13. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

340/2019 FORU DEKRETUA, abenduaren 27koa, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretua aldatzen duena. Haren bidez ezarri zen Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea.

ZIOEN AZALPENA

Gizarteratze eta laneratze enpresak tipologia berezi bat dira izaera sozialeko enpresen barrenean, eta helburu dute gizarte-bazterketa egoeran edo horren arriskuan dauden pertsonak gizartean eta lanean txertatzea, gero enpresa arruntetan edo autoenpleguko proiektuetan sar daitezen.

Legezko esparru komunari egokitu beharrez, 130/1999 Foru Dekretua indarrik gabe utzi zen, eta urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretua onetsi zen gero. Haren bidez ezarri zen Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea.

Hiru urte geroago, Nafarroako gizarteratze eta laneratze zentroak gizarteratze eta laneratze enpresa bilakatu dira, eta baliabide hobeezina dira lanean hasteko zailtasun bereziak dituzten pertsonak lan-merkatuan sar daitezen lortzeko.

Orain, asmoa da gizarteratze eta laneratze enpresen zeregina are gehiago finkatzea, Nafarroan enpresa berriak sortzea erraztea eta enpresa horietan lanean ari diren eta gizarteratze prozesu batean dauden pertsonei laguntza tekniko nahikoa ematea.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren arabera eta Nafarroako Gobernuak 2019ko abenduaren 27ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretua aldatzea. Haren bidez, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea ezarri zen.

Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretua, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea ezartzen duena, honela geldituko da:

Lehenbizikoa.–3. artikulua aldatzen da, eta testua honela geldituko da:

“3. artikulua. Gizarteratze eta laneratze enpresek bete beharreko beharkizunak.

Gizarteratze eta laneratze enpresek, 2. artikuluan xedatutakoa betetzeaz gain, beharkizun hauek beharko dituzte bete:

a) Hurrengo artikuluan aipatzen diren entitate sustatzaileetako batek edo gehiagok bultzatuak izan. Parte-hartze hori, gutxienez ere, kapital sozialaren %51koa izanen da merkataritza-sozietateak badira, edo indarra duen legeriak parte-hartze horretarako gehieneko muga gisa ezartzen duenarena, sozietate kooperatiboak edo lan-sozietateak badira.

b) Haien forma juridikoari dagokion erregistroan eta foru dekretu honen bidez sortzen den Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroan inskribatuta egotea.

c) Behin-behineko kalifikazioa lortzen dutenetik, gutxienez langileen %30 izatea gizarteratze eta laneratze prozesuan urtean, jardueraren lehen hiru urteetan, eta plantilla osoaren %50, gutxienez ere, laugarren urtetik aurrera; haien kopurua ez da inoiz bi baino txikiagoa izanen.

d) Haien helburu sozial ez diren jarduerak ez egitea.

e) Ekitaldi bakoitzean prest dauden edo lortu diren emaitza edo soberakinen %80, gutxienez ere, aplikatzea produkzio eta gizarteratze eta laneratze egiturak hobetzeko edo handitzeko. Enpresaren urteko kontuak edo kontabilitate liburu ofizialak aztertuta egiaztatuko da beharkizun hori betetzen ote den.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, urtero, gizarteratze eta laneratze enpresaren jarduerari buruzko memoria aurkeztea, gutxienez honako hauek jasoko dituena: egindako jarduerak, plantillaren osaera, egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, gizarteratzen eta laneratzen betetako zereginei buruzko informazioa eta zer txertatze maila izan den lan-merkatu arruntean, eta hurrengo urterako aurreikuspenak eta aurrekontua. Halaber, alta hartu duten langileak txertatzeko kontratuekin zerikusia duten akordioak zenbateraino gauzatu diren azaltzen duen txosten bat.

g) Gizarteratze eta laneratze prozesuen parte, gizarte-bazterketa egoeran edo horren arriskuan direnei prozesu integratu eta pertsonalizatuak eskaintzea; hau da, ordaindutako lan jardueraren bat, lanbide prestakuntza egokia eta esku-hartzea edo lagun egitea, gero lanean txerta daitezen merkatu arruntean. Beharkizun hau betetzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak izan beharko dituzte. Ondorio horietarako, haietako bakoitzarekin gizarteratze eta laneratze akordio bat sinatuko da, foru dekretu honen 18. artikuluan adierazitako moduan, eta horren kopia aurkeztuko da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan.

h) Haien kalifikazioan eragina duten estatutu aldaketen berri ematea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kasuan kasuko erregistroan inskribatu ondoan. Hilabete izanen dute horretarako, aldaketak egiten direnetik hasita”.

