140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

2E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Erripagainako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hasierako aldaketa onesten duena. Aldaketa 13. artikuluari (Definizioak) eta BF1 lurzatiari dagokie. Sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA da.

Honako hau da agiri honen xedea: 13. artikulua, “Erripagaina” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren (UPS) araudiaren definizioak eta planak BF1 lurzatiaren antolamenduari buruz ematen dituen hirigintza-determinazioak.

“Definizioak” izeneko 13. artikuluaren aldaketak erdisotoen gaineko araudia sartzea planteatzen du, lur naturaletan malda baldintza jakin batzuk dituzten lurzatietan. Horren helburua da bertan eraiki ahal izatea indusketa txikiagoa eginda, edo eraikinak lurrean hobeki integratuz.

BF1 lurzatian planteatzen den aldaketak bilatzen du, batez ere, aurreikusitako eraikina Madril kalera hurbiltzea, lurzatiaren alderdirik baxuena baita, eta lurzatiaren atzeko aldean eraikinik ez izatea eta erabilera publikorako uztea. Halaber, hainbat baldintza morfologiko ezartzen da eraikinetarako eta lurzatiaren antolamendurako, inguruarekiko integrazioa hobetzeko eta diseinuan berdintasun, irisgarritasun eta mugikortasun irizpideak sartzeko.

Aldaketa honen justifikazioa da BD1 lurzatiaren antolamendua eta inguruko hiri-bilbearekiko integrazioa hobetzea, lurzatia urbanizatzeak edo bertan eraikitzeak Belosoko erripan edo iparreko magalean eragin zezakeen ukipena minimizatzea, eta magal horretako parkearen edo berdegunearen zabalera handiagotzea.

Tresna honek Erripagainako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko determinazioak aldatzen eta garatzen ditu, hirigintza-antolamendu xehatukoak; haiek tramitatzea eta onestea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikulua aplikatuta (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2020ko maiatzaren 26ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Erripagainako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hasierako aldaketa onestea. Aldaketa 13. artikuluari (Definizioak) eta BF1 lurzatiari dagokie. Sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA da.

2. Espedientea ebatzi baino lehen, sustatzaileak osatu egin beharko du ondoko hauek kontuan hartuta:

a) Planteatzen den erdisotoen aukera espaloien kotei edo ondoko espazio publikoaren urbanizazioari lotu behar zaie.

b) Azpilurzati bakoitzerako antolamenduaren parametro guztiak identifikatu behar dira, eta banaketa orientatzailea ote den argitu edo justifikatu behar da.

c) Justifikatu behar da atarietarako sarrerak eraikinaren lerrokaduretatik kanpo egoteko eta ez konputatzeko aukera.

d) Argitu behar da nola emanen zaion jarraipena bidegorriari azpilurzatietako bat bakarrik garatzen bada.

e) Dokumentazio grafikoan, UPSan aldatzen diren planoen zerrendari gaineratu behar zaio ukitutako sekzioen antolamenduaren planoen erreferentzia.

3. Sustatzaileak espedientea tramitatzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko du.

4. Urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua araututa gelditu zenez, foru dekretu horrek indarra hartu zuen unean tramitazio fasean zeuden planeamendu tresnak, behin betiko onetsi baino lehen, foru dekretuan ezarritako aginduetara moldatu behar dira.

Foru dekretu hori indarrean sartzeko eguna martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez aldatu da, non presako neurriak onesten baitira koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Horren ondorioz, indarrean sartuko da bi hilabeteren buruan, zenbatzen hasita COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo, hala badagokio, haren luzapenak indarra galtzen duen egunetik.

5. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hilabete iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9, 31005 Iruña), eta epe horretan idatziz nahi adina alegazio aurkezten ahal da.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta hauei jakinaraztea: Iruñeko Udalari, Etxebizitza Zerbitzuari, Babes Zibileko Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko eta Sustapen Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusiari eta Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 27an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2005493