117. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

136/2020 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko sarrera proben deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte irakaskuntzak arautzen dira, besteak beste musikako goi mailako ikasketak. Lege horren 54.2.b) artikuluak ezartzen du, musikako goi mailako ikasketak egiteko, beste betebehar akademiko batzuk betetzeaz gainera, beharrezkoa dela sarrera proba bat gainditzea. Proba horretan izangaiek erakutsi beharko dute behar bezalako ezaupide eta trebetasun profesionalak dituztela kasuan kasuko irakaskuntzak probetxuz egiteko.

Martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman ziren. Haren eranskinean ezarri ziren irakaskuntza horietara sartzeko proba espezifikoaren egitura, edukia eta bere atalen balorazio partziala. Sarrera-proba egiteko datan autonomia erkidego batetik bestera mugitzerik izanen ote den zalantzan dagoela eta, komeni da proba modu telematikoan egitea; horretarako, nahitaezkoa da 48/2011 Foru Aginduaren eranskina aldatzea, probaren egitura modalitate telematikora egokitzearren. Aldaketa horrek 2020an baizik ez du ondoriorik izanen. Aipatu foru aginduaren 7. artikuluak aukera ematen du eranskina aldatu edo zabaltzeko, zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoeraren ondorioz, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zen, alarma egoera deklaratzen duena. Aipatu errege dekretuak, hirugarren xedapen gehigarrian, sektore publikoko prozedurak tramitatzeko epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea xedatu du.

Aurrekoa gorabehera, hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuak honako hau xedatzen du: “Deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere”.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko sarrera-proben deialdia arautzeak ahalbidetzen du horretarako interesa duten herritarrek aukera izatea Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko, baldin eta hezkuntzako administrazioek deitutako sarrera proba bat gainditzen badute; horregatik, funtsezkotzat jotzen da interes orokorra babesteko, eta oinarrizkoa da hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamenduari begira.

Aldi berean, Hezkuntzako Estatu Idazkaritzak eta Lanbide Heziketako Idazkaritza Nagusiak ebazpen bateratu bat eman dute unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetan, funts publikoekin finantzatutakoetan, ikasleak onartzeko prozeduren hasierari eta jarraipenari buruz, sarrera-probei eta ikasketa tituluak lortzeko probei buruz, eta ikasleen matrikulazioari buruz; haren bidez, besteak beste, arte ikasketetarako sarrera-probei dagokienez hezkuntza administrazio eskudunek bete beharreko prozedurei jarraipena ematea ebazten da, ezinbestekoak direlako interes orokorra babesteko eta hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamendurako.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera-proben deialdia egitea.

Ikusirik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren aldeko txostena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera-proben deialdia egitea, ebazpen honi gehitu zaizkion oinarri eta eranskinen arabera (hurrenez hurren, I. III. eta IV. eranskinak).

2. Deialdi honen ondorioetarako, martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren eranskina aldatzea, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen den bezala.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Eskolatze Bulegora, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora eta “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 18an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea eta eremua.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera proben deialdia egitea 2020-2021 ikasturterako, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, horren bidez arauak eman baitira Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko.

2.–Eragina eta balioa.

Sarrera-proba gainditzeak ahalbidetzen du, bakar-bakarrik, 2020-2021 ikasturtean matrikula egiteko, eta aukera ematen du ikasketa horiek ematen dituen Estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan ikasposturik izanez gero.

3.–Probak egiteko tokia eta egunak.

Probak modu telematikoan eginen dira egun hauetan:

–Ekainaren 18an, osteguna, goizez eta arratsaldez.

–Ekainaren 19an, ostirala, goizez eta arratsaldez.

–Ekainaren 22an, astelehena, goizez eta arratsaldez.

–Ekainaren 23an, asteartea, goizez eta arratsaldez.

Epaimahai bakoitzak espezialitate eta ibilbide bakoitzeko probak egiteko eguna eta ordua jakinaraziko ditu, bai eta emaitzak argitara emateko eguna ere, 48 ordu lehenagotik gutxienez. Informazio hori Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren webgunean argitaratuko da:

https://csmn.educacion.navarra.es/web1/

4.–Baldintzak.