Bigarrena.–5. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“5. artikulua. Langileek bete beharreko beharkizunak.

1. 3. artikuluan ezarritako portzentajea betetzearen ondorioetarako, gizarteratze eta laneratze enpresetako langileek estatuko araudian ezarritako kolektiboren batekoak beharko dute izan, eta enpresan alta hartzen duten egunean gizarte-bazterketa egoeran egon beharko dute, baita langabezian eta enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentziaren batean.

2. Gizarte-bazterketa egoera frogatzeko, enpresak irizpena eskatu beharko dio gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari.

3. Langileak gizarteratze eta laneratze prozesuan daudela joko da frogatzen bada aurreko apartatuetan eskatzen diren beharkizunak betetzen direla, eta gutxienez ere 6 hilabeteko kontratu bat izenpetzen bada, gutxienez %50eko lanaldia betetzeko; hori guztia, langile horiek kontratatzeagatik dirulaguntza bat jaso nahiz ez jaso. Halaber, langileek eta enpresak gizarteratze eta laneratze akordio bat sinatu behar dute haiek kontratatu ondoko hilabetearen barnean”.

Hirugarrena.–6. artikuluko 3. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“3. Enpresa interesdunak eskaera egin ondoan, behin-behineko kalifikazioa emanen da. Horretarako, enpresak frogatu beharko du betetzen dituela 3. artikuluko a), b), d) eta g) letretan ezarritako beharkizunak.

Halaber, enpresa interesdunak eskaera egin ondoan emanen da behin betiko kalifikazioa. Horretarako, enpresak frogatu beharko du betetzen dituela 3. artikuluko c), e) eta f) letretan ezarritako beharkizunak. Behin-behineko kalifikazioa ematen denetik urtebete iragandakoan egin beharko da eskaera hori”.

Laugarrena.–7. artikuluko 2. eta 3. apartatuak aldatzen dira, eta 4. apartatu bat eransten da. Honela idatzita geldituko dira:

“2. Behin-behineko kalifikazioa emateko eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Behin-behineko kalifikazioa emateko eskaera, eredu ofizialaren araberakoa.

b) Eraketaren eskritura eta sozietatearen estatutuak.

c) Entitate sustatzaile(ar)en estatutuak.

d) Ordezkaritzaren frogagiria.

e) Enpresak egindako jarduerari buruzko memoria, egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, haren bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa eta finantzarioa frogatzeko.

f) Berariazko memoria, kalifikazioa eskatu eta hurrengo urterako aurreikusi diren gizarteratze eta laneratze lanei buruzkoa, frogatzen duena enpresak gizarteratze eta laneratze ibilbideen ondoriozko konpromisoak betetzeko behar diren baliabideak dituela.

g) Plantilla osoko izenen zerrenda, gizarteratze eta laneratze prozesuetan dauden langileak zehaztuta.

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu sozialetik kanpoko bestelako jarduera ekonomikorik egiten ez dela dioena.

3. Behin betiko kalifikazioa emateko eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Behin betiko eskaera emateko eskaera, eredu ofizialaren araberakoa.

b) Honako hauek zehazten dituen berariazko memoria: egindako txertatze lanak eta zenbateraino lortu den lan-merkatu arruntean txertatzea.

c) Plantilla osoko izenen zerrenda, gizarteratze eta laneratze prozesuetan dauden langileak zehaztuta.

d) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu sozialetik kanpoko bestelako jarduera ekonomikorik egiten ez dela dioena.

e) Behin-behineko kalifikazioa eman zitzaionetik enpresak egin duen jarduerari buruzko memoria, egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, frogatzeko behin-behineko kalifikazioan lortutako emaitzen edo soberakinen %80 erabiltzen direla, gutxienez, ekoizpen egiturak eta gizarteratze eta laneratzeko helburua dutenak hobetzeko edo handitzeko.

