14. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2564/2019 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko Arautegia onesten duenak, xedatzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoak funtzionarioentzat gordetzen dituen eta izendapen librekoak ez diren lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez beteko direla, eta horien artean daude, beste batzuen artean, unitate organikoen zuzendaritzak edo burutzak.

Aintzat harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoko ataletako, bulegoetako eta antzeko unitateetako burutzak betetzearren Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraitu behar zaiola, eta kontuan hartuta Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko Arautegiaren berezitasunak.

Ikusirik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten-proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak, III. eranskinean zehazten direnak, merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia eta haren oinarriak onestea. Oinarriak I. eranskinean daude.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko abenduaren 16an.–Joaquín Romero Roldán, Kudeatzailea

I. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak (aurrerantzean burutzak), deialdiko III. eranskinean agertzen direnak, merezimendu-lehiaketaren bidez betetzea.

Merezimendu-lehiaketaren tramitazioa egin bitartean, deialdiko burutzetakoren bat kentzen bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoko egitura organikoa aldatu dela-eta, kudeatzaileak deialdia baliorik gabe uzteko ebazpena emango du aipatu burutzari dagokionez.

2.–Arau aplikagarriak.

Merezimendu-lehiaketa hau arautzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onetsia; abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren hirugarren xedapen gehigarria; Nafarroako Administrazio Publikoetan Langileen Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; deialdi honen oinarriak, eta aplikatzekoak diren gainerako arau guztiak.

3.–Argitalpenak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, deialdi honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (6.2 oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean azalduko dira (https://portal.unavarra.es), eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan agertzen direnak.

4.–Burutzen ezaugarriak.

III. eranskinean zehazten da deialdiko burutza bakoitza zein mailari atxikita dagoen eta zein betekizun espezifiko dituen.

5.–Izangaiek bete beharrekoak.

Merezimendu-lehiaketako burutzak betetzeko prozesuan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta izendapena egiten denean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

Halaber, Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko Arautegiaren hirugarren xedapen iragankorra zer langileri aplikatzen zaien, horiek ere zilegi dute lehiaketan parte hartzea.

b) Bete nahi den burutzarako eskatzen den mailakoa izatea (III. eranskinean daude adieraziak), edo, maila bat baino gehiago onartzen badira, haietako batekoa izatea.

c) III. eranskinean aipatu burutzarako ezarritako baldintza espezifikoak betetzea, beharrezkoa bada.

6.–Eskaerak, epea eta aurkezteko modua.

6.1. Eskaerak.

Eskabide-eredua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general

Izangaiek zein burutzatarako lehiaketan parte hartuko duten jarri behar dute parte hartzeko orrian.

Parte hartzeko orriarekin batera, lehiatzaileek aipatu burutzarako baldintza espezifikoak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar dute, salbu eta aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izango du horiek eskatzea izangaiei.

Ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak baldin eta NUPek jada aitortuak baditu. Lehiatzaile bakoitzaren espedientean jasoko dira zuzenean, eta epaimahaiari emango zaizkio barema ditzan.

6.2. Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

6.3. Aurkezteko modua.

A) Presentziala.

Parte hartzeko eskabideak eta, beharrezkoa denean, dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruña / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta-zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea).

B) Telematikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan, bere egoitza elektronikoaren web-orrialdearen bidez:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/azl

7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du onetsi diren deialdietan onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko.

Behin-behinean baztertu dituzten edo aipatu ez dituzten izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo 5 egun naturaleko epean, zilegi dute erreklamazioak aurkeztea eta, akatsik baldin badago, haiek zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

7.2. III. eranskineko burutzetakoren baterako eskaerarik aurkeztuko ez balitz ezarritako epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du burutza hori betetzeko lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko.

7.3. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko.

Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.

7.4. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean epe bat ezarriko da izangaiek txosten-lana eta alegatutako merezimenduak aurkez ditzaten.

7.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat.

8.–Kalifikazio epaimahaiak.

8.1. Honako hauek osatuko dituzte deialdiko burutza bakoitzaren merezimendu-lehiaketak kalifikatu behar dituzten epaimahaiak:

–Epaimahaiburua: NUPeko Kudeatzailetzaren titularra, edo bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan errektoreordea edo burutza horretako nagusi hierarkiko bat edo haiek eskuordetutako pertsona.

–Ordezko epaimahaiburua: NUPeko Kudeatzailetzaren titularrak eskuordetutako pertsona, edo bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan errektoreordea edo burutza horretako nagusi hierarkiko bat.

