125. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IHABAR

Auzolana arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Ihabarko Kontzejuak, 2020ko otsailaren 17an egin batzarrean, hasiera batez onetsi zuen Auzolana arautzen duen ordenantzaren aldaketa, eta erabaki hori jendaurrean jarri zen, iragarkia argitara emanik 2020ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 30ean, bai eta Kontzejuaren iragarki-taulan ere.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatua).

Ihabarren, 2020ko maiatzaren 26an.–Kontzejuko burua, Oscar García Royo.

HERRITARREN LANA EDO AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo herritarren lana arautzea, Iharbako Kontzejuaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau, lehenik, Ihabarko auzolanaren ohitura historikoaren bidez arautzen da; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53., 54. eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Ihabarren bizi eta bertako erroldan eta zentsuan sartuta daudenek dute auzolana egin beharra. Familia bakoitzeko kide bakar batek egin beharko du auzolana. Halaber, auzolana egin beharra izanen dute Ihabarko Kontzejuan etxebizitza izanik modu iraunkorrean bizi ez direnek.

4. artikulua. Ondorengoak salbuetsita daude:

a) Hemezortzi urtetik beherakoak eta berrogeita hamabostetik gorakoak.

b) Urritu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak. Aldeko txostena beharko da, desgaitasunaren ziurtagiriarekin (%33ko ezintasuna edo handiagoa).

c) Presondegietan giltzapetuak daudenak.

d) Udalbatzaren ustez onura publiko edo interes sozialeko jarduerak egiten dituzten pertsonak.

Bizilagunen batek bere burua udal erroldatik kentzen badu auzolana ez egiteko eta herrian bizi dela frogatzen bada, auzolanaren ordenantza bete behar dutenen zerrendan sartuko dute.

5. artikulua. Erregulazioa.

Ihabarko Kontzejua behartuta dago auzolanean aritzen direnek izan ditzaketen istripuen arriskuak estaltzera.

6. artikulua. Herritarren lana edo auzolana urtean hiru egunetan eginen da, gehienez; egunak ez dira ondoz ondokoak izanen. Oro har, jaiegun ez diren larunbatak izanen dira auzolana egiteko egunak, goizeko zortzietatik ordu bietara, salbu eta justifikatuta legokeen kasu berezia bada. Lan aferak direla-eta bizilagunen batek ordu horietan ezin badu, Kontzejuari jakinaraziko dio, bereizkeriarik ekarriko ez lukeen beste ordutegi bateko auzolanen batera deitzeko. Beste lagun batek egin dezake auzolana, horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest bada. Aldez aurretik, ordezpen horren berri emanen zaio Kontzejuari.

Orobat, urtean diru kopuru bat, Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko duena, ordainduz libratu daiteke auzolanetik. 2020. urtean 180 eurokoa izanen da hiru auzolanengatik. Urteko KPIarekin eguneratu daiteke diru kopuru hori. Diru hori borondatezko epean ordaintzen ez bada, derrigorrezko dirubilketa erabiliko da %20ko errekarguarekin. Urte bateko auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako.

7. artikulua. Ihabarko Kontzejuak urtean hiru auzolan eginen ditu, gutxienez, eta horietarako deia 48 ordu lehenago eginen du, bando bidez eta iragarki-taulan agertuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.

8. artikulua. Auzolan bakoitzeko lana Kontzejuko kide batek zuzenduko du.

9. artikulua. Ihabarko Kontzejuak, interesdunek eskatuta, auzolanetik libratzeko aukera emanen du obrak edo zerbitzuak beste bitarteko batzuk baliatuz egiten badira, hala nola garraioa, bestelako makina batzuen bidezko lanak, lantegietako lanak etab. Lehendik egindako lanak direla eta, ez da auzolanetik libratuko Kontzejuaren Auzolan Batzordeko ordezkariak ez badie oniritzia idatzita ematen auzolana egin aurretik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2005231