da ikerketa azpiegiturak egoki dakizkien COVID-19aren ondorengo “normaltasun berriaren” baldintzei.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte eragile hauek; Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan zehazten diren exekuzio-eragileek, alegia:

a) Unibertsitateak.

b) Ikerkuntza zentroak.

c) Zentro teknologikoak.

2. Entitate horiek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

b) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Ezin izanen dira onuradun izan Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateak, erabaki horrek laguntza bat ilegaltzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jotzeagatik, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko (EB) erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

3. Laguntzen eskabidearekin batera, entitate eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko.

3. oinarria.–Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira ekipamendu zientifiko-teknologikoaren erosketa, hobekuntza eta instalazioa, eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta jarduerarako behar diren altzariak barne.

Alde horretatik, ondorio hauetarako, ekipamendu zientifiko-teknologikoaren hobekuntza hau izanen da:

–Ekipoaren ezaugarriak gehitzea edo haren zaharkitzea atzeratzea dakarten jarduketak. Onuradunek behar bezala justifikatu beharko dituzte inguruabar horiek.

–Beharrezkoak diren inbertsioak ikerketa azpiegitura COVID-19aren ondorengo “normaltasun berriak” agitzen duenera egokitzeko behar diren babes neurriak ezartzeko.

2. “Ekipamendu zientifiko-teknologikorako proposamen” bakoitzaren gastu diruz lagungarriak 10.000 eurotik gorakoa eta 1.000.000 eurotik beherakoa izan beharko du. Ekipamenduaren erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

“Ekipamendu zientifiko-teknologikorako proposamen”tzat jotzen da funtzionatzeko autonomia duten ekipoen erosketa unitate bat, eta bai ekipo bakarra bai ekipoen multzoa izan daiteke, espazio bakar bat hornitzekoa dena edo helburu zehatz bat duena.

Halaber, funtzionatzeko autonomia duen baina zaharkituta geratu den ekipo bat eguneratzeko edo hobetzeko behar diren elementuek ere osa dezakete proposamen bat.

Azkenik, eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta jarduerarako behar diren altzariak har ditzake barnean. Horren barruan sartzen dira, halaber, “normaltasun berrira” egokitzeko behar diren babes neurrietarako inbertsioak.

3. Diruz lagundutako jarduketak eskaera aurkezten den egunetik aurrera egin behar dira, 2020ko azaroaren 15era arte. Beraz, bai erosketa (fakturazioa eta ordainketa), baita ekipamendu zientifiko-teknologikoa onuradunaren instalazioetan jartzea ere tarte horren barruan eginen dira.

4. Diruz lagungarria den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), ekipo ondasunez hornitzearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan baitago. Kontratu publikoei buruzko legediaren mende dauden entitateei dagokienez, araudi horretan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatu beharko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude. Edonola ere, alderdi hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko da.

5. Ez dira diruz lagungarriak izanen honako hauek:

a) Zientziari lotu gabeko erabilera orokorreko altzariak, gailuak eta tresnak, irakaskuntzan edo zerbitzu teknikoak egiteko aplikatzen direnak eta kalitatea kontrolatzeko direnak.

b) Bulegoko altzariak.

c) Kudeaketako ekipo informatikoa (prozesua kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo espezifikoak izan ezik).

d) Norbera babesteko ekipamendu (NBE) generikoak: maskara, eskularruak, eta abar.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren gehieneko kopurua gastu diruz lagungarriaren %50 izanen da, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 26.6 artikuluarekin bat etorriz.

5. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 11. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

3. Entitate eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, ekipamendurako bere proposamen guztiak biltzen dituena.

