141. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 510756.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena ikusirik, non adierazten baita beharrezkoa dela euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzak arautzeko deialdia onestea eta argitaratzea.

Kontuan hartuta ezen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean jasota dagoela euskara Nafarroako berezko hizkuntza bat dela eta, horrenbestez, herritar guztiek dutela euskaraz jakiteko eskubidea.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002 B3200 4809 334102: (E) Helduek euskara ikasteko laguntzak

2020

20.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetakoan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzura, Euskararen Sustapenaren Atalera, Programen Bulegora, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 15ean.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Xedea eta aldia.

Deialdi honen xedea da euskara ikasteko laguntza indibidualak arautzea Nafarroako Foru Komunitatean erroldatutako pertsona helduentzat.

Laguntzak emanen dira euskara ikasteko ikastaroengatik eginiko ordainketetarako. Ikastaro horietarako matrikulek, betiere, 2019ko urriaren 31ren ondoren eginak beharko dute, eta ikastaroek amaituta beharko dute 2020ko irailaren 30ean.

Horrela, aurreko deialdian eskabideak aurkezteko epearen ondoren eginiko matrikulengatiko gastuak ere aurkezten ahalko dira deialdi honetan; dirulaguntzen deialdi hura Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren ekainaren 25eko 37/2019 Foru Aginduaren bidez onetsi zen. Era berean, 2020ko urtarrilaren 1a baino geroago hasitako ikastaroetarako eginiko ordainketak ere aurkezten ahalko dira deialdi honetan, udako ikastaroei dagozkienak barne. Ikastaroek, edozein modutan, amaituta beharko dute 2020ko irailaren 30ean.

Bigarren oinarria.–Diruz lagunduko diren ikastaroak.

2.1. Diruz lagunduko diren ikaskuntza edo alfabetatze modalitateak honakoak izanen dira: ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzakoak.

Diruz lagunduko diren ikaskuntza modalitateen ezaugarriak honakoak izanen dira:

a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 eskola-ordu izan behar dituzte, eta ikastaroak gutxienez 80 ordu guztira.

b) Barnetegiak eta udako ikastaro trinkoak: ikastaro bakoitzak gutxienez 40 eskola-ordu izan behar ditu.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: ikastaro bakoitzak gutxienez 100 lanordu izan behar ditu.

d) Berariazko ikastaroak, eta eskaeraren aniztasunari egokituak: 40 eskola-ordu baino gehiagoko iraupena izan behar dute.

2.2. Material didaktikoak eta garraioa ez dira diruz lagunduko.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak.

3.1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar hauek ere bete beharko dira:

–16 urte baino gehiago izatea. Adingabekoen kasuan, eskaera gurasoek eginen dute, edota adingabekoaren tutoretza duenak. Atzerritarren kasuan, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ) izan beharko dute.

–Nafarroan erroldatuta egotea deialdi hau argitaratzen den egunean.

–Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–Euskara ikasteko ikastaroren batean matrikulatu izana 2019ko urriaren 31ren ondoren; ikastaroak, betiere, amaituta beharko du 2020ko irailaren 30ean. Ikastaroa ematen duen entitateak euskararen irakaskuntza behar du bere helburu nagusien artean, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar ditu, programazio propioa barne.

–Gutxienez eskolen %80 hartzea. Autoikaskuntzako ikastaroetan izena emandako pertsonek ere egiaztatu beharko dute eskola horiek hartu izana. Eskolak hartu izana edo aprobetxamendua ikastaroa amaitzean egiaztatu beharko da.

3.2. Honakoak dirulaguntza hauetatik kanpo geldituko dira:

–Titulartasun publikoko ikastegietako ikasleak (Zubiarte eta hizkuntza eskolak).

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak, euskara ikastaroak egiteko berariazko laguntzak baitituzte.

Laugarren oinarria.–Aurrekontu erabilgarria eta dirulaguntzen moduluak.

4.1. Deialdi honetarako diru kopurua gehienez ere 20.000,00 eurokoa da; 2020ko Gastuen Aurrekontuko B30002-B3200-4809-334102 partidaren kargura izanen da, “(E) Helduek euskara ikasteko laguntzak” izenekoa.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa modulu hauetan banatzen da, ikastaro motaren eta ordu kopuruaren arabera:

–Ikastaro estentsiboak, trinkoak eta barnetegiak:

  • 40 eta 79 ordu bitartekoak, 50,00 eurora arte.
  • 80 eta 200 ordu bitartekoak, 100,00 eurora arte.
  • 201 eta 270 ordu bitartekoak, 175,00 eurora arte.
  • 271 eta 400 ordu bitartekoak, 225,00 eurora arte.

–Autoikaskuntzako ikastaroak:

  • 100 eta 189 ordu bitartekoak, 100,00 eurora arte.
  • 190 eta 250 ordu bitartekoak, 175,00 eurora arte.

–Berariazko ikastaroak:

  • 40 eta 100 ordu bitartekoak, 100,00 eurora arte.
  • 101 eta 200 ordu bitartekoak, 175,00 eurora arte.
  • 201 eta 400 ordu bitartekoak, 225,00 eurora arte.

4.3. Behar den epean eta moduan aurkeztutako eskabideen artean banatuko da aurrekontuan aurreikusitako laguntzen zenbatekoa; betiere, deialdiko baldintzak betetzen badira. Eskatutako dirulaguntzek onetsitako diru kopurua baino gehiago egiten badute, dirua eskatzaileen artean hainbanatuko da.

