134. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

69E/2020 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2020ko deialdia onesten duena dirulaguntza emateko irabazi-asmorik gabeko entitateei eta enpresei, genero berdintasunaren eta lan-bizitza eta familia bateratzearen arloko proiektuak gauzatzeko. DDBN identifikazioa: 507807.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarri juridiko unibertsala da, giza eskubideei buruzko nazioarteko hainbat testutan aitortua, baita Europar Batasuneko funtsezko printzipioa ere, administrazio publikoek nahitaez bultzatu eta sustatu beharrekoa, politika aktiboen bidez, berdintasun-printzipioa benetako bihurtzeko.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 5. artikuluak tratu eta aukera berdintasuna ezartzen ditu, enplegua lortzeko, lanbide arloko prestakuntzarako eta sustapenerako, eta lan baldintzetarako. Halaber, arau beraren 14.2 artikuluak aldarrikatzen du tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa integratu behar dela ekonomia, lan, gizarte, kultura eta arte politiketan, lanean bereizkeriarik izan ez dadin, eta ordainsari desberdintasunak ezabatzeko, baita emakumezko enpresaburuen ugaritzea bultzatzeko ere politiken eremu guztietan, eta emakumeen lanaren balioa indartzeko, etxeko lana barne.

Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuaren bidez aldatu zen aipatutako lege organikoaren 45.2 artikulua, eta, hala, berrogeita hamar langile edo gehiago dituzten enpresak behartzen dira berdintasun plan bat prestatu eta aplikatzera, lan arloko legerian zehazten den moduan negoziatu beharko dena (gutxinaka aplikatuko da, arauaren hamargarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa betez) eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatu beharko dena, lege organikoaren 46. artikuluan aurreikusi bezala.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 1. artikuluak ezartzen du legearen xedea dela baldintzak sustatzea benetakoa eta eraginkorra izan dadin emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bizitzaren eremu eta etapa guztietan, Nafarroako Foru Komunitatean, eta, horretarako, genero ikuspegiaren zeharkakotasuna hartzen du politika publiko guztien informazio printzipiotzat. Orobat, 42.5 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak ekintzak sustatu eta bultzatuko dituela aurrera eramateko erantzunkidetasuna, baita familia, lana eta bizitza pertsonala bateratzea ere, emakumeen nahiz gizonen kasuan, eta 45.1.b) artikuluak, berriz, aurreikusten du ezen enpresaren eta lanaren arloan eskudun den departamentuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin elkarlanean, tresnak garatuko dituela berdintasun printzipioa aplikatzeko, gutxinaka, Nafarroako enpresa eta erakundeetan. Berebat, 48. eta 49. artikuluek ezartzen dute administrazio publikoek antolaketa aldatzeko prozesuak sustatuko dituztela, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitearren, eta jarduketak sustatuko dituztela, erantzunkidetasuna bultzatzeko.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak bere eskumen esparruaren barnean dauka enpresetan berdintasun politikak eta lana eta bizitza bateratzekoak sustatu eta koordinatzea, eta, horretarako, Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren eta Enpresa Ereduaren Atalaren bidez bultzatuko ditu aukera berdintasuna eta erantzunkidetasuna Nafarroako enpresetan (8.x eta 31.c artikuluak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuan).

Horregatik, laguntzen deialdi honen xedea da nork bere borondatez hartzea lana eta familia bateratzea erantzunkidetasuna sustatzeko neurriak eta berdintasun planak Nafarroako enpresa txiki eta ertainetan eta lantokietan, eta, orobat, laguntzea norberaren berdintasun planean finkatutako helburuak betetzera, eta, zehazki, oinarri hauetan ezarritakoak, 3/2007 Lege Organikoaren 49. artikuluan zehazturiko ildoari jarraituz.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020ko dirulaguntzaren deialdia onestea genero berdintasunaren eta lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko proiektuak gauzatzeko, irabazi-asmorik gabeko entitateentzat eta enpresentzat.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 130.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastuen aurrekontuetako “Berdintasunaren eta lan-bizitza eta familia bateragarri egitearen arloko proiektuak” izeneko 810012-81500-4819-494116 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.

