125. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

309E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Buztintxuriko hiri-jarduketarako plan bereziari buruz (23C eta 24C lurztiak). Geslur XXI SL da sustatzailea.

2019ko ekainaren 20an, hiri-jarduketarako plan bereziaren ingurumen agiri estrategikoko irismeneko txostena egin zen; hartan, konfort akustikoa eta lurzoruen analisia izan ziren punturik aipagarrienak ingurumenaren aldetik.

2020ko otsailaren 7an, eskaera bat aurkeztu zen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko, eta, dokumentazioa aztertu ondoan, 2020ko otsailaren 13ko txostenean adierazi zen ezen, ingurumen tramitazioa hasteko, beharrezkoa zela ingurumen agiri estrategikoa. 2020ko otsailaren 24an zuzendu zen dokumentazioa, ingurumen agiri estrategikoa aurkeztuta.

Hiri-jarduketarako plan berezia Buztintxuri-Euntzetxiki-Santa Engrazia eremuko Plan Partzialari dagokio, eta 23C eta 24Cko lurzatietakoa da haren jarduketa esparrua, Buztintxuri auzoan, Artikaberriko hiri bilbeari jarraituz. Hiri-jarduketarako plan bereziak helburu du plan partzialaren determinazioak garatzea, eta aldaketa bat proposatzen du 24C lurzatiaren erabileran; izan ere, merkataritzako erabileratik bizitegi-erabilerara pasatzen da. 23C lurzatian, berriz, merkataritzako erabilerari eusten zaio.

Eremuak hiru hektareako azalera du, katastroko 7. poligonoko 1314. eta 1616. lurzatiei dagokiena (hiri-lurzoru finkatugabea). Eremuaren ezaugarriak ikusita, hiri-jarduketarako plan bereziak ez du ingurumen-inpaktu nabarmenik sortzen, hiri eremua baita, lurzoru artifizializatua duena, non ez baita intereseko baliorik hautematen ingurumenaren aldetik. Kontuan izanik nolakoak diren lurzati horietan kokatuta dauden industria instalazio zaharrak eta zein diren oraingo baldintza akustikoak, aztertu da zein diren arriskuak eta ea bateragarriak diren proposatutako erabilera berriekin.

Iruñerriko hiri-aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoko informazio akustikoaren arabera (3. fasea), hiri-jarduketarako plan berezian aurreikusitako erabilera berriek betetzen dituzte kalitate akustikoaren helburuak, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritakoak, zeinak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen baitu, zonifikazio akustikoari, kalitate akustikoaren helburuei eta isurketa akustikoei dagokienez. Dena dela, Iruñerriko hiri-aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoko (3. fasea) lurralde eremuak barnean hartzen dituen eremu akustikoetako mugaketa eguneratzen duen maiatzaren 27ko 296E/2019 Ebazpenaren bidez onetsitako zonifikazio akustikoari dagokionez, hiri-jarduketarako plan bereziak aldaketa bat dakar, industriako eremu akustikotik bizitegi-eremura pasatzen baita 24C lurzatia, eta hirugarren sektorekora, berriz, 23C lurzatia.

Lurzorua kutsatzen ahal duten jarduerei dagokienez, lurzoruan kutsatzaileak atzemateko espediente bat egin zitzaien lurzati horiei, Lurzorua kutsatzen ahal duten jardueren zerrenda ezartzen duen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Ebaluazio horren ondorioz, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 25eko 281E/2019 Ebazpena eman zen. Haren bidez, kokalekuko lurzorua ez kutsatu eta hondatu gisa sailkatu zen. Hiri-jarduketarako plan bereziaren hirigintza proposamenaren aurrean, zeinak bizitegi-erabilera sartzen baitu, eremuko lurzoruen azterlana jaso da espedientean. Horretaz bezainbatean, Hondakinen Atalari kontsulta eginda, 2020ko martxoaren 31ko txostenean adierazi zuen kokalekuaren balorazioa hasi dela, lurzorua errege dekretuaren arabera sailkatzeko.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak zehaztu du hiri-jarduketarako plan bereziak ez duela ukipen nabarmenik sortzen ingurumenaren aldetik, egokitzat jotzen du zonifikazio akustiko berria, erabilera nagusiak kontuan izanik, eta adierazten du ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozesua behar bezala egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Buztintxuriko hiri-jarduketarako plan bereziari buruz (23C eta 24C lurztiak), iritzita ez duela ukipenik sortzen ingurumenaren aldetik. Geslur XXI SL da sustatzailea.

2. Hiri-jarduketarako plan berezia garatzeko, ingurumena babesteko irizpideak bete behar dira, ingurumen agiri estrategikoan sartuta daudenak.

3. COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interesdunarekin adostasunarekin.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2005128