134. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

758/2020 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia, suhiltzaile-peoi laguntzailearen lanpostuetan aritzeko.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, suhiltzaile-peoi laguntzailearen lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzuteko.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 42.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraituz onesten da deialdi hau; orobat, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan xedatzen denarekin bat.

Bestalde, urriaren 24ko 1/2018 Foru Lege Dekretuak, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloko neurri batzuk, honako hau xedatzen du 7. artikuluan: “E maila/taldeko lanpostuak D maila/taldean sartuko dira, kategoria berri batean. Hartan hiru lanpostu egonen dira, izen hauekin: zerbitzu orokorrak, zeladoreak eta suhiltzaile-peoi laguntzailea. Horietara sartzeko, orain arteko titulazio baldintza berbera mantenduko da, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 12. artikuluan E maila/taldeko lanpostuetarako ezarritakoa”.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia, suhiltzaile-peoi laguntzailearen lanpostuetan aritzeko, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzute aldera.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO DEIALDIA, SUHILTZAILE-PEOI LAGUNTZAILEAREN LANPOSTUAN ARITZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzea suhiltzaile-peoi laguntzailearen lanpostuetan aritzeko, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskola-ziurtagiria edo horren baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Eginkizun horietan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea eta III. eranskinean baztertuak izateko aipatzen diren egoeretan ez egotea.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek I. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulego guztietan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo horren balio bereko beste agiri baten fotokopia.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, baldin datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman, ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu, aparteko orri batean.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdiko hamalaugarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie deialdian parte hartzen dutenei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskabideen aurkezpena.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabiltzen ahalko da.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bai Nafarroako Gobernuaren iragarki taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña), bai web orrian (www.nafarroa.eus).

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, hura argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

6.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña) eta web orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu, deialdian ezarritako proba teorikoa egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

6.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Elias Arraiza Martiarena jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofiziala.

Ordezko mahaiburua: Oscar Prieto Merchan jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofiziala.

–Batzordekidea: Miguel Leone Sanz jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Ordezko epaimahaikidea: Luis Santafé Barcos jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

–Batzordekidea: Enrique Arizaleta Primo jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Ordezko epaimahaikidea: Daniel Vizcay Goñi jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

–Batzordekidea: Víctor Rubio Martínez jauna, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko mahaikidea: Jon Diez de Ure Eraul jauna, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Mikel Miren Oiaga Artajo jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-sarjentua.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Rosa Jiménez Marqués andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua.

7.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaia modu baliozkoan eratzeko eta jarduteko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zortzigarrena.–Probak.

8.1. Hautapen prozesua honela eginen da:

8.1.1. Proba teorikoa:

Gehienez ere, test motako 50 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Kalifikazio epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Proba honek 40 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak lortutako puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki taulan eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren aipamenean, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, eta alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu, deialdi bakoitzean proba gainditu duten izangaiak adierazita, eta proba fisikoa egiteko deia eginen die.

8.1.2. Proba fisikoa:

4,3 kilometro luze dituen eta 100 metro inguruko desnibel positibo metatua duen ibilbidea egin beharko da, oinez, 40 minutuan gehienez ere, bide asfaltatuetan, mendi bideetan eta bidezidorretan barrena, gizonek 12 kiloko (+/-100 gr) gainkarga duen motxila soinean daramatela, eta, neskek, 10 kilokoa (+/-100 gr).

Proba hori egiteko, izangaiek arropa eta oinetako egokiak ekarriko dituzte, baita mendi-ibiliak egiteko motxila bat ere, zeinak aipatutako gainkarga garraiatzeko edukiera izanen baitu.

Epaimahaiak emanen dio izangai bakoitzari ibilaldian garraiatu beharreko karga.

Ibilaldian zehar izangaiek ezinen dute inolako gailu elektronikorik erabili.

Antolaketa-kontuak direla eta, proba hau egiteko deia egun eta ordu ezberdinetan egiten ahalko da, proba teorikoa gainditzen duten izangaien kopurua kontuan hartuta.