4. Baimendutako 130.000 eurotik, 60.000 euroko zenbatekoa emanen da lan-bizitza eta familia bateragarri egitearen edo genero berdintasuna txertatzearen arloko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko proiektuak finantzatzeko Nafarroako entitate edo enpresetan. Gainerako 70.000 euroak, berdintasun planetan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko proiektuak garatzeko erabiliko dira, laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez. III. eranskineko 2. oinarrian aipatzen diren enpresek ez dute izanen sarbiderik aurrekontuko partida honen %40ra baino, hots, 52.000 euroko muga izanen dute.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 1ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINAK

Laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, Nafarroako entitate edo enpresetan finantzatzearren lan-bizitza eta familia bateragarri egitearen edo genero berdintasuna txertatzearen arloko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzen dituzten proiektuak, eta haien berdintasun planetan aurreikusitako jarduketak gauzatzen dituzten proiektuak garatzearren, laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez, 2020. urtean

I. ERANSKINA

Deialdirako arau komunak

1. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen fitxan eskuratu daitezkeen ereduen araberakoa izanen da eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, hau da, II. eta III. eranskinetako 5. oinarrietan ezarritakoa.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da inondik inora zuzendu.

2. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, deialdi honetako II. eta III. eranskinetako 6. oinarrietan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa izanen da II. eta III. eranskinetako 4. oinarrietan ezarritakoa, eta emanen da aurreko apartatuan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz, harik eta deialdi honetarako aurrekontuan laguntza modalitate bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortzen den arte.

3. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Lan Zerbitzuak II. eta III. eranskinetako 6. oinarrietan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

4. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek justifikatu beharko dute II. eta III. eranskinetako 7. oinarrietan ezarritako baldintzen arabera eginiko proiektua, eskatu eta eman laguntzaren modalitateari jarraikiz.

2. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira beti.

5. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxan den ereduaren araberakoa, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek gardentasun betebeharrak arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunentzat.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako proiektua egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala sartzea proiektuaren kargura prestatzen den materialean eta zabalkundekoan.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko foru legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Gauzatu den proiektuaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik behera bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Gauzatu den proiektuaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, deklaratuko da emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

6. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena eta, behar bada, eskatutako dokumentazioa aurkeztu izana.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

3. Baldin eta onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

7. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

9. oinarria.–De minimis laguntza.

Deialdi honetako dirulaguntzak, baldin onuraduna enpresa bat bada, de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

11. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Laguntzen deialdia, Nafarroako entitate edo enpresetan finantzatzearren lan-bizitza eta familia bateragarri egitearen edo genero berdintasuna txertatzearen arloko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzen dituzten proiektuak

1. oinarria.–Xedea.

Irabazi-asmorik gabeko entitateendako dirulaguntza, lan-bizitza eta familia bateragarri egitearen edo genero berdintasuna txertatzearen arloko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko Nafarroako entitate edo enpresetan.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntzaren onuradunak izan daitezke hurrengo beharkizunak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak:

a) Egoitza soziala Nafarroan izatea.

b) Langileek gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitate publiko edo pribatuek emana.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

d) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

e) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

f) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso astun bat edo bi falta astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

g) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta zehapen organoaren txosten batek ez agertzea neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

2. 1. apartatuko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, eta bertan baimena emanen zaio Lan Zerbitzuari adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira berariaz sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan dago zehaztuta sektore publiko instituzionala) eta Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatutako enpresa eta fundazio publikoak (lege horren zortzigarren xedapen gehigarrian dago zehaztuta inbentario hori).

3. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuen baldintzak.

