140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 9koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, “50.000 eurotik gorako aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako dirulaguntzak emateko 2020ko deialdia (ARTEM 50K+)” onesten duena. DDBN identifikazioa: 509730.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du “50.000 eurotik gorako aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako dirulaguntzen 2020ko deialdia (Artem 50K+)” eta bere oinarri arautzaileak onestea, 657.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, baita gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta ikusirik kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “50.000 eurotik gorako aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako dirulaguntzak emateko 2020ko deialdia onestea (Artem 50K+)”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Laguntzak emateko 657.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko Gastuen Aurrekontuko “Artem -50K eta 50K+ kultur entitateen arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuak” izeneko A20002 A2530 4816 334106 partidaren kargura, behar adinako kreditu egokia baldin badago.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4816-334106: Artem -50 K eta +50 K: Kultur entitateen arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuak

2020

657.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

50.000 EUROTIK GORAKO AURREKONTUA DUTEN ARTE ESZENIKOETAKO ETA MUSIKAKO ARTE-PROIEKTUETARAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK. (ARTEM 50 K+) 2020

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da elkarteen esparrutik egiten diren arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuak ekoizteko eta/edo programatzeko laguntzak arautzea. Laguntzapeko proiektuek irismen sozial eta inklusiboa izan beharko dute, Nafarroako kultur ondarea eta gizarte ehuna sortzen, mantentzen eta sustatzen lagundu beharko dute, eta populazio osoa aintzat hartu.

Deialdiaren helburua da erraztasunak ematea egiten den eskaintza artistikoa kalitatezkoa izan dadin, askotarikoa, diziplina artistikoei dagokienez, jarduera artistikoa inklusio faktore gisa baloratzen duena, alderdi sozialak kontuan hartzen dituena eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa aintzat hartzen duena.

2020ko deialdi honen helburua da Nafarroako hirugarren sektore kulturaleko entitateen arte eszenikoetako eta musikako arteetako programazioa sustatzea; hori horrela, salbuespenez, COVID-19ak sortu duen osasun krisia dela eta, alarma egoerarengatik eta haren ondorioengatik jardueraren bat egin ez bada ere, ordaindutako gastuak onartuko dira, baita egiturei eusteko egindakoak ere.

1.2. Jarduerak 2019ko azaroaren 16tik 2020ko urriaren 31ra bitarte egiten ahalko dira.

1.3. Aurkezten diren proiektuen aurrekontua 50.000 eurotik gorakoa izanen da.

1.4. Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.

1.5. Are eszenikoetako eta musikako arteetako jardueren programazioaren asmoa da eragin positiboa sortzea Nafarroako kulturgintzako eragileetan, COVID-19aren pandemiak ekarri duen krisiaren aurrean laguntzeko.

2.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

2.1. Laguntza hauen entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izatea, estatutuetan daukana, bere xede eta helburuen artean, arte eszenikoekin eta musika arteekin lotutako jarduerak egitea.

b) Legez 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez zehapena edo zigorra jaso duten eskatzaileak ez dira laguntza hauen onuradun izaten ahal.

2.4. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

1. Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza nagusia duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

2. Sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

3. Nafarroako 2020ko aurrekontu orokorretan partida izenduna duten entitateak.

3.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdi honen aurrekontu-izendapena 657.000 euro da, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko aurrekontuen kargura.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %80 baino handiagoa, ez eta 80.000 euro baino gehiago ere.

Kasu guztietan, eskatutako zenbatekoa izanen da muga.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Dirulaguntzaren zenbatekoa entitateak eskatu duena izanen da, lehen esandako mugak betetzen badira, eta hala badagokio, murriztapena aplikatu eta gero.

3.3. Behin proiektuak eginda aurrekontu onartuekin, unitate kudeatzaileak banatuko du dirulaguntza proiektuen artean, lehentasun hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.

Gerakinik badago, baina puntuazioan hurrengoa den proiektuagatik eskatutako aurrekontua baino txikiagoa, eskatzaileari eska dakioke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregin dezala.

Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu hasierako aurrekontuan sartuta dagoen eta entitatearen beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua.

b) Eskaera berregin ondoren, haren bidez azkenean lortzen den dirulaguntzak ezarritako gehieneko ehunekoak errespetatu beharko ditu.

Edonola ere, eskatzaileak dirulaguntza onartzen ahal du, edo ez.