Epaimahaiak proba hori egitera deitutako izangaien zerrenda argitara emanen du, gutxienez ere 48 ordu lehenago, Nafarroako Gobernuaren iragarki taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña) eta web orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren tokia, eguna, ordua eta egin beharreko ibilbidea adierazita. Ibilbidea berbera izanen da izangai guztientzat.

Proba hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute. Bertan berariaz adieraziko dute badituztela aski baldintza fisiko eta osasun baldintza proba egin ahal izateko. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Adierazpena sinatzen ez dutenek edo adierazpena ezin sina dezaketenek proba egiteko eskubidea galduko dute eta prozesutik kanpo geratuko dira, ondorio guztietarako.

Proba honetako kalifikazioa gai/ez gai izanen da, eta gai kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak baztertuta geratuko dira.

Proba fisikoa bukatu ondotik, epaimahaiak argitara emanen ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki taulan eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren aipamenean, lortutako kalifikazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du haiei buruzko alegazioak egiteko.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik eta horiek ebatzi ondotik, kalifikazio epaimahaiak proba fisikoen behin betiko kalifikazioak argitara emanen ditu.

8.2. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Identitatea egiaztatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak kanporaturik geldituko dira.

8.3. Proba komuna, suhiltzaile-gidari laguntzailearen eta suhiltzaile-peoi laguntzailearen deialdietarako.

Suhiltzaile-gidari laguntzailearen eta suhiltzaile-peoi laguntzailearen deialdietan egin beharreko proba fisikoak, arintasun eta eraginkortasunagatik, batera eginen dira proba komun bakarrean, eta bi lanpostuetarako proba fisikoak kalifikatzeko balioko du.

Bederatzigarrena.–Emaitzak.

Aurreko probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du, iragarki taulan eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.nafarroa.eus), proba fisikoa gainditu duten izangaien zerrenda, proba teorikoan lortutako puntuazioaren araberakoa.

Kalifikazio epaimahaiak, izangaien puntuazioetan gertatzen diren berdinketak ebatziko ditu, kalifikazio epaimahaiak berak horretarako eginen duen zozketa baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz ebatziko dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren webgunean eta iragarki taulan jarriko dira jendaurrean.

Hamargarrena.–Trebakuntza ikastaroa.

10.1. Hautapen prozesuaren barruan, trebakuntza ikastaro bat dago, baztergarria: ikastaroan “gai” kalifikazioa lortu beharra dago kontratatzeko moduan egon ahal izateko suhiltzaile-peoi laguntzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrendan. Baztertu eginen dira ez gai kalifikazioa lortzen dutenak.

10.2. Probak gainditzen dituzten izangaiek borondatez parte hartzen ahalko dute trebakuntza ikastaroan. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak eman eta garatuko du ikastaroa, eskolak berak ezartzen duen moduan.

10.3. Bederatzigarren oinarrian ezarritako izapideak eginda, kalifikazio epaimahaiak trebakuntza ikastaroa egitera deitutako izangaien zerrenda argitaratuko du, eta hura zein egunetan hasiko den adieraziko.

Trebakuntza ikastarora deitutako pertsonen kopurua, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan aurreikuspenen arabera behar diren langileen arabera ezarriko da. Trebakuntza ikastarorako deia eginen zaie izangaiei zerrendan lortutako puntuazio ordenari jarraituz, ezertan ukatu gabe batetik, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategineko zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. apartatuan, ezarritakoa, bertan arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak, eta, bestetik, aldi baterako kontratazioaren kudeaketari buruzko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoa.

10.4. Trebakuntza ikastaro hori egitetik salbuetsita daude Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ikastaroa egina eta gainditua duten izangaiak. Ondorio horietarako, epaimahaiak proba gainditu duten izangaien zerrenda bidaliko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, hark trebakuntza ikastaroa gainditua duten izangaien berri eman dezan.

10.5. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroaren emaitzak, honek Nafarroako Gobernuaren web orrian eta iragarki taulan argitara ditzan.

