121. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, metraje luzeko ikus-entzunezko eta zinemagintzako proiektuak garatzeko “Generazinema Garapena 2020” dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 508754.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztutako txostenean eskatu du onets daitezela metraje luzeko ikus-entzunezko eta zinemagintzako proiektuak garatzeko “Generazinema Garapena 2020” laguntzen deialdia eta hari dagozkion oinarri arautzaileak, horretarako 227.000,00 euroko gastua baimen dadila eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela; hori guztia kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta ikusirik espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Metraje luzeko ikus-entzunezko eta zinemagintzako proiektuak garatzeko “Generazinema Garapena 2020” dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2540-4709-334102: Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak

2020

113.500,00

A20002-A2540-4709-334102: Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak

2021

113.500,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Metraje luzeko ikus-entzunezko eta zinemagintzako proiektuak garatzeko “Generazinema Garapena 2020” dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Zineari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen hitzaurrean jasotakoaren arabera, zinemagintzako eta ikus-entzunezko jarduera gure kulturaren eta gure ekonomiaren sektore estrategiko bat da. Artearen eta sorkuntzaren adierazpena den aldetik, herrialde baten kultur izaeraren oinarrizko elementua da. Ikusirik aurrerapen teknologikoari, garapen ekonomikoari eta enplegu sorkuntzari egiten dien ekarpena, nahiko arrazoi daude administrazio publikoek sektore hori sustatu eta indartzeko behar diren neurriak har ditzaten. Hori guzia ahantzi gabe egungo gizartearen esparru guztietan ageri dela ikus-entzunezko kultura, eta, zehazkiago, zinea, horren parte garrantzitsua baita.

Laguntza deialdi hau Espainiako autonomia erkidegoek, nork bere araudiaren arabera, beren sustapen neurriak ezartzeko dituzten eskumenen esparruan kokatzen da, eta estatuko neurriak osatzera dator. Hala, laguntza sail bat ezartzen da ikus-entzunezko sektoreak metraje luzeko filmen proiektuak gara ditzan, beharrezkotzat jotzen baitira estatuan dinamikoenetako bat den sektorea egoki gara dadin, alde batera utzi gabe egungo gizartean sektore hori garrantzitsuenetako bat bilakatzen ari dela oso azkar. Sustapenerako neurri hauen bitartez, Nafarroako Foru Komunitatea kulturaren eta ekonomiaren aldetik aberasten laguntzea espero da. Gainera, erkidego honek zerga arloko araudian ezarriak dituen zeharkako neurriak osatzera datoz.

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio esparrua.

1.1. Deialdi honen helburua da metraje luzeko ikus-entzunezko proiektuak garatzeko laguntzak ematea.

Deialdiaren xedea zinema-filmak eta ikus-entzunezko bestelako lan batzuk dira, Zineari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluan ezarritako definizioari jarraikiz:

a) Zinema-filma: Edozein baliabide edo euskarritan finkatutako ikus-entzunezko lan oro, non prestaketa prozesuan zehaztua agertzen baita sormen, produkzio, muntaketa eta postprodukzio lana, eta, lehen-lehenik, zinema aretoetan erakusteko helburua badu, merkataritza aldetik ustiatzeko. Definizio honetatik kanpo gelditzen dira edozein motatako gertakarien edo erakustaldien erreprodukzio hutsak direnak.

b) Ikus-entzunezko beste lan batzuk: Aurreko a) letrako baldintzak beteta ere, zinema aretoetan erakusteko helburua ez dutenak, jendearengana beste komunikazio bide batzuetatik iritsiko baitira.

Deialdi honen ondorioetarako, “film luzea” izanen da 60 minutuko edo hortik gorako zinema-film eta ikus-entzunezko lan oro, fikziozkoa, dokumentala, esperimentala nahiz animaziokoa, sortzen dena erakusteko eta haren ustiapen komertziala egiteko zinema aretoetan, telebista operadoreen bitartez (ohiko kanalak edo internet) edo OTT bidez.

