125. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

305E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Alloko Hirigintzako Udal Planari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Alloko Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio estrategikoaren menpe jarri behar dira administrazio publikoek onetsitako planak, eta horien ingurumen adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onestearekin batera edo lehenago.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2007ko urtarrilaren 9an egindako txostenak, Alloko lurraldea okupatzeko estrategia eta ereduari buruzkoak (LOEE), hasiera eman zion Alloko Hirigintzako Udal Planaren ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurari. Txosten horretan adierazi zen zeintzuk ziren hirigintzako udal plana eta ingurumen ondorioen azterketa prestatzerakoan kontuan hartu beharreko ingurumen arloko alderdi garrantzitsuenak. Bereziki azpimarratu ziren udalean ingurumenaren aldetik interesgarriak diren elementuak. Horien artean, hauek nabarmendu ziren: ibai-sarearen igarobide ekologikoa, abelbidea bezalako interkonexiorako elementuak, landaredi naturala eta paisaia-balioak dituzten guneak. Udalaren egitura orokorra eta industria-lurzoruaren aurreikuspenak kontuan hartuta, inguruko garrigen ingurumen balioa nabarmendu zen.

Otsailaren 9an, hirigintzako udal planaren dokumentazioaren nahikotasun txostena egin zen. Txosten hori 2009ko azaroaren 30ean onartu zen, hasiera batean, eta ondoren, jendaurreko epea hasi zen, iragarkia 2010eko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, uztailaren 15ekoan. Aurkeztutako dokumentazioari dagokionez, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten bat egin zuen 2010eko abuztuaren 25ean, eta txosten horri Ur Baliabideen Atalaren 2010eko ekainaren 18ko txostena erantsi zion. Berrazterketa behar zuten eta ingurumenean eragina zeukaten gauzen artean, hauek zeuden: industria-lurzorua handiagoa egiteko proposamena, 6. eta 7. sektoreetan, Georgia Pacificen instalazioen inguruan, ingurumen balioa daukaten lurretan; ibai-sareari eta uholdeak izateari buruzko informazioa sartzea; eta lurzoru urbanizaezinaren sailkapena, udalaren ingurumen balioak aintzat hartuta.

Txosten sektorialen eta alegazioen emaitzak ikusita, eta hirigintzako planak eduki dituen aldaketak kontuan hartuta, informazioa jendaurrean jartzeko zenbait aldi izan da; lehenik, 2017ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 11koan; eta ondoren, aldi horiek zabaldu dira beste hauetan: 2017ko 170. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 4koan; 2018ko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 5ekoan; eta 2020ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 15ekoan.

Alloko udal plan orokorrak 2002ko maiatzetik indarrean dagoen plangintza ordezkatzen du. Udal antolamenduaren ereduaren berrazterketa bat da, lurralde antolamenduko planei eta lurralde antolamenduaren alorrean dagoen araudi berriari egokitzeko.

Planaren aplikazio esparruak eta, hortaz, egin diren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoan dute eragina. Hirigintzako udal planaren eta ingurumen-azterketa estrategikoaren deskribapena I. eranskinean dago.

Plana tramitatu ahala aldaketa garrantzizkoak gertatu dira. Aldaketen joera izan da egoitza-erabilerarako okupazio hedakorraren eredutik proposamen apalagoetara pasatzea, hedapena Lizarratik datorren errepideko herri sarreran kokatuz, ekialderantz, gaurko gunearen eta Mirabeteko bidearen artean. Indarreko antolamenduak herriaren hegoan eta mendebaldean zituen aurreikuspenak kendu dira. Horiek hemendik aurrera izanen dira garapen eredua zaintzeko lurzoru urbanizaezina. Egoitza erabilerarako proposamen honek gaurko hirigunearen ondoan dauden labore-alorrak eta olibadi txikiak okupatzen ditu. Lur horietan ez dira atzeman ingurumen interesa duten guneak. Hori dela eta, sortzen den inpaktua bateragarria dela uste da, eta ez duela ingurumen eragin esanguratsurik sortzen.

Jarduera ekonomikoen guneari dagokionez, eredu berriak bazter utzi du La Fábricaren inguruko industria-gunea handiagotzea, hasieran proposatzen zenaren aurka; hortaz, 6. sektorea lurzoru urbanizaezina izatera pasatuko da (garapen-eredua errespetatzeko). Alternatiba honek garrigak eta sastrakadiak errespetatzen ditu, Ingurumen Kalitatearen Atalak 2010eko abuztuaren 25eko txostenean adierazi zen bezala, baita Alloko lurzati-biltzearen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozeduran ere.

