120. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

158/2020 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2020-2021 ikasturtean Nafarroako diseinuko goi mailako arte ikasketak egiteko berariazko sarrera-probetarako deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste, diseinuko goi mailako ikasketak. Lege horren 57.2 artikuluak ezartzen du, diseinuko goi mailako ikasketak egiteko, beste betebehar akademiko batzuk betetzeaz gainera, beharrezkoa dela sarrera-proba bat gainditzea. Proba horretan izangaiek erakutsi beharko dute behar bezalako ezaupide eta trebetasun profesionalak dituztela kasuan kasuko ikasketak probetxuz egiteko.

Urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren 12. artikuluan eta maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuaren 5. artikuluan araututa dago diseinuko goi mailako titulua lortzeko irakaskuntza ofizialetan izangaiak sartuko direla berariazko proba gaindituz, baldin eta izangaiek Batxilergo titulua badute edo gainditu badute 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba, edo goi mailako arte ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba gainditu badute.

Halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako arte ikasketen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak, 5.4 artikuluan, zehazten du hezkuntza administrazioei dagokiela, beren eskumenen esparruan, ikasketa horietan sartzeko berariazko probarako deia egitea eta hura antolatu, garatu eta ebaluatzea.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera luzatzen duen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuak honakoa ezartzen du 7. artikuluan, “Neurriak malgutzea unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren esparruan” izenekoan:

“Luzapen honek indarra duen bitartean, eta, 3.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, lurralde eremu bat II. fasera edo hurrengora igarotzea erabakitzen bada, hezkuntza administrazioek xedatzen ahalko dute euste neurriak malgutzea eta jarduera presentzialei ekitea unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren esparruan, eta administrazio horien eskumena izanen da neurri horiek gauzatzea.

Denbora horretan, hezkuntza arloko jardueretarako urruneko eta on-line modalitateak ere mantentzen ahalko dira, posible denean, nahiz eta ikastetxean ez izan hori irakaskuntzarako berariazko modalitate gisa ezarrita dagoena.”

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 25eko 48/2020 Foru Aginduak xedatzen du euste neurriak malgutuko direla eta zenbait jarduera presentzial hasiko direla berriz unibertsitatez kanpoko hezkuntza esparruan 2019-2020 ikasturterako, eta, zehazki, baimena ematen du 2020-2021 ikasturtean Nafarroako diseinuko goi mailako arte ikasketak egiteko berariazko sarrera-probak egiteko.

Diseinuko goi mailako arte ikasketetan sartzeko proben deialdia arautzeak ahalbidetzen du araudian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten herritarrek ikasketa horietan sartzeko aukera izatea, baldin eta hezkuntzako administrazioek deitutako sarrera-proba gainditzen badute; horregatik, funtsezkotzat jotzen da interes orokorra babesteko eta oinarrizkoa da hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamenduari begira.

Aldi berean, Hezkuntzako Estatu Idazkaritzak eta Lanbide Heziketako Idazkaritza Nagusiak ebazpen bateratu bat eman dute unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetan, funts publikoekin finantzatutakoetan, ikasleak onartzeko prozeduren hasierari eta jarraipenari buruz, sarrera-probei eta ikasketa tituluak lortzeko probei buruz, eta ikasleen matrikulazioari buruz; haren bidez, besteak beste, arte ikasketetarako sarrera-probei dagokienez hezkuntza administrazio eskudunek bete beharreko prozedurei jarraipena ematea ebazten da, ezinbestekoak direlako interes orokorra babesteko eta hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamendurako.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emandako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da 2020-2021 ikasturtean Nafarroako diseinuko goi mailako arte ikasketetan sartzeko proben deialdia egitea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020-2021 ikasturtean Nafarroako diseinuko goi mailako arte ikasketak egiteko berariazko sarrera-probetarako deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Eskolatze Bulegora, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara eta Iruñeko “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimendunera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. eranskina

Oinarriak

1.–Xedea eta eremua.

2020-2021 ikasturtean, diseinuko goi mailako arte ikasketetan sartzeko berariazko probetarako deialdian nola onartu eta sartu arautzea du xede ebazpen honek, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, horren bidez arauak eman baitira diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezartzeko Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan, eta Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, hura aldatzen baitu.

2.–Eragina eta balioa.

Sarrera-proba gainditzeak ahalbidetzen du, bakar-bakarrik, 2020-2021 ikasturtean matrikula egiteko, eta aukera ematen du ikasketa horiek ematen dituen Estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan ikasposturik izanez gero.

