118. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

18/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak emana, maiatzaren 13ko 17/2020 Foru Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez ezartzen baita langile autonomoei laguntzak emateko prozedura, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuan araututakoa betez.

ZIOEN AZALPENA

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak maiatzaren 13an emandako 17/2020 Foru Aginduaren bidez, langile autonomoei laguntzak emateko prozedura ezarri zen, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 18ko 3/2020 Foru Lege-dekretuan araututakoa betez. Foru agindu hori 2020ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 21ekoan.

Arau hori argitaratu ondoren, egoki ikusi da prozedura aldatzea, laguntza eskaerak langile autonomoek zuzenean aurkez ditzaten, edo haien ordez aritzen den beste pertsona batek. Horrez gainera, egoki ikusi da familia-unitatearen etekin garbia eta fakturazioaren murrizketa egiaztatzeko erreferentziazko hilabetea 2020ko apirila izatea, eta ez eskaera aurkeztu aurreko hilabete naturala.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak maiatzaren 13an emandako 17/2020 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, langile autonomoei laguntzak emateko prozedura ezarri zen, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuan araututakoa betez.

Honela aldatzen da:

Bat. 2. artikuluaren 2.1.1 eta 2.1.2 apartatuetan eta 3. artikuluaren 2. apartatuan, “eskaera egin aurreko hilabete naturalari” buruz eta “laguntza eskatu aurreko hilabete naturalari” buruz egiten diren aipamenen ordez, “2020ko apirilari” buruz ari dela ulertu behar da.

Bi. 4. artikulua kentzen da.

Hiru. 5. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zazpi egun baliodun iragan ondoren, eta alarma egoera bukatu eta ondoko hilabeteko azken egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) Tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatutako baldintzak betetzen direla dioena, eskatzaileak sinatua, laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

Adierazpenean jasoko dira, halaber, fakturazioaren murrizketa gertatu dela frogatzen duten datuak, murrizketa hori ezinbestekoa baita 1. artikuluko b) letran azaltzen den laguntza lortzeko, eta 3. apartatu honetako c) letran aipatzen den kontabilitateko informazioa biltzen duten liburu edo erregistroen kopia erantsiko da.

b) Martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan araututako prestaziorako eskubidea aitortzen duen ebazpena, 1. artikuluko a) letran aipatzen den laguntza lortzeko eskatzen dena. Ebazpen hori jaso gabe izanez gero laguntza eskatzeko epea bukatu aurretik, ohiz kanpoko prestazioa eskatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da, eta laguntza emateko baldintza izanen da ebazpena aurkeztea.

c) 1. artikuluko b) letran aipatzen den laguntza lortzeko eskatzen den fakturazio murrizketa frogatzen duen kontabilitateko informazioa, zeina hauen bidez aurkezten ahal baita: egindako eta jasotako fakturak erregistratzeko liburuaren kopiaren bidez, diru-sarreren eta gastuen eguneroko liburuaren bidez, salmenten eta diru-sarreren erregistro liburuaren bidez, edo erosketen eta gastuen liburuaren bidez. Jardueraren bolumena frogatzen duten liburuak eramatera beharturik ez daudenek, berriz, zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide erabiliz frogatu beharko dute murrizketa.

d) Foru agindu honen 2. artikuluan aipatzen diren gainerako agiriak.”

Lau. 6. artikuluko 1. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du aurkeztutako dokumentazioa foru agindu honetan eskatzen denaren araberakoa dela, eta, hala badagokio, zuzen dezatela eskatuko die eskatzaileei, administrazio prozedurari buruzko araudian ezarrita dagoen bezala. Eta baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntzak eman eta ordaintzeari –edo, kasua bada, ezesteari– buruzko ebazpen proposamenak igorriko dizkio Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari.”

Bost. 7. artikuluaren 1. apartatuko a) letra kentzen da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Jada aurkeztutako eskaerak.

Foru agindu honek indarra hartu baino lehen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztutako laguntza eskaerak onartuko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 29an.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F2005323