Diruz lagunduko dira lan-bizitza eta familia bateragarri egitearen edo genero berdintasuna txertatzearen arloko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko proiektuak entitate edo enpresetan, baldin baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Eskaera egiten duen irabazi-asmorik gabeko entitateak proiektuaren xede den metodologiaren titulartasuna izatea.

b) Azalpena, proiektuaren metodologiari, edukiari eta helmenari buruz, bereizita ezarpen, garapen eta aplikazio jarduketak eta, behar bada, jarraipenekoak.

c) Jarduketak, gutxienez, 2020ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era egitea.

d) Nafarroako entitate, enpresa edo lantokietan egitea. Hori frogatuko da proiektuan bilduz zein enpresetan jardun nahi den, adieraziz haren izen soziala, IFZ, helbidea eta sexuaren arabera bereizitako plantilla.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, betiere 2020ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean fakturatzen eta pagatzen badira:

a) Proiektua zuzenean gauzatzera bideratzen diren entitate onuradunaren langileen gastuak, hartan diharduten bitartean. Azaroko aseguru sozialak onar daitezke, baldin horien zenbatekoa aurkeztutako agirietan agertzen bada, 7. oinarriaren arabera, eta 2020ko abenduaren 31 baino lehen aurkezten badira gastuen eta ordainketen frogagiriak.

b) Proiektuaren jarduketak gauzatzeko aipatu langileen joan-etorrien gastuak, dagokion nominaren bidez ordainduko direnak.

c) Aurkeztutako proiektuaren jarduketekin zerikusia duten edukiak hedatzeagatiko gastuak. Eduki horien hedapenean ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Entitateen publizitaterako egindako gastuak, baldin publizitate horrek aurkeztutako proiektuaren edukiarekin loturarik ez badu.

b) Lokalak alokatzeko gastuak eta hornidura-gastuak (ura, argia, gasa, telefonoa...).

c) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko da).

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren aurrekontuaren %100 izanen da, eta 60.000 eurokoa, gehienez, proiektuko.

5. oinarria.–Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak bereizita eta izenarekin identifikatuta egonen dira. Ondoko hauek dira:

a) Proiektua, eduki honekin:

–Metodologiaren deskribapena.

–Helburuen deskribapena, jarraipen eta efikazia adierazleak barne.

–Proiektuaren eremua (genero berdintasuna edo lan-bizitza eta familia bateragarri egitea eta erantzukidetasuna), proposatutako jarduketak zehaztuz.

–Helburuak lortzeko garatu gogo diren ekintzen deskripzioa, aurreikusitako kronograma barne eta ekintzen modalitatea zehaztuta.

–Entitate edo enpresa jakin batzuetan jarduketak edo bisitak egiteko plana. Bakoitzean adieraziko da besteren konturako langileak zein diren, sexuaren arabera bereizita, eta Nafarroako Lurralde Estrategiako zein eremutan dauden.

–Honako honi buruzko azalpena: entitate edo enpresetan metodologia aplikatzearen seinaleak edo identifikazio zigiluak, lortzeko/emateko prozedura, mantentzeko prozedura, mantentzeko epea, jarraipena eta eraginkortasuna.

b) Memoria ekonomikoa eta aurrekontua, zehaztuta gastu diruz lagungarriak zein diren, bereizketa hau eginez:

–Langileen gastuak, identifikatuz zer pertsona edo pertsonek gauzatuko duten proiektua, haien jarduna proiekturako, hilabeteka banatua; orobat, zehaztuko da proiektua gauzatzeko lanaldiaren zenbateko zatia hartuko duten, zenbat ordu hilabetean eta prezioa orduko.

–Aipatu langileek joan-etorrietan izatea aurreikusten diren gastuak.

–Proiektuaren jarduketen dibulgazio gastuak.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, baloratuko diren xehetasunei buruzkoa, 6. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz, laguntzen fitxako ereduaren araberakoa eta, proiektuari dagokionez, honako hauek bilduko dituena:

–Metodologiaren titulartasunaren egiaztapena.

–Metodologia zenbat urtetan aplikatu den, haren urte kopuruaren egiaztapena.

–Proiektuaren helmenaren egiaztapena: enpresak, plantillak eta horietan egin behar diren jarduketak.

–Enpresetan metodologia aplikatzearen seinale edo identifikazio zigiluak izatearen egiaztapena.

Deklaratutako datuek bat eginen dute proiektuaren edukiari eransten zaizkionekin.

2. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Proiektuak baloratzeko irizpideak. Aplikatuko dira kontuan hartuz erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan (laguntzen fitxan dago) entitateak deklaratutako datuak. Horiek bat eginen dute proiektuaren edukiari eransten zaizkionekin. Ondoko hauek izanen dira:

a) Zenbateko esperientzia duten jarduketak egiten genero berdintasunaren eta/edo lan-bizitza eta familia bateragarri egitearen eta erantzukidetasunaren arloan azken 10 urteetan (2010etik 2019ra, biak barne): 10 puntu gehienez. Puntu 1 emanen da esperientzia urte bakoitzeko.

b) Metodologia zenbat urtetan aplikatu den azken 10 urteetan (2010etik 2019ra, biak barne): 10 puntu gehienez. Puntu 1 emanen da metodologia aplikatu den urte bakoitzeko.

c) Zein den proiektuaren aplikazio-eremua, segun non kokatzen diren entitate, enpresa edo lantokiak, zeinetan metodologian aurreikusitako ekintzak egin behar baitira, Nafarroako Lurralde Estrategian zehazturiko 10 eremuen arabera: 20 puntu gehienez.

Hauexek dira 10 eremuak: 1. eremua (Tuterako Erribera); 2. eremua (Argako eta Aragoiko Erribera); 3. eremua (Ebroko Erribera); 4. eremua (Lizarra); 5. eremua (Tafalla - Erriberri); 6. eremua: (Zangoza); 7. eremua (Pirinioak); 8. eremua (Baztan - Bidasoa); 9. eremua (Ipar-mendebaldeko Nafarroa); eta 10. eremua (Nafarroako eremu zentrala).

Proiektuan adieraziko da non kokatzen diren jarduketak egin diren entitateak, enpresak edo lantokiak, eremu geografikoen arabera sailkatuta. Eremu horiei puntuak emateko, eremu bakoitzeko entitate edo enpresetan 2 jarduketa edo bisita egin behar dira. Puntuagarria den eremu geografiko bakoitzeko 2 puntu emanen dira.

d) Zenbat entitatetan edo enpresatan jardun behar den: 20 puntu gehienez. Puntu 1 emanen da entitate edo enpresa bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

e) Proiektuaren kalitatea: 30 puntu gehienez. Planifikazioa (helburuen argitasuna eta deskribapena, eraginkortasunaren gaineko adierazleak eta jarduketa motak) eta metodologia baloratuko dira.

f) Aurreikusten ote diren metodologia aplikatzen ari dela ziurtatzen duten seinale identifikagarriak (zigiluak edo bereizgarriak), eta haiek lortzeko prozedura, mantentzea, mantentze-epea, jarraipena eta eraginkortasuna: 10 puntu gehienez.

Gutxienez 40 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ezin dute dirulaguntzarik jaso.

2. Proiektuei ematen zaien puntuazioan berdinduz gero, e) letran lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, c), d), f), a) eta b) letretan lortutakoa hartuko da kontuan, lehentasun ordena horren arabera, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2020ko azaroaren 30a arteko epean, hura barne, justifikatu beharko dute proiektua; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik:

a) Memoria teknikoa, non justifikatzen baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua. Justifikatzeko memoria teknikoaren apartatuek bat egin behar dute dirulaguntza eskatzean aurkeztutako proiektuaren memoria teknikoan direnekin.

b) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Proiektuko jarduketak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda. Zehaztuko da proiektuan sartutako lanaldiaren portzentajea eta kostuaren kalkulua hilabeteka.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenen kopia ere. Gizarte Segurantzako azaroko kostuak sartu nahi izatera, aurreikusitako zenbatekoa sartu beharko da, eta adieraziko da horren justifikazioa sartuko dela 2020ko abenduaren 31 arte.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera xehakatuak, eta haien ordainagirien zerrenda.

–Egindako fakturak eta ordainagiriak, zeinak dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko baitute. Fakturen BEZa sartu nahi bada, adierazi egin beharko da berariaz, eta egiaztatu, dokumentu bidez, entitateak ezin duela ez berreskuratu ez konpentsatu aipatu BEZa.

