136. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 20a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartua, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

2020ko martxoaren 11n, COVID-19 izeneko gaixotasuna dela-eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdi egoera deklaratu zuen, eta nazioarteko garrantzia eman zion.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Deklarazioak Estatuko lurralde osoari eragin zion, hasiera batean hamabost egun naturaleko epean, eta, ondoren, Diputatuen Kongresuak baimendutako sei luzapen izan ziren.

Gaur den egunean ez dagoenez txertoen bidezko babes tratamendu espezifikorik gaixotasun honetarako, har zitezkeen neurriak hauek ziren: infekzio iturria bakartzea eta mugak jartzea kutsapena erraz zezaketen transmisio mekanismoei. Horrenbestez, alarma egoerak iraun duen bitartean, mugikortasuna, gizarte harremanak eta jarduera ekonomikoak murrizteko neurriak ezarri dira, pandemia kontrolatu ahal izateko.

Datu epidemiologikoak hobetzen hasi zirenean, 2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak Normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Lau fasetan antolatutako prozesu horrek (0 fasetik 3. fasera) mailakatua izan behar zuen, eta beharrezko orientazio aldaketetara egokitzeko modukoa, datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien eraginaren arabera.

Trantsiziorako plan horren helburu nagusia zen, osasun publikoa zainduz, eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea, epidemiak herritarren osasunerako dakarren arriskua minimizatuz eta Osasun Sistema Nazionalaren ahalmenek gainezka egin ez zezaten.

Alarma egoera luzatzen duen ekainaren 5eko 555/2020 Errege-dekretuak, 5. artikuluan, xedatzen du Normaltasun berrirako trantsizio planean aurreikusitako fase guztiak gaindituz gero, dagozkion probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma egoeran ezarritako neurriak ondoriorik gabe geratuko direla. Gainera, 6. artikuluaren arabera, autonomia erkidegoak dira erabaki dezaketenak, osasun eta epidemiologia irizpideei jarraikiz, beren lurraldeetan 3. fasea gainditu dela eta, horrenbestez, “normaltasun berrian” sartuko direla.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoak, prebentzio neurriak hartzen ditu osasun krisiaren bukaera ofizialki deklaratzen denera arte. Zentzu horretan, autonomia erkidegoen eskumenen esku uzten du aipatu neurriak ezartzea.

Arau horiek aplikatuz, Nafarroako Gobernuak, osasun agintaritza baita, adierazle epidemiologikoak kontuan harturik, uste du Nafarroako Foru Komunitatea gertu dagoela Deskonfinamendurako planaren 3. fasea gainditzeko eta, ondorioz, “normaltasun berrian” sartzeko.

Hala, 3. fasea gainditzean, indarra galduko dute alarma egoerako neurriek. Hala ere, osasun publikoaren eremuan zuhurtasun-printzipioari jarraitu behar zaio eta, orobat, 43.2 artikuluak botere publikoei osasun publikoa antolatzeko eta zaintzeko betebeharra ezartzen die, osasuna babesteko eskubidea bermatzeko prebentzio neurrien bidez. Horiek horrela, “normaltasun berriaren” egoerak berekin dakar prebentzio neurriak ezarri beharra pandemiari aurre egiten eta hura kontrolatzen jarraitzeko, betiere, oreka mantenduz osasun publikoaren ezinbesteko babesaren eta gizarte bizitza eta ekonomia suspertzen lagun dezaketen jardueren kopuruaren eta trinkotasunaren hazkundearen artean.

Ildo horretan, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren lehenengo artikuluan xedatzen da, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Osasunari buruzko Foru Legearen 2.2 artikuluak ezartzen du, barne osasunaren eta higienearen arloan Foru Komunitateari dagozkion eskumenak eta eginkizunak gauzatuz, eta apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan eta apirilaren 25eko 14/1986 Legean aurreikusitako ondorioetarako, osasun agintariak izanen direla Nafarroako Gobernua, Osasun Departamentuaren eta Osasun Zuzendaritza Nagusiaren titularrak eta, halaber, alkateak beren eskumenen esparruan.

Horrenbestez, gorago adierazitako arauzko aurreikuspenekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak, Osasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Normaltasun berrian sartzea.

Deklaratzea 3. fasea bukatu dela eta Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartuko dela 2020ko ekainaren 21ean.

2. Prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea erabaki honetan COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen agerraldi berriak prebenitzeko, Nafarroako Foru Komunitatean. 3. fasea gainditu baita eta alarma egoerak indarra galdu baitu.

3. Aplikazio-eremua.

Erabaki honetan ezarritako neurriak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan aplikatuko dira.

4. Segurtasuneko berariazko planak, antolamendu protokoloak eta gidaliburuak.

Erabaki honetan ezarritako neurriak osatzen ahalko dira jarduera sektore bakoitzerako egokituriko segurtasuneko berariazko planekin, antolamendu protokoloekin eta gidaliburuekin; administrazio eskudunek onetsiko dituzte.

5. Neurrien jarraipena eta aldaketa.

Erabaki honetan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, uneko epidemiologia eta osasun egoerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez aldatzen edo kentzen ahalko dira, Osasun Departamentuak proposaturik.

Era berean, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hau aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko ditu eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki honetan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko ditu, beharrezkoak badira.

6. Neurriak betetzeari buruzko kontrola eta zehapen araubidea.

Agintari eskudunek, bere eskumenen esparruan, erabaki honetan ezarritako betetzen diren zainduko dute. Balizko ez-betetzeak aplikatzekoa den legediaren arabera zehatzen ahalko dira.

7. Ondorioak.

Erabaki honen eranskinean jasotako neurriek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik izanen dute indarra, arrazoiturik eta eskura den ebidentzia zientifikoarekin bat, COVID-19ak eragindako pandemia egoeraren bukaera deklaratzen denera arte, deusetan galarazi gabe uneko egoera epidemiologikoaren arabera egin daitezkeen aldaketak.

8. Erabaki hau baino lehenago, COVID-19arekin loturik, eman diren foru aginduen eta ebazpenen ondorioak mantentzea.

Beren ondorioak mantenduko dituzte COVID-19arekin lotura duten eta erabaki hau baino lehenago eman ziren Osasun Departamentuaren honako foru agindu eta ebazpen hauek:

–5/2020 Foru Agindua, martxoaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arduradunak izendatzen diren Nafarroako Foru Komunitateko osasun sistema publikoan eta pribatuan, COVID-19 izeneko gaixotasunarekin loturik.

–7/2020 Foru Agindua, martxoaren 26koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez zehazten baita Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren esku jartzea COVID-19ak eragindako osasun-krisiak irauten duen bitartean lan-istripuen mutualitateetako langileak.

–9/2020 Foru Agindua, martxoaren 27koa, Koronabirusaren (COVID-19) pazientearen zainketan hartu beharreko erabaki etikoen gaineko aholku batzordea sortzen duena, eta haren aldaketak

–16/2020 Foru Agindua, apirilaren 18koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko adineko pertsonen egoitza publiko eta pribatuetan osasun laguntzaren ardura izanen duten koordinatzaile exekutiboak izendatzen dituena, COVID-19 izeneko gaixotasuna dela eta, eta haren aldaketak.

–17/2020 Foru Agindua, apirilaren 24koa, Osasuneko kontseilariak emana, jarraibideak eta neurriak ematen dituena apirilaren 13ko SND/344/2020 Agindua garatzeko, zeinaren bidez salbuespeneko neurriak ezartzen baitira Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari eusteko, eta arduraduna izendatzen duena COVID-19a detektatzeko PCR proba diagnostikoak egiteko zentro baimenduen sarearen koordinazio exekutiborako.

–297/2020 Ebazpena, maiatzaren 5ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, Osasuneko kontseilariaren apirilaren 24ko 17/2020 Foru Agindua garatzen duena. Foru agindu horren bidez, jarraibideak eta neurriak ematen dira apirilaren 13ko SND/344/2020 Agindua garatzeko, zeinaren bidez salbuespeneko neurriak ezartzen baitira Osasun Sistema Nazionala indartzeko eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari eusteko, eta arduraduna izendatzen da COVID-19a detektatzeko PCR proba diagnostikoak egiteko zentro baimenduen sarearen koordinazio exekutiborako.

–18/2020 Foru Agindua, maiatzaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Trantsiziorako Batzordea (COVID-19) sortzen duena.

9. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko ekainaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

Prebentzio eta higiene neurriak

1.–Neurri orokorrak.

1.1. Kautelazko eta babeserako betebeharrak.

Herritar guztiek behar diren neurriak hartu beharko dituzte COVID-19 eritasuna ugaltzeko arriskuak saihesteko, baita arrisku horren aurrean azaltzea saihesteko ere. Kautelazko eta babeserako betebehar hori edozein jardueraren titularrei ere eskatuko zaie.

Osasun arloko agintariek COVID-19ari aurrea hartzeko ezartzen dituzten segurtasun eta higiene neurriak errespetatu beharko dira.