10.6. Aldian behin, geroago, behar diren langileen arabera, beste trebakuntza ikastaro batzuetarako deia eginen zaie izangaiei. Ikastarorako deia 10.3 puntuan adierazitako ordenari jarraituz eginen zaie izangaiei. Prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak baztertu eginen dira suhiltzaile-peoi laguntzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrendetatik.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ofizioz igorriko dio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari gai eta ez-gai kalifikazioa lortu duten izangaien zerrenda, kontratazio zerrendan sartzeko edo bertatik kentzeko.

Hamaikagarrena.–Suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda.

Trebakuntza ikastaroa amaituta, epaimahaiak izangaien zerrendak bidaliko dizkio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, hark onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, trebakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiak eta hori egitetik salbuetsita daudenak adierazita.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori iragarki taulan argitaratuko da (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, Iruña), bai eta web orrian ere (www.nafarroa.eus).

Hamabigarrena.–Deia.

Kanpaina bakoitzaren hasiera baino lehen, Nafarroako Gobernuko iragarki taulan (Karlos III.aren etorbidea 2, Iruña) eta Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eskaintzen diren destinoen eta lanpostuen zerrenda iragarriko da, eta, jendaurreko ekitaldi batean, dei eginen zaie izangaiei.

Lehenbizi, aldizkako lan-kontratudun finkoei eskatuko zaie destinoa aukeratzeko; gero, aldizka lan premia egoten den lanpostuetan aldi baterako kontratu administratiboa sinatua duten langileei deituko zaie, eta, azkenik, bete gabe gelditzen diren lanpostuak eskainiko zaizkie aldi baterako kontrataziorako izangaietatik kontratatzeko moduan daudenei.

Ez zaie inoiz deituko, zerrendan kontratatzeko moduan egon arren, hurrenkerari dagokionez trebakuntza ikastarora deitu ez zaien izangaien atzetik dauden izangaiei.

Araudi indardunari jarraikiz, ez zaie kontrataziorako deituko hemezortzi urtetik beherakoei, lanpostu horiek arrisku berezikotzat hartuak baitaude.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

Hamahirugarrena.–Osasun azterketa.

Kontratua sinatu baino lehen, osasun azterketa bat eginen zaie hautaturiko izangaiei, Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak ezartzen duen moduan, zehazteko ez daudela hautatzen direneko lanpostutik baztertzeko moduko egoeretako bakar batean ere, III. eranskinean jasotakoaren arabera.

Osasun azterketaren emaitzak balioduntzat hartuko dira azterketa egiten den egunetik bi urte igaro arte. Dena dela, Administrazioak osasun azterketa gehiago egin ahalko dizkie izangaiei, nabarmen ikusten bada izangaiaren baldintza fisikoak aldatu direla, epe horretan lanpostua betetzeko gai dela egiaztatzeko.

Hamalaugarrena.–Betebeharrak frogatzea.

Deia jasotzen dutenek eskatutako titulazio betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, eskola-ziurtagiriaren edo horren baliokidearen fotokopia aurkeztu beharko dute, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulu hori lortzeko baldintzak betetzen dituela dioen egiaztagiria.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2020ko martxoaren 9an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Nafarroako antolaketa, baso suteen aurrean.

2. gaia.–Sua.

3. gaia.–Baso suteak: teoria.

4. gaia.–Baso suteak: itzaltzeko estrategiak.

5. gaia.–Baso suteak: itzaltzeko baliabideak.

6. gaia.–Baso suteak: segurtasuna.

7. gaia.–Nafarroako lurraldea: egoera, mugak, hedadura. Eskualde geografikoak. Banaketa politiko-administratiboa.

8. gaia.–Erliebea. Nafarroako erliebearen ezaugarriak. Erliebearen formazioa: hiru Nafarroak. Mendialdea eta Ebroko depresioa.

9. gaia.–Klima. Nafarroako kliman eragiten duten faktoreak. Tenperatuak. Prezipitazioak. Eguraldiari eta klimari lotutako beste alderdi batzuk. Nafarroako klimak.

10. gaia.–Ur kontinentalak. Ur oparotasunetik eskasiara. Bi arro hidrografikotan dauden ibaiak. Urtegiak, ubideak, aintzirak eta lurpeko urak. Nafarroako uren kalitatea.

