126. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRION

Ordenantza, Larriongo Kontzejuan Urederraren ibai bazterren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Hasierako onespenaren erabakia jendaurrean egon zen 2019ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 5ekoan, argitaratuta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan ezarritakoarekin bat. Haren aurkako alegazio bat aurkeztu zen, eta Larriongo Kontzejuak, 2019ko abuztuaren 29an egin osoko bilkuran, hura baietsi eta ordenantzaren behin betiko testuari gehitu zion, ordenantza behin betiko onestearekin batera. Horrenbestez, aipatu Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c artikuluan xedatuari jarraikiz, bidezkoa da ordenantzaren testua osorik argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Larrionen, 2020ko maiatzaren 28an.–Kontzejuko burua, Idoia Yanci San Martín.

LARRIONGO KONTZEJUAN UREDERRAREN IBAI BAZTERREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea bainurako eremuak erabiltzeko udaldian, ekainetik urrira, biak barne.

2. artikulua. Kontzejuari dagokio bainurako eremu gisa erabilitako lurzati horiek zaintzea eta mantentzea, eta beharrezkoa da arautzea nola erabili.

3. artikulua. Betebeharrak.

Urederraren ibai bazterretako bainurako eremua Larrionen erabiltzen dutenek honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartzeko eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan.

b) Espresuki debekaturik dago laborantzako lursailak eta bideak hartzea, ibilgailu baimendunek izan ezik.

c) Landatutako zuhaitzak errespetatu behar dira.

d) Debekaturik dago kanpatzea eta gaua igarotzea. Halaber, debekaturik dago ibilgailuak aparkatzea 12 ordutik gorako epeetan, Larrionen egoitza dutenek eta erroldatuek izan ezik.

e) Ingurua errespetatu behar dute eta sortutako zaborrak horretarako diren eremuetan utzi.

f) Zakurrak ezin dira aske ibili, beti uhalarekin eta adinez nagusia den baten ardurapean ibiliko dira. Gainera, arraza arriskutsukoak badira, muturrekoa paratua izan behar dute. Zakurren arduradunek haien gorotzak bildu beharko dituzte.

g) Debekaturik dago sua, sutzarrak edo barbakoak piztea, uztondoak eta zuhaitzak hurbil baitaude.

h) Ibaiko uretan debekaturik daude ibilgailu motordunak.

i) Larriongo Kontzejuak agintzen dituen jarraibide guztiak errespetatu behar dituzte.

4. artikulua. Landabideak ixtea.

Aurreko artikuluan ezarritako beharkizunak betetzen direla bermatzeko, Urederra ibaira iristeko landabideak itxita egonen dira trafikorako udaldian, ekainaren 1etik urriaren 1era bitarte. Horretarako, dagozkion seinaleak jarriko dira.

5. artikulua. Seinaleztapena.

Larriongo Kontzejuko batzarrak aginduko du kasu bakoitzean beharrezkoak diren trafikoko seinaleak eta bestelakoak ezartzea, kentzea eta ordeztea.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek dabiltzan bideetan aurkitzen dituzten erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

6. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da.

Kontzejuak ematen dituen beste jarraibide batzuk ez betetzeak ere arau-haustea ekarriko du.

Arau-hausteak isunarekin zehatuko dira, baina hura ez da izanen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezartzen dena (150 euro) baino handiagoa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzeak honako hauek ekarriko ditu: alegazioak aurkezteari uko egitea eta berariazko ebazpenik eman behar ez izatea prozedura bukatzeko. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

7. artikulua. Kalte-ordainak.

Bainurako eta aparkalekurako eremuetan kalteak izaten badira, horiek egin dituztenen kargura konponduko dira. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

8. artikulua. Isunak ordaintzea.

Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Larriongo Kontzejuak ez du izanen erantzukizunik aparkatzeko eremuan uzten diren ibilgailuetan gerta daitezkeen lapurreta, basakeria edo hondaketengatik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Iragarkiaren kodea: L2005266