1.2. Jendearen arteko segurtasun tartea.

Kasu guztietan, jendearen arteko segurtasun tartea utzi beharko da, hots, 1,5 metrokoa; ezinezkoa bada, babes fisikorako neurri alternatiboak hartuko dira, maskara erabilita, eta, orobat, higiene neurri egokiak eta arnas etiketa.

Maskararen erabilera nahitaezkoa izanen da ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuaren arabera, bertan ezarri baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak.

2.–Higiene eta babes neurri orokorrak.

2.1. Higiene eta prebentzio neurriak jarduera guztietan.

Oro har, ezartzen diren neurri edo protokolo berariazkoak gorabehera, honako higiene eta prebentzio neurri hauek aplikatuko dira erabilera publikoa duten establezimendu, negozio leku, instalazio eta eremu guztietan eta jarduera publiko guztietan:

a) Jarduera ekonomikoaren titularrak, edo, bestela, zentro, instalazio, erabilera publikoko eremu edo entitatearen arduradunak, behar bezala bermatu beharko du garbiketa eta desinfekzio neurri egokiak hartzen direla, kontuan harturik behean azaltzen diren establezimendu, lokal, instalazio edo eremuen erabileraren ezaugarriak eta zenbat erabiltzen diren.

Garbiketa lanetan, arreta berezia jarriko da erabilera komuneko eremuetan eta gehien ukitzen diren azaleretan (hala nola ateetako eskulekuak, mahaiak, altzariak, eskudelak, lurzoruak, telefonoak, pertxak eta antzeko ezaugarriak dituzten bestelako elementuak), jarraibide hauek betez:

1. Gainazalak garbitzeko, desinfektatzaileak erabiliko dira, hala nola lixibazko diluzioak (1:50), prestatu berriak, edo eragin birizida duten beste desinfektatzaile batzuk, merkatuan eskura daudenak eta behar bezala baimendu eta erregistratuak direnak. Produktu hori erabiltzean, etiketako jarraibideak beteko dira.

2. Garbiketa bakoitzaren ondoan, erabilitako materialak eta babesteko ekipamenduak era seguruan botako dira, eta gero eskuak garbitu beharko dira.

Garbiketa neurriak aplikatuko dira, orobat, langileen gune pribatuetan, hala nola aldagelak, armairuak, komunak, sukaldeak eta atsedenguneak.

b) Era berean, langile batek baino gehiagok partekatzen dituzten lanpostuak daudenean, behar diren mekanismo eta prozesuak ezarriko dira postu horien higienizazioa bermatzeko.

Ahaleginak eginen dira erabiltzen diren ekipamendu eta tresnak norberarenak eta lankideei utzi ezinezkoak izan daitezen, edo pertsonen gorputzarekin zuzeneko kontaktua duten zatiek elementu ordezkagarriak izan ditzaten. Langile batek baino gehiagok eskuz ukitu behar dituzten ekipamenduen kasuan, ahaleginak eginen dira babes materialak eskura izateko, edo erabili aurretik eta ondoren gel hidroalkoholikoak edo desinfektatzaileak erabiliko dira behin eta berriz.

c) Laneko arropa edo uniformeei dagokienez, aldian behin garbitu eta desinfektatuko dira, ohiko prozedurari segituz.

d) Instalazioak aldian behin aireztatu behar dira, gutxienez egunean behin, eta haizeberritzeko beharrezkoa den denbora tartean.

e) Zentro, entitate, lokal edo establezimenduek igogailua edo karga-jasogailua baldin badute, batez ere eskailerak erabiliko dira. Igogailua erabili behar izanez gero, pertsona bakar bat joaten ahalko da, salbu eta erabiltzaile guztiak bizikideak badira edo denek maskara erabiltzen badute.

f) Bezeroek, bisitariek edo erabiltzaileek erabili beharreko komunetan, aldageletan, probageletan, bularra emateko geletan edo antzekoetan gehienez ere pertsona bat sartuko da lau metro koadro arteko espazioetara, salbu eta laguntza behar duten pertsonak badira, kasu horretan laguntzailea ere sartzea baimenduko baita. Lau metro koadrotik gorako komunetan, kabina edo pixaleku bat baino gehiago badute, hango kabina eta pixatokien %50 okupatzen ahalko dira eta pertsonen artean segurtasun-tartea gordeko da haiek erabili bitartean. Komunen garbiketa eta desinfekzioa areagotuko dira, uneoro osasungarritasun eta higiene egoera onean egon daitezen.

g) Txartel bidezko ordainketa sustatuko da, edo gailuen arteko kontaktu fisikorik ez duten beste sistema batzuen bidezkoa, eta horretarako behar diren ekipoak garbitu eta desinfekta daitezela.

h) Paperontziak jarriko dira musuzapiak eta erabili eta botatzeko beste edozein material botatzeko; paperontzi horiek maiz garbituko dira, egunean behin, gutxienez.

i) Jarduera bitartean erabiltzaileei ematen zaizkien eta erabilera partekatua duten materialak desinfektatu beharko dira erabiltzen diren bakoitzean.

2.2. Jendearentzat irekita dauden establezimendu eta lokalei eskatzen zaizkien higiene neurriak.

1. Jendearentzat irekita egoten diren establezimendu eta lokalek, egunean behin, gutxienez, instalazioak garbitu eta desinfektatuko dituzte, arreta berezia jarriz denek erabiltzekoak diren eremuetan eta gehien ukitzen diren gainazaletan, 2.1 zenbakiko a) letran ezarritakoarekin bat.

2. Jendearentzat irekita egoten diren establezimendu eta lokaletan, maiz berrikusiko da komunetako tresna sanitarioak, txorrotak eta ateetako heldulekuak garbi daudela eta ongi dabiltzala.

3. Erabiltzaileari edo kontsumitzaileari arreta ematen zaion denbora guztian, pertsonen arteko segurtasun tartea mantendu beharko da saltzailearengandik edo zerbitzuen hornitzailearengandik. Tarte hori metro batekoa izan daiteke babes elementurik edo hesiren bat baldin badago.

Pertsonen arteko segurtasun tarteari eusteari ezinezkoa bada, kasuan kasuko arrisku mailaren arabera behar den babes ekipamendua erabili beharko da, bai langilearen, bai bezeroaren babesa bermatzeko.

2.3. Jendearentzat irekita dauden merkataritza-guneei eta merkataritza-parkeei eskatzen zaizkien neurri osagarriak.

Goian xedatutakoaz gainera, jendearentzat irekita dauden merkataritza-gune eta merkataritza-parkeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Familientzako komunak eta bularra emateko gelak familia bakar batek erabiltzen ahalko ditu, ezin dituzte aldi berean bi familia-unitatek erabili, eta espazio horien garbiketa eta desinfekzioa indartuko da, osasungarritasun eta higiene egoera onean daudela bermatzeko.

b) Merkataritza-guneetako eta merkataritza-parkeetako komunen eta bularra emateko gela komunen erabilera hango langileek kontrolatu beharko dute, eta espazio horien garbiketa eta desinfekzioa indartuko da, osasungarritasun eta higiene egoera onean daudela bermatzeko.

c) Merkataritza-guneetako eta merkataritza-parkeetako aisialdiko guneak eta denek erabiltzen dituzten guneak egunero aldian behin garbitu eta desinfektatu beharko dira, jendearentzat irekita dauden ordutegiaren barruan, arreta berezia jarriz denek erabiltzen dituzten guneetako kontaktu elementuetan; hala nola lurzoruak, erakusmahaiak, haurrentzako eremuen jostailuak eta aulkiak edo eserlekuak.

2.4. Salmenta eta kobrantza automatikoko gailuetan, salmenta eta kobrantza makinetan, norberak erabiltzeko arropa-garbiketa zerbitzuetan eta antzeko jardueretan aplikatu beharreko neurri osagarriak.

Salmenta eta kobrantza automatikoko gailuetan, salmenta eta kobrantza makinetan, norberak erabiltzeko arropa-garbiketa zerbitzuetan eta antzeko jardueretan, haien titularrak bermatu beharko du higiene eta desinfekzio neurri egokiak betetzen direla bai makinetan, bai establezimendu eta lokaletan. Horrez gain, erabiltzaileei informazioa eman beharko die egoki erabil daitezen, beharrezkoak diren informazio kartelak jarriz.

Garbiketa lanetan arreta berezia jarriko da denek erabiltzen dituzten eremuetan eta gehien ukitzen diren gainazaletan, eta instalazioak aldian behin aireztatuko dira, gutxienez egunean behin, airea berritzeko behar den denboraz.

Txartel bidez ordaintzea sustatuko da, edo gailuen arteko kontaktu fisikorik ez dakarten beste baliabide batzuk erabiliz.

Paperontziak ere izanen dira, musuzapiak edo erabili eta botatzeko beste edozein material botatzeko. Paperontziak maiz garbitu beharko dira, egunean behin gutxienez.