Alde batera utzi da, halaber, jarduera ekonomikoen eremu txiki bat ezartzea Leringo errepidean; eremu hori hirigunearen mendebaldera eramanen da (S I1). Zereal hazkuntzetarako erabiltzen den alderdi bat da, zeinaren mendebaldeko muga Pradochica erretenak definitzen baitu. Eremu hau plan partzial baten bidez garatuko da. Eremuak, aldez aurretik, uholde-arriskuari buruzko azterketa bat eduki behar du, antolamendua eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak izateko. Horretarako, beharrezkoa da neurri hau ezartzea S I1 sektorearen hirigintza fitxako determinazio lotesle gisa.

Udalerriko soinu-eskualdeen banaketari dagokionez, dagokion planoa sartu da, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala.

Planak aukera ematen du kooperatibaren instalazioak handiagotzeko, plan berezi baten bidez, zeinaren eremua zabaltzen baita Leringo errepidera eta Pasada 13ra. Nekazaritzako lurrak dira, ingurumen elementu interesgarririk gabeak; hala ere, plan berezian kontuan hartu beharko dira abelbidetik eratortzen diren zortasunak.

Parte hartzeko prozesuaren ondorioz, planak proposatzen du “A aldea” izeneko eremu bat, hirigunearen perimetroa hartzen duena. Alde horretan posible izanen da biltegiak, nekazaritza-pabilioiak eta abeltzaintza intentsiborako instalazioak jartzea. Honi dagokionez, esan behar da abeltzaintza jarduerak baimentzeko modukoak direla eta sektoreko araudiak arautzen dituela.

Landa-lurzoruaren antolamendurako proposamena egiteko, udalerriaren ingurumen eta nekazaritza balioak, balio natural eta kulturalak atzeman eta zedarritu dira, eta aintzat hartu da babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren sailkapena. Proposamen honetan elementu hauek identifikatzen dira: ingurumen-azterketa estrategikoan eta planaren helburuetan beren ingurumen balioarengatik nabarmendu direnak, eta hala ere landa-lurzoruaren antolamenduan aintzat hartu ez direnak. Hori da, esaterako, Ripalbako putzuaren kasua: hezegune txiki bat, ihidi mediterraneoak (6420) bezalako habitat interesdunak hartzen dituena, Pasada 13ren inguruan. Abelbide honek eta GR1 bide historikoak osatzen dute udalerriaren ibilbide kulturalki interesgarrien sarea. Abelbideak planean sartu beharreko katastroko esleipen bat dauka, antolamendu-planoetan biltzen den trazadura orientagarria ordezkatzeko.

Mirabete eta La Planaren inguruak garriga multzo sakabanatuak ditu. Inguru horrek, Riomayor errekarekin batera, Alloko inguru interesgarrienetako bat osatzen du, kalitate ekologikoaren eta pasaia kalitatearen aldetik. Planak ez du ongi biltzen eremu hauen paisaia-balioa, ez dielako ematen azpikategoria espezifiko bat; alabaina, haien zaintza bermatuta dago ingurumen aldetik balioa duen lurzoruaren azpikategoriaren barruan. Hala ere, badira nekazaritza lurzoruan sakabanatuta dauden eta lurzoru urbanizaezinaren antolamendu-planoan sartu ez diren hainbat arboladi, garriga-gune eta sastrakadi.

Atzeman diren arriskuen artean, Ega ibaiari lotutako uholde arriskuko eremuak daude, lehen ibai-terrazei eragiten dietenak, eta hirigunetik urrun geratzen direnak. Zehazki, uholde arriskuko eremu bat atzematen da La Fábrica industria sektorean. Horregatik, beharrezkoa da gorabehera hau NI-1 hirigintza-fitxan jasotzea. Industria-lurzoru urbanizagarriari dagokionez (S-I1), mendebaldeko mugak Pradochica erretenarekin bat egiten du; beraz, aldez aurretik, uholde-arriskuari buruzko azterketa bat egin beharra ezarriko da, plan partzialari lotutako prebentziozko neurria bezala. San Pedro errekaren mugakidea den UE-R30aren kasuan, bermatu behar da haren inguruan aurreikusten den berdegunea antolatzen dela halako moldez non bermatuta geratuko baita erabilera-bateragarritasuna urak hartzen ahal dituen eremuarekin.

Dokumentazio osoa azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi zuen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura osorik dagoela, eta aldeko txostena eman du, baldintza batzuekin.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Alloko Udalak adierazi du onartzen duela espediente hau ebazteko epea ez etetea.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Alloko Udal Plan Orokorrari buruz. Alloko Udala da planaren sustatzailea.