Film luzearen proiektua garatzeko fasearen berezko operazioak izanen dira produkzio fasea baino lehenago egiten direnak, eta, batik bat, honako hauek: lanaren egile eskubideak eskuratzea, gidoia garatzea, aktoreen hautaketa prestatzea, produkzio plana prestatzeko lanak, dokumentazio lanak eta filmatzeko tokiak bilatzekoak, aurrekontua eta finantzaketa plana prestatzea, marketin eta banaketa plana prestatzea, sustapen materiala prestatzea (inprimatzeko materiala, teaserra, trailerra, programa pilotua, webgunea, eta abar), proiektuaren alderdi teknologikoei lotutako lanak eta film luzea garatzeko fasean funtsezkotzat jotzen diren beste kontzeptu batzuk. Proiektu zinematografiko bat garatzeko laguntza emateak ez dakar berekin hurrengo urteetan proiektu hori ekoizteko laguntza eman beharra.

1.2. Gehienez ere bi proiektutarako laguntza eskatzen ahalko da bi modalitateetako batean. Kasu horretan, puntuazio altuena lortzen duen proiektuari bakarrik emanen zaio dirulaguntza.

1.3. Deialdi honek bi laguntza modalitate ditu:

–A) modalitatea. Fikziozkoak, dokumentalak edo esperimentalak diren film luzeak ekoizteko proiektuak garatzeko laguntzak.

Deialdi honen ondorioetarako, “film luzea” izanen da 60 minutuko edo hortik gorako zinema-film eta ikus-entzunezko lan oro, fikziozkoa, dokumentala, esperimentala nahiz animaziokoa.

–B) modalitatea. Animazio filmak ekoizteko proiektuak garatzeko laguntzak.

2. Laguntza jasotzen duen proiektua egiteko epea.

Laguntzen diren proiektuak 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira, bi data horiek barne.

3. Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauek jasotzen dituzten pertsona edo entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak.

3.2. Onuradun izateko ezinbestekoa da eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

3.3. Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte bai pertsona fisiko independenteek, bai pertsona juridiko pribatu independenteek.

Pertsona pribatu independentetzat hartzen da, pertsona fisiko edo juridikoa izanik, nagusitasunezko eraginik jasotzen ez duena, ez ikus-entzunezko komunikazio/zabalkunde zerbitzuen emaile baten partetik, ez telebista kate pribatu bateko titular baten partetik, eta, bere aldetik, inongo kasutan nagusitasunezko eraginik ez duena, izan jabetza arrazoiengatik, izan partaidetza finantzarioagatik, edo izan baldintzatzeko ahalmena izateagatik, nolabait, kasuko administrazio edo kudeaketa organoen erabakien gainean.

Ekonomia intereseko taldeak izanen dira helburu soziala produkzio jarduerak egitea duten haiek, Merkataritza Erregistroko inskripzioaren arabera. Laguntzak jasotzen ahal dituzte, ondorio hauetarako produktore independenteekin parekatuz. Ekonomia intereseko talde baten parte diren produktore ez-independenteek ezin izanen dute, zuzenean nahiz zeharka, haren kapital sozialaren %20 baino gehiago eduki, Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4.n).1.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskatzailearen kaudimen ekonomikoaren eta ibilbidearen balorazioa, zeina jasotzen baita 16.1.1.c), 16.1.2, 21.1.1.c), 21.1.2, 26.1.1.c) eta 26.1.2 artikuluetan, eskaeran adierazten den ekonomia intereseko taldeko produktore independenteari buruzkoa izanen da.

3.4. Jarduera diruz lagungarria elkarrekin egin behar baldin badute onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten pertsona juridiko batek baino gehiagok, onuradun izaera lortzeko, enpresa batasun bat eratu beharko dute, hautatzen den entitate ordezkariaren bidez jardunen duena batasuneko kide guztien izenean, eta haiek ordezkatzeko ahalmena ere izanen du, bai laguntza-eskabidea eta egiaztagiriak aurkezteari begira, dirulaguntza ematearen ondoriozko betebeharrak betetzeari begira eta justifikazioa egiteari begira.

Enpresen batasuna eratzeko, akordiorako eredu normalizatua erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean eskura egonen dena. Laguntza-eskabidean, berariaz adierazi beharko da zein konpromiso hartzen dituen batasuneko kide bakoitzak, bai eta haietako bakoitzari dagokion dirulaguntza zatia ere, kide guztiek izanen baitute onuradun izaera.

Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 11/2005 Lege Orokorraren 35. eta 42. artikuluetan dirua itzultzeko eta arau-hauste kasuetarako ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

3.5. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2020ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte ikasketetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

4. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Dirulaguntza hauek finantzatzeko, 227.000 euro bideratuko dira gehienez. Finantzaketarako dirua honela banatuko da urtez urte:

2020ko ekitaldi ekonomikoa: 113.500 euro.

2021eko ekitaldi ekonomikoa: 113.500 euro.

–2020ko ekitaldi ekonomikoa: 113.500 euro, 2020rako onetsitako gastu-aurrekontuko “Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak” izeneko A20002 A2530 4709 334102 partidaren kargura.

–2021eko ekitaldi ekonomikoa: 113.500 euro, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak” izeneko A20002 A2530 4709 334102 partidaren kargura, edo 2021eko aurrekontu horretan ondorio horietarako sortzen denaren kargura, baldin eta horretarako kreditu nahikoa eta egokia badago.

Modalitateka, aurrekontua honela banatuko da:

–A) modalitatea. Fikziozkoak, dokumentalak edo esperimentalak diren film luzeen proiektuak garatzeko laguntzak: 82.000 euro.

  • 2020ko ekitaldi ekonomikoa: 41.000 euro.
  • 2021eko ekitaldi ekonomikoa: 41.000 euro.

–B) modalitatea. Animazio proiektuak garatzeko laguntzak: 145.000 euro.

  • 2020ko ekitaldi ekonomikoa: 72.500 euro.
  • 2021eko ekitaldi ekonomikoa: 72.500 euro.

4.2. Ematen den laguntzak goian zehaztutako muga izanen du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %60 baino handiagoa. Proiektu bakoitzeko laguntzak ez dira diru kopuru hauetatik gorakoak izanen:

–Fikziozkoak, dokumentalak edo esperimentalak diren film luzeak garatzeko proiektuak: 20.500 euro.

–Animazio proiektuak garatzeko proiektuak: 36.250 euro.

4.3. Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, aurkezten den aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, BEZa, pertsona edo entitate eskatzaileentzat berreskuratzeko modukoa bada, eta, bestetik, balorazio batzordearen ustez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak.

4.4. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, pertsona edo entitate onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak egokitu ditzan ematen ahal zaion dirulaguntzara. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

4.5. Hasieran esleitutako zenbatekoak askatzen badira, esleipen gehigarri bat egin daiteke dirulaguntza jasotzen ez duten pertsona edo entitateentzat, lortutako puntuazioaren arabera.

4.6. A modalitaterako gordetako kreditua agortzen ez bada, modalitate horretan gelditzen den soberakina B modalitatera igaroko da. B modalitaterako gordetako kreditua agortzen ez bada, modalitate horretan gelditzen den soberakina A modalitatera igaroko da.

5. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

5.1. Eskaerak tramitatzeko ardura duen organoa Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atala da. Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da.

5.2. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Zinemagintzaren eta ikus-entzunezkoen sektoreko 2 aditu (batek sormenarekin loturiko profila izanen du, eta beste batek, ikus-entzunezkoen produkzioarekin loturikoa); Nafarroako Kultura Kontseiluko kide bat (zinean/ikus-entzunezkoen arloan espezialista), eta Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko burua, edo, horrek ezin badu, Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua edo Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

c) Idazkaria: Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

5.3. Balorazio batzordeko kideak izendatzeko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

6. Eskaerek eta proiektuek bete beharreko baldintzak.

6.1. Aurkezten diren eskaerek, gutxienez, honako baldintzetako bi bete behar dituzte:

a) Film luzearen zuzendaritzaz arduratzen dena Nafarroakoa izatea edo Nafarroan erroldatuta egotea eskaera egiten den unean.

b) Filma egiteko proiektuaren guztizko kostuaren gutxienez %40 Nafarroako lurraldean eginen diren gastuak izatea. Edo kopuru hori berriz itzultzea helbide fiskala Nafarroan duten egileengana, talde tekniko edo artistikoetara edo zerbitzuetara.

c) Produktoreak helbide fiskala Nafarroan izatea proiektua gauzatzeko prozesu osoan.