2.5. Establezimendu eta lokaletako bezero eta erabiltzaileei buruzko higiene neurriak.

1. Establezimendu eta lokaletan egoteko denborari dagokionez, bezeroek edo erabiltzaileek erosketak egiteko edo zerbitzua jasotzeko behar-beharrezkoa dena izanen da.

2. Argi adierazi beharko da bezeroen edo erabiltzaileen artean gorde beharreko segurtasun-tartea, zoruan markak jarriz edo balizak, kartelak edo seinaleak jarriz. Zilegi izanen da lokalean ibilbideak ezartzea bezeroen edo erabiltzaileen zirkulazioa bideratzeko, modu horretan toki batzuetan gerta daitezkeen jende-pilaketak saihesteko eta bezeroen arteko kontaktuari aurrea hartzeko.

3. Jende guztia iristeko moduko toki ikusgarrietan, banagailuak jarriko dira jendearen eskura, gel hidroalkoholikoarekin edo birusak hiltzeko ahalmena duen desinfektatzailearekin (behar bezala baimendu eta erregistratuak), eta, betiere, lokal edo establezimenduaren sarreran. Banagailu horiek uneoro egon beharko dute erabiltzeko moduan.

4. Debeku da erabili eta probatzeko produkturik jartzea jendearen eskura baldin eta bezero edo erabiltzaile desberdinek eskuekin ukitzen badituzte zuzenean, non eta langile batek ez badu prozesua uneoro gainbegiratzen, bezero edo erabiltzaile bakoitzak produktua eskuekin ukitu ondoren hura desinfektatu ahal izateko.

5. Ehungintzako sektoreko establezimenduetan, arropa konpontzekoetan eta antzekoetan, probagela bakoitza pertsona bakar batek erabiliko du, eta maiz garbitu eta desinfektatu beharko dira.

Bezero batek jantziren bat probatu eta erosten ez badu, establezimenduko titularrak behar diren neurriak hartuko ditu jantzia higienizatua izan dadin beste bezero batzuei eskaini baino lehen. Neurri hori bera aplikatuko da bezeroek itzultzen dituzten jantziekin.

6. Bezeroek edo erabiltzaileek trukatzen dituzten gauzak erabiliz gero, ahaleginak eginen dira, erabili aurretik eta ondotik, gel hidroalkoholikoak edo desinfektatzaileak erabil daitezen beti. Hala ere, behar diren baliabide eta prozesuak ezarriko dira objektu horien higienizazioa bermatzeko.

7. Erabiltzaile batek baino gehiagok erabiltzen dituzten gauza guztiak maiz garbitu eta desinfektatuko dira, hala nola aulkiak, mahaiak, altzariak eta ukitzen diren gainazalak.

2.6. Higiene eta prebentzio neurri gehigarriak, ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan zerbitzu emateko.

Aipatutakoez gain, ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan zerbitzua ematean honako higiene eta prebentzio neurri hauek bete beharko dira:

a) Ekipamendua maiz garbitu eta desinfektatuko da, bereziki mahaiak, aulkiak eta barra, baita ukitzen diren bestelako gainazal guztiak ere. Gainera, lokala gutxienez egunean behin garbitu eta desinfektatu beharko da. Garbiketa lanetan arreta berezia jarriko da denek erabiltzen dituzten eremuetan eta gehien ukitzen diren gainazaletan, 2.1 zenbakiko a) letran ezarritakoarekin bat.

b) Erabilera bakarreko mahai-zapiak erabiltzea lehenetsiko da. Hori posible ez bada, saihestuko da mahai-zapi bera edo mahai-zapiaren babes bera erabiltzea bezero batekin baino gehiagorekin. Hortaz, zerbitzu bakoitza bukatutakoan aldatzea errazten duten material eta konponbideetara joko da, eta haien garbiketa mekanikoa 60 eta 90 gradu zentigradu bitarte eginen da.

c) Denek erabiltzeko moduko prezio-zerrendak erabiltzea saihestuko da, eta, horretarako, norberaren gailu elektronikoak, arbelak, kartelak edo antzeko beste baliabide batzuk erabiltzea sustatuko da.

d) Zerbitzurako elementu osagarriak (besteak beste, baxera, kristalezko ontziteria, mahai-tresnak edo mahai-zapiak) toki itxietan gordeko dira, eta hori posible ez bada, bezeroak eta langileak igarotzen diren eremuetatik urrun.

e) Ahozapiei, zotzei, ozpin eta olio ontziei eta antzeko beste tresna batzuei dagokienez, erabili eta botatzeko moduko produktuak erabiltzea lehenetsiko da, dosi bakarrekoak, edo beste formatu batzuetan eskainiko dira, bezeroak hala eskatuta.

f) Autozerbitzurako eremuak dituzten establezimenduetan, saihestuko da bezeroek zuzenean erabiltzea produktuak. Hortaz, zerbitzua establezimenduko langile batek eman beharko du, non eta ez diren aurretik ontziratuak datozen produktuak.

2.7. Prebentzio eta higiene neurri osagarriak erlijio gurtzako ekitaldiak ospatzean.

1. Deusetan galarazi gabe erlijio bakoitzak kasuan kasuko gurtzari buruz ematen dituen gomendioak, neurri hauek bete beharko dira:

a) Maskara erabili beharko da aretoan sartzean eta ateratzean, baita eremuaren barruan gune komun batetik bestera ibiltzean ere.

b) Egunero desinfektatu beharko dira erabilitako guneak eta erabili behar direnak, eta gehien ukitzen diren gauzak erregulartasunez desinfektatuko dira.

c) Gurtza egiteko lekuen sarbideetan eta inguruetan, sarrerak eta irteerak antolatuko dira, jende pilaketak saihesteko.

d) Jende guztia iristeko moduko toki ikusgarrietan, banagailuak jarriko dira jendearen eskura, gel hidroalkoholikoarekin edo birusak hiltzeko ahalmena duen desinfektatzailearekin (behar bezala baimendu eta erregistratuak), eta, betiere, gurtza egiteko eremuaren sarreran. Banagailu horiek uneoro egon beharko dute erabiltzeko moduan.

e) Ur bedeinkaturik ezin da erabili, eta errituzko garbiketak etxean egin beharko dira.

f) Erraztasunak emanen dira jendea gurtza egiteko tokien barruan banatzeko, eta, behar izanez gero, eserlekuak edo erabil daitezkeen zonak seinaleztatuko dira, unean-unean baimenduta dagoen edukieraren arabera.

g) Parte-hartzaileak lurrean esertzen badira zuzenean eta oinusten badira gurtza-lekuan sartu aurretik, nork bere alfonbra erabiliko du, eta oinetakoak poltsa banaren barruan utziko dira ezarriko diren tokietan.

h) Topaketen edo ospakizunen iraupena ahalik eta laburrena izanen da.

i) Bilerak edo ospakizunak egin bitartean, kontaktu pertsonala saihestuko da, baita debozio gaiak edo gurtzarako erabili ohi diren beste tresna batzuk ukitzea edo haiei muxu ematea ere.

2. Ez da gomendatzen abesbatzarik izatea eremu itxietan, eta eremu irekietan, betiere, 1,5 metroko tartea utziko da pertsonen artean.

2.8. Prebentzio eta higiene neurri osagarriak erabilera kolektiboko igerilekuetan.

1. Ezertan galarazi gabe osasun eta segurtasun arloan aplikatu beharreko arau tekniko indardunak, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuetan, instalazioak garbitu eta desinfektatu beharko dira, arreta berezia jarriz espazio itxietan, hala nola aldageletan edo komunetan, egunero hasi baino lehen.

2. Orobat, lokal itxiak aireztatuko dira behar den denboran aireztapena egokia izan dadin. Helburu hori betetzeko, gomendatzen da etengabe aireztatzea espazio itxiak, hala nola aldagelak, komunak, botika-gela eta areto teknikoak. Kanpoko ateak eta leihoak irekiko dira airearen zirkulazioa areagotzeko, garbiketa eta desinfekzioa egin baino lehen. Aireztapena baliabide mekanikoen bidez egiten bada, baliabide horiek funtzionamendu egoera onean, garbi eta behar bezala desinfektaturik egonen dira.

3. Azalerak desinfektatzeko erabili beharreko biozidak 2. produktu motakoak izanen dira, aipatzen direnak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 22ko 528/2012 (EB) Erregelamenduaren V. eranskinean (Biozidak merkaturatzea eta erabiltzea). Gainazalak garbitzeko, desinfektatzaileak erabiliko dira, hala nola lixibazko diluzioak (1:50), prestatu berriak, edo eragin birizida duten beste desinfektatzaile batzuk, merkatuan eskura daudenak eta Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratu dituenak.