2. Hirigintzako udal planak honako baldintza hauek sartuko ditu:

–Lurzoru urbanizaezinari dagokionez: Ripalbako putzua intereseko hezegune gisa sartzea, eta 1462. (2. poligonoa), 3083. (3. poligonoa), 1509., 1371., 1372.,1374., 1630., 1686. (4. poligonoa) eta 1222. (5. poligonoa) katastroko lurzatiak Pasada 13ari atxikitzea.

–Kooperatibaren eremuko plan bereziak aintzat hartuko ditu Pasada 13ren zortasunak.

–Garriga-guneak (ingurumen balioa daukaten arboladiak) eta sastrakadiak berraztertzea lurzoru urbanizaezinaren antolamendu planean.

–Industria-lurzoruaren (NI-1 eta S-I1) eta etxebizitzak egiteko lurzoruaren (UE-R30) hirigintza fitxetan sartzea uholde-arriskuei buruzko gorabeherak.

–Alloko Udal Plan Orokorraren garapenak ingurumen-azterketa estrategikoak azaltzen dituen babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak aplikatuko ditu, baita jarraipen adierazleak ere.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Alloko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Hirigintzako udal planaren eta ingurumen-azterketa
estrategikoaren laburpena

Analisia, diagnostikoa eta proposamenak udal-mugarte osoari buruzkoak dira, zeinak 36,3 km²-ko azalera baitu.

Hirigintza planaren helburu nagusia da udalerriaren hazkunde prozesurako gidari izan daitezkeen irizpideak eta proposamenak definitzea, eta beste alde batetik, hirigunearen hazkunde eredua berraztertzea, eta hiri-egitura eta egitura morfologikoa birplanteatzea, indarreko lege esparruari egokituz.

Allo herria eskala ertaineko nukleo egituratzailea da, Jurramendi Hegoaldeko azpieremuan paper nabarmena jokatzen duena. Udalerriaren egituran erraz bereizten diren bi alderdi daude. Iparreko alderdia, non hiri eta industria guneak baitira, eta udalerriaren beste alderdia, nekazaritza erabilera baitauka ezaugarri nagusi.

Planak etxebizitzak egiteko lurzorurako daukan helburua da plangintzan indarrean dauden eta exekutatu ez ziren hiri-lurzorua eta lurzoru urbanizagarria birplanteatzea. Beraz, proposatzen dena da gunearen mugak berriz zehaztu eta lur horien parte bat desklasifikatzea. Gaurko elementuetatik abiaturik hiri-egitura berri bat definitzea, eta barne-eskaera kontsideratzea planean planteatuko diren jarduerak dinamizatzeko elementu nagusi.

Helburu hauek antolamendu honetan gauzatzen dira: lurzoru urbanizagarriaren hiru sektore, lurzoru urbanizagarri sektorizatugabeko bi sektore, eta hiri-lurzoru finkatugabeko bi sektore. Halaber, bizilekuetarako proposamen berriak udalerriaren ekialdean kokatzen dira, Lizarrako bidearen eta Mirabete bidearen artean, eta hirigunearen mugakide diren lurrak lurzoru urbanizaezintzat jotzen dira, garapen-eredua zaintzeko. Proposamen honek hiri-lurzoru finkatugabea eta lurzoru urbanizagarri sektorizatua antolatzen ditu, 269 etxebizitza egiteko, gutxi gorabehera.

Jarduera ekonomikoen guneen araberako ereduak finkatzen du gaurko industria-kokapena (Essity España), eta aukera ematen du hazkunderako dentsifikaziotik abiaturik; aldi berean, poligono ekonomiko misto eta txiki bat aurreikusten du, hirigunearen zerbitzurako, Sesmarako errepidearen ondoan (S- I1), eta 5 ha-ko azalerarekin, gutxi gorabehera. Halaber, gaur egun dauden bi kokaleku txiki mantentzen ditu, nabez eta pabilioiez osatuak eta bizilekuetarako ez direnak (bat Arroizko errepidean eta bestea La Fábricara sartzeko errepidean).

Landa-inguruneko jarduera ekonomikoari dagokionez, planak aukera ematen du Kooperatibaren instalazioak handitzeko, plan berezi baten bidez, eta hirigunearen inguruko eremu bat zehazten du, A eremua izena duena, nekazaritzako pabiloiak eta biltegiak hartzeko, non eskatzen den lurzatiaren tamaina txikiagoa baita.

Udalerriko bide-sistemari eta ardatz egituratzaileei dagokienez, dagoena finkatzen da, bide berriak egiteko erreserbarik proposatu gabe, eta lurraldearen ereduari saneamendu eta hornidurarako azpiegiturak sartzen dira.