6.2. Deialdian aurkezten diren proiektuek frogatu beharko dute badutela filma garatzeko fasearen kostu osoa ordaintzeko behar den finantzaketaren %15 edo gehiago (norberaren funtsak, hirugarrenen ekarpenak, laguntzak, eta abar).

6.3. Laguntzak ezin izanen dira eskuratu, deialdia egiten denean filmaketa hasita badago.

6.4. Laguntza eskatzaileek hitz eman beharko dute ez dituztela filmatze lanak hasiko harik eta gutxienez sei hilabete igaro arte laguntza eskatzen denetik.

6.5. Laguntza koprodukzio baterako nahi denean, pertsona edo entitate eskatzaileak produkzio osoaren %20ko partaidetza eduki beharko du, gutxienez. Kasu horretan, ulertuko da aurrekontuko zenbatekoa dela koprodukzioan duen partaidetza.

6.6. Proiektu bakoitzerako laguntza ez da inola ere izanen 4.2 puntuan ezarritako kopurutik gorakoa, ez eta 4.2 oinarrian onartzen den aurrekontuaren gaineko ehuneko hauek baino handiagoa ere:

–Onartutako aurrekontuaren %60, proiektuak 75 puntutik gora lortzen dituenean.

–%40, proiektuak 50 eta 75 puntu bitarte lortzen baditu.

7. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

7.1. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da. Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Aurrez aurre aurkezten bada, dokumentazioa eskabidearekin batera euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da (CD-ROM edo USB memoria), tramitazioa eta balorazioa errazte aldera.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

7.2. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereiz eta behar bezala identifikaturik:

a) Pertsona fisikoa izanez gero, eskatzailearen NANa edo erroldatze-ziurtagiria, baita egiaztagiri bat ere, non frogatuko baita alta emanda dagoela, eskaera aurkezteko unean, ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen arabera:

1. atala (enpresa jarduerak): 961. multzoa.

3. atala (jarduera artistikoak): 011. taldea.

b) Pertsona juridikoa izanez gero, sozietatearen estatutuak eta eskriturak, eta egiaztagiri bat, non frogatuko baita alta emanda dagoela, eskaera aurkezteko unean, ekonomia-jardueren gaineko zergan zinema-filmen produkzioari dagokion epigrafean, 1. atalean (961. multzoa), Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen arabera.

c) 6.1 puntuaren a) letran adierazitako baldintza betez gero: film luzearen zuzendaritzaz arduratzen den pertsonaren NANa edo erroldatze-ziurtagiria.

d) 6.1 puntuaren b) letran adierazitako baldintza betez gero: Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena zenbatekoa den Nafarroan egin behar duen gastuaren ehunekoa, zehaztuta Nafarroan helbide fiskala duten egileak, talde tekniko edo artistikoak edo zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

e) 6.1 puntuaren c) letran adierazitako baldintza betez gero: Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena produktore eskatzaileak Nafarroan izanen duela egoitza fiskala filma egiteko prozesu osoan.

f) Proiektua garatzko faseko kostu osoa estaltzeko beharrezko finantzaketaren %15, gutxienez, baduela frogatzen duen dokumentazioa, 6.2 puntuan ezarri den bezala. Honako agiri mota hauek onartuko dira: bankuaren ziurtagiriak, gaur egun banku-kontuan dagoen saldoa adierazten dutenak; ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematen dituzten enpresekin sinatutako hitzarmenak; zine banaketako enpresekin sinatutako kontratuak; emandako laguntzen gaineko ebazpenak; koprodukzio kontratuak; bankuek edo elkar bermatzeko sozietateek emandako banku abalak; banku-kredituak; inbertsore pribatuen ekarpenei buruzko ziurtagiriak; eskaera aurkezten den unean eginda eta ordainduta dauden gastuen gaineko zinpeko adierazpenak.

g) Proiektua azaltzen duen memoria.

h) Proiektua garatzeko aurrekontu ekonomiko zehatza. Nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea. Excel formatuan igorriko da. Aurrekontu horretan, filmaren gutxi gorabeherako guztizko aurrekontua ere jasoko da. 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte egiten diren gastuak baizik ez dira sartuko.

i) Produktore eskatzaileak proiektua koprodukzioan eginez gero:

–Aurrekontu ekonomiko zehatza, adierazita, bakarrik, eskatzaileari dagokion aurrekontu zatia.

