125. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Aldaketa, Bazkalekuko larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2020ko otsailaren 26an egin osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea Esako Bazkalekuko larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan. Hortaz, 3.,4.,8. eta 14. artikuluak aldatzen dira, bazkalekuak beste modu batera banatuta.

Hasiera bateko onespenaren erabakia 2020ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 20an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Esan, 2020ko maiatzaren 18an.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

ORDENANTZA, ESAKO BAZKALEKUKO LARREEN ADJUDIKAZIOA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du Esako Udalaren bazkalekuko larreen adjudikazioa eta aprobetxamendu egokia arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. artikulua. Oro har, familia-unitateak izanen dira ordenantza honek arautzen duen herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak, eta horien titularrek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez hiru urteko (3) antzinatasunez.

c) Esan urtean bederatzi hilabetez (9) gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Esako Udalarekin mota guztietako betebehar ekonomikoak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. artikulua. Esako udal-mugarteko bazkalekua lau zatitan dago banatua:

1. bazkalekua (11. fazeroa): Azalera: 53,49 ha. Mugakideak: iparraldean, Irunberriko mugartea; mendebaldean, Ledeako mugartea; eta hegoaldean eta ekialdean, 2. bazkalekua (fazeroaren mugak).

2. bazkalekua: Azalera: 579,57 ha. Mugakideak: iparraldean, Irunberriko mugartea; mendebaldean, Irunberriko mugartea eta 1. bazkalekua (zati batean); hegoaldean, Pirinioetako Autobia eta zerbitzu bidea, bai eta Leireko monasteriora iristeko toki errepidea ere; eta ekialdean, Leireko lurrak.

3. bazkalekua: Azalera: 121,55 ha. Mugakideak: iparraldean, Pirinioetako Autobia eta N-240 errepide zaharra; mendebaldean eta hegoaldean, Ledeako lurrak; eta ekialdean, Aragoi ibaia.

4. bazkalekua: Azalera: 391,36 ha. Mugakideak: iparraldean, Leireko monasteriora iristeko toki errepidea; mendebaldean, Aragoi ibaia; hegoaldean, Xabierko lurrak; eta ekialdean, Konfederazioak desjabetutako lurrak eta Lasaitasuna urbanizazioa.

4. artikulua. Salbu eta 1. bazkalekuan, bazkaleku bakoitzaren eta larreen aprobetxamendua jarraian ematen diren lehentasun ordenaren eta modalitateen arabera eginen da (bazkaleku bakoitzak berea izan dezake, independente):

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

5. artikulua. Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak dira herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

6. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez dago baimenduta horien azpierrentamendua edo lagapena.

7. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako (8) izanen da, bazkalekua abeltzainaren eskuetan jartzen den egunetik hasita.

8. artikulua. Azienda kopurua eta larreen kalitatea kontuan hartuz, Esako Udalak urteko kanon hauek ezartzen ditu:

–Mila eta zortziehun euro (1.800) 2. eta 4. bazkalekuetarako, osoak, bertan hobekuntzak egin baitira sastrakak kenduz.

–Bi mila euro (2.000) 3. bazkalekurako, bertan hobekuntzak egin baitira sastrakak kenduz, itxiturak jarriz eta abeltzaintzarako idoi bat eraikiz.

9. artikulua. Adjudikazioaren prezioa urtero eguneratuko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

10. artikulua. Aprobetxamenduari dagokion urteko kanona urteroko ekainaren 30ean ordainduko da.

11. artikulua. Onuradunak urtebeteko kuota ordaindu behar du behin betiko fidantza gisa, 15 egun naturaleko epean, aprobetxamendua adjudikatzen zaionetik hasita.

12. artikulua. Udalak ez du larre guztien bostena espresuki gordeko, urtero adjudikatu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.

13. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituzten aziendek dagozkien osasun ziurtagiriak izan behar dituzte eta unean uneko indarreko arauetan ezarritako baldintza guztiak bete.

14. artikulua. Herri honetako ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainentzako kalteak saihesteko, bi jarduera horiek uztartuz, Esako Udalak honako baldintza hauek ezartzen ditu:

a) Herri-larreen aprobetxamenduaren xedekoak dira, Udalaren artegiarekin batera, hiru bazkaleku osatuz, udal katastroan larreen laborantzarako eta alorrerako sailkatutako finkak.