III. ERANSKINA

Dirulaguntzen deialdia, berdintasun planetan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko proiektuak garatzeko, laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko erakundeei eta enpresei, beren berdintasun planetan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko proiektuak garatzeko, laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntzaren onuradunak izan daitezke hurrengo beharkizunak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak eta enpresak:

a) Helbide soziala Nafarroan izatea edo lantokia Nafarroan kokatua egotea eta 25 eta 150 langile bitarteko plantilla izatea proiektuari lotutako enpresan edo lantokian.

b) Berdintasun plan bat izatea enpresan edo, kasua bada, lantokian, azken 5 urteetan egina edo berraktibatua (2015eko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitarte).

c) Berdintasun plana izatera legez beharturik ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

f) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

g) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso astun bat edo bi falta astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

h) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta zehapen organoaren txosten batek ez agertzea neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

2. 1. apartatuko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, eta bertan baimena emanen zaio Lan Zerbitzuari adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira berariaz sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan dago zehaztuta sektore publiko instituzionala) eta Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatutako enpresa eta fundazio publikoak (lege horren zortzigarren xedapen gehigarrian dago zehaztuta inbentario hori).

3. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuen baldintzak.

1. Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek honako baldintza hauek bete behar dituzte (proiektuak beren berdintasun planetan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko dira, laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez):

a) Proiektuaren xedea izatea entitateari edo enpresari laguntza ematea bere berdintasun planean aurreikusitako jarduketak egiteko, aldi hauetako bat edo batzuetan lagunduz:

–Ekintzaren plangintzan laguntzea.

–Ekintza gauzatzen laguntzea.

–Ekintzaren jarraipenean eta ebaluazioan laguntzea.

b) Proiektua garatzea eta egitea laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzu batek (kanpoko aholkularitza enpresa edo profesional batek), eta hartan, langileek gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitate publikoek nahiz pribatuek emana.

c) Kontratatutako zerbitzuek gutxienez 40 ordu presentzial izatea, eta horietatik 2 ordu prestakuntza-saio bat emateko baliatzea enpresako berdintasuneko lan taldearentzat, komitearentzat edo batzordearentzat; horiez gain, beste 2 ordu baliatzea enpresako plantillarentzat prestakuntza emateko.

d) 2020ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era arteko epean egitea.

e) Proiektua egin ondoren haren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak izatea, proiektuaren ebaluazioa egin ahal izateko.

2. Entitate edo enpresa bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, betiere 2020ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitartean fakturatzen eta pagatzen badira:

a) Laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuaren langileria gastuak, betiere proiektua egiten zuzenean jardun duten langileena.

b) Joan-etorrien gastuak, laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuko langileek egin dituztenak proiektuaren jarduketak gauzatzeko.

c) Jarduketekin lotutako edukien dibulgazio gastuak, laguntzako edo aholkularitza teknikoko zerbitzuak egindakoak. Eduki horien hedapenean ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Entitate edo erakunde onuradunen edo laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen publizitaterako egindako gastuak, baldin publizitate horrek aurkeztutako proiektuaren edukiarekin loturarik ez badu.

b) Dirulaguntzaren onuradun diren entitateen edo enpresen plantillako edo kontratatutako langileen gastuak.

c) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren aurrekontuaren %100 izanen da, eta 5.000 eurokoa, gehienez, proiektuko.

5. oinarria.–Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta izenarekin identifikatuta egonen dira. Ondoko hauek dira:

a) Proiektua, eduki honekin:

–Eginen diren jarduketak deskribatu behar dira, berdintasun planean aurreikusitako jarduketekin lotuz; horretarako, adieraziko da berdintasun planaren zer orrialdetan eta ataletan dauden jasota jarduketak.

–Jarduketa bakoitzaren barruan, bete beharreko aldiak, 3.1.a) oinarrian aurreikusten den moduan, zehaztuz aldi bakoitzean zer ekintza eginen den; hau da, jarduketa bakoitzerako, aipatu behar da plangintza, gauzatzea edo/eta jarraipena eta ebaluazioa eginen den.

–Identifikatu behar da zer enpresak edo profesionalek emanen duen laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua, eta adierazi behar da, orobat, proiektua exekutatzeko aurreikusitako ordu kopurua eta kronograma. Egin beharreko jardueren artean, 3.1.c) oinarrian jasotako prestakuntza jarduketak ere sartu beharko dira.

–Proiektuaren exekuzioa ebaluatzeko adierazleak zehaztu behar dira.