11. gaia.–Landaredia, lurzoruak eta fauna. Nafarroako biogeografian eragiten duten faktoreak. Zuhaitz basoen hedadura eta banaketa. Jabari biogeografikoak. Ingurumenaren babesa Nafarroan.

12. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko errepideen katalogoa: autobideak, autobiak, bide bikoiztuak, prestazio handiko errepideak, interes orokorreko errepideak eta Foru Komunitatearen intereseko errepideak.

Erreferentzia bibliografikoak:

1.–“Nafarroako baso suteen eskuliburua”. Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratua.

2.–“Nafarroa-Geografia”. Egilea: Javier María Pegenaute. ISBN-13: 978-8423522941.

3.–Nafarroako mapa topografikoa 1:100.000. 2017ko edizioa. Nafarroako Gobernuaren web orrian dago eskura, pdf formatuan.

https://www.navarra.es/appsext/tiendacartografia/seleccion.aspx?idp=5

III. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Begien sistema.

–Urrutiko gutxieneko begi-zorroztasuna zuzendu gabe (begien barreneko lenteak ez dira zuzenketa-lentetzat hartuko): gutxienez 5/10 okerreko begian, eta gutxienez 8/10 onenean.

–Bi begietan ikuseremu normala eduki behar da.

–Diplopiak.

–Nistagmus-a, ondorio funtzionalaren arabera.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Erretinopatiak.

–Afakiak eta pseudoafakiak.

–Edozein patologia edo akats betazaletan, begia aire zabalean babesturik egotea galarazten duena.

–Begien sistemaren prozesu kronikoak, haren eragin funtzionalaren arabera.

–Begien beste edozein gaitz, modu nabarmenean begien zorroztasuna edo gaitasuna apaltzen duena edo lanpostuaren funtsezko eginkizunak segurtasunez egitea galarazten duena.

2.–Entzumen sistema.

–Ez da onartuko audifonorik.

–Hipoakusia, 35 dB-ko edo hortik gorako galera monoaurala ekartzen duena 500, 1000, 2000, 3000 eta 4000 Hz-ko edozein frekuentziatan.

–Bertigoak eta orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

–Beste edozein prozesu otorrinolaringologiko, modu nabarmenean entzuteko zorroztasuna edo gaitasuna apaltzen duena edo lanpostuaren funtsezko eginkizunak segurtasunez egitea galarazten duena.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, hitz-moteltasuna (toteltasuna), eta lanpostuaren funtsezko eginkizunetan ahozko komunikazioa modu nabarmenean galarazten edo oztopatzen duten beste patologia batzuk.

4.–Sistema muskuloeskeletikoa.

–Prozesu artikularrak eta/edo kirurgia artikularren sekuelak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–20 gradutik gorako eskoliosiak eta haurtzaroko kirurgia zuzentzailea izan dutenak.

–Zifosiak, 45º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Ekintza inbaditzaileen ondorioak bizkarrezurrean: blokeoak/kirurgia, huts egindako bizkarraren sindromea, ondorio funtzionalen arabera.

–Espondiloartropatia inflamatorioak.

–Artritis erreumatoidea.

–Paget-en eritasuna, ondorio funtzionalak dituena.

–Min erregional konplexuaren sindromearen ondorioak.

–Fibromialgia/neke kronikoaren sindromea.

–Galera eta/edo deformazio anatomikoak edo goiko nahiz beheko gorputz adarretako edozein muga, ondorio funtzionalen arabera.

–Goiko nahiz beheko gorputz adarretako herniak, ondorio funtzionalen arabera.

–Lokadura errepikatuak sorbaldan edo belaunean, desoreka kronikoa ekartzen dutenean.

5.–Digestio sistema.

–Hesteetako gaixotasun inflamatorio kronikoak: Crohn-en eritasuna, kolitis ultzeraduna, etab.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gutxiegitasun hepatikoa.

–Zirrosiak eta zirrosi aurreko egoerak.

–Pankreatitis kronikoa.

–Pankreako fibrosi kistikoa.

–Wilson-en gaixotasuna.

–Hepatopatia alkoholikoak, maila guztietan.

–Ondorio entzimatiko nabarmenak dituzten beste hepatopatia batzuk eta hipertransaminasemia idiopatikoak, balio arrunta halako hiru edo gehiago dutenak.