–Epaimahaikidea: Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Ordezko epaimahaikidea: Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikide idazkaria: bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan zerbitzuko zuzendaria. Zerbitzu bati atxikiak ez dauden burutzen kasuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona arituko da epaimahaikide idazkari.

–Ordezko epaimahaikide idazkaria: bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan zerbitzuko zuzendariak eskuordetutako pertsona. Zerbitzu bati atxikita ez dauden burutzen kasuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria izango da ordezko epaimahaikide idazkaria.

8.2. Burutza bakoitzerako onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira kalifikazio epaimahaiko kideen eta ordezkoen izenak.

8.3. Administrazio prozedura erkidearen arauetan abstentziorako aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren zalantzak.

8.5. Epaimahaiak sei hilabete izango ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko eta dagokion proposamena kudeatzaileari bidaltzeko.

8.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

9.–Elementuen balorazioa.

9.1. Elementu hauek balioetsiko dira, ehun puntuko balio maximoa edukiko duen eta honela banatuta egongo den eskala batean:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: hogeita hamabost puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: hogeita bost puntu gehienez.

c) Lehiaketaren xede den burutzari edo zuzendaritzari buruzko txosten-lana: berrogei puntu gehienez.

9.2. Aurreko apartatuetan adierazitako puntuazioari hizkuntzak jakiteari dagokion balorazioa gehituko zaio II. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz.

10.–Baloratzeko prozedura.

10.1. Dokumentu honen 7.4 oinarrian adierazitako ebazpenak ezartzen duen epean, izangaiek txosten-lan bat aurkeztu beharko dute, honako hauek osatua:

a) Burutzako edo zuzendaritzako eginkizunen analisi bat.

b) Eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren betekizunak, baldintzak eta bitartekoak.

c) Deialdiko unitate organikoaren antolaketa tekniko-administratiboa.

Epe hori igarota txosten-lana aurkezten ez dutenak lehiaketatik kanpo geldituko dira.

10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean iragarriko den jendaurreko ekitaldi batean, izangai bakoitzak bere txosten-lana ahoz aurkeztu eta defendatu beharko du epaimahaiaren aurrean, eta epaimahaikideek, halaber, zilegi izango dute aurkezpenari buruz egokitzat jotzen dituzten galderak egiteko.

10.3. Izangairen bat txosten-lana aurkeztu eta defendatzera agertzen ez bada, lehiaketatik kanpo geldituko da automatikoki.

10.4. Txosten-lana baztertzailea izango da; berrogei puntuko balorazioa jaso ahal izango da gehienez, eta hogei puntu lortu beharko dira gutxienez.

10.5. Ondoren, eta txosten-lanaren proba gainditzen duten izangaien kasuan baino ez, 9. oinarriaren a) eta b) apartatuei dagokienez alegatu dituzten merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskinean ezarritako baremoarekin bat.

10.6. Epaimahaiak inolaz ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Kalifikazio epaimahaiak edozein unetan du aukera azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko, izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

10.7. Txosten-lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez dira baloratuko lehiaketaren gainerako atalak.

Halaber, atala baino maila txikiagoko unitateetako burutzen kasuan, hautagai bakarra dagoenean eta deialdia baino lehenagoko bi urteetan lanpostuan etenik gabe jardun duenean, lehiaketa pertsona horren alde ebatziko da automatikoki.

11.–Gainditu duten pertsonen zerrenda, izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Txosten-lanaren proba gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa merezimenduen kalifikazioan lortutakoari gehituko zaio, izangaietako bakoitzaren guztizko puntuazioa lortzeko.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.

11.2. Lehiaketako elementu guztiak baloratu ondoren, epaimahaiak prozesua gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek dagokiena alega dezaten balorazioaren gainean. Pertsona bakar baten txosten-lana baloratu bada, proba horretan lortu duen puntuazioa baizik ez da argitaratuko.

11.3. Behin erreklamazioak ebatzita, edo epea igarota erreklamaziorik aurkeztu ez bada, epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dio proba gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, espediente osoarekin batera.

11.4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak puntuaziorik altuena lortu duen pertsona izendatuko du burutza bakoitzerako.

11.5. Izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

11.6. Izendatuak diren lehiatzaileek izendapenaren jakinarazpena egin eta hurrengo hamar egun naturaleko epean jabetu behar dute burutzaz.

