123. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 8a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

27/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana, normaltasun berrirako trantsizioaren barruan, 3. faserako neurriak ematen dituena Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero”, “peña” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoei eta antzekoei dagokienez.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez, eta, horrekin batera, ohiz kanpoko hainbat neurri ezarri mugikortasuna eta hartu-eman sozialak murrizteko; oraingo egoeran, berriz, neurri berezi horiek pixkanaka kentzeko prozesua aurrera doa, ezarritako jarraibideekin bat. Hala, 2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Lau fasetan antolatutako prozesu horrek (0. fasetik 3. fasera) mailakatua izan behar du, eta beharrezko orientazio aldaketetara egokitzeko modukoa, datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien eraginaren arabera.

Trantsiziorako plan horren helburu nagusia da, osasun publikoa zainduz, eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea, epidemiak herritarren osasunerako dakarren arriskua minimizatuz eta Osasun Sistema Nazionalaren gaitasunek gainezka egin ez dezaten.

Ekainaren 6ko SND/507/2020 Aginduaren bidez zenbait agindu aldatu ziren, estatu mailako murriztapen batzuk malgutzeko eta normaltasuna berrirako trantsizio planaren 2. eta 3. faseetan sartuko diren lurralde unitateak zein diren ezartzeko. Horren arabera, Nafarroako Foru Komunitatea deseskalatze planaren 3. fasean sartuko da eta zilegi izanen ditu trantsiziorako planak fase horretan baimentzen dituen jarduera guztiak.

Osasuneko kontseilariak maiatzaren 15ean emandako 21/2020 Foru Aginduaren bidez -gero maiatzaren 24ko 24/2020 Foru Aginduaren bidez aldatu zena-, hainbat neurri ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero”, “peña” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoei eta antzekoei dagokienez; horrela, 1. eta 2. faseetan bertan behera gelditu zen haien jarduera, salbu eta bostehun biztanletik beherako udalerri eta kontzejuen kasuan, kafetegi, jatetxe eta ostaturik ez dutenetan, aipatutako lokalak badira herritar guztientzako elkartzeko toki bakarrak. Kasu horietan, alkateek baimena eman zezaketen soilik lokal horien terrazak erabiltzeko eta, salbuespen gisa, barnealdea, horretarako eskatzen diren baldintzak betez gero, eta fase bakoitzerako araudian ostalaritzako establezimenduetarako eta jatetxeetarako ezarritako prebentzio neurri guztiak ere beteta.

BI foru agindu horiek berretsi zituzten Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak, 2020ko maiatzaren 18ko 27/2020 Autoaren bidez, eta Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak, maiatzaren 26ko 17/2020 Autoaren bidez.

Foru agindu horietan aurreikusirik dago lokal mota horretan jarduerak bertan behera uztea soilik 1. eta 2. faseetan. Orain, Nafarroako Foru Komunitatea 3. fasean sartuko da baina murriztapen batzuekin oraindik, besteak beste, jarduerarik gabe mantentzea “aisialdiko etxabe” eta “pipero” deiturikoak; aitzitik, jarduerari ekiten ahalko diote “elkarte gastronomiko”, “peña” edo gisa horretako lokalek, kasuan kasuko udal lizentziaren bidez horretarako baimena dutenek.

Egoera epidemiologikoari buruzko datuek, aurreko fasearekin alderatuta, hobekuntzari eusten zaiola erakutsi arren, birusa gure artean dago oraindik, apalago bada ere, eta jendea elkartzeak arriskua areagotzen du. Alde horretatik, ulertzen da “aisialdiko etxabe” eta “pipero” deituriko biltokien kasuan, pribatuak eta erabilera intentsibo eta kolektibokoak izaki, zaila dela kontrolatzea segurtasunez eta distantzia fisikoa gordez (ostalaritzako lokalei eskatzen zaien moduan) irekiko direla, populazioa arriskuan jar dezaketen balizko kutsapenak eragozteko; izan ere, lokal horiek ez dute irekitzeko lizentziarik, ez eta kontrolaren gaineko ardura har dezakeen kudeaketa-organo formalki eraturik ere. 3. fase honetan, aldiz, kendu daiteke jardueraren etendura udal lizentziaren bidezko baimena duten “peña” eta “elkarte gastronomiko” izenekoen kasuan, ulertzen baita lokal horiek formalki eratuta dituzten kudeaketa-organoek bermatu dezaketela segurtasun baldintza zorrotzak betez irekiko direla.