3.–Probak egiteko tokia eta egunak.

Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eginen dira probak.

Nolanahi ere, beste leku bat erabili behar bada, Arte Ikasketen Atalari dagokio behar bezala eta aldez aurretik horren berri ematea Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan) eta Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeen iragarki-tauletan.

Sarrera-probak deialdi bakarrean eginen dira, 2020ko ekainaren 24tik aurrera, eta behar den denborarekin iragarriko dira, aurreko paragrafoan adierazitako bideak erabiliz.

Arte Ikasketen Atalak argitaratuko du zein egun, ordu eta tokitan eginen den probaren zati bakoitza, baita emaitzak noiz argitaratuko diren ere, gutxienez 48 ordu lehenago, aipatutako bideak erabiliz.

4.–Baldintzak.

4.1. Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek konplitzea:

a) Batxilergo titulua izatea, edo gainditua izatea 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba edo goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba.

b) Berariazko sarrera-proba bat gainditzea, ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak erakusteko.

4.2. Diseinuko goi mailako ikasketetan zuzenean sar daitezke, berariazko sarrera-proba egin beharrik gabe, arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikari titulua dutenak, maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuan eta martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan jaso bezala.

5.–Sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba.

Honako hauek heldutasun proba bat gaindituz sar daitezke: 18 urte beteak dituzten edo proba egiten den urtean beteko dituzten izangaiak, Batxilergo titulurik ez badute edo gainditu ez badute 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba. Hezkuntzako administrazioek antolatuko dute heldutasun proba, eta maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan aipatzen da, dekretu horren bidez arautu baitzen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako arte ikasketen oinarrizko edukia.

Ikasturte honetan, Hezkuntza Departamentuak goi mailako arte ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun probarako deialdi bat iragarri du Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 12ko 76/2020 Ebazpenaren bidez.

6.–Probetan izena ematea.

6.1. Berariazko sarrera-proba egin nahi dutenek inskribatzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, ebazpen honen II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera. Bertan, aukeratu nahi dituzten espezialitatea edo espezialitateak (bi, gehienez ere) aipatu beharko dituzte. Bi espezialitate egin nahi izanez gero, lehentasunen arabera adieraziko dira.

6.2. Honako hauek egokitzapenak eskatzen ahal dituzte goi mailako arte ikasketetan sartzeko proba egiteko:

–Desgaitasunen bat duten pertsonek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea. Eskabidearekin batera, minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, eta irizpen tekniko fakultatiboa aurkeztu beharko dute.

–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztela egiaztatzen duten pertsonak, ikasteko nahasmenduak eta arreta-defizitaren nahasmendua eta hiperaktibitatea izateagatik.

Egokitzapenak Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 5.7 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, izangaiaren ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak frogatzeko aukera errespetatuko du, hartu nahi dituen ikasketak probetxuz egiteko.

6.3. Dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren, atzerritarraren nortasun txartelaren (bi aldeetatik bi kasuetan), pasaportearen, nortasuna frogatzen duen bidaia agiriaren edo bisaren fotokopia.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketarako kontuan sarrera-probaren tarifarako ezarritako zenbatekoa ordaindu dela frogatzeko gordekina, hala badagokio. Zenbateko hori Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 12ko 43/2020 Foru Aginduan ezarri zen, agindu horren bidez ezarri baita Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako ikasketetara sartzeko proben tarifa.

Berariazko sarrera-probetarako izena ematea: 61,79 euro.

Honako hauek dira proban inskribatzeko tasak, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen Tasei eta Prezio Publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 99. artikuluarekin, kontuan harturik foru lege horren 99. bis artikuluan ezarritako onura fiskalak:

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: %50eko hobaria

–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; ekintza terroristen biktimak (baita ezkontidea eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita seme-alabak ere); gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: %100eko salbuespena

c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, edo biktimaren aldeko ebazpen judizialarena, biktimaren aldeko kondena-epaiarena edo kautelazko neurriarena, edo desgaitasunaren ziurtagiriarena.

d) Batxilergoko tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.