Onartzen badu, berregindako proiektua aurkeztu eta Ebaluazio Batzordearen adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.

Onartu ezean, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko dio, hark berregiteko aukera eskain diezaien hurrengo proiektuei puntuazio hurrenkeraren arabera.

Laguntzak esleitzeko ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 12 puntu baino gutxiago lortu dituztenak 8. oinarriko 1. apartatuan.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitateak, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa.

Proiektuetan honako hauek jasoko dira:

–Izena.

–Garatu beharreko jardueren deskribapen zehatza: atal honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira.

II. eranskinera egokituko da hau.

–Proiektu osoaren aurrekontua, zehazki aurreikusitako jarduerei esleitutako aurrekontuak.

Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

Proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da koherenteak direla, proiektuari aurre egiteko, entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak).

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Eskaera eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da.

Eskaneatuta aurkeztuko dira agiri hauek, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, gehienez ere 30 foliotan idatzia; horren barrenean, zabalkunde planaren deskribapenak 6 folio hartuko ditu gehienez, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Ez da baloratuko tamaina hori gainditzen duen informazioa.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak laguntza-fitxan eskuragarri dagoen III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza izanen da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten arte talde eta entitateek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.5. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun naturaleko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.6. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan ezarritako epean eginen direnak.

Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira frogatzen diren eta ezin berreskuratzen ahal diren gastuak, egin direnak dirulaguntzaren xedea zen proiektua edo jarduera egiteko, proiektua ezin izan bada guztiz edo zati batean egin martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan edo haren luzapenetan aurreikusitako neurrien ondorioz (errege dekretu horren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez) edo agintaritza eskudunek COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko hartzen dituzten neurrien ondorioz.

Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

1.–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren eta entitatekoak ez diren langile eta artista kontratatuen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak.

2.–Entitate onuradunaren nominako langileen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak, dirulaguntzaren xedeko proiektuan duten parte hartzearen arabera.

Talde artistikoko kideek, beren behar bereziak (dibertsitate funtzionala) kontuan hartuta, entitateko langileen berariazko laguntza eta arreta edo dedikazio berariazkoa behar dutenean, aipatutako laguntza, arreta edo dedikazio berariazkoaren funtzioak betetzen dituzten entitate onuraduneko langileen nominaren soldata eta gizarte segurantzako kostuak kostu zuzentzat hartuko dira, dirulaguntzaren xedea den proiektuan sartuta dauden neurrian.

3.–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko kontratatutako eta entitateari lotutako pertsonen kontratazioaren kostuak. Kontratazioek baldintza hauek bete behar dituzte:

  • 1.–Proiektuaren kargura diruz lagungarriak izanen dira gehienez ere proiektuaren kostu osoaren %15 izanik.
  • 2.–Kontzeptu honengatik lortzen den zenbatekoa berariaz agertuko da II. eta III. eranskinetan.

Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26.7.d) artikuluarekin bat etorri beharko du.

4.–Proiektua gauzatzeko kontratatzen diren artisten ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

Gastu hauek behean azaltzen diren mugak izanen dituzte, eta, kasu guztietan, zerbitzua egiten duen enpresak emandako faktura aurkeztu beharko da, salbu eta norberaren ibilgailua erabiltzen bada, kasu horretan behean azaltzen den irizpidea aplikatuko baita:

a) Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik etortzen badira; gau bakoitzeko, 60 euro ordainduko dira gehienez.

b) Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro ordainduko dira.

c) Lekualdatzeak.

Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,30 euro kilometro bakoitzeko.

Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

5.–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola, espazioen, ekipamenduen eta bitarteko materialen alokairua, talde artistikoaren zerbitzu-sariak, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.

6.–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako, digitalizaziorako eta merkaturatzeko gastuak.

7.–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa).

8.–Jendaurreko kultur emanaldiak egiteko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen duen materiala erosteko edo zerbitzuetarako egindakoak.

9.–Arte eszenikoetako eta musikaletako proiektuen parte diren jardueren gastuak, proiektuak ezin izan direnean guztiz edo zati batean egin martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan edo haren luzapenetan aurreikusitako neurrien ondorioz (errege dekretu horren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez) edo agintaritza eskudunek COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko hartzen dituzten neurrien ondorioz.

b) Zeharkako kostuak.

1. Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko.

Hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

2. Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %25 baino gehiago.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura edo konpentsa dezakeena, bai eta antzeko zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) 6.1.a) 1 apartatuan sartzen ez diren pertsonen mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrien gastuak.

f) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

6.3. Proiektu bat egiteko baliabideak entitate batek baino gehiagok jartzen dituzten lankidetza proiektuetarako eskaeretan, bakoitzaren ekarpena desberdina bada ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, beharrezkoa izanen da berariaz agertzea, bai eskaeran, bai laguntza emateko ebazpenean, entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza zatia, eta denak hartuko dira onuraduntzat.

Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, eta aski ahalmen emanen zaio elkartutako entitatearen betebeharrak bete ditzan. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta aipatutako foru legean ezarritako preskripzio epea iragan arte.

Gainera, laguntzaren eskatzaileak honako hauek jakinarazi beharko ditu berariaz:

a) Ekoizle bakoitzak proiekturako egindako ekarpenaren zenbatekoa eta bakoitzak bere gain hartzen dituen gastuak.

b) Edonola ere, eskatzaileak frogatu beharko du diruz lagundutako gastu guztia, eta, orobat, proiektua oso-osorik gauzatu dela.

Informazio hori guztia II. eta III. eranskinetan zehaztu beharko da.

7.–Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, eta, hori izan ezean, Kultura Zuzendaritza Nagusiko teknikari ba, ahotsarekin baina botorik gabe.

c) Batzordekideak: Kultur Ekintza Zerbitzuko burua eta bi aditu, deialdiaren xede diren arloetakoak, bai alde artistikoari bai ekonomikoari dagokienez. Aditu horietako bat Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide izanen da.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. Batzordekideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte horiek baloratzeko.

2. Balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bidetatik, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko (ez da aurrez aurreko agerraldirik izanen).

3. Onetsitako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

4. Proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako diru-muga:

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

–Organo kudeatzaileak dirulaguntza banatuko du proiektuen artean lehentasun hurrenkerari jarraikiz, lortzen den puntuazioaren arabera, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.

–Gerakinik badago, baina puntuazioan hurrengoa den proiekturako eskatutako aurrekontua baino txikiagoa, eskatzaileari eska dakioke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregin dezala.

Nolanahi ere, proiektua berregitean, 3. oinarrian zehazturiko dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Edonola ere, proiektu berreginaren aurrekontua ezingo da, inola ere, hasieran aurkeztutakoa baino %20 txikiagoa izan.

7.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8.–Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoaren berri III. eranskineko inprimakiaren bidez emanen da (informazio ekonomikoari buruzko inprimakia da).

Oinarri honetan ezarritako irizpideak aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari oinarri honetan. Dirulaguntza jasotzeko 8.1.a) azpiapartatuan, eskaerek 12 puntu lortu behar dituzte gutxienez. Proposamenaren interesa eta kalitatea.

Oker betetzen diren datuak edo funsgabeak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

8.1. Proposamenaren kalitate artistikoa (50 puntu gehienez).

a) Proposamenaren interesa eta kalitatea (20 puntu gehienez).

Irizpide honetan, proposatutako programazioa baloratuko da (urteko programazioa edo proiektu zehatzak; jarduera finkatuak edo jarduera berritzaileak), interes eta kalitate artistikoaren arabera.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

20

Ona

15

Zuzena

12

Hala-holakoa

9

Eskasa

3

Urriegia

0

b) Aurkeztutako proposamenak nolako ekarpena egiten dion Nafarroako kultur eskaintzari.

Baloratuko da nolako ekarpena egiten zaion Nafarroako kultur eskaintzaren orekari (5 puntu gehienez).

Horretarako, kontuan hartuko da antzeko proposamenik dagoen Nafarroan, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Antzeko proposamenik ez

5

Antzeko proposamenak, 5 baino gutxiago

3

Antzeko proposamenak, 5etik 10era

1

Antzeko proposamenak,10 baino gehiago

0

c) Proiektuaren lurralde-eremua.

Baloratuko da nolako irismena duen programak Nafarroako maparen gainean, kultur eskaintza orekatua izan dadin lurralde osoan (5 puntu gehienez).