–Erantzukizunpeko adierazpena, berariaz jasotzen dituena koproduktore bakoitzak hartutako exekuzio konpromisoak.

j) Eskabidea telematika bidez bidali ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

7.3. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdiren batean parte hartu duten pertsona fisiko edo entitate eskatzaileek ez dituzte dokumentu hauek berriz aurkeztu beharko, haietan aldaketarik izan ezean: pertsona fisikoen kasuan, eskatzailearen NANa edo erroldatze-ziurtagiria; eta pertsona fisiko pribatuen kasuan, sozietatearen estatutuak eta eskriturak.

7.4. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.5. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio/akreditazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, behar den ebazpena eman ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

8. Gastu diruz lagungarriak.

8.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Lanaren egile eskubideak eskuratzea.

b) Gidoia: idazketa edo egokitzapena, kanpoko aholkularitza, itzulpen lana.

c) Sustapen materiala diseinatzea eta prestatzea: material inprimatua, teaserra, trailerra, story board delakoa, webgunea, eta abar.

d) Marketin eta banaketa plana prestatzea.

e) Koprodukzio foroetara eta azoketara joatea: joan-etorriak eta dietak (Nafarroako Gobernuaren 2012ko azaroaren 28ko Erabakian jasotako baldintzen araberako mugekin, 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa), akreditazio tasak, demoak, teaserrak eta/edo pilotuak, komunikaziorako materialak, aurkezpenak eta/edo proiektuaren itzulpenak. Deialdi honen ondorioetarako, dieta-gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria).

f) Aktoreak hautatzeko lanak eta lokalizazioak bilatzekoak.

g) Dokumentazio lanak eta artxiboetan bilatzekoak, grafika (animazio kasuetan).

h) Proiektuaren garapena kudeatzeko langileriaren kostuak, aseguruak, proiektuari lotutako kostu legalak eta kontularitzakoak. Langileek proiektuan benetan emandako denboraren araberako zati proportzionalak egotziko zaizkio programari, eta deskripzio-memorian edo proiektuaren aurrekontuan adierazi beharko dira.

i) Proiektuari lotutako aholkularitza juridiko eta fiskala.

j) Diruz laguntzen den proiektuan aritzen diren profesionalak babesteko asmoz, osasun arloko agintariek nahitaezkotzat jotzen dituzten norbera babesteko ekipamenduak erosteko gastuak.

k) Zeharkako gastuak: hemen sartzen dira bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %15 baino gehiago.

l) Proiektua egoki gauzatzeko beharrezkotzat jotzen diren beste gastu batzuk, deialdi honen 1.1 puntuan ezarritako kontzeptuei lotuak baldin badaude.

8.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileek berreskuratzen ahal dutena.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak ez dira onartuko.

9. Proiektuen balorazioa.

9.1. Proiektuak kudeaketa organoak eta balorazio batzordeak baloratuko dituzte. Batzorde hori deialdi honen oinarrietako 5.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz osatuko da.

9.2. Zuzenean edo zeharka balorazio batzordeko kideren baten parte-hartzea aurreikusten duten proiektuek ezin izanen dute laguntzarik jaso, salbu eta batzordeko kide horrek berariaz uko egiten badio parte hartzeari, idatziz eta organoa eratu baino lehen.

9.3. Honela eginen da balorazio prozesua:

1. fasea: Kudeaketa organoak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa. Oinarri hauen 3. puntuan ezarritako baldintzak eta laguntza-modalitate bakoitzerako berariazko oinarrietan ezarritakoak betetzen dituzten proiektuak baizik ez dira onartuko.

Gero, honako irizpide hauek baloratuko dira, deialdi honen II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera, eta proiektu bakoitzak 40 puntu lortzen ahal ditu gehienez:

–Enpresa eskatzailearen edo ekoizle-kudeatzaile gisa aritzen den enpresaren kaudimena: 8 puntu gehienez, kontuan harturik azkeneko sei urteotan ekoitzitako eta estreinatutako filmen kopurua, jaialdietako izendapenak eta lortutako sariak, eta enpresaren antzinatasuna, urtetan neurtua.