Jabeek larre partikularrak lagatzen badituzte, Udalak urtero ordainduko du, bigarren urtetik aurrera, lagatako katastro-erregu bakoitzaren kuotaren %50. Hori kalkulatzeko, kasuan kasuko urteari dagokion errentamenduaren prezioa hainbanatuko da katastro-erreguen guztirako kopuruaren artean.

b) Hortaz, ordenantza honetatik salbuetsita daude Udalari lagatzeko ukatu diren jabetza partikularreko finkak, uko hori formalki egin bada errentamendurako epea hasi baino lehen. Ondorio horietarako, aziendak sartzen badira herri-larreen aprobetxamendurako ez lagatako finketan, Esako Udalak ez du ardurarik hartuko. Finketako jabeek hartu eta ordaindu beharko dituzte finkak seinaleztatzeko behar diren neurriak, zalantzarik sor ez dadin seinaleztatu ere.

c) Aprobetxamendu honetatik kanpo gelditzen dira jabetza partikularreko eskortak, artegiak eta estalpeak, bazkalekuan dauden ala ez.

d) Errentariek eskortetan gorde behar dituzte aziendak, behar diren distantziak zainduz udalerriko hiri-lurzoruaren mugekin, aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.

e) Udalak ez du inolaz ere konpromisoa hartzen, aprobetxamendua dela eta, aziendentzako ur hornitzea bermatzeko, ezta idoiak eraikitzeko ere.

f) Aprobetxamenduak eta horien erabilerak direla eta, animaliak, pertsonak edo gauzak kaltetuz gero, adjudikaziodunak erantzuleak izanen dira, kaltetutako horiek haienak badira edo haien kargura badaude.

g) Larreak eta abar hobetzeko obra guztiek Udalaren lizentzia behar dute. Beraz, ezin dira egin Udalaren baimena jaso gabe.

h) Adjudikaziodunen kargura izanen dira aprobetxamendu hauen ondoriozko gastuak eta zergak.

i) Adjudikaziodunekin formalizatzen diren kontratu administratiboak arrisku eta menturakoak dira, edozein pribilegio kenduta.

15. artikulua. Zerealen laborerako lurzatiak ezin izanen dira landu urteroko irailaren 25a baino lehen, salbu eta horien larreen aprobetxamendua lagatzen ez bada aurreko artikuluaren a) apartatuari jarraikiz.

16. artikulua. Prozedura. Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 5 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

17. artikulua. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

1. Zinpeko deklarazioa:

a) Esako herritarra izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitateko kideak zehaztea, eta baten batek ezintasun fisikoa edo adimenekoa baldin badu, horren berri ematea.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Esan bai beste udalerri batzuetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen erreguak, bai udal-mugarte honetan bai bestelakoetan, lehorreko lurrak edo ureztatzekoak diren zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zerga-kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Esan bai beste udalerri batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzak dituen azienden kopurua, horien espeziea azalduz.

h) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, jarduera ekonomikoa edozein izanda, egindako guztiak zehaztuta, baita Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak ere.

Esako Udalak egiaztatzen ahalko du zinpeko deklarazio horren edukia.

2. Ordenantza honen 13. artikuluan aipatzen den azienden babesari buruzko ziurtagiria.

18. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako inguruabar hau kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

19. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 5 egun balioduneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betikoz onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

20. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Adjudikatutako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea edo beste bati errentan eman edo eskualdatzea.

b) Aprobetxamenduaren kanonak, edo ezartzen ahal diren bestelako tasak edo zergak, Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea Udalak eman beharreko adjudikaziorik edo lizentziarik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo alfer-lurrak izan.

f) Aprobetxamenduaren adjudikazioan zehazturiko epeak ez errespetatzea.

g) Aziendek herri-larreak aprobetxatu ahal izateko bete beharreko osasun babesari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ez betetzea.

h) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

i) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

j) Artegi, idoi, itxitura, belardi eta gainerako instalazioetan kalte egitea.

k) Uztondoak erretzea, behar den baimena izan gabe.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo egintza oro.

21. artikulua. Aurreko 20. artikuluan zehazturiko arau-hausteak honako modu hauetan zigortuko dira:

Aipatu a), b), c), d), g), j) eta k) letretako arau-hausteengatik, kontzesioa azkenduko da, deusetan ukatu gabe beste erakunde batzuek ezar ditzaketen zehapenak.

Aipatu f) letrako arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko gaikuntza kenduko da.

Gainerako arau-hausteak badira, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea.

22. artikulua. Ondasun publikoei edo hirugarrenen ondasunei kalte egin bazaie, eragileek ordainduko dituzte, bidezko den gisara eta deusetan ukatu gabe sor litezkeen erantzukizunak.

AZKEN XEDAPENA

Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren, ordenantza honek indarra hartuko du haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

ERANSKINA

Esako bazkalekuen planoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2005012