120. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

163/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, laguntza ekonomiko batzuk emateko deialdia onesten duena, 2020. urterako, familia gurasobakarretan kontziliazioa mesedetzeko. DDBN identifikazioa: 508331.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduaren bidez, laguntza ekonomiko batzuk emateko oinarri arautzaileak onetsi dira, besteak beste, familia gurasobakarretan kontziliazioa mesedetzeko 2020tik 2023ra bitarte.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Gobernuaren erabaki baten bidez baimendu zen laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez ematea, hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak eta aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dauden aurrekontuak agortzen direnean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Azkenik, aipatu behar da ezen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratu zela, eta errege dekretu horren hirugarren xedapen gehigarriak administrazio epeak eten eta muga-egunak bertan behera utzi zituela. Dena dela, xedapen horretan adierazten da, orobat, organo eskudunak erabakitzen ahalko duela, ebazpen arrazoitu baten bidez, interes orokorra babesteko ezinbestekoak diren prozedurekin jarraitzea. Laguntzen deialdi hau tramitatzea interes orokorrekoa da familientzat, eta COVID-19aren inpaktuak eragindako egungo egoerei laguntzeak deialdiaren interes orokorra areagotzen du. Horrek deialdia tramitatzea justifikatzen du.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Familia gurasobakarretan kontziliazioa mesedetzeko laguntza ekonomikoak emateko 2020. urteko deialdia onestea, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduak onetsitako oinarri arautzaileen arabera.

2. 124.200 euroko gastua baimentzen da 2020ko gastu-aurrekontuko “Kontziliaziorako laguntzak” izeneko 920006 93300 4809 231507 partidaren kargura.

3. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. Honako hauek izanen dira 2020rako:

a) 800 euro, familia-unitatearen per capita errenta urteko OAEAP halako 1,5 adinakoa edo hortik beherakoa denean: 11.294,64 euro.

b) 500 euro, familia-unitatearen per capita errenta urteko OAEAP halako 1,5etik gorakoa denean (11.294,64 euro) eta urteko OAEAP halako 2tik beherakoa (15.059,52 euro).

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua 62.000 euro handitzen ahalko da, dagokion aurrekontu-gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez du ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzerik, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berri bat hasterik ere.

5. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 25ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2005226