Musikako goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da baldintza hauek betetzea:

a) Batxilergo-titulua izatea, edo gainditua izatea 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba edo 5. oinarrian aipatzen den heldutasun proba.

b) Berariazko sarrera proba bat gainditzea, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko.

5.–Sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba.

Ebazpen honen 4.a) oinarrian ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 16 urtetik gorako izangaiak heldutasun proba bat gaindituz sar daitezke. Proba hori urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren hezkuntza administrazioek antolatuko dute (errege dekretu horren bidez aldatu egin zen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua ezarri zuena).

Ikasturte honetan, Hezkuntza Departamentuak goi mailako arte ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun probarako deialdi bat iragarri du Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 12ko 76/2020 Ebazpenaren bidez.

Sartzen ahalko dira, orobat, 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

Sartzen ahalko dira, orobat, Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko 2019an edo 2020an Nafarroako Foru Komunitatean egindako proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

6.–Probetan izena ematea:

6.1. Proba egin nahi dutenek izena emateko eskabidea aurkeztu beharko dute, ebazpen honen III. eranskinean adierazitako ereduaren arabera. Bertan, aukeratu nahi duten espezialitatea eta musika tresna aipatu beharko dituzte. Espezialitate bat baino gehiago egin nahi izanez gero, lehentasunen arabera adieraziko dira.

6.2. Desgaitasunen bat duten izangaiek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea, hala adierazi beharko dute izena ematean, eta eskabidearekin batera minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria aurkeztuko dute, erakunde eskudunak emana, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere. Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, errespetatuko du izangaiak egiaztatu ahal izatea badituela ikasketak probetxuz egiteko ezaupide eta trebetasun profesionalak.

6.3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarren Nortasun Txartelaren, pasaportearen, nortasuna frogatzen duen bidaia-agiriaren edo bisaren fotokopia, bi aldeetatik.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketarako kontuan sarrera probaren tarifarako ezarritako zenbatekoa ordaindu dela frogatzeko gordekina. Zenbateko hori Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 12ko 43/2020 Foru Aginduan ezarri zen, agindu horren bidez ezarri baitira Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikasketa ez-derrigorrezkoen tarifak 2020-2021 ikasturterako.

Berariazko sarrera-probetarako izena ematea: 61,79 euro.

Honako hauek dira proban inskribatzeko tasak, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen Tasei eta Prezio Publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 99. artikuluarekin, kontuan harturik foru lege horren 99. bis artikuluan ezarritako onura fiskalak:

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: %50eko hobaria.

–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; ekintza terroristen biktimak (baita ezkontidea eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita seme-alabak ere); gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: %100eko hobaria.

c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, edo biktimaren aldeko ebazpen judizialarena, biktimaren aldeko kondena-epaiarena edo kautelazko neurriarena, edo desgaitasunaren ziurtagiriarena.

d) Batxilergoko tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.

Probetarako izena emateko orduan Batxilergoko azkeneko kurtsoa egiten ari diren izangaiek, artikulu honetan aipatutako agiriak izanen ez dituztenez, 2020ko uztailaren 1a baino lehen aurkeztuko dituzte.

e) 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren agiriaren fotokopia, halakorik bada.

f) Nafarroako Foru Komunitateak, edo beste edozein hezkuntza administraziok, goi mailako arte ikasketetan sartzeko deitutako heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, halakorik badu.

g) 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu duela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik badu.

h) 2019an, Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duen agiriaren fotokopia, hura lortu bada.

Izena emateko orduan bi proba horietako bat gainditzeko duten izangaiek (hots, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba edo Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probaren zati komuna) eskabidean adierazi beharko dute proba horietako bat egiteko izena eman dutela, edo izena emateko asmoa dutela, eta, behin betiko emaitza izan bezain laster, hura gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Haien matrikulazioa eginen da baldin eta dokumentazio hori aurkezten badute.

h) Musikako ikasketa profesionalak egin dituzten izangaiek horien egiaztagiria aurkeztuko dute, lortutako musikako titulu profesionaleko batez besteko nota agertzen duena, edo, hori ezean, ikasketen ziurtagiri oso bat.

i) Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren araberako musikako irakasle titulua duten izangaiek tituluaren fotokopia eta ikasketen ziurtagiri osoa aurkezten ahalko dute.

j) Izangaiak probara aurkezten dituen lanen zerrenda.

k) Minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, hala badagokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere.

Administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskaerarekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.

6.4. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskabidea eta adierazitako dokumentazioa telematikoki aurkeztu beharko da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Idazkaritzan, ekainaren 3tik 8ra, bi egun horiek barne.

6.5. Eskaera onartuak eta baztertuak.

Izena emateko ezarritako epea bukatu ondoren, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioak argitara emanen du, ikastetxearen web orrian, eskatzaile onartuen izenen hasierako zerrenda, espezialitateen araberakoa, eta, hala badagokio, ibilbideen araberakoa, bai eta baztertuenena ere, eta, kasu horretan, zehaztuko du zergatik dauden bazterturik. Baztertutako eskatzaileek 3 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoiak zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Ebazpen honen 6.4 oinarrian ezarritako tokian aurkeztuko da dokumentazioa. Izan daitezkeen erreklamazioei erantzun ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, ikastetxearen web orrian; baztertuen kasuan, gainera, baztertzearen arrazoia zehaztuko da.

7.–Espezialitateak eta ibilbideak.

Deialdi honetan, espezialitate hauetarako sarrera probak iragartzen dira: Konposizioa, Musikologia, Pedagogia eta Interpretazioa, ibilbide hauetan: Akordeoia, Harpa, Jazzeko Baxu Elektrikoa, Jazzeko Bateria, Kantua, Jazzeko Kantua, Klarinetea, Klabea, Kontrabaxua, Jazzeko Kontrabaxua, Fagota, Moko-flauta, Zeharkako Flauta, Gitarra, Jazzeko Gitarra Elektrikoa, Oboea, Organoa, Perkusioa, Pianoa, Jazzeko Pianoa, Saxofoia, Jazzeko Saxofoia, Tronboia, Jazzeko Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Jazzeko Tronpeta, Tuba, Txistua, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

8.–Berariazko sarrera probaren egitura eta edukia eta probako atal bakoitzaren balorazio partziala espezialitatearen arabera.

Berariazko sarrera-probaren egitura eta edukia, bai eta, espezialitate bakoitzean, proba osatzen duten ataletako bakoitzaren balorazio partziala ere, ebazpen honen II. eranskinean ezarrita daude.

9.–Berariazko sarrera proba gainditzea eta ziurtapena.

Berariazko probaren kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera proba gainditutzat joko da lortzen den azken kalifikazioa, kasuan kasuko espezialitateko probaren atal guztien ponderazio partziala egin ondoren, 5,00 puntukoa edo altuagoa baldin bada.

Berariazko sarrera-proba gainditzen duten ikasleei ziurtagiri bat emanen zaie, ebazpen honen IV. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, non, besteak beste, ikasturtea, espezialitatea eta lortutako kalifikazioa agertuko baitira.

10.–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eskaintzen diren ikaspostuak.

Espezialitate bakoitzean eskaintzen den ikaspostu kopurua Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenean eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 137/2010 Ebazpenean adierazten dena izanen da. Ebazpen horietako lehenak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko espezialitate bakoitzean eskura daitezkeen ikaspostuen urteko eskaintza zehaztu zuen, eta bigarrenak martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenaren eranskina aldatu.

11.–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzea.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren 10. artikuluan jasotzen den bezala, Musikako lanbide titulua izatea aintzat hartuko da musikako goi mailako ikasketetan sartzeko probaren azken kalifikazioan.

Berariazko sarrera proba gainditu eta Musikako lanbide titulua edo Musikako irakasle titulua (irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera) duten ikasleen kasuan, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko azken puntuazioa kalkulatzeko, beren ikasketa espedientearen batez besteko notaren araberako puntuazio gehigarria erantsiko zaio berariazko sarrera proban lortzen duten notari.

Berariazko sarrera-proba gainditzen duten izangaiei lanbide ikasketen balorazioa gehitu ondoren, espezialitate bakoitzerako eta, hala badagokio, musika tresna bakoitzerako zerrenda bakar bat osatuko da, puntuazio altuenetik txikienera ordenatua.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzeko prozesua espezialitate bakoitzerako bakarka lortzen den puntuazioaren arabera eginen da, altuenetik txikienera.