Ezarritako epean burutzaz jabetzen ez direnek burutza horretan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte salbu eta behar bezala egiaztatutako ezinbesteko arrazoia dagoenean. Kasu horietan, onartutakoen zerrendako hurrengo izangaiek hartuko dituzte lanpostuak (zerrenda hori oinarri honen bigarren apartatuan aipatutakoa da).

12.–Datu pertsonalen babesa.

Hautapen prozesu honetan parte hartzeko, datu pertsonalak eskatzen zaizkie izangaiei, eta datu pertsonalen fitxategi batean sartuko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea, eta, bereziki, hautaketa prozesuetako hautagaiek izandako parte-hartzea eta unibertsitate-zabalpeneko jardueretan NUPeko langileek izandako esku-hartzea kudeatzea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidean hautagaiek baimena emateak berekin dakar hautaketa prozesuan emandako datuak tratatzeko baimena ematea ere. Datu pertsonalak babesteko indarrean diren arauen arabera interpretatu behar da hori. Zehazki, hauek dira bete beharreko arauak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar da delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da errekurtso hauetako bat jartzea, arau indardunekin bat:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

a.1) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatzen diren mailako/taldeko eta titulazioko lanpostuetan: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

a.2) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoetan ez bezalako lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

b.1) Erakundeek zentro publikoentzat eta unibertsitateentzat antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 10 puntu gehienez.

b.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 3 puntu gehienez, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

b.3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea edo halakoetan irakasle aritzea: 2 puntu gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak balioetsi beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

b.4) Deialdian eskatzen ez diren titulazioak eta espezialitate akademikoak: 4 puntu gehienez ere.

b.5) Deialdian eskatzen den titulazioari dagokion doktore gradua edo lizentzia: 2 puntu gehienez ere.

b.6) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, hala nola sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, edo kontsultako, aholkularitzako, partaidetzako edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez ere.

c) Puntuazio gehigarria hizkuntzak jakiteagatik.

c.1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Bakoitzarengatik gehienez ere 5 puntu emango dira.

c.2) Euskara jakiteagatik, gehienez ere 6,90 puntu.

Oharra a) atalari buruz:

Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

Oharra b) atalari buruz:

Atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

Oharrak b.1 atalari buruz:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopuruaren berri ematen ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4. Puntuazio berarekin balioetsiko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Unibertsitatearen aginduz egin badira edo Unibertsitateak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barrenean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan balioetsiko.

Oharrak c) atal osoari buruz:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emango zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

III. ERANSKINA

Atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzen zerrenda, merezimendu-lehiaketaren bidez deitu direnena

–Administrazio Laguntzako 1. Unitateko arduraduna/ Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua:

  • Lanpostu zenbakia: 632.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Administrazio Laguntzako 2. Unitateko arduraduna/ Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua:

  • Lanpostu zenbakia: 637.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Administrazio Laguntzako 3. Unitateko arduraduna/ Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua:

  • Lanpostu zenbakia: 642.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Administrazio Laguntzako 4. Unitateko arduraduna/ Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua:

  • Lanpostu zenbakia: 644.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Administrazio Laguntzako 5. Unitateko arduraduna/ Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua:

  • Lanpostu zenbakia: 648.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Administrazio Laguntzako 6. Unitateko arduraduna/ Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua:

  • Lanpostu zenbakia: 650.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Laborategiari laguntzeko arduraduna. Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa:

  • Lanpostu zenbakia: 624.
  • Betebehar espezifikoak: B/C maila.

–Laborategiari laguntzeko arduraduna. Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saila:

  • Lanpostu zenbakia: 625.
  • Betebehar espezifikoak: B/C maila.

–Laborategiari laguntzeko arduraduna. Zientzien Saila:

  • Lanpostu zenbakia: 626.
  • Betebehar espezifikoak: B/C maila.

–Laborategiari laguntzeko arduraduna. Ingeniaritza Saila:

  • Lanpostu zenbakia: 627.
  • Betebehar espezifikoak: B/C maila.

–Laborategiari laguntzeko arduraduna. Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saila:

  • Lanpostu zenbakia: 628.
  • Betebehar espezifikoak: B/C maila.

–Sarbide Bulegoko burutza/ Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atala:

  • Lanpostu zenbakia: 551.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Sarbide Bulegoko burutza/ Laguntza Akademikoaren Atala:

  • Lanpostu zenbakia: 503.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Bulegoko burutza (Proiektuen Jarraipena)/ Ikerketa Zerbitzua:

  • Lanpostu zenbakia: 514.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

Iragarkiaren kodea: F2000293