4.4. Eskatzaile bakoitzak jasotzen duen diru kopurua ezin izanen da izan dirulaguntza jasotzeko aurkeztu dituen gastuak baino handiagoa. Edonola ere, eskabidearekin batera aurkeztutako gastuak esleitutako dirulaguntzaren zenbateko osoa baino txikiagoak badira, eskatzaileak aukera izanen du diruz lagundutako ikastaroagatik geroago eginiko ordainketen egiaztagiriak ere aurkezteko. Egiaztagiri horiek aurkezteko epea 2020ko urriaren 7an bukatuko da.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaera inprimaki bat betez (II. eranskina) eginen da, eta lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoko kasuko tramitearen bidez aurkeztuko da:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8512/Euskara-ikasteko-beken-deialdia-2019-20-ikastaroetan-matrikula-azaroaren-1etik-aurrera-egin-duten-helduentzako

5.2. Aurreko puntuan aipatutako tramite telematikoa erabiltzen ez bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskatzaileek posta bulego batean aurkezten badituzte eskabidea eta dokumentazioa, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dituzte, postako langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

Laguntza hauek eskuratu ahal izateko eskabideak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.3. Agiri hauek eskatuko dira:

–Eskabidea eta helburu bererako egindako beste laguntza eskaera batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

–Matrikula noiz egin zen edo izena noiz eman zen adierazten duen agiria.

–Dirulaguntzaren xedeko ikastaroari dagozkion ordainketak egin izanaren frogagiriak.

–Zentroak edo euskaltegiak egindako bertaratze ziurtagiria, gutxienez ere ikastaroaren %80 hartu izanari buruzkoa. Ziurtagiria ikastaroa bukatzerakoan aurkeztuko da, eta, betiere, 2020ko urriaren 7rako.

–Erroldatze agiria. Ziurtagiri hori erantsi beharko da baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori eskuratzeko baimenik eman ez bazaio.

–Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela ziurtatzen duten agiriak. Ziurtagiri horiek erantsi beharko dira baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori egiaztatzeko baimenik ez bazaio eman.

5.4. Eskaerak aurkezteko epea NAOn argitaratzen den egunean hasi eta 2020ko irailaren 7an amaituko da.

5.5. Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio zazpi egun naturaleko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta esleipeneko ebazpenean inguruabar hori adieraziko da.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntzen ebazpena eta ordainketa.

6.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eramanen du. Hark eginen du ebazpen proposamena, Balorazio Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondoan.

6.2. Balorazio Batzorde Teknikoa arduratuko da eskaeren ebaluazioaz; Batzordearen kideak hauek izanen dira: Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren titularra, batzordeburu izanen dena, Euskara Sustatzeko Ataleko burua, eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria, batzordeko idazkari izanen dena. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.

6.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu. Onartutako eskaerak kontuan harturik, onuradun bakoitzari ikasturte osoan dagokion laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da, deialdi honen laugarren oinarriari jarraikiz. Zenbateko horrek, betiere, doikuntzak izan ditzake, egiazko datuak baitira kontuan hartu beharrekoak, bai eta deialdi honen laugarren oinarrian ezarritakoa ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen webguneetan argitaratuko da, hurrengo zazpi egun naturaletan.

6.4. Behin laguntzen deialdi hau ebatzita, egoki diren zenbatekoak ordainduko dira.

Zazpigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak, jarraipena eta dirulaguntzen gaineko kontrola.

Laguntza hauen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

7.1. Administrazioak eskatzen ahal dizkien agiriak aurkeztu beharko dituzte, haien egiazkotasuna frogatzeko, eta, betiere, entitate emaileak egiten dituen egiaztatze jarduketak onartu beharko dituzte.

7.2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

7.3. Edozein administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza batzuen berri emanen diote Euskarabideari.

7.4. Edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketaren berri emanen diote Euskarabideari, hura dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu bada.

Zortzigarren oinarria.–Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

8.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Onuradunek kasu hauetan itzuli beharko dute dirulaguntza:

a) Dirulaguntza lortu bada horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publikoen edo erakunde publiko nahiz pribatuen edo partikularren, Espainiakoen nahiz atzerrikoen, xede bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso izanaren berri ez ematea eskaera formalizatzean, edo, kasua bada, geroago. Beste dirulaguntza horien berri ez dela eman atzematen bada, eta dagokion zehapen espedientea deusetan galarazi gabe, jasotako laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da.

8.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

9.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste batzuekin. Ez dira bateragarriak, ordea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak helburu berarekin emandako dirulaguntzekin.

9.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo deialdiko epeari egozten ahal zaizkion beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako ikastaroarengatik ordaindutako kopurua baino handiagoa.

9.3. Euskarabideak behar diren egiaztapenak eginen ditu laguntzen bateragarritasunari dagokionez.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Eskatzaileen datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen publizitatea.

Euskarabideak Nafarroako Gobernuaren webgunean jarriko du laguntzak ematen dituen ebazpena; bertan eskatzaileen zerrenda eta emandako zenbatekoak agertuko dira.

Hamabigarren oinarria.–Aplikatzekoa den legeria.

Modalitate hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

Hamahirugarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2006102