–Proiektuko zuzendariaren ibilbidea (5 puntu gehienez, jaialdietan izandako izendapenen eta lortutako sarien arabera banatuko direnak).

–Nafarroan egindako gastua: 8 puntu gehienez; proiektua garatzeko fasean Nafarroan eginen diren gastuak, ehunekotan, zenbatekoak diren kontuan hartuta banatuko dira. Nafarroan bizi diren sortzaileek egindako lan artistikoa eta teknikoa kontratatzeko gastuak zenbatuko dira, baita helbide fiskala Nafarroan duten enpresek emandako zerbitzu teknikoak ere, proiektuaren guztizko aurrekontuarekin alderatuta.

–Finantzaketa lortzea, finantzaketa planetik bete diren konpromisoak (7 puntu gehienez).

–Zuzendari berria: 2 puntu gehienez, baldin eta zuzendariaren lehenengo edo bigarren film luzea baldin bada. Honela banatuko dira:

  • 2 puntu zuzendari emakumezko baten lehenengo edo bigarren film luzea bada.
  • 1 puntu zuzendari gizonezko baten lehenengo edo bigarren film luzea bada.

–Emakumearen partaidetza: 5 puntu gehienez, filmaren proiektua gauzatzeko taldean emakumeek duten partaidetzaren arabera banatuko direnak.

–Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean. 4 puntu gehienez.

–Erakunde eskudun batek aitortuta, %33ko edo gehiagoko desgaitasuna duen pertsona bat edo gehiago izatea enpresan lanean edo proiektuan. 1 puntu.

Baloratzeko aurkezten diren kontratu guztiek laguntzaren xedeko film luzea aipatuko dute nahitaez.

2. fasea: balorazio batzordeak proiektuaren kalitatea, balio artistikoa eta garapen maila baloratuko ditu, eta, hala, 40 puntu emanen ditu gehienez, irizpide hauen arabera:

–Aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta izaera sortzailea (gehienez 30 puntu):

  • Gidoiaren tratamenduaren kalitatea, kalitatetzat hartuta bere berezitasunagatik hari balioa ematen dioten berezko baldintzak, betebeharrak edo ezaugarriak (gehienez 20 puntu).
  • Zuzendaritzaren eta produkzioaren memoria, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia (gehienez 10 puntu).

–Proiektuak balio zinematografiko, kultural edo sozial berezia izatea: 5 puntu gehienez.

–Proiektuaren garapen maila: 5 puntu gehienez.

3. fasea: balorazio batzordeak gehienez 20 puntuz baloratuko du proiektuaren egokitasuna eta koherentzia eta proiektuaren bideragarritasuna, irizpide hauei jarraikiz:

–Aurrekontuaren koherentzia eta proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 10 puntu).

–Produkzioaren egitura eta taldeak nola egokitzen zaizkion aurrekontuari (gehienez 10 puntu).

Bigarren eta hirugarren faseetan, pertsona edo entitate eskatzaileek aukera izanen dute balorazio batzordearen aurrean beren proiektuak defendatzeko, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Horretarako, I. eranskinean adierazi behar dute hori, dagokion laukia markatuta. Halaber, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak entitateen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. fasea: Hiru faseetan baloratzen den proiektu bakoitzari guztizko puntuazio bat emanen zaio, fase bakoitzean lortutako puntuazioa batuz aterako dena. Guztira, 100 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Batzordeak ezarriko du aurkeztutako eskaera bakoitzaren puntuazioa, eta gero, proiektuen lehentasun zerrenda bat prestatuko du, bakoitzak lortutako guztizko puntuazioaren arabera. Zerrenda hori izanen da laguntzak banatzeko erabiliko dena, betiere deialdian ezarritako aurrekontu-zuzkidura gainditu gabe. Hori eginda, dirulaguntza banatuko du gutxienez 50 puntu lortzen dituzten proiektuen artean, bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, 4.2, 4.3, 4.4 eta 4.5 oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, eta modalitate bakoitzerako ezarritako diru mugak gainditu gabe.

Aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren gertatuko balitz pertsona edo entitate onuradun bati eskatutako dirulaguntza baino txikiagoa ematea, 4.4. puntuan aipatzen den moduan jokatuko da, balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi arte, betiere lortutako puntuazio-ordenari jarraituta.

5. fasea: batzordeak irizpen loteslea emanen du.

9.4. Balorazio batzordeak proiektu bakoitzari puntu bakoitzean emandako balorazioa arrazoitzeko txosten bat prestatu beharko du.

9.5. Proiektu bakoitzerako laguntza ez da inola ere izanen oinarri hauen 4.2 eta 6.6 puntuetan ezarritako kopurutik gorakoa.

9.6. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak, balorazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

10.1. Oro har, laguntzak bi alditan ordainduko dira. Lehenengo zatia aurrerakin moduan ordaintzen ahalko da, edo ordainketa bidez, eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren %50 artekoa izan daiteke, zein den ere kontzeptua.

–Aurrerakina:

Dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da aurrerakinaren zenbatekoa, eta 2020ko kredituen kargura ordainduko da, betiere funtsen beharra justifikatuz gero. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, aurrerakina eskatzeko III. eranskina aurkeztu beharko da, behar bezala betea, 2020ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne (diruzaintzaren egoeraren egiaztagiria edo bere banku-kontuetako saldoen egiaztagiria, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak), bertan adierazita dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela 2020ko kredituen kontura.

Ordainketa:

Ordainketa aukeratuz gero, honako hauek aurkeztu beharko dira 2020ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne:

  • Gastu eta diru-sarreren zerrenda, oinarri arautzaile hauen 10.3 oinarriko c) letraren arabera.
  • Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen egiaztagiriak, oinarri arautzaile hauen 10.3 oinarriko d) letraren arabera.

10.2. Egiaztagiri horiek aurkezten ez badira 2020rako emandako dirulaguntzaren zatia jasotzeko ezarritako epean, entitate onuradunak aurrerakina hartzeko eskubidea galduko du.

10.3. Bigarren ordainketa, oro har, onartutako dirulaguntzaren %50ekoa izanen da, eta diruz lagundutako jarduera bukatuta ordainduko da, Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren, baldin eta 2021eko urriaren 31 baino lehen (egun hori barne) frogagiri eta dokumentu hauek aurkezten baditu:

a) Garapen proiektua azaltzeko memoria zehaztua, honako hauek jasoko dituena:

–Proiektuan egindako jarduketei buruzko txostena.

–Gidoi osoa.

–Lehenengo produkzio plan xehatua eta ikus-entzunezko lanaren behin-behineko aurrekontua.

–Lehenengo plan xehatua eta dokumentazioa filmaziorako aurreikusten diren lekuei buruz.

–Aktoreak hautatzeko proposamena.

–Filmaren finantzaketa plana.

–Laguntzaren eskaeran konprometitutako beste jarduketa batzuk.

–Azken dokumentazioa aurkezteko egunerako, proiektuari emandako beste laguntza batzuei buruzko zinpeko aitorpena.

b) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

c) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFZ; fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

d) Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuaren ziurtagiriak. Fakturak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera luzatuak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, erreziboak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

e) Proiektuaren gastu diruz lagungarriekin lotutako gastu guztiek (8.1. puntuan definituak) ordainagiriak beharko dituzte. Egindako gastutzat joko da oinarri hauetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. 100 eurotik gora egindako gastuek bankuko ordainagiria eduki beharko dute. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

f) Diru-sarrerak egiaztatzeko dokumentazioa (norberaren funtsak, beste dirulaguntza batzuk).

g) Proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

h) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Lanak zer gairi heltzen dion nagusiki, eta adieraztea edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Lanaren egiletza (egilea emakumea, gizona edo anonimoa). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Zuzendaritza (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

10.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordainketaren frogagiria badute.

10.5. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak justifikazioko kontu horien gaineko berrikuspen txostenak egiten ahalko ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez.

Txosten horiek honako hauek betez eginen dira:

I.–Txostenen kontratazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eginen du.