4. Komunak erabili eta garbitzeko, bete beharko da 2.1 apartatuko a) eta f) letretan xedatutakoa.

2.9. Higiene eta prebentzio neurri osagarriak, amankomunak talde artistikoentzat.

1. Aurreikusitako higiene eta prebentzio neurri orokorrez gain, neurri hauek ere aplikatuko zaizkie kultur ekitaldiak eta ikuskizunak egiten dituzten talde artistikoei:

a) Artista bat baino gehiago daudenean batera eszenatokian, zuzendaritza artistikoa saiatuko da jendearen arteko segurtasun tartea gorde dadila ikuskizunean.

b) Emanaldi edo ikuskizun batean segurtasun tarte hori gorde ezin bada eta ezin bada arrisku mailari dagokion babes ekipamendurik erabili, aktoreek parte hartzen dutenean esaterako, kasu partikularrerako diseinatutako segurtasun neurriak beteko dira, osasun agintaritzen protokoloak eta gomendioak oinarri hartuta.

c) Hala emanaldietan nola entseguetan, bermatuko da garbi eta desinfektaturik daudela emanaldi edo entsegu bakoitzaren aurretik artistek uki ditzaketen azalerak eta tresnak.

d) Artistek ez dituzte inoiz jantziak partekatuko, ez badira garbitu eta desinfektatu artista bakoitzak erabili baino lehen.

2.10. Higiene eta prebentzio neurriak ikus-entzunezko lanen produkzioan eta filmaketan.

1. Aurreikusitako prebentzio eta higiene neurri orokorrez gain, neurri hauek ere bete beharko dira ikus-entzunezko produkzio batean:

a) Ezinbestekoak baino ez dira arituko lantaldeetan.

b) Jardueraren izaerak horretarako bide ematen duenean, jendearen arteko segurtasun tartea gordeko da hirugarrenekin.

c) Jardueraren izaerak bide ematen ez duenean jendearen arteko segurtasun tartea gordetzeko, arrisku mailari dagokion babes ekipamenduak erabiliko dira babes neurri gisa.

d) Lanaren izaerak bide ematen ez duenean jendearen arteko segurtasun tartea gordetzeko eta arrisku mailari dagokion babes ekipamendurik erabiltzeko, aktoreen kasuan esaterako, bete beharko dira osasun agintaritzen gomendioak oinarri hartuta kasu partikular bakoitzerako diseinatutako segurtasun neurriak.

2. Filmaketak estudioetan nahiz espazio pribatuetan egin daitezke; baita espazio publikoetan ere, udalaren baimena baldin badute.

3. Barruti itxiak garbitu eta desinfektatu beharko dira filmatzen hasi baino lehen.

4. Aire zabaleko estudio eta eremu pribatuetan filmatzen ahalko da laneko arriskuak ebaluatu ondoren eta kasuan kasuko prebentzio neurriak hartu ondoren.

3.–Edukierak eta berariazko prebentzio neurriak sektoreen arabera.

3.1. Edukiera kontrolatzeko neurriak.

1. Establezimenduek, instalazioek eta lokalek jendaurrean eduki behar dute zein den gehieneko edukiera, langileak barne hartuko dituena, eta bermatu edukiera hori eta jendearen arteko segurtasun tartea errespetatzen direla.

2. Prozedurak ezarriko dira zenbaketa egiteko eta edukiera kontrolatzeko, sekula gainditu ez dadin.

3. Pertsonen zirkulazioaren antolaketak eta espazioen banaketak aukera eman behar dute jendearen arteko segurtasun tartea gordetzeko. Lokalak bi ate edo gehiago baditu, bat erabiltzen ahalko da sartzeko eta beste bat ateratzeko, jendea pilatzeko arriskua gutxitzeko.

4. Segurtasun langileek begiratuko dute jendearen arteko segurtasun tartea gordetzen dela eta ez dela pilaketarik edo talde handirik eratzen, eta arreta berezia jarriko dute eskailera mekanikoetan, igogailuetan, pasatzeko gune komunetan eta aisiarako eremuetan.

3.2. Neurriak establezimenduetara joaten direnen eta ikusleen sarrera, irteera eta zirkulaziorako.

1. Gomendatzen da sarrerak on line saltzea eta, txarteldegian erosiz gero, sustatuko da txartel bidez edo antzeko baliabideez pagatzea.

2. Ahal dela, publikoa edo ikusleak eserita egonen dira eta jendearen arteko segurtasun tartea gordeko dute.

3. Gomendatzen da, nolakoak diren jarduera eta lokala, eserlekuak zenbakitzea, eta urruntze fisikoaren irizpideak betetzen ez dituzten eserlekuak baliogabetuko dira.

4. Behar bezain goiz irekiko dira ateak, sarbidea mailakatua izan dadin, eta horretarako, beharrezko neurriak hartuko dira antolaketan. Publikoaren irteera ere mailakatua izanen da, eremuka, jendearen arteko segurtasun tartea bermatuta. Neurri berak aplikatuko dira ikuskizunen tarteko etenetan.

5. Maskara erabiliko da jendearen arteko segurtasun tartea bermatu ezin denean eta gune komunetatik pasatzean eta sarrera-irteeretan.

6. Abisuak emanen dira, kasuan kasuko jarduera egin baino lehen eta egin ondoren, iragartzeko eta oroitarazteko zein diren higiene eta urruntze neurriak eta publikoaren irteerak mailakatua izan behar duela.

7. Ahal dela, segurtasun tartea gordeko da langileen eta publikoaren artean, edo, bestela, babes fisikoaren neurriak hartuko dira maskara erabiliz.

3.3. Beilak eta hiletak.

1. Behar bezala gaitutako instalazioetan egin daitezke beilak, baldin eta gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez bada.

2. Behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan jendearen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

3.4. Gurtza egiteko tokiak.

1. Gurtza egiteko tokietan okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost. Gehieneko edukiera ikusgai egonen da gurtza egiteko lekuan.

2. Behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan jendearen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

3.5. Ezkontza zeremoniak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk.

1. Zeremonia edo ospakizun horiek gurtza egiteko tokietan egiten badira, halako tokietarako berariazko higiene eta prebentzio neurriak errespetatu behar dira, erabaki honetan jasota daudenak.

2. Zeremonia egin ondoan ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan egiten diren ospakizunetan, bete beharko dira halako tokiei eskatzen zaizkien baldintzak eta edukierak.

3. Erabaki honetan aurreikusten ez diren bestelako espazio edo instalazioetan egiten direnean ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak behar dituzten ospakizunak, errespetatu beharko da gehienez baimenduriko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost.

4. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

3.6. Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoak, jendearentzat irekita daudenak eta merkataritza zentro edo parkeen parte ez direnak.

1. Jendearentzat irekita daudenean txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoak, baldin merkataritza-zentro edo -parkeen parte ez badira, ezin izanen da gainditu gehienez baimenduriko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost. Lokalek solairu bat baino gehiago baldin badute, bezeroek proportzio berari eutsi beharko diote solairu bakoitzean.

2. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

3. Saiatuko da 65 urtetik gorakoei zerbitzua lehentasunez ematen.

3.7. Merkataritza-gune edo -parketzat jotzen diren establezimenduak, edo horien zati direnak.

1. Merkataritza-gune edo -parkeetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar eremu komunetan eta atseden eremuetan; merkataritza-gune edo -parke bakoitzaren autobabeserako planak zehazten du zein den gehieneko edukiera hori.

2. Merkataritza-gune edo -parkeetan dauden lokaletan ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost.

3. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

4. Saiatuko da 65 urtetik gorakoei zerbitzua lehentasunez ematen.

3.8. Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

1. Bide publikoan, aire zabalean edo leku ez-finkoan jarduten duten merkatuetan (hau da, azoka txikietan), ohiko edo baimenduriko postuak ezin izanen dira ehuneko hirurogeita hamabost baino gehiago izan. Erosleen kopurua mugatuko da, halako moduan non beti bermatuko baita pertsonen arteko segurtasun tartea.

2. Udalek azalera handitzen edo egun berriak finkatzen ahalko dituzte jarduera gauzatzeko.

3. Udalek elikagaiak eta premia biziko ondasunak saltzen dituzten postuak lehenesten ahalko dituzte, eta bermatu beharko dute kontsumitzaileek ez dituztela ukitzen postu horietan saltzen diren produktuak.

4. Udalek postuen arteko urruntze baldintzak eta azoka mugatzeko baldintzak ezarriko dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen artean segurtasun tartea gordetzen saiatu nahian; bestela, maskarak erabili beharko dira.

5. Bezeroen eta saltzaileen arteko segurtasun tartea gorde beharko da une oro.

6. Bezeroen arteko segurtasun tartea argi adierazi beharko da. Horretarako, marka batzuk eginen dira lurrean edo balizak, kartelak eta seinaleak erabiliko dira, aldi berean bezero bati baino gehiagori eskaintzen ahal bazaie arreta.

7. Gomendatzen da birusak hiltzeko gelak edo desinfektatzaileak, behar bezala baimendu eta erregistratuak daudenak, jartzea jendearen eskura, azoka txikien inguruetan.