Horretarako, honako honen arabera baloratuko dira kultur programak edo jarduerak: proiekzioa, hedapen eremua eta beste udalerri batzuetan, eskualdean edo Nafarroan duten eragina.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Eskasa

2,5

Urriegia

1

d) Proposamenaren esperimentazio eta berrikuntza maila (teknologiaz kanpo), Nafarroan lehendik zegoen kultur eskaintzaren aldean (5 puntu gehienez).

Baloratuko da noraino den berritzailea Nafarroako oraingo panoramaren aldean, kontuan izanik ikuspegi berriak eta originalak dituen (gaiak, formatuak, metodologiak, jardueraren eragina gisa horretako ekimenak ohikoak ez diren eremu batean, etab.).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Eskasa

2,5

Urriegia

1

e) Entitate eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan, entitatearen ibilbidea baloratuko da, baita haren jarraitutasuna eta egonkortasuna ere, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

20 urtetik gorako ibilbidea

5

10 urte baino gehiago eta 20 urte arte

4,5

5 urte baino gehiago eta 10 urte arte

3,5

3 urtetik 5era bitarte

2,5

3 urtetik behera

1

f) Gaitasuna partaidetzarako bideak irekitzeko eta mantentzeko eta lankidetza eta koprodukzio sareak osatzeko beste eragile batzuekin (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko dira beste eragile batzuekin parte hartzeari edo lankidetzan aritzeari lotuta dauden ekimenak, proposatutako jardueran jasota daudenak, proposatutako programa diseinatu, kudeatu eta egiteko orduan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Eskasa

2,5

Urriegia

1

g) Marketin eta komunikazioa (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko da nolako koherentzia duen proposameneko komunikazio planak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Eskasa

2,5

Urriegia

1

8.2. Proposamenaren kudeaketa (bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa): 25 puntu gehienez

a) Bideragarritasun ekonomikoa: 15 puntu gehienez.

Proposamen batek bideragarritasun ekonomiko handiagoa du baldin behar adinako finantzaketa badu; eskatutako diru kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta puntu gehiago emanen zaizkio, horrek frogatzen duelako behar adinako finantzaketa duela proposatutako kultur jarduera egiteko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

%0tik %20ra arte

15

%20 baino gehiago, %30 arte

10

%30 baino gehiago, %40 arte

8

%40 baino gehiago, %50 arte

6

%50 baino gehiago, %55 arte

4

%55 baino gehiago, %60 arte

2

b) Aurrekontu-zorroztasuna (10 puntu gehienez).

Aurrekontuetan jasotako partidak egokiak eta zehatzak izatea baloratuko da, eta aurrekontua prestatua izatea ekonomia eta efizientzia irizpideei jarraikiz; horrez gainera, baloratuko da jarduera gauzatzeko behar diren partida guztiak ekonomikoki ongi mugatuak izatea.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

10

Ona

7

Zuzena

5

Eskasa

2

Urriegia

0

8.3. Proposamenaren eragina (zeharkako irizpideak): 25 puntu gehienez.

a) Proposamenean euskara erabiltzearen irizpideak (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko da ea euskara erabili den proposatutako programazioan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Erabilera handia

5,0

Ertaina

2,5

Urriegia

0

b) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea programaren helburuetan eta ekintzetan eta/edo emakumeen ekarpen eta parte-hartze profesionala (5 puntu gehienez).

Irizpide hau baloratzeko, eskaerako txostenean jasotako datuak hartuko dira oinarri.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Franko

5,0

Esanguratsuki

2,5

Ez oso esanguratsuki

0

c) Neurririk hartu den proposamenera iristea bermatzeko bazterketa arriskuan daudenei eta/edo aniztasun funtzionala dutenei (5 puntu gehienez).

Irizpide hau baloratzeko, eskaerako txostenean jasotako datuak hartuko dira oinarri. Baloratuko da aurkeztutako programazioan neurriak txertatzea aniztasun funtzionala dutenengana iristeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Eskasa

1,5

Urriegia

0

d) Entitateak egindako ahaleginak publiko berriak erakartzeko bitartekaritza eta hezkuntza ekintzen bidez, batez ere 0-11 urte bitarteko haurrak, 12-35 bitarteko gazteak eta talde eta pertsonarik kalteberenak (5 puntu gehienez).