–Sindrome diarreiko kronikoak.

–Hesteetako buxadura.

–Zöllinger Ellison-en sindromea edo digestioaren lesio neuroendokrinoak.

–Esplenektomia.

–Abdomen paretako herniak, ondorio funtzionalen arabera.

–Erresekzioak eta digestio hodiko beste kirurgia batzuk, ondorio funtzionalen arabera.

–Errefluxu gastroesofagiko sintomatikoa (asma, arnas infekzioen errekurrentzia, min kronikoa eta ultzera kronikoak).

6.–Kardiologia.

–Edozein mailatako bihotz gutxiegitasuna.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazioaren egoerak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, lehen mailako aurikula-bentrikuluaren blokeoa, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarreko hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak, protesi balbularrak barne.

–Estenosi subaortiko hipertrofiko idiopatikoa.

–Miokardiopatiak.

–Sinkope errepikaria, etiologia edozein delarik ere.

–Perikarditis kronikoak, endokarditisa eta miokarditisa.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Desfibriladorea edo taupada-markagailua izatea txertaturik.

–Sortzetiko kardiopatiak, ondorio funtzionalen arabera.

7.–Sistema baskularra.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Aneurisma aortikoak, toraziko abdominalak eta/edo beste odol-hodi handi batzuetakoak.

–Estenosi karotidea, %50ekoa edo handiagoa.

–Raynaud-en fenomenoa, lehen eta/edo bigarren mailakoa.

–Zainetako gutxiegitasuna, ondorio funtzionalen arabera.

–Linfedema kronikoa, lehen mailakoa eta/edo bigarren mailakoa.

–Arterietako hipertentsioa.

–Arterietako hipotentsioa.

–Operatutako patologia baskularra, ondorio funtzionalen arabera.

–Aortako eta odol-hodi handietako lesioak, sortzetikoak izan edo bereganatuak.

8.–Arnas sistema.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak:

–BGBK (buxadurazko bronkitis kronikoa, enfisema); asma eta/edo bronkioetako hipererreaktibotasuna; bronkiektasia; edo FEV1/FVC < %0,75 eta/edo FVC < %0,80 gisako arnas patroia.

–Hipoxemia-O2ren asetasun basala < %90.

–Pleurako isuri errepikaria.

–Pneumotorax berezkoa eta/edo errepikaria.

–Arnas sistemako kirurgiaren ondorioak, ondorio funtzionalen arabera.

–Diafragmaren anomaliak eta/edo horma torazikoaren deformazioak, ondorio funtzionalen arabera.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Loaldiko apnearen sindromea eta/edo hipobentilazio zentrala.

–Biriketako tronboenblismoa eta biriketako malformazio baskularrak.

9.–Nerbio sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Siringomielia, sintomatologia badu edo eginkizunetan eragina badu.

–Hidrozefalia.

–Muskulu-distrofiak eta bestelako miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Nerbio-sistema periferikoaren gaixotasunak, ondorio funtzionalen arabera.

–Anosmia.

–Loaren nahasmenduak, jatorria arnas aparatuan ez dutenak, ondorio funtzionalen arabera.

10.–Psikiatria.

–Nahasmendu mental organikoak, alde batera utzita prozesu automugatuak eta itzulgarriak edo arintze egoeran daudenak.

–Substantzia psikotropikoen eta alkoholaren kontsumoaren ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak. Substantzia psikotropikoen kontsumoa atzemateko probetan, edozein emaitza positibok bazterketa ekarriko du.

–Eskizofrenia, nahasmendu eskizotipikoa eta ideien delirio-nahasmendua.

–Aldartearen nahasmenduak (afektiboak), ondorio funtzionalen arabera.

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio funtzionalen arabera.

–Nahasmendu neurotikoak.

–Ohituren nahasmendua eta bulkadak kontrolatzekoa, ondorio funtzionalen arabera.

–Nortasunaren nahasmendua eta portaerarena, ondorio funtzionalen arabera.

11.–Sistema genitourinarioa.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna.

–Giltzurrun-polikistosia.

–Endometriosia, ondorio funtzionalen arabera.