8. Garbiketa eta desinfekzioa egunean behin eginen dira, gutxienez, eta arreta berezia jarriko da gehien ukitu ohi diren elementuetan: salmahaiak, mahaiak eta ukigarriak diren beste batzuk, bereziki. Halaber, arreta berezia jarriko da langile batek baino gehiagok ukitzen dituzten elementuetan.

9. Saiatuko da bezeroek ez ditzaten produktuak zuzenean ukitu.

3.9. Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentro pribatuak, eta prestakuntza zentroak.

1. Akademia, autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentro pribatuetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost gainditzen ez bada.

2. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

3.10. Ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak.

1. Ostalaritzako establezimendu eta jatetxeetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost lokalaren barnean edo, bestela, erabilera publikorako baimendutako eremuetako 2,25 metro karratu erabiltzaile bakoitzerako.

2. Lokalaren barnean kontsumitzen ahalko da bai barran, bai mahai batean eserita, bai mahai multzo batean eserita. Dena den, bermatu beharko da pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen dela barran, mahaietan edo mahai multzoetan dauden bezeroen edo bezero taldeen artean.

3. Establezimendu horietako aire zabaleko terrazak ehuneko ehunean okupatzen ahalko dira, udal lizentzian baimendutako mahaien edukiera oinarri hartuta.

4. Nolanahi ere, pertsonen arteko segurtasun tartea gorde beharko da mahaien edo mahai multzoen artean. Gehienez 25 pertsonak osatutako talde batek okupatzen ahalko du mahai bat edo mahai multzo bat.

3.11. Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak.

1. Diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, jarduerak eginen dira baimendutako edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost betez gehienez, dantza-pistarik gabe eta bertan mahaiak jarrita.

2. Establezimendu horien terrazak jendearentzat irekitzen ahalko dira, eranskin honen 3.10 puntuan ezarritako baldintza beretan.

3. Ezarritako higiene eta prebentzio neurriak betetzeaz gain, ostalaritzako establezimendu eta jatetxeetan zerbitzua emateko berariaz ezarri diren neurriak ere aplikatu beharko dira.

3.12. Hoteletako eta ostatu turistikoetako eremu komunak.

1. Hoteletako eta ostatu turistikoetako eremu komunetan, okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost.

2. Establezimendu bakoitzak edukiera zehaztu beharko du espazio komunetan eta ekitaldiak har ditzaketen tokietan, ezarritako higiene, babes eta gutxieneko distantziarako neurriak kontuan hartuta.

3. Hoteletako eta ostatu turistikoetako kirol instalazioei dagokienez (adibidez, igerilekuak eta gimnasioak), instalazio horietarako berariazko neurriak aplikatu beharko dituzte.

3.13. Turismoko aterpetxeak.

1. Aterpetxeen modalitateko ostatu turistikoetan, baldin eta logeletan ohatzeak badaude eta, beraz, ezin bada pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea gorde, okupazioa baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar izatea baimenduko da.

2. Pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea bermatzea ahalbidetzen duten oheak dituzten logelak edo logela bereiziak dituzten aterpetxeetan, okupazioa baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamar izatea baimenduko da.

3. Establezimenduaren titularrek antolamendu neurri batzuk ezarriko dituzte, egokiak direnak pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk ezarriko dituzte bezeroak elkarrengandik zein langileengandik behar bezala babesteko, maskara janztea ekarriko dutenak.

4. Establezimenduak jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen badu, zerbitzuak establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

3.14. Liburutegiak.

1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren hirurogeita hamabost. Halaber, muga hori aplikatuko da, liburutegietan kultur jarduerak egiten direnean.

2. Liburutegien barnean haurrentzat dauden espazioetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

3. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

4. Establezimenduak jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen badu, zerbitzuak establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

3.15. Museoak eta erakusketa gelak.

1. Museoetan eta erakusketa geletan egiten diren jarduera libreetan, ezin izanen da gainditu horietako gela eta espazio publiko bakoitzerako baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost.

2. Halaber, goian aipatutako edukiera aplikatuko da, espazio berean hainbat pertsona biltzea dakarten ekitaldietarako: hezkuntza jarduerak, hitzaldiak, lantegiak, kontzertuak eta, oro har, programa publikoak.

3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez 25 pertsonako taldeetan eginen dira (monitorea edo gidaria barne). Nolanahi ere, pertsonen arteko segurtasun tartea gorde beharko da, jarduera garatzen den bitartean; bestela, maskara jantzi beharko da.

4. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

5. Museoko edo erakusketa gelako jendearentzako arretako langileek bisitariei jakinaraziko diete zein diren bisitan bete behar diren COVID-19aren aurkako higiene eta prebentzio neurriak, eta horiek betetzen direla zainduko dute.

6. Audiogiden zerbitzua badago, erabili eta botatzeko zorroetan sartuak emanen dira edo, bestela, gailuak desinfektatu eginen dira erabilera bakoitzaren ondoren.

7. Jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

8. Neurriak ezarriko dira, pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babesteko beste neurri batzuk ezarriko dira.

3.16. Monumentuak eta beste kultura ekipamendu batzuk.

1. Jendea monumentuetara eta beste kultura ekipamendu batzuetara sartzen ahalko da, baldin eta bisitariak ez badira baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost baino gehiago.

2. Neurriak ezarriko dira, pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babesteko beste neurri batzuk ezarriko dira.

3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez 25 pertsonako taldeetan eginen dira (monitorea edo gidaria barne). Nolanahi ere, pertsonen arteko segurtasun tartea gorde beharko da, jarduera garatzen den bitartean; bestela, maskara jantzi beharko da.

4. Ahal den neurrian, derrigorrezko ibilbideak ezarriko dira noranzkoak bereizteko, edo bisita ordutegiak antolatuko dira, bisitarien pilaketak saihesteko eta taldeek edo bisitariek elkarrekin eragitea eragozteko.

5. Audiogiden zerbitzua badago, erabili eta botatzeko zorroetan sartuak emanen dira edo, bestela, gailuak desinfektatu eginen dira erabilera bakoitzaren ondoren.

6. Jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

3.17. Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta areto bakoitzean baimenduriko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost gainditzen ez bada. Edukiera 500 pertsonatik gorakoa bada, hartu beharreko neurriak baloratuko dira modu osagarrian, ezarritako babes eta higiene neurriak bermatze aldera.

2. Aire zabaleko esparruak eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako beste lokal batzuk, aurreko paragrafoan aipatu ez direnak: horiei dagokienez, beren jarduera gauzatzen ahalko dute, eserlekuak erabilita, baldin eta baimenduriko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost gainditzen ez badute. Edukiera 1000 pertsonatik gorakoa bada, hartu beharreko neurriak baloratuko dira modu osagarrian, ezarritako babes eta higiene neurriak bermatze aldera.

3. Azoketan, jarduera zutik egiten bada, edukiera irizpide honi jarraikiz kalkulatuko da: 3 metro karratu pertsonako.

4. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

5. Jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

6. 12 urtetik beherakoentzat diseinatutako jokoak eta jolas atrakzioak dituzten establezimenduak ireki ahal izateko, osasun arloko agintaritzak balorazioa egin beharko du aurretik, haien inguruabar zehatzen arabera.

3.18. Kirol jarduerak eta instalazioak.

1. Aire zabaleko kirol jarduera federatugabea banaka edo taldeka egiten ahalko da, ukipen fisikorik gabe eta gehienez 25 pertsona bilduta.

2. Kirol instalazio eta zentroen barneko jarduera gehienez 25 pertsonako taldeetan egiten ahalko da, kontaktu fisikorik gabe, baldin eta baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost gainditzen ez bada.

3. Kirol instalazio bakoitzak instalazio motaren araberako protokolo bat prestatu beharko du, eta erabiltzaileek hori ezagutu beharko dute.

4. Oro har, ez da partekatuko materialik, elikagairik, edaririk edo antzekorik.

5. Eremu komunetan maskara jantziko da, pertsonen arteko segurtasun tartea bermatu ezean.

6. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

7. Jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

3.19. Foru komunitatearen eskumeneko kirol jarduera federatua.

1. Foru komunitatearen eskumeneko kirol jarduera federatua banaka nahiz taldean egiten ahalko da, kontaktu fisikorik gabe, eta entrenamenduetan gehienez ere 25 lagun biltzen ahalko dira aldi berean. Muga hori ez da lehiaketetan aplikatuko, baldin federazioaren arauek espazio bananduak bermatzen baditu talde bakoitzarentzat. Kirol instalazioetan egiten badira, haietarako ezarritako baldintzak ere bete beharko dira, gainera.

2. Ahal dela, kirol jarduera egitean gorde egin beharko da 1,5 metroko pertsonen arteko segurtasun tartea. Horretarako, entrenamenduetan aritzeko eta lehiaketak egiteko, Nafarroako Kirolaren Institutuak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

3.20. Kirol ekitaldiak.

1. Espazio itxietako kirol ekitaldietan, ez da gaindituko gehienez baimendutako edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost, eta eserlekuak aurrez esleitu beharko dira. Edukiera 500 pertsonatik gorakoa bada, hartu beharreko neurriak baloratuko dira, ezarritako babes eta higiene neurriak bermatzearren.