Onarpen prozesua bukatuta ikasposturik gelditzen bada, Kontserbatorioak beste ikastetxe bateko proba gainditu duten ikasleei adjudikatzen ahalko dizkie.

12.–Epaimahaiak.

Espezialitate bakoitzerako epaimahai bat osatuko da, hiru kide izanen dituena: Mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea. Gainera, Interpretazioaespezialitatean, musika tresnaren araberako epaimahaiak eratzen ahalko dira.

12.1. Epaimahaien osaera.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean dauden irakasleen artetik aukeratuko ditu epaimahaikideak. Horrelako irakasle aski ez badago, antzeko espezialitateetako irakasleengana joko da. Epaimahaiak ariketekin lotutako arloetako irakasleen aholkularitza izan dezake, egoki iritziz gero.

12.2. Epaimahaien publikotasuna.

Epaimahaiko kideen izenak probak egin baino gutxienez bost egun lehenago iragarriko dira, ikastetxearen web-orrian.

13.–Elkarrizketa.

Epaimahaiak elkarrizketa telematiko bat egiten ahalko die izangaiei, bakoitzaren prestakuntza eta lanbide esperientzia ezagutzeko eta musikako goi mailako ikasketei begira dituzten asmoak ezagutzeko. Epaimahaiak ikasleen jardueren eta esperientzien gaineko egiaztagiriak eska ditzake.

14.–Erreklamazioak.

Proben kalifikazioen aurkako erreklamazioak, halakorik bada, telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, epaimahaiburuari zuzenduak, bost egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioak han bertan ebatzi eta argitaratuko dira, erreklamazioak aurkezteko epea bukatu ondoko hamar egun balioduneko epean. Ebazpen horien kontra, izangaiak beste erreklamazio bat jar dezake Hezkuntza Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuari zuzendua, argitaratu eta hurrengo bost egunetan.

15.–Dokumentazioa gordetzea.

Musikako goi mailako ikasketak egiteko probaren prozesuan sortzen diren agiri guztiak bi hilabetez gordeko dira gutxienez, probak egiten direnetik hasita.

II. ERANSKINA

Konposizioa

a) Musika tresna nagusiarekin (edo ahotsarekin, kantuaren kasuan) interpretatzea hamabost bat minutuz hautagaiak aurretik aurkeztuko duen zerrenda batetik epaimahaiak aukeratuko dituen lanak. Probaren puntuazio osoaren %15.

Interpretazio proba zuzeneko bideokonferentzia baten bidez eginen da, Zoom plataforma erabiliz, zeina grabatu eginen baita. Grabaketak aukera emanen dio epaimahaiari interpretazioa geroago ere ikusteko.

b) Hautagaiak egindako lanen aurkezpena eta ahozko defentsa: Probaren puntuazio osoaren %20.

Bideokonferentzia bidez eginen da, Zoom plataforma erabiliz.

c) Lan harmoniko-kontrapuntistiko bat egitea: Probaren puntuazio osoaren %30.

Testua bidaliko zaio izangaiari posta elektronikoaren bidez, eta denbora mugatua emanen zaio (bi ordu) lana prestatu eta epaimahairi bidaltzeko. Testua eskuz idatzirik bidaliko da, haren argazkia aterata edo eskaneatuta. Epaimahaiak izangaiaren nortasuna kontrolatzeko sistemak ezartzen ahalko ditu proban zehar.

d) Bat-bateko irakurketa teklazko musika tresna harmonikoarekin: Probaren puntuazio osoaren %20.

Testua posta elektronikoaren bidez bidaliko zaio izangaiari, eta analizatzeko denbora emanen (hamar minutu). Ondoren, ariketa zuzenean eginen da bideokonferentziaz, Zoom erabiliz.

e) Belarriz ezagutzea: Probaren puntuazio osoaren %15.

Audio artxiboa bidaliko zaio izangaiari posta elektronikoaren bidez. Ondoren, proba zuzenean eginen da bideokonferentziaz, Zoom erabiliz.

Interpretazioa

a) Hogeita hamar minutu inguruko programa bat interpretatzea, maila horri dagokion zailtasuna duten lanez eta/edo azterlanez osatua: Probaren puntuazio osoaren %65.