4. Aurkezten den dokumentazioa osatugabea bada edo zuzentzeko moduko akatsak baditu, errekerimendua eginen zaio interesdunari 10 egun balioduneko epean akatsa zuzendu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan; ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela, administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian xedatutakoarekin bat, horretarako ebazpena eman ondoren”.

Bosgarrena.–8. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“8. artikulua. Kalifikazio prozeduraren antolamendua.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik gizarte-bazterketa egoeran edo horren arriskuan dauden giza taldeak gizarteratzearen arloan eskumena duen zerbitzua izanen da kalifikazio prozedura antolatu eta instruituko duen organo eskuduna”.

Seigarrena.–9. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“9. artikulua. Kalifikazioaren ebazpena.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak ebatziko du kalifikazio prozedura, behin egiaztaturik betetzen direla foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak.

2. Ebazpenak 3 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko dira, eskaera organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori iraganik prozeduraren ebazpena jakinarazi gabe, kalifikazio eskaera baietsitzat jotzen ahalko da”.

Zazpigarrena.–10. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“2. Inskribatuta dagoen gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzaren datu hauek jasoko dira erregistroan:

a) Esleitzen zaion erregistro zenbakia.

b) Gizarteratze eta laneratze enpresaren izena, haren forma juridikoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta harremanetako datuak.

c) Egoitza soziala.

d) Nafarroan d(it)uen lantoki(ar)en helbidea.

e) Entitate sustatzailea(k).

f) Helburu soziala.

g) Jarduera ekonomikoaren sektorea eta Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionaleko kodea.

h) Kapital soziala, bazkide bakoitzaren partaidetza adierazita.

i) Behin-behineko eta behin betiko kalifikazioen gaineko ebazpenen datak.

j) Gizarteratze eta laneratze prozesuan diren langileen kopurua eta Nafarroan finkatuta dauden lantokietako plantillaren guztirakoa.

Zortzigarrena.–12. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“12. artikulua. Erregistroan sartzeko eskubidea eta datu pertsonalen babesa.

1. Herritarrak Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroko datuetan sartzen ahalko dira, administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian xedatutakoari jarraituz.

2. Honako hauetan ezarritakoarekin bat eginen da erregistro horretako datu pertsonalen tratamendua: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 26ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatzekoa den gainontzeko araudian”.

Bederatzigarrena.–15. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik gizarte-bazterketa egoeran edo horren arriskuan dauden giza taldeak gizarteratzearen arloan eskumena duen zerbitzua izanen da deskalifikazio prozedura antolatu eta instruituko duen organo eskuduna”.

Hamargarrena.–17. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“17. artikulua. Laguntzak lortzeko beharkizunak.

Gizarteratze eta laneratze enpresak, behin-behineko kalifikazioa jasotzen dutenetik, kapitulu honetan ezarritako laguntzen araubidean sartzen ahalko dira, baldin eta laguntza mota bakoitzerako adierazitako berariazko beharkizunak betetzen badituzte. Hala ere, ez badute behin betiko kalifikazioa lortzen horretarako ezarritako epean, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak itzultzeko errekerimendua eginen zaie”.

Hamaikagarrena.–18. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“1. Enpresa behartua egonen da langileari kontratuaren xederako egokiak diren prestakuntza eta benetako lana ematera, bai eta esku hartzera, lagun egitera eta beharrezko bitarteko eta baliabideak jartzera ere, langilea gauza izan dadin egokiak diren gizarte ohiturak eta lanekoak bereganatzeko, gero lan munduan sartzeko.

Ondorio horietarako, gizarteratze eta laneratze akordio bat prestatu beharko du 5. artikuluan adierazitako langile bakoitzeko, kontrataziotik hilabeteko epean; hartan, esku hartzeko eta lagun egiteko beharrezkoak diren neurriak zehaztu beharko dira, gero lan munduan sar dadin. Kontratatutako pertsonak eta esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko laguntzako teknikariek sinatu beharko dute akordio hori; bertan, lortu beharreko helburuak definituko dira, zeinak urtero eta langilearen kontratazio aldia bukatutakoan ebaluatuko baitira. Gainera, enpresak gorde beharko du proposaturiko helburuak betetzera begira gauzatutako jarduketak frogatzen dituen dokumentazioa”.