4. Dirulaguntza eskatzeko dokumentazioa bat etorriko da laguntzen fitxan erabilgarri dauden ereduekin, eta izena adieraziz (baita aipatzen duten ekipamendurako proposamen zehatza ere, adibidez, “P1-Memoria teknikoa”) behar bezala identifikatuta dauden bana-banako dokumentuetan eskaneatuta aurkeztuko da:

a) Eskaera telematikoa, 2. eta 9. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Ekipamendu zientifiko-teknologikorako proposamen guztien laburpen zerrenda. Zerrenda horrek eskatu diren proposamenen lehentasun-ordena izanen du, II. eranskineko 5. irizpidea baloratzeko.

c) Ekipamendu proposamen bakoitzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

I. Ekipamendua erosi beharra justifikatzen duten I+G jarduerei buruzko memoria teknikoa.

II. Ekipamendurako proposamena defendatzen duen ikerketa-taldearen deskribapena.

III. II. eranskineko 1. (Bikaintasun zientifiko-teknikoa), 2. (Inpaktua) eta 3. (COVID-19ra egokitzea) irizpideak baloratzeko esanguratsuak diren beste alderdi batzuen deskribapena.

IV. Proformako fakturak edo agiri baliokideak, jarduketaren kostu osoa frogatzen dutenak.

V. Obra lizentzia (halakorik badago).

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, II. eranskinean ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako %50eko laguntza aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Berdinketarik bada, hau ebatziko da 1. irizpidean lortutako puntuazioa kontuan hartuta, eta berdinketak jarraitzen badu, 2., 3., 4. eta 5. irizpideak hartuko dira kontuan, ordena horretan.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atala) aditu independenteen (pertsonak edo entitateak) laguntza eskatzen ahal du. Aurretik interes-gatazkarik ez dagoela eta konfidentzialtasuna gordeko dutela frogatu beharko dute. Halaber, entitate eskatzaileei eskatzen ahal dizkie eskaerak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako balorazioaren hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena. Ebazpena hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da diru hori.

8. oinarria.–Egindako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2020ko azaroaren 15ean (barne), beranduenez:

a) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidezkoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) xedatutakoaren arabera. Justifikazio hori bakarra izanen da onuradun bakoitzeko, eta finantzatutako ekipamendurako proposamen guztiak bilduko ditu.

b) Egozten diren gastuei buruzko frogagiri guztiak.

c) Diruz lagundutako ekipamendurako proposamenei lotzen zaizkien I+G jarduerei buruzko exekuzio edo jarraipen txosten teknikoa.

d) Hornitzailea 3.4 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

e) Kontabilitateko dokumentuak, diruz lagundutako inbertsioak banan-banan kontabilizatu direla justifikatzen dutenak.

2. Dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu behar da beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.

3. Onuraduna behartua dago organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, jardueren finantzaketa justifikatzeko.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki, laguntzen fitxaren bidez, adierazpena aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruz. Horretarako, fitxa horretan eskuragarri dagoen ereduari jarraituko zaio.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra ez bada betetzen, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduketak.

Laguntzaren zenbatekoa 60.000 euro baino handiagoa bada, diruz lagundutako inbertsioak materialki egiaztatu beharko dira, 10.2 oinarrian ezartzen den moduan.

c) Diruz lagundutako inbertsioak banan-banan kontabilizatuko dituzte.

d) Finantzatutako ekipamendua dirulaguntza ematea eragin duen xede zehatzerako erabiliko dute bi urtez, gutxienez, laguntzaren ordainketari buruzko ebazpena ematen den egunetik aurrera zenbatuta.

e) Nafarroako zentro teknologikoen eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakunde guztien eskura jarriko dute deialdiaren kargura finantzatutako ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-tekniko osoa. Gertaera hori 5.4.a) oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasoko da.

f) Finantzatutako ekipamendurako proposamenei lotzen zaizkien I+G jardueren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi beharko da.

g) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Ekipamendurako proposamen bati lotuta egin den gastua edo inbertsioa dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %60tik behera gauzatu bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Aurrekontuaren %40tik behera gauzatu bada, deklaratuko da onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, eta, kasua bada, eskatuko da ordaindutakoa itzultzeko.

c) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz gainditu gabe, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira gardentasunaren adierazpena eta jarduketaren justifikazioa (8. oinarria).