Interpretazio proba zuzeneko bideokonferentzia baten bidez eginen da, Zoom plataforma erabiliz, zeina grabatu eginen baita. Grabaketak aukera emanen dio epaimahaiari interpretazioa geroago ere ikusteko.

b) Epaimahaiak proposatuko duen lan edo puska baten analisia: Probaren puntuazio osoaren %25.

Izangaiei esteka bat bidaliko zaie, bertatik jaisteko behar dituzten fitxategiak (partiturak, audioa eta abar). Eduki horrekin lotuta, izangaiak formulario bete beharko du; horretarako, esteka bat bidaliko zaio posta elektronikoaren bidez eta ordubetez egonen da erabilgarri. Epaimahaiak izangaien nortasuna kontrolatzeko sistemak ezartzen ahalko ditu proban zehar.

c) Bistako irakurketa: Probaren puntuazio osoaren %10.

Partitura posta elektronikoaren bidez bidaliko zaio izangaiari, eta prestatzeko denbora emanen (bost minutu). Ondoren, ariketa zuzenean eginen da bideokonferentziaz, Zoom plataforma erabiliz.

Jazz interpretazioa

a) Jazzaren errepertorio estandar bat interpretatzea, izangaiak aukeratutakoa, hamar minutu inguruko iraupenarekin (bi konposizio gehienez). Izangai bakoitzak oinarri grabatu bat erabiliko du akonpainamendurako, horretarako musikaririk lortzerik ez badu: Probaren puntuazio osoaren %20.

b) Epaimahaiak, argitaratutako zerrendari jarraikiz, proposatutako konposizio bat interpretatzea. Ausaz aukeratutako hiru konposiziotik bat aukeratuko du izangaiak. Oinarri grabatu baten gainean interpretatuko da, kontserbatorioaren web orrian eskura daudenen artean aukeratuta (baterian, melodia eta akonpainamendua interpretatuko dira): Probaren puntuazio osoaren %20.

Interpretazio proba zuzeneko bideokonferentzia baten bidez eginen da, Zoom plataforma erabiliz, zeina grabatu eginen baita. Grabaketak aukera emanen dio epaimahaiari interpretazioa geroago ere ikusteko.

c) Epaimahaiak proposatutako konposizio baten edo haren zati baten analisi harmonikoa eta formala, eta testuinguru historiko/estilistikoan kokatzea: Probaren puntuazio osoaren %25.

Izangaiei esteka bat bidaliko zaie, bertatik jaisteko behar dituzten fitxategiak (partiturak, audioa eta abar). Eduki horrekin lotuta, izangaiak formulario bete beharko du; horretarako, esteka bat bidaliko zaio posta elektronikoaren bidez eta ordubetez egonen da erabilgarri. Epaimahaiak izangaien nortasuna kontrolatzeko sistemak ezartzen ahalko ditu proban zehar.

d) Zati baten irakurketa melodikoa, akonpainamenduko akordeena (gitarra elektrikoa eta pianoa bakarrik) eta akonpainamendua baxuarekin (kontrabaxua eta baxu elektrikoa bakarrik). Inprobisazioa zatiaren egitura harmonikoaren gainean (baterian, erritmo ariketa bat irakurtzea): Probaren puntuazio osoaren %25.

e) Epaimahaiak proposatutako egitura harmoniko baten gainean inprobisatzea, “tempo rubato” eta partiturarik gabe, belarriz ezagutzeko (baterian, erritmo edukia duen zati baten akonpainamendua: break-ak, fill-ak, kick-ak, eta abar, eta egituraren gainean inprobisatzea): Probaren puntuazio osoaren %10.

d) eta e) atalak egiteko artxiboak (pdf eta mp3 formatuan) posta elektronikoaren bidez bidaliko zaizkio izangaiari garaiz, analizatzeko aski denbora izan dezan (bost eta hamar minutu artean). Ondoren, ariketa zuzenean eginen da bideokonferentziaz, Zoom plataforma erabiliz.

Izangaiari eta epaimahaiari behar bezala jakinaraziko zaie zein diren proba telematikoki egiteko betebehar teknikoak.

