139. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emanda, 2020rako dirulaguntza deialdi hau onesten duena: “Laguntzak emigrante nafarrei eta haien familiei, behin betiko itzul daitezen, itzuleraren arrazoia denean zailtasun ekonomikoak dituztela edo COVID-19ak eragin duen osasun krisiaren ondorioz lana galdu dutela”. DDBN identifikazioa: 508886.

Nafarroako Gobernuak, 2019ko martxoaren 27ko erabakiaren bidez, Kanpoan Bizi diren Nafarrentzako NEXT Estrategia onetsi zuen. Helburua da pertsona hauekin dagoen lotura estutzea, Foru Komunitatera itzul daitezen errazteko; haiekin lan-sareak sortzea bultzatzea, talentuaren ihesa galaraztea eta Nafarroa munduan sustatzea.

Aipatu estrategiaren 2. ardatzean (“Atxikipena eta itzulera”) ezartzen diren helburuak betetzeko, zeinean ezartzen baitira atzerrian bizi diren nafarren itzulerarako neurriak, laguntza deialdi bat onesten da. Laguntza deialdi honen helburua da Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak emigrante nafarrei eta haien familiei, zailtasun ekonomikoak dituztelako behin betiko itzul nahi dutenei, ematen dizkien laguntzak emateko araubidea finkatzea.

Aldi berean, COVID-19ak eragin duen osasun krisia dela eta, uste izatekoa da honek ekarriko zuela atzerrian bizi diren nafar askoren behin betiko itzulera lana galdu dutelako; hori horrela, laguntza hauek zabaltzen zaizkie Nafarroara 2020ko martxoaren 1etik arrazoi horregatik Nafarroara itzuli direnei edo itzuli beharko dutenei.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi hau onestea: “Laguntzak emigrante nafarrei eta haien familiei, behin betiko itzul daitezen, itzuleraren arrazoia denean COVID-19ak eragin duen osasun krisiaren ondorioz lana galdu dutela edo zailtasun ekonomikoak dituztela”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50001 B5130 4809 144100.

Laguntzak nafarrei itzul daitezen

2020

35.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

LAGUNTZAK EMIGRANTE NAFARREI ETA HAIEN FAMILIEI, BEHIN BETIKO ITZUL DAITEZEN, ITZULERAREN ARRAZOIA DENEAN ZAILTASUN EKONOMIKOAK DITUZTELA COVID-19AK ERAGIN DUEN OSASUN KRISIAREN ONDORIOZ LANA GALDU DUTELA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen helburua da Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak emigrante nafarrei eta haien familiei ematen dizkien laguntzak emateko araubidea finkatzea. Zailtasun ekonomikoak dituztelako edo COVID-19ak eragin duen osasun krisia dela eta lana galdu dutelako edo behin betiko itzuli nahi edo itzuli behar dutenei zuzentzen zaizkie.

2.–Finantzaketa.

Osotara 35.000 euro daude deialdi honetarako, eta 2020ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko da:

• 35.000 euro, partida honen kontura: B50001 B5130 4809 144100, “Laguntzak nafarrei itzul daitezen”.

3.–Onuradunak.

Ondoko baldintzak betetzen dituzten pertsonak baliatzen ahalko dira behin betiko itzultzeko laguntza hauetaz:

a) Nafarroan jaioa izatea edo Espainian duen azken administrazio egoitza Nafarroan izatea.

b) Atzerrian bizitzea modu jarraituan urtebeteko epean, gutxienez (6 hilabete, COVID-19aren eraginez lana galdu dutenen kasuan), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatua.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

d) Familia-unitatearen errentak edo diru-sarrera gordinak, urtarriletik abendurako urteko zenbaketan, deialdi honen 4. oinarrian aipatzen diren muga ekonomikoen barruan egotea.

Deialdi honen onuradunak izaten ahal dira, halaber, nafarren seme-alabak eta ilobak, Estatuaren legediaren arabera espainoltzat izena emanda badaude, eta onuradun izateko baldintzak betetzen badituzte.

Halaber, eta COVID-19 birusak sortu duen osasun krisia dela eta, laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira lehenagoko puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak, nahiz eta gaur egun atzerrian bizi ez, Nafarroara behin betiko itzuli behar izan badute, edo itzultzekoak badira, nahitaez, lana galdu dutelako 2020ko martxoaren 1etik aurrera.

Deialdi honen ondorioetarako, ez dira atzerrian bizi izandako denboratzat hartuko atzerrian egindako egonaldi laburrak, ikasle-mugikortasun, kanpamendu, opor, turismo edo antzeko arrazoi ludikoengatik egindakoak. Era berean, ez dira lanalditzat hartuko atzerrian egindako ikasketekin lotutako praktikak, edo boluntario gisa emandako zerbitzuak edo ordainsari ekonomikorik ez dakarren beste edozein.

4.–Behar ekonomikoaren egoera.