Hamabigarrena.–19. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“19. artikulua. Laguntzako teknikarien kontratazioa gizarteratze eta laneratze enpresetan.

1. Enpresek laguntzako teknikari kopuru jakin bat izan beharko dute gutxienez, hurrengo artikuluan adierazitako gisan.

2. Aurrerantzean kontratatzen diren laguntzako teknikariek lanpostu bakoitzeko lanak egiteko behar diren jarreren eta gaitasunen jabe beharko dute izan. Horretarako, esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko laguntzako teknikariek, gutxienez ere, erdi mailako unibertsitateko titulua izan beharko dute, hezkuntza, pedagogia, psikosoziologia, terapia eta gizarteratze eta laneratze eremuekin zerikusia duena, edo urtebeteko esperientzia eduki beharko dute arlo sozial horietan.

Gainerako teknikariek, gutxienez ere, enpresaren jarduerarekin zerikusia duen erdi edo goi mailako Lanbide Heziketako titulua izan beharko dute, edo gutxienez urtebeteko esperientzia frogatu lagun egiteko eskatzen zaizkien jardueretan”.

Hamahirugarrena.–20. artikuluko 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

“1. Gizarteratze eta laneratze egoeran zenbat langile dauden, horren araberakoa izanen da gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzean gutxienez izan behar diren teknikarien kopurua, foru dekretu honen 25.2 artikuluko taulan ezarri gisan, eta gutxienez teknikari bat esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko lanetan arituko da. Lau teknikari edo gehiago edukitzeko beharra badago, horietatik bi, gutxienez, esku-hartze, gizarteratze eta laneratze arloko neurriak garatzen arituko dira; sei teknikari edo gehiago edukitzeko beharra badago, horietatik hiru arituko dira zeregin horietan. Hortik aurrera, teknikari kopuruaren araberako proportzio hori errespetatu beharko da.

2. Esku-hartzeko, gizarteratzeko eta laneratzeko teknikariek eginkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Foru dekretu honen 5. artikuluan adierazitako kontratudun bakoitzaren gizarteratze eta laneratze akordioa prestatzea, langilearekin adostuta, eta lagun egiteko teknikariarekin, oinarrizko laguntzako edo laguntza espezializatuko gizarte zerbitzuekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera, beharrezkoa denean.

b) Lan orientazioko zereginak betetzea.

c) Enpresen prospekzioa egitea, enpresako langileak lanean txertatzeko.

d) Gizarteratze eta laneratze enpresako langileen eta haiek kontratatzen ahal dituzten enpresen arteko lan bitartekaritza.

e) Gizarteratze eta laneratze akordioa betetzen ote den jarraipena egitea eta berriro formulatzea, adierazitako helburuak beteko ez balira.

f) Haien jarduerak koordinatzea gizarte zerbitzuekin, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta lagun egiteko teknikariekin, zein den kasua”.

Hamalaugarrena.–21. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“21. artikulua. Gizarteratze eta laneratze arloko betebeharrak.

1. Gizarteratze eta laneratze enpresek txertatze prozesuetan dituzten langileen %10, gutxienez ere, enpresa arruntetan sartzea lortu beharko dute urtean; bestela, txertatze lan horretan ahalegindu dela frogatu beharko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Bi urtez jarraian ez bada betetzen aipatu txertatze hori edo horretan aritu izana frogatu beharra, dirulaguntza jasotzeko beharkizunak bete ez direla joko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emanen duen ebazpen baten bidez deklaratuko da emandako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea galdu dela ez-betetzearen ondoko hamabi hilabeteetarako.

2. Lanean txertatzea, aurreko puntuan aurreikusitakoa, lortzen ez den kasuetarako, txertatze lanaren nahiko froga izanen da, urteko memoriarekin batera, honako hau aurkeztea: urtebetean gutxienez hiru enpresa-prospekzio egin direla frogatzen duen dokumentazioa”.

Hamabosgarrena.–23. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“23. artikulua. Dirulaguntza, soldatengatik eta Gizarte Segurantzako enpresa kuotengatik.