Musikologia

a) Musika tresna nagusiarekin (edo ahotsarekin, kantuaren kasuan) interpretatzea hamabost bat minutuz izangaiak aurretik aurkeztuko duen zerrenda batetik epaimahaiak aukeratuko dituen lanak: Probaren puntuazio osoaren %20.

Interpretazio proba zuzeneko bideokonferentzia baten bidez eginen da, Zoom plataforma erabiliz, zeina grabatu eginen baita. Grabaketak aukera emanen dio epaimahaiari interpretazioa geroago ere ikusteko.

b) Lan baten edo zati baten analisia: Probaren puntuazio osoaren %45.

B probarako, epaimahaiak partitura eta audioa bidaliko dizkie izangaiei, eta google-eko formulario bat gaituko da, analisia bertan garatzeko. Izangaiek formulario hori bidaliko dute proban ordu eta erdi lan egin ondoren, hori baita ikastetxeko web orrian, sarrera-proben jarraibideetan, adierazten den denbora. Epaimahaiak izangaien nortasuna kontrolatzeko sistemak ezartzen ahalko ditu proban zehar.

c) Lan harmoniko-kontrapuntistiko bat egitea: Probaren puntuazio osoaren %35.

Izangaiak posta elektronikoaren bidez jasoko du harmonizatu beharreko melodia; pentagramadun paperan kopiatuko du, eta harmonizazioa eginen du bi orduan gehienez. Testuaren argazkia bidaliko da, edo eskaneatuaren kopia.

Pedagogia

a) Musika tresna nagusiarekin edo ahotsarekin interpretatzea hautagaiak aurretik aurkeztuko duen zerrenda batetik epaimahaiak aukeratuko dituen lanak: Probaren puntuazio osoaren %30.

Errepertorioaren aurkezpena:

–Musika tresna: zailtasun ertaineko lau lan, musika tresnaren literaturako estilo adierazgarrienetakoak, izangaiak berak aukeratuak.

–Kantu klasikoaren kasuan, zerrendan zortzi lan agertuko dira gutxienez.

–Jazz kantuaren kasuan, zerrendan lau lan agertuko dira gutxienez.

Interpretazio proba zuzeneko bideokonferentzia baten bidez eginen da, Zoom plataforma erabiliz, zeina grabatu eginen baita. Grabaketak aukera emanen dio epaimahaiari interpretazioa geroago ere ikusteko.

Gutxi gorabeherako iraupena: 15 minutu.

b) Kantu proba, bakarka eta taldeka: Probaren puntuazio osoaren %40.

–Bakarkako proba:

Proba hau egiterakoan, izangaiari posta elektronikoaren bidez bidaliko zaio intonazio ariketa, eta 5 minutu izanen ditu prestatzeko.

Interpretazioa zuzenean eginen da, bideokonferentziaz.

–Taldeko proba:

Proba hau egiterakoan posta elektronikoaren bidez bidaliko zaio izangaiari partitura eta grabaketa bat ahots zati guztiekin, salbu eta izangaiak grabaketaren gainean zuzenean interpretatu behar duena. Ariketa hori prestatzeko, 5 minutu izanen ditu.

Interpretazioa zuzenean eginen da, bideokonferentziaz.

c) Pieza labur baten konposizio didaktikoa, epaimahaiak emanen duen melodia edo testu batean oinarrituta: Probaren puntuazio osoaren %20.

Izangaiei ariketaren proposamena bidaliko zaie, eta eskuz egin beharko dute ezarritako denboran, bideokonferentzia eten gabe eta kamera itzali gabe. Amaitu ondoren, ariketaren dokumentuaren argazkia edo eskaneatutako kopia bat bidali beharko diote epaimahaiari posta elektronikoaren bidez.

d) Bat-bateko irakurketa teklazko musika tresna harmonikoarekin: Probaren puntuazio osoaren %10.

Proba hau egiterakoan, izangaiari posta elektronikoaren bidez bidaliko zaio partitura, eta 5 minutu izanen ditu prestatzeko. Interpretazioa zuzenean eginen da, bideokonferentziaz.

III. ERANSKINA

Eskabidea, 2020-2021 ikasturtean musikako goi mailako arte ikasketetarako sarrera-probak egiteko izena emateko (PDFa).

IV. ERANSKINA

2020-2021 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera-probak gainditu izanaren egiaztagiriaren eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2005007