120. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1474E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, aldatzen duena Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 26ko 1677/2018 Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitzen 45 urtetik gorako luzaroko langabeen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 494411.

Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuetako bat da luzaroko langabeen kopurua murriztea. Gizatalde honentzat lan aukera gutxi daudenez, nahiz eta lanbide prestakuntza izan, lan merkatuan sartzeko aukera gutxiago dituzte. COVID-19aren osasun krisiak eragin duen egoerak, lan arlokoak nahiz ekonomikoak, larriagotu egin ditu arazo horiek.

Espainiarako 2020rako aurreikuspenak %1,6ko hazkundekoak ziren krisiaren aurretik, eta BPGaren %8ko jaitsiera iragartzen da orain. Horrek ondorioak ditu langabezian, espero baita %20tik gorakoa izatea. Egia bada ere agertokia zalantzazkoa dela oraindik, datu guztien arabera pentsatzekoa da aurreikuspen horrek ondorioak izanen dituela Nafarroako ekonomian eta langabezian.

Alde batetik, garrantzitsua da langabezian denbora luzea daramatenak lan bizitza aktibora itzultzea, eta, bestetik, premiazkoa da krisi honen ondorioz lanik gabe gelditu direnak erreskatatzea, helburu argi batekin, haien egoera kroniko ez bihurtzea eta luzaroko langabeen kolektiboan ez sartzea, alegia.

Hori dela eta, bidezkoa da deialdi hau aldatzea, luzaroko langabeekin lan prebentiboa egitea eta neurri zabalagoak hartzea posible izan dadin.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 26ko 1677/2018 Ebazpena, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onetsi baitzen 45 urtetik gorako luzaroko langabeen kontratazioa sustatzeko. Hau da aldaketa:

1.1.–1.1. oinarriak testu hau izanen du:

1.1. Oinarri hauen xedea da enpresei goian aipatutako dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, haien bidez luzaroko langabeak eta COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz lanik gabe gelditu direnak kontrata ditzaten sustatzeko.

1.2.–Deialdiaren 13.2.a) oinarria aldatzea, testu hau izateko:

13.2.a) Kontratuaren gutxieneko iraunaldia 3 hilabetekoa izanen da luzaroko langabeen kasuan eta 6 hilabetekoa COVID-19aren ondorioz lanik gabe gelditu direnak kontratatuz gero.

1.3.–14.1 oinarriak testu hau izanen du:

14.1. Kontratatuek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean.

a) Langabezian egotea eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik.

b) Luzaroko langabea izatea edo COVID-19aren ondorioz lana galdu izana.

Deialdi honen ondorioetarako, luzaroko langabeak izanen dira kontratatu aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan lanik gabe eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.

Deialdi honen ondorioetarako, COVID-19aren ondoriozko langabeak izanen dira kontratu mugagabea edo urtebeteko kontratua edo luzeagoa izan eta hura 2020ko martxoaren 16tik aurrera azkendu zaiena.

1.4.–Deialdiaren 17.a) oinarria aldatzea, testu hau izateko:

17.a) Lan-kontratu bat izenpetzea legez ezarritako araudiarekin bat, luzaroko langabeekin edo COVID-19aren krisiaren ondoriozko langabeekin.

2. Dirulaguntza deialdi honen aldaketaren tramitazioa babesten du martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duenak, hirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan babestu ere, krisi horren ondorioekin lotura zuzena duelako.

Aurrekoa gorabehera, etenda daude deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epeak. Epeen zenbaketa berriz hasiko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo haren luzapenek indarra galtzen dutenetik.

Era berean, eskaerak aurkezteko epea etenda dago. Dena dela, entitate edo pertsonaren batek eskaera etenaldi horretan aurkezten badu, onartuko zaio, eta epe barruan aurkeztutzat joko da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 20an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2005082