Zuzkidura sistema mantentzen da, lurzoru-erreserba bat gaineratuz, ikastetxea handiagotu behar balitz-edo, eta La Harinera eraikina lagatuz, balio kulturalagatik katalogatua dagoen eraikina zainduko dela bermatzeko. Bereziki eragiten da espazio libreetan, hirigunean arrazionalki banatutako espazio-sare bukatu bat lortzeko asmoz. Espazio horiek toki hauetan kokatuko dira: Lizarrako errepideko iparraldeko tartean, Huerta de Fortun deiturikoan, ikastetxearen inguruan eta Mirabete auzoa eta hirigunea bat egiten duten tokian.

Lurzoru urbanizaezinarekin loturik, eta kontuan harturik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean ezarritako azpikategoriak eta 4. LAPeko irizpideak, lurzoruaren sailkapena eta jarduerak eta erabilerak erregulatzeko arauak ezarri dira.

Alloko udalerrian ez dago Natura 2000 Sarekoa den espaziorik, eta daukaten ingurumen balioa dela-eta, espazio hauek nabarmentzen dira: Rio Mayor errekaren interes bereziko landaredia (ihidi mediterraneoak (6420) dituena), ibai-sarea, bere osoan, sastrakadiak, ipurudiak, larre eta abariztiak, udalerritik zehar sakabanatuta daudenak, batez ere iparraldeko herenean, Mirabeteko eta La Planako garriga-guneak eta hego mugaldeko pinudiak.

Ustiatze naturalerako lurzoru dira udal-mugarteko gainazal gehienak, hala nola lehorreko lurrak, zereal lurrak eta olibadiak.

Balio kulturalak bat datoz ibilbide interesgarri hauekin: Pasada 13, GR-1 bide historikoa eta identifikatu diren 53 aztarnategi arkeologikoak.

Ingurumen-azterketa estrategikoaren laburpena

Ingurumen-azterketa estrategikoak planaren helburuak identifikatzen ditu, baita hiri-lurzoru, lurzoru urbanizagarri eta lurzoru urbanizaezinerako proposamenak ere, eta indarreko plan sektorialekiko interakzioak aztertzen ditu.

Udalerriaren ingurumenari buruzko azterketa, diagnostikoa eta balorazioa sartu dira, ondoko hauei buruzko alderdiak kontuan hartuz: klimari eragiten dioten ingurune fisiko eta biotikoaren datuak, geologia, hidrogeologia, akuiferoen zaurgarritasuna kutsaduraren aurrean, hidrologia eta edafologia. Landaredia eta dauden formazio garrantzizkoenak deskribatzen ditu. Horien artean, Mirabeteko eta La Planako garriga-guneak, alepo pinuaren pinudiak, sastrakadiak eta, zeharka, Ega ibai bazterreko formazioak. Biotopo hauei loturik, bertako fauna-komunitatea identifikatzen du. Udalerrian nabarmentzen dira, zabalera handia hartzen dutenez, zerealeko lehorreko lurrak, giro sasiestepariokoak. Allo fauna esteparioarentzat garrantzizkoak diren bi eremuko partaide da: Oltza-Riomayor eta Plano de Abajo.

Paisaiaren ikuspuntutik, Alloko udalerrian lau paisaia unitate bereizten dira: Riomayor inguruko eta hego-erdialdeko erreka-zuloak; iparraldeko hereneko zurezko labore goldatu gabekoen mosaikoa (olibadiak, almendrondoak, mahastiak...), garriga eta abariztiekin; zereal-laboreen alor zabalak; eta Egako ibaiertza eta Mirabeteko eta La Planako garrigekin.

Ingurumen-azterketak baloratu diren okupazio ereduak azaltzen ditu, baita plangintzan sartu diren aldaketak ere, plana idazteko prozesu bitartean. Ingurunean aldatuak izan daitezkeen elementuak identifikatu eta gero, planean garatzen den proposamen bakoitzak eragiten duen ingurumen-inpaktuen ezaugarriak aztertu eta haien balorazioa egiten du. Azterketaren ondorioa da inpaktuak apalak eta bateragarriak direla, batez ere etxebizitzetarako eta industriarako lurzoruetan egin den erabilera aldaketarengatik, eta landa-lurzorua sailkatzearen bidezko ingurumen-egokitze bat bilatu delako.

Ingurumen-azterketa estrategikoaren 10. kapituluak proposamen bat egiten du, udal plan orokorraren garapenean aplikatzekoak diren landa-lurzoruaren sailkapenari buruz eta babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei buruz, baita planaren ondorioak gainbegiratzeko programari buruz ere.

Iragarkiaren kodea: F2004996