Deialdi honetako laguntzak eskuratzen ahal izateko, pertsonaren urteko errenta, edo familia-unitateko kideen per capita errenta (sarturik lan errentak, pentsioak, kapital errendimenduak edo enpresa-jarduerak) ondorengo muga ekonomiko hauen barruan egonen da (aurreko apartatuko oinarriaren gainean kalkulatua):

a) Kide bateko familia-unitatea: OAEAPa (Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa) halako 2,5, edo txikiagoa.

b) Bi kideko familia-unitatea: OAEAPa halako 3,5, edo txikiagoa.

c) Hiru kideko familia-unitatea: OAEAPa halako 4, edo txikiagoa.

Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (OAEAPa) Espainian erabiltzen den adierazle bat da, laguntzak, dirulaguntzak edo langabezia sorospena emateko erabiltzen dena.

OAEAParen balio ofiziala 2020an:

–Hileko OAEAPa: 537,84 euro.

–Urteko OAEAPa, 12 soldata: 6.454,03 euro.

–Urteko OAEAPa, 14 soldata: 7.519,59 euro.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira eskatzailearen bidaia-gastuak, eta, hala badagokio, harekin batera itzultzen diren familia-unitateko kideena ere. Halaber, haien altzariak eta tresnak Nafarroara ekartzea ere diruz lagungarria izanen da.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, eskatzaile bakoitzeko, 2.000 euro izanen da. Hortik aurrera, eskatzailearen kargura bizi den eta familia-unitateko kidea den pertsona bakoitzeko (adinez nagusia), 500 euro gehituko dira, 3.500 euroko mugarekin.

6.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 29/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (http://www.nafarroa.es/home_eu/) eskura dagoen eskabide ereduaren arabera.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC/DOCX, JPG/JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF/TIF, TXT, XLS/XSLX, ZIP.

6.1. Behin betiko itzultzeko dokumentazioa.

Kasu guztietan, laguntza eskaearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailea nafar jatorrikoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:

–Eskatzailearen NANa edo pasaportea edo jaiotza-ziurtagiria, eta hala badagokio, eskatzailearekin batera Nafarroara itzultzen diren familia-unitateko kideena.

–Eskatzailearen errolda-ziurtagiria, zeinean adieraziko baita Nafarroan bizi izan dela 10 urtez jarraian.

–Familia-liburua edo antzeko dokumentazioa, frogatzen duena eskatzailea nafar jatorria duen herritar baten ondorengoa dela.

b) Errentetatik datozen diru-sarrera guztien frogagiriak (jarduneko lanekoak, pentsioetakoak, kapitalekoak edo enpresa jardueretakoak, 2019. urtekoak), bai eskatzailearenak, baita bere kargura dituen familia-unitateko kide guztienak ere.

c) Itzulera noiz egin nahi den, gutxi gorabehera.

d) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, ez bera, ezta harekin etorriko diren familia-unitateko kideak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ageri diren dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela adierazten duena.

e) Nafarroara itzultzeko aurreikusten den gastuen aurrekontua.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia, dauden ereduen araberakoa. Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atalak jarriko ditu eskuragarri.

g) Eskatzailearen konpromisoa, Nafarroako udalerri batera itzultzekoa, 2020ko abenduaren 1a baino lehen.

h) Atzerrian bizitzen daraman denbora frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:

a.–Eskatzailea atzerriko zer herrialdetan bizi izan den, herrialde horretako edo horietako kontsulatuko matrikula-erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria, edo bizileku ziurtagiria.

b.–lan bizitzaren edo ikasketen ziurtagiria, edo beste edozein agiri, ofiziala edo ez, baina aski erakusten duena eskatzailea atzerrian zenbat denbora bizi izan den.

i) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, zeinean adieraziko baita zer herrialdetatik itzuli nahi den eta Nafarroako zer udalerritan erroldatuko den.

j) Haren kargura dituen pertsonekin itzuli nahi duenaren kasuan:

a.–Erantzukizunpeko adierazpena, zuzenean haren kargura dauden pertsonak nor diren adierazten duena.

b.–Eskatzailearen familia-liburua, edo halakorik ezean, zuzenbidez onartutako frogagiria, familia-unitatearen osaera egiaztatzen duena.

6.2. COVID-19ak eragindako behin betiko itzulerari buruzko dokumentazioa.

COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, lana galdu eta horregatik behin betiko itzultzeko behartuta gertatu diren pertsonek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskatzailea nafar jatorrikoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:

–Eskatzailearen NANa edo pasaportea edo jaiotza-ziurtagiria, eta hala badagokio, eskatzailearekin batera Nafarroara itzultzen diren familia-unitateko kideena.

–Eskatzailearen errolda-ziurtagiria, zeinean adieraziko baita Nafarroan bizi izan dela 10 urtez jarraian.