2. Kirol ekitaldien antolatzaileek COVID-19aren arloko berariazko protokoloa izan beharko dute. Protokolo hori agintaritza eskudunari helaraziko zaio eta parte-hartzaileei jakinaraziko zaie. Protokolo horretan behar diren neurriak jasoko dira instalazioetan pertsona arteko segurtasun tartea gordetzeko, bai ikusleekiko, bai ikusleen artean, edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiltzeko, ikusleek maskara jantzirik.

3.21. Igerilekuak.

1. Kirol erabilerako edo aisialdiko igerilekuetan, kanpokoetan zein estalietan, edukieraren ehuneko hirurogeita hamabosteko muga errespetatu beharko da, hala haietara sartzeko nola kirol praktikan edo aisialdiko jardueretan bertan. Muga horietatik salbuetsirik daude familia bakarrarenak diren erabilera pribatuko igerilekuak.

2. Igerilekuak erabiltzean, ahalegina eginen da segurtasun eta babes neurri egokiak gordetzeko, bereziki erabiltzaileen arteko segurtasun tartean.

3. Jendea egoteko igerilekuetako eremuetan, espazioa banatu eginen da, bizikide ez diren erabiltzaileen arteko segurtasun tartea gordetzeko. Horretarako, lurrean seinaleak edo antzeko markak jarriko dira. Norberaren gauza guztiak segurtasun perimetro horretan mantenduko dira, gainerako erabiltzaileek ukitzea galaraziz. Sarbide sistemak ezarri beharko dira pertsonak ez metatzeko eta osasun arloko segurtasun eta babes neurriak betetzeko moduan.

4. Ongi ikusteko moduko kartelen bidez edo megafoniako mezuen bidez, gorde beharreko higiene eta prebentzio neurriak gogoraraziko zaizkie erabiltzaileei, adieraziz instalaziotik alde egin beharko dela COVID-19arekin bateragarria den edozein sintoma sumatuz gero.

5. Bete eginen dira Nafarroako Foru Komunitateko 2020ko igerilekuen osasun zaintzako programaren VI. eranskinean (COVID-19) ezarritako baldintzak.

6. Ezarritako higiene eta prebentzio neurriak betetzeaz gain, instalazioetan ostalaritza eta jatetxe zerbitzuren bat ematen bada, zerbitzu hori emanen da ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan zerbitzua emateko baldintzetan xedatutakoaren arabera.

3.22. Ehiza, kirol arrantza eta aisialdiko arrantza.

Baimendurik daude ehiza jarduerak, kirol arrantza eta aisialdiko arrantza, baldin pertsona arteko segurtasun tartea gordetzen bada edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiltzen badira, maskarak jantziz.

Ez dira partekatuko ehizako edo arrantzako tresnak, ez eta jateko edo edateko tresneria ere.

3.23. Jarduerak interpretazio zentroetan, naturaren ikasgeletan eta antzekoetan.

1. Haien jarduera librean, ezin izanen da gainditu gehienez baimendutako edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost.

2. Neurriak ezarriko dira, pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babesteko beste neurri batzuk ezarriko dira.

3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez 25 pertsonako taldeetan eginen dira (monitorea edo gidaria barne). Nolanahi ere, pertsonen arteko segurtasun tartea gorde beharko da, jarduera garatzen den bitartean; bestela, maskara jantzi beharko da.

4. Jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzu hori bat etorriko da establezimendu horietarako ezarritako baldintzekin.

3.24. Denbora libreko jarduerak haur eta gazteentzat.

1. Aisia eta denbora libreko jarduerak egiten ahalko dira haur eta gazteentzat, baldin horiek egin bitartean behar diren neurriak hartzen badira pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko, edo, bestela, maskarak erabiltzen badira. Gainera, Osasun Departamentuak ezarritako beste gomendioak ere bete beharko dira, halakoak ezartzen dituenean.

a) Aurreko apartatuko jarduerak aire zabalean egiten direnean, parte-hartzaileen kopurua mugatu beharko da jardueraren ohiko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabostera, eta gehienez ere 250 lagunek parte hartzen ahalko dute, monitoreak barne.

b) Jarduerak toki itxietan egiten direnean, parte-hartzaileen kopurua mugatu beharko da esparruaren gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamarrera, eta gehienez ere 100 lagunek parte hartzen ahalko dute, monitoreak barne.

c) Jarduerak egin bitartean, parte-hartzaileak gehienez antolatuko dira 15eko taldeetan, monitorea barne. Ahal den heinean, jarduera eta interakzioak mugatuko dira talde horietako bakoitzeko kideetara.

2. Etenda gelditzen dira abuztuaren 22ko 107/2005 Foru Dekretuaren bidez arautzen diren administrazio baimenak, kanpaldiak eta zeharkaldiak egitekoak (foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Foru Komunitatean aire zabalean egiten diren gazteendako jarduerak).

3.25. Bainurako eremuak, ibaiak, urtegiak eta antzekoak.

Bainurako eremuak, ibaiak, urtegiak eta antzekoak arautuko dira Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 24ko 25/2020 Foru Aginduaren hirugarren puntuan xedaturikoaren arabera, salbu eta taldeentzat, gehienez ere 25 lagunekoak izaten ahalko baitira. Hirugarren puntu horren ondorioek bere horretan diraute.

3.26. Parkeak eta erabilera publikoko kanpoko kirol eremuak.

1. Haur parkeak, kirol eremuak, skate pistak edo erabilera publikoko antzeko eremuak irekirik edukitzen ahalko dira, baldin gordetzen bada gehieneko edukiera bat: pertsona bat 4 metro koadroko (esparruaren azalera konputagarria kontuan hartuta).

2. Behar diren neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsona arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabili.

3. Bereziki aplikatu beharko dira higiene eta prebentzio neurriak egunero desinfekzio-garbiketa egiteko denek ukitzen dituzten eremuetan, haurrentzako eremuen jostailuetan, ariketa fisikoko aparatuetan, edo denek erabiltzeko beste hiri altzari batzuetan.

4. Gomendatzen da halako eremuetan, haur parkeetan bereziki, banagailuak jartzea, gel hidroalkoholikoarekin edo birusak hiltzeko ahalmena duen desinfektatzailearekin. Azken horiek behar bezala baimendu eta erregistraturikoak izanen dira.

5. Bi urte beherakoentzat diren eremuetan, xaboi-disoluzio bat jarriko da eskura.

3.27. Zezen plaza, esparru eta instalazioen jarduera.

1. Zezen ikuskizunak soilik baimenduko dira Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 29ko 374/2012 Foru Aginduaren araberako zezen-plazetan, zezen-plaza mugikorretan eta prestaturiko tokietan (foru agindu horren bidez arautu ziren zezen ikuskizun herrikoi tradizionalak, errekortatzaileen lehiaketak eta eusko-landatar zezenketak prestatzen diren tokien ezaugarriak eta baldintza teknikoak), eta zezen ikuskizunen erregelamendua onesten duen 249/1992 Foru Dekretuaren X. kapituluan jasotako lokaletan.

2. Zezen ikuskizunak egiten diren toki guztietan memoria edo protokolo bat izan beharko da, ezartzen den araudia betetzeko baldintzak azaltzeko.

3. Enpresa antolatzaileak izanen du ardura, baimenean jasoriko mugak une oro betetzen direla kontrolatzeko.

4. Zezen plaza, esparru eta instalazioetako jardueran, ezin izanen da gainditu gehienez baimendutako edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost, eta eserlekuak aurrez esleitu beharko dira. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

Edukiera 1000 pertsonatik gorakoa bada, hartu beharreko neurriak baloratuko dira modu osagarrian, ezarritako babes eta higiene neurriak bermatze aldera.

5. Ekitaldi handiak egiteko, zezenetarakoak ez badira behinik behin, beharrezkoa izanen da osasun agintariek balorazio gehigarria egitea, ekitaldiaren arrisku maila zein den jakiteko.

3.28. Joko eta apustuetarako lokalak.

1. Joko eta apustuetarako establezimenduek eta lokalek beren jarduera gauzatzen ahalko dute baldin eta baimenduriko edukieraren ehuneko hirurogei gainditzen ez bada.

2. Behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan jendearen arteko segurtasun tartea gordetzeko, bereziki lokal eta establezimendu horietan dauden makinak edo jokatzeko bestelako gailuak erabili behar direnean, edo, hori ezinezkoa bada, maskara nahitaez erabili beharko da.

3. Jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzu hori bat etorriko da establezimendu horietarako ezarritako baldintzekin.