1. Gizarteratze eta laneratze enpresetako langileen soldatengatik ematen diren dirulaguntzetan portzentaje hauek aplikatuko dira:

a) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 diruz lagunduko da, benetan egindako lanaldiaren proportzioan, 5.1 artikuluan aurreikusitako langileentzat.

b) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50 diruz lagunduko da, langileak egindako lanaldiaren proportzioan, laugarren egunetik hamabosgarren egunera bitarte, biak barne, gaixotasun arruntaren edo lanez kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatik baja ematen denean.

2. Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren %100 diruz lagunduko da, lan istripuena eta laneko gaixotasunarena barne, eta lanbide arteko gutxieneko soldatari dagozkion baterako diru-bilketaren kuotena, kontratuaren indarraldian, lanaldiaren proportzioan.

3. Aipatutako dirulaguntzak jasotzeko, lan kontratuaren eranskin batean nahitaez jaso beharko da zer betebehar hartzen dituzten alderdiek gizarteratze eta laneratze ibilbide pertsonala garatzeko, eta zer neurri zehatz hartu behar diren. Kontratua gutxienez sei hilabeterako izanen da, lanaldiaren %50 edo gehiago betetzeko.

4. Kontratudun bakoitzeko gehienez ere hiru urtez emanen da dirulaguntza, zein den ere langile hori kontratatzen duen gizarteratze eta laneratze enpresa”.

Hamaseigarrena.–Kendu egiten da 24. artikulua.

Hamazazpigarrena.–25. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“25. artikulua. Laguntza teknikorako dirulaguntza.

1. Dirulaguntza 24.000 eurokoa izanen da, gutxienez ere, lanaldi osoko teknikari bakoitzeko, edo horren parekoa, teknikariaren lanaldiaren proportzioan, soldataren eta Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

2. Gizarteratze eta laneratze enpresei dirulaguntza ematen ahalko zaie teknikariak kontratatzeagatik, taula honetan adierazitako baldintzei jarraikiz:

GIZARTERATZE ETA LANERATZE PROZESUAN DIREN LANGILEEN
LANPOSTU KOPURUA

3.000 EURO LANPOSTU BAKOITZARENGATIK,
LAUGARRENETIK AURRERA

DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA

TEKNIKARI KOPURUARI ETA LANALDIARI DAGOZKIEN BETEBEHARRAK

2

12.000 euro

Teknikari bat, lanaldi honekin:

%50,00

3

12.000 euro

%50,00

4

12.000 euro

%50,00

5

15.000 euro

Teknikari bat, lanaldi honekin:

%62,50

6

18.000 euro

%75,00

7

21.000 euro

%87,50

8

24.000 euro

Teknikari bat lanaldi osoan eta beste bat lanaldi honekin:

9

27.000 euro

%12,50

10

30.000 euro

%25,00

11

33.000 euro

%37,50

12

36.000 euro

%50,00

13

39.000 euro

%62,50

14

42.000 euro

%75,00

15

45.000 euro

%87,50

16

48.000 euro

2 teknikari lanaldi osoan eta beste bat lanaldi honekin:

17

51.000 euro

%12,50

18

54.000 euro

%25,00

19

57.000 euro

%37,50

20

60.000 euro

%50,00

21

63.000 euro

%62,50

22

66.000 euro

%75,00

23

69.000 euro

%87,50

3. 23 langile edo gehiago badaude gizarteratze eta laneratze prozesuan, jarduera profesionalarekin eta dirulaguntzaren zenbatekoarekin proportzioan ezarriko da teknikarien plantilla, aurreko irizpideekin bat.

4. Dirulaguntza hau arautzeko oinarrietan, aurrekoaz gain, dirulaguntza gehigarri bat ezarriko da, lortu diren txertatze kopuruen araberakoa”.

Hemezortzigarrena.–26. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“26. artikulua. Inbertsioetarako dirulaguntza.

Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresei dirulaguntzak emanen zaizkie, inbertsioak egin ditzaten, horiei esker beren lehiakortasuna indartzeko eta beren lan jarduera eta enplegu-sorkuntza faboratzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Laguntzen erregulazioa.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, gehienez ere, egokituko dira hartan aurreikusitako laguntzak arautzen dituzten oinarriak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzailea.–Indargabetzen diren xedapenak.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentuko titularrari, foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abenduaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F1916763