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak azterturik, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari, zeinean onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten baldintzak betetzen dituztela jasoko baita.

2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak direnean, haiek ordaindu ahal izateko, beharrezkoa izanen da organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egitea. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, aktaren bidez edo egiaztapen txostenaren bidez.

Egiaztapen bisita hilabeteko epean eginen da gehienez, onuradunak inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten duenetik hasita. Diruz lagundu diren inbertsioak ezin badira materialki egiaztatu, ez direlako egin onuradunaren instalazioetan, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela aldarrikatuko da.

3. Berrikuntzako zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du sei hilabeteko gehieneko epean, 8. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

4. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, betiere onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeak aurkezten badituzte.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 8. oinarrian adierazitako moduan eginen da.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bidez eginen dira , bai eta herritarren karpetan ere:

(https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm)

Gaitutako helbide elektronikoa eskura daiteke Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

12. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna eta laguntzak metatzea.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Laguntza hauei gehitzen ahal zaizkie beste batzuk, baldin eta beste kostu diruz lagungarri eta identifikagarri batzuetarako badira.

Diruz lagun daitezkeen kostu berberei badagozkie osorik edo zati batean, gehiketa horrek ez badu gainditzen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 26.6 artikuluan adierazitako laguntzaren intentsitatea.

Estatuko laguntza horiek ez zaizkie metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza batzuei baldin horrek berekin badakar Erregelamenduaren 26.6. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea gainditzea.

13. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluaren eta III. kapituluaren mende daude, zehazki 26. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.

Laguntza hauek eragin suspergarria izan behar dute eta, hori bermatzeko, enpresek ezin izanen diete ekin diruz laguntzen ahal diren jarduerei, eskabidea aurkeztu baino lehen.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Epea alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko da kontatzen.

II. ERANSKINA

Ekipamendurako proposamenak ebaluatzeko irizpideak

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1. Bikaintasun zientifiko-teknikoa

30

2. Inpaktua

20

3. COVID-19aren baldintzei egokitzea

10

4. Nafarroan antzeko ekipamendua egotea

20

5. Azpiegituraren lehentasuna

20

GUZTIRA

100

1. Bikaintasun zientifiko-teknikoa:

–Ekipamenduaren egokitasuna lortu nahi diren helburu zientifiko-teknikoak lortzeko, baita helburuon garrantzia eta egokitasuna ere.

–Teknikaren egoerarekin eta eskura dagoen eskaintzarekin bat etortzea.

–Zenbat ikertzailek edo teknikarik erabiliko duten ekipamendua, eta I+G proiektuetan daukaten ezagutza eta esperientzia.

2. –Inpaktua:

–Espero den inpaktu zientifiko-teknikoa, kontuan hartuta zentroaren bikaintasuna indartuko duten emaitzak eta diziplinetako eta diziplina arteko ezagutza zientifiko teknikoa.

–Inpaktua gai hauen gainean: enplegua, balio erantsiaren sorrera, genero berdintasuna edo/eta garapen jasangarrian laguntzea, baita proposatzen diren jarduerek gizarteari ekartzen dioten onura ikusarazten duen beste edozein ere.

–Ekipamendua beste instituzio edo/eta ikerketa talde batzuek ere erabili ahal izatea.

3. COVID-19aren baldintzei egokitzea. Baloratuko da inbertsioak egitea babes elementu, ekipo edo sistemetan, instalazioak COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondoriozko “normaltasun berriak” ekarri dituen baldintzei egokitzeko balioko dutenak.

4. Nafarroan antzeko ekipamendua egotea.

–Ez dagoen ekipoa: 20 puntu.

–Lehendik dagoen ekipoa, erabilgarritasun mugatua duena: 10 puntu.

–Lehendik dagoen ekipoa, erabiltzeko moduan dagoena: 0 puntu.

5. Azpiegituraren lehentasuna: puntuazioa entitateak laguntzen eskaeran ezarri duen lehentasunarekin zuzenki proportzionala izanen da.

Iragarkiaren kodea: F2005914