3.29. Aisialdiko etxabeak.

“Aisialdiko etxabeak”, “piperoak” izeneko lokalak edo antzekoak erabiltzea baimenduta dago, baldin eta bermatzen bada betetzen direla desinfekzio eta higiene arau orokorrak, erabaki honen eranskineko 2.2.1 puntuan ezarritakoak, eta bermatzen bada, halaber, erabiltzaileen artean 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzen dela.

3.30. Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Elkarte gastronomikoak eta peñak Osasuneko kontseilariaren ekainaren 7ko 27/2020 Foru Aginduaren 1.2 apartatuan xedatutakoak arautuko ditu, salbu eta edukierari dagokionez, lokalak baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost erabiltzen ahalko delako gehienez ere, eta taldeak 25 pertsonakoak gehienez.

3.31. Biltzarrak, topaguneak, negozio bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak.

1. Biltzarrak, topaguneak, negozio bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen areto bakoitzean baimendutako edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost. Muga hori aplikatuko da, halaber, bilera profesionaletan, jabeen erkidegoen batzarretan eta antzeko ekitaldietan.

2. Edukiera 500 pertsonatik gorakoa bada, osasun agintaritzaren balorazio osagarria beharko da, higiene eta babes neurriak bermatzearren.

3. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

4. Jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzu hori bat etorriko da establezimendu horietarako ezarritako baldintzekin.

3.32. Iturri publikoak.

Agintaritza eskudunek iturri publikoak zabaltzen ahalko dituzte, baldin eta bermatzen bada egunean behin garbitu eta desinfektatzen direla.

4.–Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduei dagozkien neurriak.

Osasun zentroek, zerbitzuek eta establezimenduek, zein den ere haien titularra, behar diren antolaketa, prebentzio eta higiene neurriak hartu beharko dituzte beren langileentzat eta pazienteentzat, arlo honetarako emandako gomendioak aplika daitezen, hau da, pertsonen arteko tartea, erabilera publikoko gune itxietan maskarak erabiltzea, esku eta arnas higienea, bai eta agintari eskudunek ezartzen duten beste edozein neurri ere bete dadin.

Neurri horiek aplikatu beharko dira zentroko guneak, sarbideak eta itxarote-eremuak kudeatzean, pazienteen hitzorduak kudeatzean eta pazienteak laguntzera edo bisita egitera doazenen erregulazioan, kontuan hartuta zentro bakoitzaren egoera eta jarduera.

Era berean, behar diren neurriak hartuko dituzte bermatzeko beren langileen segurtasuna eta osasuna babestuta daudela, erabilitako eremuak garbitu eta desinfektatzen direla, eta hondakinak kentzen direla, bai eta ekipoak eta instalazioak behar bezala mantentzen direla ere.

5.–Gizarte zerbitzuei dagozkien neurriak.

1. Neurriak eta gomendioak adinekoen arloan.

1. Egoitzak:

a) Bisitak baimentzea Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 25eko 161/2020 Foru Aginduan adierazitako baldintzekin, egoitza guztietan, egoiliarren artean COVID-19a izan dezakeen norbait dutenak edo gaixo batekin harreman estua izateagatik berrogeialdian dagoen norbait dutenak barne. Egoitza egoera horretan egonez gero, bisitak egiten ahalko dira baldin eta modu egokian banatuta badaude bakartzeko espazioak, hau da, COVID-19a dutenak benetan bereizita daudela ziurtatzeko moduan; nolanahi ere, komeni da bisitak egoitzaren eraikinetatik kanpoaldean egitea. Era berean, egoiliar bakoitzak bi pertsonaren bisita jaso dezake aldi berean, pertsona horiek elkarrekin bizi baldin badira.

b) Egoiliarren irteerak baimentzen dira. Prebentzio neurri egokiak bermatzeko, egoitzetako arduradunek behar diren antolaketa arauak ezarriko dituzte irteera horiek pixkanaka eta urratsez urrats egin daitezen, egoitza bakoitzaren baldintzen arabera, egoiliar guztien segurtasuna babestuta egon dadin. Egoitzatik ateratzen ahalko dira soilik COVID-19a ez dutenak eta gaixo batekin harreman estua izateagatik berrogeialdian ez daudenak.

c) Oro har, baimenduta daude aldi baterako egonaldiak eta ahaideei atseden ematekoak, egoiliar berrien kasuan bete beharreko neurriei buruz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak zehaztutako irizpideak aplikatuz. Halaber, baimena ematen da beste egoitza batetik datozen pertsonak sartzeko.

d) Berriz hasiko dira taldeko jarduerak, baina horietan bete beharko dira distantzia fisikoari dagokionez eskatzen diren neurriak, partaideen kopurua ez da izanen Osasun Ministerioak bilera komunitarioetarako ezarritako gehienekoa, eta ahaleginak eginen dira ez elkartzeko bizikidetza-unitate desberdinetako pertsonak.

2. Eguneko egonaldiak, eguneko zentroak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak:

a) Eguneko zentroetako zerbitzuak hasten ahal dira berriz, baldin eta prebentzio neurriak eta distantzia fisikoa mantentzen ahal badira, indarreko arauetan eskatu bezala, kutsatzeko arriskua gutxiagotzeko. Tarte hori gordetzea bermatzerik ez badago, erabiltzaileen kopurua gutxituko da, zerbitzuetara joateko txandak antolatuz, bi egunik behin, aldien arabera edo goiz eta arratsaldekoak. Oro har, gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost arte hartuko da zerbitzuetan.

b) Eguneko egonaldietarako baimena ematen ahalko da etxean arreta ematea ziurtatzerik ez dagoenean, eta beti hobetsiko dira pertsonen joan-etorri gutxien dakartzaten aukerak. Baimen horrek berekin dakar bermatuta egotea pertsona bakoitza bideratuko dela ahalik eta kontaktu gutxien izatera eta babes neurriak zorrotz betetzea ahalbidetzen duen baliabidera. Eguneko egonaldian arreta hartzen dutenak zentro soziosanitarioko gainerako erabiltzaileengandik bereizirik dagoen eremu batean jarri beharko dira, eta berariazko langileen ardurapean.

c) Autonomia sustatzeko zerbitzuei ekiten ahalko zaie, hala nola, jubilotekei, baldin eta bermatzen badute eguneko zentroentzat eskatzen diren prebentzio neurriak betetzen direla. Aldi berean arreta hartzen dutenen kopurua ez da izanen gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost baino handiagoa.

d) Adinekoen klubak: klubetan banaka ematen ziren kanpo zerbitzuak hasten ahal dira berriz (adibidez, podologia), bai eta taldeko jarduera arautuak ere (memoria tailerrak, IKTak, jarduera fisikoa, solasaldiak eta abar), baina prebentzio neurri orokorrak bete beharko dira horretarako (araututako distantzia fisikoa, maskararen erabilera). Ez da gomendatzen zentroak aisialdirako jardueretarako bakarrik irekitzea, eskatutako prebentzio neurriak edo edukiera, gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabostekoa, kontrolatzeko neurriak betetzeko modurik ez badute.

e) Bermatu beharko da garbitu eta desinfektatzen direla egoiliar guztiek erabiltzen dituzten lanabes guztiak (jokoetarako materiala, adibidez).

2. Neurriak eta gomendioak desgaitasuna duten pertsonen arloan:

1. Egoitzak:

a) Bisitak baimentzea adinekoen zentroetarako ezarritako baldintza berberetan.

b) Egoiliarrak ahaide batek lagunduta ateratzen ahalko dira.

c) Egoiliar berriak sartzen ahal dira. Aldi baterako egonaldiak egiteko ere sartzen ahalko dira egoiliarrak, egoiliar berrien kasuan jarraipen neurriei buruz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak zehaztutako irizpideak aplikatuz. Egoiliar berriak sartzeko, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren baimena beharko da, zentroko eta komunitatearen egoera epidemiologikoa kontuan hartuta.

d) Egoitza zerbitzuetako erabiltzaileak atera daitezke beren etxera joateko. Familiek bete beharko dituzte eskatutako prebentzio neurriak, eta erabiltzailea etxean egon den bitartean harekin harremanak izan dituztenen berri eman, kontaktuei buruzko azterketa egin beharko balitz.

2. Eguneko zentroak, eguneko egonaldietarako zerbitzuak, zentro okupazionalak eta errehabilitazio psikosozialerako zentroak:

Eguneko zentroetako, zentro okupazionaletako eta errehabilitazio psikosozialeko zentroetako zerbitzuak hasten ahal dira berriz, baldin eta prebentzio neurriak eta distantzia fisikoa mantentzen ahal badira, indarreko arauetan eskatu bezala. Oro har, arreta batera ematen ahal da zerbitzuaren gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost hartuta, gehienez ere. Erabiltzaileen eskaerek kopuru hori gaindituz gero, bestelako formulak erabiliko dira (goiz eta arratsaldeko txandak, bi egunik behin eta abar).

