12. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Laburpena, 2020ko (H)ilbeltza bekarena

DDBN (Identif.): 491254.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; horren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/index):

Baztango Udalak, 2020ko urtarrilaren 3an egin Tokiko Gobernu Batzarrean, erabaki zituen 2020an Hilbeltza beka arautuko duen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

Hilbeltza bekaren 2020ko deialdia

Lehendabizikoa.–Dirulaguntzaren xedea.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratzen du urtero.

Deialdi honen helburua Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao eleberri beltza itzultzea da. Horretarako, parte-hartzaileek Carlottoren aipatutako eleberriaren lagin bat itzuliko dute, zehazki 93. orrialdetik 106.era.

Bigarrena.–Kopurua.

Deialdi honi 6.000,00 euro esleituko zaizkio: 3.000,00 euro udalaren 2020. urteko aurrekontu luzatuko 1 3350 4890000 Euskara-Dirulaguntzak kontu-sailaren kargura, bertze 2000,00 euro (H)ilbeltza ekimenarren kargura eta 1.000,00 euro Txalaparta argitaletxearen kargura.

Lagin irabazleari 3.000,00 euro emanen zaizkio 2020ko maiatzean, eta idatzia akitzerakoan bertze 3.000,00 euro.

Hirugarrena.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean, udaletxeko iragarki-oholean eta eskualdeko komunikabideetan iragarriko da.

Laugarrena.–Aurkezteko epea eta lekua.

Deialdirat aurkeztu nahi dutenek, Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao lagina formatu digitalean (PDF bertsioan) edo paperean aurkeztu beharko dute. Itzuli beharreko pasartea 93. orrialdetik 106rakoa doana da eta ilbeltza.eus edo baztan.eus webgunetatik deskargatzen ahalko dute.

Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da. Eskaria 2020ko martxoaren 6a baino lehen egin beharko da Baztango Udaleko erregistroan.

Deialdi honetan parte hartu nahi duen orok Baztango Udaleko erregistroan (H)ilbeltza beka izena daraman gutun-azala hertsirik aurkeztu beharko du, eta horren barnean bertze 2 gutun-azal, horiek ere hertsirik:

Gutun-azala, Itzulpena izenekoa: Bortzgarren oinarriko a) dokumentua.

Gutun-azala Itzultailea izenekoa: Eskaera eta borzgarren oinarriko b) eta c) dokumentuak.

(H)ilbeltza beka dioen gutun-azal hori bertze gutun-azal batean sartu beharko da, erregistrorako behar diren datuekin, erregistrorako nahitaez izen bat eman behar baita. Erregistroa egin bezain fite, eta anonimotasuna mantentzeko, administrariak izena duen gutun-azala hautsiko du, bertze gutun-azala erregistro zenbakiarekin bakarrik heltzeko epaimahaikideei.

Posta arruntaz igortzeko aukera baliatu nahi duenak zertifikatua igorri beharko du, igorri zeneko eguneko zigiluarekin.

Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu, eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2020ko ekainaren 5a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe uzten ahal dute epaimahaikideek. Erabakia publiko egin baino lehen, Baztango Udala paratuko da irabazlearekin harremanetan. Ondotik, hiru hilero lanaren martxaz jakinaren gainean izanen ditu antolatzaileak eta editoreak.

Itzultzaile saridunari hurrengo (H)ilbeltza bekaren epaimahaikide izatea proposatuko zaio. (2022)

Itzulpen irabazlearen jabetza dirulaguntza jaso duen itzultzailearena izanen da. Alabaina, lan horrek ezingo du bertze inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aitzinetik ez eta ondotik ere, argitaratu osteko sariak izan ezik.

Borzgarrena.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskariarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao eleberriaren lagina formatu digitalean (PDF bertsioan) edo paperezkoan.

Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

Laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.

Aipatu agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bertzela, kopia konpultsatuak.

Aurkezturiko dokumentazioa osaturik ez badago, interesdunari dagokion dokumentazio osagarria hamar eguneko epean aurkeztea galdeginen zaio.