Probetarako izena emateko orduan Batxilergoko azkeneko ikasturtea egiten ari diren izangaiek, ez dituztenez izanen artikulu honetan aipatutako agiriak, 2020ko uztailaren 1a baino lehenago aurkeztuko dituzte, Arte Ikasketen Atalera zuzenduta, 6.4 oinarrian aurkezpenerako ezarritako tokietan.

e) 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren agiriaren fotokopia, halakorik bada.

f) Diseinuko goi mailako ikasketak egiteko ezarritako betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, halakorik badu.

Inskribatzeko orduan, heldutasun proba gainditu gabe duten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute proba hori egiteko inskribatu direla eta, behin betiko emaitza izan bezain laster, eta, edozein kasutan, uztailaren 10erako, egun hori barne, hura gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute 6.4 oinarrian aurkezteko ezarritako tokietan.

g) Minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, hala badagokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere.

Administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskaerarekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.

6.4. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaera, aipatu dokumentazioarekin batera, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da, eta honela aurkezten ahalko da:

a) Bertaratuta: Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeetako idazkaritzan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edo Nafarroako Gobernuko Erregistroko edozein bulegotan.

Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeetako idazkaritzan aurkezten diren eskaerak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalera igorriko dira, inskribatzeko epea bukatu eta biharamunean.

b) Telematika bidez, on-line, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian (www.nafarroa.eus) eskura baitago.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16.4 artikulua). Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Azken kasu horretan, onuradunak iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, mezu elektroniko bat bidalita ensearti@navarra.es helbidera, igorpenaren gordailu eguna egiaztatzen duen agiriaren kopiarekin batera, aurkezpenaren egun berean.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta handik bost egun baliodunen buruan bukatuko.

6.5. Eskaera onartuak eta baztertuak.

Inskripzioak formalizatzeko ezarritako epea bukatu ondoren, Arte Ikasketen Atalak onartu diren eskatzaileen izenen lehenbiziko zerrenda argitaratuko du, behar denean espezialitateen arabera bereizirik, baita baztertutako eskatzaileen izenen zerrenda ere, baztertzeko arrazoia azalduta, Nafarroako Gobernuko web-orrian (www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan) eta Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeen iragarki oholetan. Baztertutako eskatzaileek hiru egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoia zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko edo erreklamazio bat aurkezteko. Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da dokumentazioa, eta ebazpen honen 6.4 oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko da. Atal horrek balizko erreklamazioei erantzunen die, eta, ondoren, eskatzaile onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.

7.–Berariazko sarrera-probaren egitura eta edukia.

Probak hiru ariketa izanen ditu. Horietako bi, grafikoak, eta hirugarrena, testu-formatuarekin.

7.1. Lehen ariketa:

a) Irudiaren iruzkina: Proposatzen diren pinturako eta/edo eskulturako bi irudiren arteko konparazio iruzkin bat idaztea.

Gehieneko iraupena: 45 minutu.

7.2. Bigarren ariketa:

a) Geometria metriko laua: ariketa bat ebaztea, non trazadura hauek izan daitezkeen: poligonoak egitea, transformazio geometrikoak, irudi baliokideak, tangentziak eta proportzionaltasuna.

Gehieneko iraupena: 45 minutu.

b) Geometria deskribatzailea: ematen den objektu baten krokis kotatua, esku hutsez prestatua, eta objektu beraren marrazketa zehaztuko den eskalan, tresnak erabiliz. Bi marrazketak arkatzez eginen dira.

Gehieneko iraupena: 75 minutu.

7.3. Hirugarren ariketa: Marrazketa artistikoa.

a.1) Proposatutako eredutik abiatuta, hura irudikatzea, teknika lehorrarekin, kontuan harturik proportzioa, argi-ilunak, konposizioa, etab.

a.2) Natura hila osatzen duten objektuak abiapuntu izanda, konposizio librea egitea, tresnen laguntzarik gabe.

Gehieneko iraupena: 90 minutu.

b) Diseinuaren oinarriak:

errepikapen diseinu bat egitea, sare modularren erabileran oinarriturik.

Gehieneko iraupena: 60 minutu.

Izangaiek beren nortasuna frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute probetan. Halaber, probara joan beharko da osasun agintaritzak egun horretan ezarritako neurriak hartuta.

8.–Berariazko sarrera-proba nola kalifikatu eta gainditu.

Berariazko probaren kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera-proba gainditutzat joko da lortzen den kalifikazioa 5,00 puntukoa edo hortik gorakoa bada. Emaitzak, partzialak zein guztizkoak, kasuan kasuko aktetan jasoko dira. Arte Ikasketen Atalak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan) eta Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxeetako iragarki oholetan.