Eguneko egonaldietarako baimena ematen ahalko da etxean arreta ematea ziurtatzerik ez dagoenean, eta beti hobetsiko dira pertsonen joan-etorri gutxien dakartzaten aukerak. Baimen horrek berekin dakar bermatuta egotea pertsona bakoitza bideratuko dela ahalik eta kontaktu gutxien izatera eta babes neurriak zorrotz betetzea ahalbidetzen duen baliabidera. Eguneko egonaldian arreta hartzen dutenak zentro soziosanitarioko gainerako erabiltzaileengandik bereizirik dagoen eremu batean jarri beharko dira, eta berariazko langileen ardurapean.

3. Programa anbulatorioak. Autonomia sustatzeko zerbitzuak hasten ahal dira berriz, bai banakakoak bai taldekoak, baldin eta bermatzen badira eskatutako higieneari eta tarte fisikoari dagozkien prebentzio neurriak, bai eta Osasun Ministerioak talde bilkura komunitarioetarako baimendu duen partaide kopurua ere. Aldi berean arreta hartzen dutenen kopurua ez da izanen gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost baino handiagoa.

4. Aisialdi programak. Areto itxietako aisialdi eta denbora libreko programak egiten ahalko dira edukieraren ehuneko hirurogeita hamabosteko partaiderekin gehienez ere, eta gainerako zerbitzuetarako aipatu diren prebentzio neurriak betetzen badira.

3. Neurriak eta gomendioak adingabeen zerbitzuen arloan:

1. Egoitzetako harrera programa, familiako harrera, ebazpen judizialen betearazpena, eguneko zentroa, bitartekaritza eta orientazio zerbitzuak eta familia elkartzeko guneak.

2. Programa guztietan jarduera presentziala hasiko da berriz, baina indarreko arauetan ezarritako prebentzio neurriak, higienekoak eta distantzia fisikokoak betetzea nahitaezkoa izanen da.

3. Etxe lagunak. Jardueran hasten ahal dira berriz baldin eta betetzen badira eskatutako prebentzio neurriak.

4. Haurtzaindegiak. Jardunean hasten ahalko dira berriz baina edukiera murriztuta, haien edukieraren edo ohiko gehieneko ratioaren ehuneko hirurogeita hamabostera, eta hezitzaile ratio honekin: 0-1 urteko haurren kasuan, 5 haurtxo hezitzaile bakoitzeko; 1-2 urteko haurren kasuan, 8 haur hezitzaile bakoitzeko; 2-3 urtekoen kasuan (eta hortik gora): 10 haur hezitzaile bakoitzeko (ratioak ehuneko hirurogeikoak dira). Adin-tarte bateko eta besteko haurrak nahasten badira, dauden tarteetako ratioen batezbestekoa egin beharko da.

6.–Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan ezarritako ikasketak ematen dituzten ikastetxeei dagozkien neurriak.

1. Ikastetxeetako hezkuntza jarduera unean-unean ezartzen diren osasun baldintzen arabera gauzatuko da.

2. Nahitaez bete beharko dira osasun agintaritzak ezartzen dituen desinfekzio eta prebentzio arauak.

3. Hezkuntza Departamentuak hezkuntza jarduera presentzialerako prebentzio eta antolaketa protokolo bat prestatuko du, orain arte onetsitako osasun gomendioak biltzeko. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gainbegiratuko du protokolo hori.

4. Arestian xedatutakoa unibertsitateko irakaskuntzako ikastetxeei aplikatuko zaie, kasua bada, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak haien unibertsitateko zuzendaritza organoekin ezartzen duenaren arabera.

7.–Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko lurreko garraioan, ibilgailuen okupazio, erabilera eta garbiketari eta autobus geltokiei dagozkien neurriak.

1. Bi toki homologatu (gidaria eta bidaiaria) dituzten motozikleta, ziklomotor eta L kategoriako ibilgailuetan egiten diren garraioetan, bi pertsona joan daitezke. Bidaiariek eskularruak erabili beharko dituzte nahitaez, eta gidariak ere bai, erabilera partekaturako motozikletetan eta ziklomotorretan bidaiatuz gero. Ondorio horietarako, motor-gidarien babeseko eskularruak onartuta daude.

2. Bederatzi toki arteko ibilgailuetan (gidaria barne hartuta) egiten diren garraio pribatu partikularretan eta pribatu osagarrietan, ibilgailuaren toki kopurua adina pertsona joan daitezke.

3. Bederatzi toki arteko ibilgailuetan (gidaria barne hartuta) egiten diren bidaiarien garraio publikoetan, ibilgailuak gidariaren ilaraz gain dituen eserleku ilara bakoitzeko dituen tokiak adina pertsona joan daitezke.

4. Haien ezaugarri teknikoak direla eta, eserleku ilara bakar bat duten ibilgailuetan, ibilgailu astunen, furgoneten eta horrelakoen kabinetan, adibidez, toki guztiak betetzen ahalko dira.

5. Bidaiarien garraio publiko erregular, diskrezional eta pribatu osagarrian, eserlekuak dituzten ibilgailuetan, eserleku guztiak betetzen ahalko dira, baina erabiltzaileen artean ahalik eta tarte handiena utziz, okupazioak aukera ematen badu.

6. Bidaiarien garraio publiko erregularrean, zutik joateko tokiak baimenduta dituzten ibilgailuetan, eserita joateko toki guztiak betetzen ahalko dira, eta zutik joateko prestatutako eremuan ahaleginak eginen dira bidaiariek ahalik eta tarte handiena gorde dezaten beren artean; okupaziorako erreferentzia izanen da bi erabiltzaile egotea metro koadro bakoitzeko.

7. Aurreko apartatuetan aurreikusten diren kasu guztietan, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea 6 urtez gorako bidaiari guztiek, salbu eta 2. apartatuan jasotako kasuetan, ibilgailuan doazen guztiak etxe berean bizi baldin badira alegia.

Motozikleta, ziklomotor eta L kategoriako ibilgailuetan egiten diren garraioetan, bi bidaiari daudenean, maskara edo buruko integrala eraman beharko dute etxe berean bizi ez badira.

8. Bidaiarien garraio publikoetan egunero garbitu beharko dira ibilgailuak, Osasun Ministerioak ezarritako gomendioekin bat.

9. Errepideko bidaiarien hiriarteko garraio publiko erregularreko zerbitzuetan, erabilera orokorrekoetan, Nafarroako Foru Komunitateko eskumenekoetan, operadoreek egokitu beharko dituzte eskaintza mailak eskaera lehengoratu ahala, zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzeko, herritarrak lanpostuetara eta oinarrizko zerbitzuetara joatea errazteko, betiere COVID-19aren kutsapen arriskua saihesteko hartzen diren osasun neurriak betez.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa galarazi gabe, Garraio Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu horien eskaintza egokitzen ahalko du, funtzionamendua behar bezalakoa izateko, hala egitea komeni bada interes orokorreko arrazoiengatik.

10. Errepideko bidaiarien hiriarteko eta probintziarteko garraio publiko erregularreko zerbitzuetan, erabilera orokorrekoetan, Nafarroako Foru Komunitateko eskumenekoetan, aurrez esleitutako eserleku zenbakia dutenetan, operadoreek erabiltzaile guztiekin harremanetan jartzeko informazioa bildu beharko dute, eta bidaiarien zerrendak gutxienez ere lau astez gorde, bidaia egiten denetik. Era berean, zerrenda orriek osasun publikoko agintariei eman beharko dizkiete hala eskatzen zaienean kontaktuen trazabilitatea egiteko.

11. Autobus geltokietan baldintza hauek bete beharko dira beti:

a) Nahitaezkoa izanen da beti maskara erabiltzea une oro instalazioetan sartu, egon edo ibiltzen den ororentzat.

b) Informaziorako eta seinaleztapenerako elementuak jarriko dira, eskaileretan, pasabideetan edo geralekuetan erabilera eta portaera egokiak izatea iradokiz.

c) Informazio, zainketa eta kontrol neurriak ezarriko dira erabiltzaileentzat, etengabe 1,5 metroko tartea gordetzeko xedearekin.

d) Bidaiarien fluxuak antolatuko dira, ahal dela elkar gurutzatzea saihesteko.

e) Banagailuak jarriko dira jendearen eskura, gel hidroalkoholikoarekin edo birusak hiltzeko ahalmena duten desinfektatzaileekin (Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak). Banagailu horiek une oro egon beharko dute erabiltzeko moduan.

8.–COVID-19aren kasuen berri emateko betebeharrak.

Osasun Departamentuari COVID-19aren kasuen berri emateko betebeharrak Osasuneko kontseilariaren apirilaren 24ko 17/2020 Foru Aginduaren laugarren puntuan xedatutakoak arautuko ditu; foru agindu horren bidez jarraibideak eta neurriak ezarri ziren apirilaren 13ko SND/344/2020 Aginduarekin lotuta, haren bidez ezarri baitziren salbuespeneko neurriak Osasun Sistema Nazionala sendotzeko eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari eusteko. Halere, informazio hori igortzeko helbide elektronikoa aldatzen da, eta aurrerantzean hau izanen da: VigilanciaISP@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2006409