Seigarrena.–Itzulpena edo proiektuaren aurkezpena.

Eskatzaileak laguntza emanen zaiola jakinarazi ondotik urte bateko epean aurkeztu beharko du itzulpena; epea gainditurik ez da lanik onartuko eta udalak emandako dirulaguntza erreklamatzen ahalko du.

Itzultzaileak bere lana entregatzen ez badu, edo itzulpen horren izaera eta kalitatea, epaimahaiaren iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak badira, itzultzaileak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Dirulaguntzaren jasotzaileak, liburua buruturik, (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astean aurkeztuko du.

Zazpigarrena.–Balorazio, kudeaketa eta ebazpen organoak.

Aurkeztutako lanak helburu horrekin osaturiko epaimahaiak baloratuko du. Bertan Baztango Udalaren ordezkaria (Joseba Otondo), Txalaparta argitaletxearen ordezkaria (Garazi Arrula) eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa (Josu Barambones) egonen dira. Denek aurkezten ahalko dute beren ordezkoa, lan hori egitea posible ez balute.

Epaimahaia izanen da bekaren inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta irizpena helaraziko dio Tokiko Gobernu Batzordeari, ebazteko eskumena duen organoa baita.

Nolanahi ere, beka eman gabe utz daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu gutxieneko kalitaterik erdietsi.

Epaia apelaezina izanen da.

Zortzigarrena.–Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako itzulpenean kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza baloratuko dira. Horrekin batean sorburu-hizkuntzatik zuzenean itzultzea baloratuko da.

Bederatzigarrena.–Esleipenaren ezeztapena, betebeharrak ez betetzeagatik.

Baldin eta esleipendunak ez baditu oinarri hauek eta ezarritako epeak —itzulpena aurkeztekoak edo epaimahaiari lanaren egoeraren berri ematekoak— errespetatzen, edo eskatutako agiriak ez baditu aurkezten, edo lanak ez baditu proiektuan ezarritako ezaugarriak betetzen, edo proposatutako idazlana baino aise ere kalitate gutxiagokoa bada, epaimahaiak udalaren organo eskudunari eskatzen ahalko dio laguntzaren esleipena ezeztatzeko, eta esleipendunak jasotako dirua itzuli beharko dio Baztango Udalari. Era berean, kasu horietakoren bat gertatu dela irizten badio, argitaldariak ez du lana karrikaratuko.

Hamargarrena.–Idazlanaren argitalpena.

Itzulpena argitaratzen bada udalari 10 ale dohainik emanen zaizkio.

Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du itzulpena; horretarako, lana eskuratzeko dagozkion egile-eskubideak negoziatuko, ordainduko eta kudeatuko ditu. Epaimahaikoek lan osoari onespena ematen dutenetik bortz hilabeteko epean karrikaratu beharko da liburua, eta, bertan, bekaren aipamena eginen da nahitaez.

Hamaikagarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdian parte hartzen dutenek oinarri hauek onartzen dituzte, eta men eginen diete Baztango Udalak hartzen ahal dituen erabakiei. Lehiaketaren oinarriak ez betetzeak lehiakidea baztertzea ekarriko du berekin.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legeak xedatutakoak aginduko du.

Hamabigarrena.–Datuen babesa.

Datuen babesa abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren araberakoa izango da, eta 2016/679 Erregelamendua eta maiatzaren 17ko 5/2018 Gardentasunaren, Informazio Publikorako Sarbidearen eta Gobernantza Onaren Foru Legea errespetatuko ditu.

Hamahirugarrena.–Aplikatuko den araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, aplikatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpena eta helegiteak.

Deialdi honek administrazio-izaera dauka, eta, horrenbertzez, udalak du ahalmena hala hori lehenik interpretatzeko nola haren aplikazioan eta ebazpenean sor daitezkeen gorabeherak oro ebazteko. Emanen diren administrazio-ebazpenen aurka ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Baztan, 2020ko urtarrilaren 3a.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

I. ERANSKINA

Parte hartzeko eskaria (PDF).

Iragarkiaren kodea: L2000278