12.–Sistema endokrinologikoa.

–Guruin endokrinoen eritasun metaboliko oro, baldin eta zerbitzuari dagozkion eginkizunak betetzeko mugak, ezintasuna edo pronostiko kaltegarria badakar.

–Ordezko terapia jarraitua behar duten eritasun endokrinometabolikoak.

–Bestelako eritasun endokrinometabolikoak, pronostikatzeko moduko alterazio morfologiko edo funtzionalak sortzen dituztenak, edo zerbitzuari dagozkion eginkizunak osotara betetzea mugatzen edo eragozten dutenak, edo lanbide jarduerak berak dituen eskakizun operatiboek larriagotzen ahal dituztenak.

–Hipotalamoa-hipofisia ardatzaren nahasmenduak, hipertiroidismoa edo hipotiroidismoa, gaixotasun adrenalak, adenomatosi endokrino anizkoitza, hiperparatiroidismoa eta hipoparatiroidismoa, horiek guztiak ondorio funtzionalen arabera.

–Kontrolatu gabeko nahasmendu metabolikoak, ondorio funtzionalen arabera.

13.–Dermatologia.

–Orbainak, mentaketak eta beste gaitz dermatologiko batzuk, haien zabalera, ondorio funtzionalak eta/edo kokapena direla-eta lanpostuari dagozkion lanak egitea edo norbera babesteko ekipamendua erabiltzea oztopatzen dutenean.

14.–Hematologia.

–Muineko aplasia idiopatikoa eta gaueko hemoglobinuria paroxistikoa.

–Anemia hemolitiko kronikoak.

–Drepanozitosia (zelula faltziformeen anemia).

–Hemoglobina < 10 g/dL duten anemiak.

–Tronbopeniak, ondorio funtzionalen arabera (ez dira onartuko, inola ere ez, 100.000 plaketatik beherako zenbatekoak).

–Hemofiliak eta koagulazioaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Koagulazioaren kontrako tratamendua.

15.–Neoplasiak.

–Tumoreak eta gaixotasun gaiztoak, diagnosi berrikoak edo egun tratatzen ari direnak.

–Gaixotasun neoplasikoen aurrekariak ebaluatzeko, egungo egoera fisikoari, patologiaren pronostikoari eta ondorio funtzionalei erreparatuko zaie.

16.–Gaixotasun sistemikoak eta beste batzuk.

–Kolagenoaren gaixotasunak: amiloidosia, kolagenosia, lupus eritematoso sistemikoa, Sjögren-en sindromea, esklerodermia, baskulitisa eta beste batzuk.

17.–Azalpen orokorrak.

–Tumore onberak, edonon daudela ere, ondorio funtzionalen arabera.

–Edozein organoren transplantea.

–Obesitatea (GMI > 30 eta abdomenaren perimetroa 102 cm-tik gora gizonen artean eta 88 cm-tik gora emakumeen artean).

–Muturreko mehetasuna (GMI < 20).

–Edozein patologia eta/edo deformazio, lanpostuari dagokion norbera babesteko ekipamendua edo ohiko ekipamendua behar bezala erabiltzea galarazten duena.

–Beste edozein patologia, sekuela edo ezaugarri somatiko, edozein aparatutan edo sistematan, baldin ondorio funtzionalak direla-eta galarazten edo modu nabarmenean oztopatzen badu lanpostuaren eginkizunak egitea, edo horretan arituta larriagotzen ahal bada.

–Edonola ere, osasun azterketan, ez da eduki behar gidabaimena ukatzeko arrazoia izan daitekeen gaixotasunik edo urritasunik (2. taldea), Gidarien Erregelamendu Orokorraren IV. eranskinak (Beharrezko gaitasun psikofisikoak gidabaimena eskuratzeko edo haren indarraldia luzatzeko) egun duen idazketaren arabera.

–Ibilgailuak ez gidatzea edota makineria edo erreminta arriskutsuak ez erabiltzea aholkatzen duten edo lanpostuari dagozkion zereginak gauzatzeko gaitasunari nabarmen eragiten dioten botikak edo bestelako substantziak kontsumitzea.

Iragarkiaren kodea: F2004575