–Familia-liburua edo antzeko dokumentazioa, frogatzen duena eskatzailea nafar jatorria duen herritar baten ondorengoa dela.

b) Errentetatik datozen diru-sarrera guztien frogagiriak (jarduneko lanekoak, pentsioetakoak, kapitalekoak edo enpresa jardueretakoak, 2019. urtekoak), bai eskatzailearenak, baita bere kargura dituen familia-unitateko kide guztienak ere.

c) Noiz egin zen itzultzeko bidaia.

d) Lana COVID-19ak eragindako krisiagatik galdu dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

e) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, ez bera, ezta harekin etorriko diren familia-unitateko kideak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ageri diren dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela adierazten duena.

f) Bidaiaren eta tresnak garraiatzearen kostua.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia, dauden ereduen araberakoa. Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanetarako Atalak jarriko ditu eskuragarri.

h) Nafarroako udalerri batean erroldatu izana egiaztatzen duen dokumentua.

i) Atzerrian bizitzen daraman denbora frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:

a.–Eskatzailea atzerriko zer herrialdetan bizi izan den, herrialde horretako edo horietako kontsulatuko matrikula-erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria, edo bizileku ziurtagiria.

b.–Lan bizitzaren edo ikasketen ziurtagiria, edo beste edozein agiri, ofiziala edo ez, baina aski erakusten duena eskatzailea atzerrian zenbat denbora bizi izan den.

j) Eskatzailea atzerrian legez lanean egon den denbora egiaztatzen duen dokumentua. Lan egindako denbora egiaztatzeko, zuzenbidez onartutako beste frogabide batzuk ukatu gabe, honako dokumentu hauetakoren bat aurkeztuko da:

a.–Eskatzailea atzerriko zer herrialdetan bizi izan den, herrialde horretako edo horietako kontsulatuko matrikula-erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria, edo bizileku ziurtagiria.

b.–Lan bizitzaren ziurtagiria, eskatzaileak atzerrian zenbat denbora lan egin izan duen egiaztatzen duena.

c.–Eskatzaileak zer herrialdetan lan egin duen, herrialde horretako gizarte segurantzaren edo antzeko sistemaren alta eta baja.

d.–Eskatzailea lanean atzerrian egon den hilen nominak.

e.–Eskatzailea lanean atzerrian egon den enpresa edo entitatearen ordezkariaren ziurtagiria, non zenbat denbora lan egin duen adieraziko baita.

k) Haren kargura dituen pertsonekin itzuli denaren kasuan:

a.–Erantzukizunpeko adierazpena, zuzenean haren kargura dauden pertsonak nor diren adierazten duena.

b.–Eskatzailearen familia-liburua, edo halakorik ezean, zuzenbidez onartutako frogagiria, familia-unitatearen osaera egiaztatzen duena.

Eskaera zuzentzea.

Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak akatsak zuzen ditzala eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatu bezala, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

8.–Balorazio irizpideak eta dirulaguntza esleitzeko prozedura.

a) Foru Komunitatetik kanpo bizi izandako urte kopurua (gehienez 20 puntu):

URTE KOPURUA

PUNTUAK

1 - 5 urte

12

5 urte eta egun 1etik 8 urtera

16

8 urte eta egun 1etik aurrera

20

b) Familia-unitateak duen errenta erabilgarria, OAEAParen batez besteko per capita kontuan hartuz (gehienez 20 puntu):

ERRENTA ERABILGARRIA

PUNTUAK

2020ko OAEAParen erdia baino gehiago

10

2020ko OAEAParen erdia edo gutxiago

20

c) Iruñerainoko distantzia, lerro zuzenean (gehienez 20 puntu):

IRUÑERAINOKO DISTANTZIA

PUNTUAK

999 kilometro bitarte

1,0

1.000 kilometrotik 1.999ra bitarte

2,5

2.000 kilometrotik 2.999ra bitarte

5,0

3.000 kilometrotik 3.999ra bitarte

10,0

4.000 kilometrotik gora

20,0

Eskaeren banakako balorazioak egin eta gero, taula bat prestatuko da eskatzaileen puntuazioekin. Berdinketarik gertatuz gero, B) eta A) apartatuetan, hurrenez hurren, lortutako puntuaziorik handiena lortu duenaren alde desegingo dira. Berdinketak irauten badu, puntuazio berdina lortu duten eskatzaileen arteko zozketa eginen da.

Puntuazio taula prestatzeko, balorazioa eskaera egiten duen pertsona aintzat hartuz eginen da.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du.

Proposamen hori ikusita, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du.

Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta, bertan, emateko arrazoiak, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak azalduko dira. Deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian emanen da argitara.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatuarekin bat.

10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntzekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza kobratzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote instrukzio organoari, 2020ko abenduaren 9a baino lehen:

–Bidaiak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak. Txartel elektronikoen fakturak norberarenak izanen dira; norentzat diren, haien izenak adierazita dituztela.

–Tresna eta altzariak garraiatzeak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk.

Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean erroldatuta egotea frogatzen duen dokumentua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, konpromisoa hartzeko Nafarroan edukiko duela ohiko bizilekua 6 hilabetez, benetan itzultzen denetik kontatzen hasita.

12.–Baldintzak aldatzea.

Pertsona onuradunek, laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzetan aldaketarik bada, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari eman beharko diote guztien berri.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, dirulaguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

13.–Onuradunen betebeharrak.

Honako eginbehar hauek bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten pertsonek:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Nafarroan ohiko bizilekua izateari eustea, sei hilabetez gutxienez, benetan itzultzen denetik kontatzen hasita.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da, baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

I. ERANSKINA

“Behin betiko itzulerarako” eskaera (PDFa).

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharren gaineko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2005481