II.–Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da, IV. eranskinean ageri den eredua erabiliz. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazioko kontuak berrikusteko lanetan bete beharreko jarduketa-araua onetsi zen.

10.6. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

11. Dirulaguntza emateko ebazpena.

11.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

11.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Gainera, eskabidean adierazitako helbide elektronikoa baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

11.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

11.4. Presuntziozko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

11.5. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura eta Kirol Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea 39, 31001 Iruña), edo Administrazioen Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

12.1. Deialdi honetan aurreikusten den ekarpena bateragarria da helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntza ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, mezenasgo-ekarpen, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12.2. Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratuz gero, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

13. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

13.1. Emandako laguntza onartu beharra. Hortaz, baldin eta dirulaguntza eman dietela jakinarazteko idazkia jasotzen den egunetik hasita hogei eguneko epean onuradun ateratzen diren pertsonek/entitateek ez badiote berariaz uko egiten, ulertuko da laguntza onartzen dutela.

13.2. Onuradunek (salbu eta pertsona fisikoak badira) dirulaguntza eman diotela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute telematikoki gardentasun betebeharraren aitorpena eta, hala badagokie, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, non Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baitira.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalaren bidez.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaie, itzuli egin beharko dute.

13.3. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

13.4. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

13.5. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari idatziz jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera aipagarri, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Atal horrek baimena emanen dio, baldin eta, balorazio batzordearen iritziz, aldaketak ez badio eragiten onetsitako proiektuaren funtsari.

13.6. Laguntzaren xedeko jarduera egitean, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuaren lankidetzaren berri ematea; izan ere, laguntza jasotzen duten proiektuak eskatzaile bakoitzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, hala inprimatutako material guztietan, nola zuzeneko komunikazio ekintzetan, jasotako laguntza berariaz aipatuz.

Inprimakien, publizitatearen eta web-orrien kasuan, lankidetza horren berri emateko, “Subvenciona/Laguntzailea” esaldia txertatuko da, eta horren ondotik, Nafarroako Gobernuaren logotipoa. Filmetako kredituen kasuan, hasierako kredituetan adieraziko da, ikusleek argi eta garbi irakurtzeko moduan, eta kartela bakarrean, jardueraren gainerako lankideen aipamenetatik bereizita. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

13.7. Sortzaile, artista eta teknikariekiko harremanei aplikatu beharreko araudia betetzea (legezkoa eta hitzartua) eta, zehazki, egunean egotea hala langile horiekin nola industria teknikoekin hitzartutako betebeharren ordainketan, produkzio enpresa berak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egindako azken filmari dagokionez.

13.8. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

13.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea idatziz Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari. Jakinarazpen hori finantzaketaren berri izan eta berehala egin beharko da (eta, betiere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen), egiaztatzearren betetzen dela laguntzak metatzearen gainean Europar Batasuneko araudiak ezarritakoa, baimentzen diren gehieneko intentsitateei dagokienez.

13.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

13.11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

13.12. Dirulaguntzaren onuradunek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta. Txosten horretan adieraziko da proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

13.13. Proiektuko informazioaren osagarri, enpresak edo profesionalak generoari buruzko memoria bat erantsiko du, helburu izanen duena ezagutzea zein den Nafarroako kultura sektorearen errealitatea genero-ikuspegitik. Horretarako, datu hauek bilduko dira:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Lanak zer gairi heltzen dion nagusiki, eta adieraztea edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Lanaren egiletza (egilea emakumea, gizona edo anonimoa). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Zuzendaritza (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

13.14. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, sortzen diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

14. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

14.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Ondorio horretarako, eskatzaileek V. eranskina beteko dute.

14.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

14.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

15. Laguntza itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak ez badu behar bezala justifikatzen proiektua gauzatu dela, edo betetzen ez baditu hitzemandako baldintzak, 7. puntuan adierazi direnak, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

16. Arau hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa izanen da.

17. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

18. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Balorazio irizpideak.

II.A) eranskina.–Jaialdien eta sarien balorazioa.

III. eranskina.–Aurrerakinaren eskaera.

IV. eranskina.–Justifikazioko kontua berrikusteko eta egiaztatzeko txostenaren eredua.

V. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2004790