–Adierazi behar da entitateko edo enpresako zer pertsona edo pertsonak osatuko duten berdintasun batzordea, komitea edo lan taldea.

b) Memoria ekonomikoa eta aurrekontua, zehaztuta gastu diruz lagungarriak zein diren, bereizketa hau eginez:

–Laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuko langileria gastuak.

–Aipatu langileek joan-etorrietan izatea aurreikusten diren gastuak.

–Proiektuaren jarduketen dibulgazio gastuak.

c) Entitatearen edo enpresaren berdintasun plana, adierazita noiz prestatu zen edo noiz berraktibatu zen, salbu eta inskribaturik badago Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan; hala bada, aski da inskripzio kodea adieraztea.

d) Dagokion dokumentazioa, frogatzen duena laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua eman behar duen enpresak edo profesionalak baduela 3.1.b) oinarrian jasotako prestakuntza emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan. Ondorio horietarako, pertsona horien curriculumak aurkeztuko dira, haien prestakuntza frogatzen duten tituluekin batera, halakorik baldin badute, salbu eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 155/2019 Ebazpenaren bidez egiaztatutako entitatea edo pertsona bada; halakoetan, aski da hori berariaz adieraztea.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, baloratuko diren xehetasunei buruzkoa, 6. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz, laguntzen fitxako ereduaren araberakoa eta, proiektuari dagokionez, honako hauek bilduko dituena:

–Laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuak emanen duen ordu kopuruaren aurreikuspena.

–Berdintasun plana noiz egin edo berraktibatu zen.

–Eginen diren jarduketak eta jarduketa bakoitzeko aldia edo aldiak.

–Langileen ordezkaritzarekin egindako negoziazioa berdintasun plana egiteko edo berraktibatzeko. Ondorio horietarako, langileen ordezkaritzat hartuko dira langileen delegatuak eta enpresa komiteak nahiz ad hoc eratutako komisioak urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Foru Dekretuaren 41.4 artikuluan xedatutakoarekin bat (aipatu legegintzako foru dekretuak Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zen).

–Langileen ordezkaritzarekin lortutako akordioa berdintasun plana egiteko edo berraktibatzeko.

–Berdintasun plana Laneko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzea.

–Azken 5 urteetan parte hartu izana Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo beste administrazio publiko batzuek berdintasun planak egiteko edo berraktibatzeko deitutako dirulaguntzak jasotzeko prozeduretan.

–Eskaera aurkezten den egunean, egindako proiektuak edo egiten ari direnak, adierazita zer portzentaje dagoen egina.

2. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Entitateek eta enpresek dirulaguntza jasotzeko lehentasuna edukiko dute baldin eta 2018an eta 2019an zuzendaritza nagusi honen dirulaguntzarik jaso ez badute beren berdintasun planetan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko proiektuak garatzeko, laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez.

2. Lehenagoko atalean ezarritako lehentasuna aintzat hartuz, proiektuak baloratuko dira ondoko irizpideen arabera. Aplikatuko dira kontuan hartuz erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan (laguntzen fitxan dago) entitateak edo enpresak deklaratutako datuak. Datuok bat eginen dute proiektuaren edukiari eransten zaizkionekin, eta hauek izanen dira:

a) Laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuak proiektuak egiten emanen duen ordu kopuru aurreikusia, kontuan izanda gutxienez 40 ordu izan beharko direla: 10 puntu gehienez. 2 puntutik abiatuz, beste bi puntu emanen dira proiektuan aurreikusitako 2 orduko, gehienez ere 10 puntura arte; izan ere, 10 puntu emanen zaizkie 48 orduko edo gehiagoko iraupeneko aurreikuspena duten proiektuei.

b) Berdintasun planaren antzinatasuna. Kontuan hartuko da noiz egin edo berraktibatu zen: 10 puntu gehienez. 2 puntu emanen zaizkie 2015ean egin edo berraktibatu ziren planei eta beste bi puntu urte gehigarri bakoitzeko, 10 puntura arte; izan ere, 10 puntu emanen zaizkie 2019an egin edo berraktibatutako planei.