Irizpide hau baloratzeko, eskaerako txostenean jasotako datuak hartuko dira oinarri.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Eskasa

1,5

Urriegia

0

e) Adierazleak erabiltzea proposatutako programaren interes soziala eta kulturala baloratzeko (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan, eskaerako txostenean jasotako datuak baloratuko dira: erabili diren adierazleak eta haien eragina (kulturan eta tokiko kultur eragileengan, lurraldean eta herritarrengan, jasangarritasunean, desberdintasunean...), haztapen taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5

Zuzena

2,5

Urriegia

0

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Gainera, eskaeran adierazitako helbide elektronikoa baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jo dezakete interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es

10.–Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa ere bai, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

11.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Onuradunak laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektu horiek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso dutela.

11.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, organo kudeatzailearen adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:..., Honako honek diruz laguntzen du...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Proiektuan edozein aldaketa egiteko, organo kudeatzailearen adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

11.12. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan honako hauek adieraziko dira:

–Proiektuaren alderdiak noraino bete diren, eskaerarekin batera aurkeztutako deskripzio-memoria jasotakoarekin alderatuta.

Berariaz zehaztuta proposatutako adierazleak.

–Masa soziala osatzen duten pertsonen banaketa sexuen arabera (emakumezko eta gizonezko bazkideen kopurua); orobat, entitateko zuzendaritza-taldearena, talde artistikoarena eta kudeaketa taldearena.

11.13. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf)

12.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har:

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ahala.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Eskaera, ordainketa mota (orokorra) eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira.

Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

e) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

f) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Konturako ordainketen eskaerak justifikazioa aurkezteko epea (2020ko irailaren 20a) amaitu baino gutxienez bi hilabete lehenago aurkeztu ahal izanen dira.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Konturako ordainketaren eskaera eta eskatutako zenbatekoa.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, zer nolako ordainketa den adieraziz (aurrerakina), eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik jaso behar dituela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztu (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, eta egiteko dauden kobrantzen eta ordainketen zerrenda, hilabeteka banakatua).

13.–Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, dirulaguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2020ko azaroaren 20a baino lehen:

a) Azken likidazioaren eskaera eta eskatutako kopurua.

b) 12.1 (b, c, d, e).oinarrian adierazitako dokumentazioa.

c) Proiektuaren bukaerako memoria.

d) Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

e) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Ekitaldiko urteko kontuak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, onuradunen konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek frogagiriak hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita (2020ko abenduaren 1a), betiere horietan agertzen bada gauzatze epe horren barnean dauden gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak).

Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Dirulaguntza eman izanaren justifikazioa ere justifikazio-kontuaren bidez egin ahal izanen da, auditoretza-txostena aurkeztuta.

Justifikazio kontu horien gaineko txosten hau onuradunak eginen du, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez.

Txosten horiek baldintza hauek betez eginen dira:

Txostena maiatzaren 17ko EHA/1417/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko lanetan bete beharreko jarduketa-araua onetsi zen.

Txosten auditorea justifikazio-kontuaren gainean eginen da, eta bertan jarduera bakoitzaren gastu eta diru-sarreren zerrenda sailkatu bat agertuko da, honako hauek adierazita: agiri zenbakia, jarduera, jaulkipen data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren data.

Azkeneko justifikazio-kontu hori bakarra izanen da, eta onuradunak deialdiaren eptean zehar aurkeztutako tarteko justifikazio-kontu guztiak hartuko ditu bere baitan.

–Gainera, justifikazio-kontuak jarduketen memoria bat izan behar du.

–Txosten horien kontratazioa onuradunek eginen dute.

Onuraduna behartuta dagoenean auditore batek urteko kontuak ikuskatu diezazkion, auditore berak berrikusten ahal du justifikazio-kontua.

13.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

13.4. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina duten proiektuen kasuan, laguntza eman zaiela jakinarazi eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazio hori.

13.5. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da.

Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordainketaren frogagiria badute.

Onartutako aurrekontua osorik justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzen arteko portzentaje bera.

14.–Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

14.2. Kasu guztietan, bateragarria izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura eta Kirol Departamentuak proiektu bererako emandako edozein motatako dirulaguntzarekin.

14.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.4. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean, bateragarriak dira merkatu bateratuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15.–Dirua itzultzea.

Entitate onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino bete diren dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16.–Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

17.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

17.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa izanen da.

18.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskaera eredua.

II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. eranskina.–Proiektuaren datu ekonomikoak.

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2005890