Hori dela eta, Osasun Departamentuak jarraibideak eman behar ditu babes neurriak betetzen direla bermatzeko, Nafarroako biztanleak arriskuan jarriko lituzketen kutsapenak neurririk gabe heda ez daitezen.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 54. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Horrenbestez, osasun publikoari buruzko aipatutako neurrietan oinarriturik eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten teknikoarekin bat etorriz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero”, “peña” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoei eta antzekoei buruzko neurriak ematea.

Era berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak judizialki baimentzea edo berrestea, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz eta Nafarroako Trantsiziorako Batzordearen iritzia entzun ondoren 2020ko ekainaren 4an egindako bilkuran,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposaturik, honako prebentzio neurri hauek ematea Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko normaltasun berrirako trantsizioaren 3. fasean:

1. Jarduerarik gabe mantentzea “aisialdiko etxabeak, “pipero” deiturikoak eta antzekoak, formalki eratutako kudeaketa organorik ez dutenak.

2. Irekitzeko baimena ematea “peña” eta “elkarte gastronomikoak” deiturikoei eta antzekoei, udal lizentziaren bidezko baimena eta formalki eratutako kudeaketa-organoak dituztenei, baldintza hauek ezarrita betiere:

a) Informazioa.

1.–Ongi ikusteko moduko tokietan jarriko dira kartel batzuk, informazioa emanez osasun agintariek gomendatzen dituzten higiene prozedurei buruz, eta adieraziz denen laguntza behar dela antolaketarako nahiz higienearen arloan hartu diren neurriak betetzeko.

2.–Erabiltzaileen eskura jarriko dira banagailuak, gel hidroalkoholikoarekin edo birusak hiltzeko ahalmena duten desinfektatzailearekin (Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak beharko dute).

b) Segurtasun tartea.

1.–Lokalak egokitu beharko dira halako moduan non erabiltzaileek 1,5 eta 2 metro arteko segurtasun tartea gorde ahal izanen baitute bertan betetzen dituzten jardueretan. Hala egiterik ez dagoenean, nahitaez eta modu egokian erabili beharko dira maskarak edo pareko eraginkortasuna duten babes fisikorako bestelako sistemak.

2.–Lokalen barruan, kontsumoa eserita egiten ahalko da, mahai batean edo mahai batzuk elkartuta. Bermatu beharko da 1,5 eta bi metro arteko distantzia fisikoa gordeko dela mahaien artean edo mahai multzoen artean, kasua bada. Mahaiak edo mahai multzoak pertsona kopuruarekin bat etorri beharko du, gorde dadin pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea, 1,5 eta 2 metro artekoa, elkarrekin bizi ez direnen pertsonen kasuan.

3.–Debekaturik dago barrako zerbitzua, kontrakoa ezarri bitarte.

4.–Taldeak 20 pertsonakoak izanen dira gehienez ere.

5.–Behar diren neurriak hartuko dira lokalaren gehieneko aforoaren bi herenak ez gainditzeko.

c) Garbiketa eta desinfekzioa.

1.–Kutsatuta egon daitezkeen azalera guztiak, jardueran erabilitako altzariak, ekipamendua eta tresnak (ateetako giderrak, mostradoreak, barandak, zoruak...) garbitu eta desinfektatu beharko dira gutxienez bi aldiz erabiltzeko ordutegian, horietako bat nahitaez ordutegia bukatu ondoren edo lokala ireki aurretik, eta erabiltzaile batzuk joan ondoren, beste batzuk sartzeko (adibidez, mahaiak eta aulkiak).

2.–Komunetako garbiketa eta desinfekzioa areagotuko dira, osasun eta higiene aldetik egoera onean egon daitezen bermatzeko; gomendatzen da sanitarioak, iturriak eta ateetako giderrak erabiltzen diren aldiro garbitzea. Horretarako, desinfektatzaile arruntak erabiltzen ahalko dira, unean prestatutako lixiba diluzio bat (1:50), adibidez, edo birusak hiltzeko ahalmena duten produktu biozidak (Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak beharko dute).

3.–Paperontziak jarri beharko dira, ahal dela estalkia eta pedala dutenak, eta maiz garbitu beharko dira, gutxienez egunean behin.

4.–Erabiltzen den oihalezko materiala (mahai-zapiak, ezpain-zapiak...), ahal dela, erabilera bakarrekoa izanen da. Hala ez bada, erabili ondoren aldatu eta garbigailuan garbituko da, 60 eta 90 arteko graduko tenperatuko zikloetan.

5.–Behin garbitu ondoren eta erabili aurretik, toki garbi batean gordeko da, kutsatzeko arriskurik gabekoan, beste elementu batzuk bezala: ontziteria, edalontziak, mahai-tresnak.

Bigarrena.–Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Aholkularitza Juridikora, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko ekainaren 7an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2005602