Berariazko sarrera-proba gainditzen bada, kasuan kasuko gainditze ziurtagiriarekin egiaztatuko da. Hura Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emanen du eta epaimahaiko buruak eta idazkariak sinatua egonen da, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak ikus-onetsia, kasuan kasuko probaren kalifikazio aktarekin bat, IV. eranskinean jasotzen den ereduari jarraituz. Besteak beste, ikasturtea, espezialitatea eta lortutako kalifikazioa zehaztuko dira. Ez zaie ziurtagiririk emanen proba guztiz gainditzen ez duten izangaiei, ezta ziurtagiri partzialik eta ariketa bakoitzaren kalifikazioari buruzkorik ere.

9.–Diseinuko goi mailako ikasketetan Nafarroako Gobernuaren eskumeneko ikastetxe publikoetan eskaintzen diren plazak.

Diseinuko goi mailako ikasketetan eskainitako plazak 24 izanen dira Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan, Diseinu Grafikoa espezialitatean, eta beste 24 Iruñeko Arte Eskolan, Barnealdeen Diseinua espezialitatean.

10.–Ikasleak onartzea.

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren 4.bis artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

11.–Epaimahaiak.

Epaimahai bakarra eratuko da, mahaiburuak eta mahaikideek osatua. Epaimahaiko kideen kopurua bakoitia izanen da, baina ez hirutik beherakoa.

11.1. Epaimahaiaren osaera.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradun eta irakasleen kidegoko eta/edo marrazketa espezialitateko Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioek osatuko dute epaimahaia, haietako bat mahaiburu dela. Mahaikide gazteena arituko da idazkari.

Arte Ikasketen Atalak mahaikideak izendatuko ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

12.–Erreklamazioak.

Proben kalifikazioen inguruko erreklamazioak, halakorik balego, 6.4 oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko dira, Arte Ikasketen Atalera zuzenduta, gehienez ere bi egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioaren arrazoiak argi adierazi behar dira. Erreklamazioak gehienez ere hamar egun balioduneko epean ebatziko dira, erreklamazio epea bukatzen denetik hasita, eta ebazpena interesdunari komunikatuko zaio, jaso duela frogatzeko moduan.

Ebazpen horien kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, komunikazioa jaso eta hilabeteko epean.

13.–Dokumentazioa gordetzea.

Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko probetan sortutako dokumentazio guztia Arte Ikasketen Atalean gordeko da, gutxienez bi hilabetean proba horiek bukatu ondoren, aurkeztutako erreklamazioei dagokiena izan ezik, hura gorde beharko baita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epearen arabera.

II. ERANSKINA

Inskribatzeko eskabidea, 2020-2021 ikasturtean diseinuko goi mailako arte ikasketetan sarrera-probak egiteko (PDFa).

III. ERANSKINA

Izangaiak ekarri beharko dituen materialak, diseinuko goi mailako arte ikasketetan sartzeko probak egiteko

2020-2021 ikasturtea

Lehen ariketa:

Irudiaren iruzkina:

–Bolaluma beltza edo urdina.

Bigarren ariketa:

Geometria metriko laua eta geometria deskribatzailea:

–2H portamina, borragoma, eskuaira eta kartaboia, erregela edo eskalimetroa eta konpasa.

Aukeran, honako hauek erabiltzen ahalko dira:

–HB arkatza edo portamina.

Hirugarren ariketa:

a) Marrazketa Artistikoa:

–Teknika lehorrak.

b) Diseinuaren Oinarriak:

–Marrazteko tresnak, hala nola, arkatza (2H) edo portamina, borragoma, erregela, eskuaira, kartaboia.

–Errotuladore grisa: fina, irudia markatzeko, eta lodia, punta alakadunekoa, irudiaren barrena betetzeko.

–Errotuladore beltza: fina, irudia markatzeko, eta lodia, punta alakadunekoa, irudiaren barrena betetzeko.

Aukeran, honako hauek erabiltzen ahalko dira:

–HB arkatza edo portamina.

–A3 formatuko kartulina zuria, beltza eta grisa.

–Cutterra.

–Ebakitzeko alfonbratxoa.

–Bi aldeko zinta edo barra itsaskorra.

IV. ERANSKINA

2020-2021 ikasturtean diseinuko goi mailako arte ikasketak egiteko berariazko sarrera-probak gainditu izanaren egiaztagiriaren eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2005235