c) Eginen diren jarduketak eta garatuko den aldia jarduketa bakoitzeko (plangintza, exekuzioa eta jarraipena eta ebaluazioa): 35 puntu gehienez. 1,5 puntu emanen dira jarduketa bakoitzaren aldi bakoitzeko, baina aurreikusten bada 3 aldiak lantzea jarduketa batean, 5 puntu emanen zaizkio jarduketa horri. Irizpidea horrela baloratuko da harik eta 35 puntu lortu arte, irizpide honen gehieneko balorazioa denez gero.

d) Langileen ordezkaritzarekin egindako negoziazioa berdintasun plana egiteko edo berraktibatzeko: 10 puntu. Hamar puntuak lortzeko, entitateak edo enpresak frogatu beharko du egin duen negoziaketa, berdintasun planeko negoziazio batzordearen eraketa-akta aurkeztuz, ez bada Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan (REGCON) aurkeztu berdintasun planarekin batera. Kasu horretan, aski izanen da planaren erregistro kodea adieraztea.

e) Langileen ordezkaritzarekin lortutako akordioa berdintasun plana egiteko edo berraktibatzeko. 10 puntu. Hamar puntuak lortzeko, entitateak edo enpresak frogatu beharko du akordioa lortu dela, ez bada Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan (REGCON) aurkeztu berdintasun planarekin batera. Kasu horretan, aski izanen da planaren erregistro kodea adieraztea.

f) Berdintasun plana Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzea: 5 puntu. 5 puntuak lortzeko, entitateak edo enpresak planaren erregistro kodea zein den adierazi beharko du.

g) Azken 5 urteetan parte hartu izana Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo beste administrazio publiko batzuek berdintasun planak egiteko edo berraktibatzeko deitutako dirulaguntzak jasotzeko prozeduretan: 5 puntu. 5 puntu lortzeko, dirulaguntzaren ordainketa ebazpenaren kopia aurkeztu beharko du entitateak edo enpresak.

h) Eskaera aurkezten den egunean eginda dauden proiektuak edo egiten ari direnak: 15 puntu. 15 puntuak emanen zaizkie eskaera aurkeztean eginda dauden proiektuei, eta 7,5 puntu, berriz, gutxienez %50 eginda daudenei. Hori frogatzeko, eskaerarekin batera erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko da, entitatearen edo enpresaren legezko ordezkaritzak sinatua eta kanpoko aholkularitza teknikoaren edo laguntza zerbitzuaren pertsonak edo ordezkaritzak sinatua.

3. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, c) letran lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, hurrengo letretan lortutakoa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2020ko azaroaren 15a arteko epean, hura barne, justifikatu beharko dute proiektua; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik:

a) Memoria teknikoa, non justifikatzen baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua, bertan ezarritako eraginkortasunaren gaineko adierazleen arabera. Justifikatzeko memoria teknikoaren apartatuek bat egin behar dute dirulaguntza eskatzean aurkeztutako proiektuaren memoria teknikoan direnekin. 3.1.c) oinarriak aipatzen dituen prestakuntza jarduketak egin direla justifikatzeko, emandako prestakuntzari buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, baita horietan izan direnen zerrenda izendunak ere.

b) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Laguntzako eta aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua eman duen enpresak edo profesionalak luzatutako fakturen zerrenda, bakoitza bere zenbakiarekin, eta horiei dagokien ordainagirien zerrendarekin.

–Fakturak eta ordainagiriak, entitate edo enpresa onuradunaren izenean. Fakturak kontzeptutan zehaztuta aurkeztuko dira, diruz lagundu daitezkeen gastuka banatuta (langileen gastuak, adieraziz fakturatutako orduen kopurua, joan-etorrien gastuak eta zabalkundeari dagozkion gastuak). Fakturen BEZa sartu nahi bada, adierazi egin beharko da berariaz, eta frogatu, Ogasuneko Departamentuaren ziurtagiriaren bidez, entitateak ezin duela ez berreskuratu ez konpentsatu aipatu BEZa.

–Laguntzako edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua eman duen autonomoaren fakturan kendu den PFEZa ordaindu dela justifikatzeko, onuradunak Ogasunari aitortu eta ordaindu diola frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

Iragarkiaren kodea: F2005565