117. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

46/2020 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko beharrezkoa den gaitasun artistikoaren probaren deialdia egiten duena 2020. urterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 52. artikuluaren 1. eta 2. apartatuek, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzen erdi eta goi mailako heziketa zikloen curriculumak ezartzen dituzten foru dekretuek xedatzen dutenaren arabera, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko, sarrera baldintzak betetzeaz gainera, kasuan kasuko ikasketak probetxuz egiteko behar diren gaitasun eta ezaupide artistikoak erakusteko berariazko proba bat gainditu beharko da.

COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoeraren ondorioz, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zen, alarma egoera deklaratzen duena. Aipatu errege dekretua, hirugarren xedapen gehigarrian, sektore publikoko prozedurak tramitatzeko epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea xedatu du.

Aurrekoa gorabehera, hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuak honako hau xedatzen du: “Deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere”.

Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen erdi mailako eta goi mailako zikloetan sartzeko proben deialdia arautzeak ahalbidetzen du araudian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten herritarrek aukera izatea irakaskuntza hauen erdi mailako eta goi mailako zikloetan sartzeko, baldin eta hezkuntzako administrazioek deitutako gaitasun artistikoaren proba bat gainditzen badute; horregatik, funtsezkotzat jotzen da interes orokorra babesteko eta oinarrizkoa da hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamenduari begira.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, gaitasun artistikoaren proba baten deialdia egiten duen ebazpena eman dadin.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia egitea, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko beharrezkoa den gaitasun artistikoaren proba 2020. urtean egiteko, ebazpen honen eranskinetan ageri diren oinarrien arabera.

2. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura; Inklusio Atalera, Arte Ikasketen Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora; Corellako Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolara eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 22an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Emilio Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Oinarriak

1. Gaitasun artistikoaren probaren 2020ko deialdian, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 29ko 146/2019 Ebazpenaren oinarri hauek aplikatuko dira (ebazpen horretan 2019ko gaitasun artistikoaren probaren deialdia egiten zen):

–“Gaitasun artistikoaren probatik salbuestea” apartatuaren 1. eta 2. oinarriak (I. eranskina), Arte Plastikoak eta Diseinuaren teknikari titulua daukaten pertsonei dagokien apartatua izan ezik.

–“Inskripzioa” apartatuaren 4. oinarritik 6. oinarrira (I. eranskina).

“Epaimahaiak” apartatuaren 7. oinarritik 11. oinarrira (I. eranskina), epaimahaiak eratzeko egunari dagokiona izan ezik, hori 2020ko ekainean izanen baita.

–“Akreditazioa” apartatuaren 19. oinarritik 21. oinarrira (I. eranskina).

–“Edukia, garapena eta ebaluazio irizpideak” apartatuaren 23. oinarritik 25. oinarrira (I. eranskina).

Salbuespena

2. Arte plastikoak eta diseinuaren erdi mailako ziklo bat gainditzeak balio du demostratzeko norberak badauzkala arte plastikoak eta diseinuaren goi mailako ziklo bat aprobetxamenduz egiteko behar diren gaitasun eta ezagutza artistikoak.

Horretarako ezartzen da arte plastikoak eta diseinuaren erdi mailako ziklo batek gaitasun artistikoaren proba etengabe baten balioa duela. Beraz, arte plastikoak eta diseinuaren erdi mailako ziklo bat gainditu duten eta goi mailako ziklo bat egin nahi duten ikasleek ez dute egin beharko goi mailako gaitasun artistikoaren proba.

Inskripzioa

3. Gaitasun artistikoaren proban inskripzioa egiteko epea (1. eta 2. Deialdia) ebazpen honen 2. eranskinean ezartzen dena da.

4. Gaitasun artistikoaren proba zer arte eta goi mailako diseinu eskolan egin nahi den, inskripzioa eskola horretan aurkeztuko da: Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola edo Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola.

5. Sartzeko probetarako inskripzioa honela egiten ahalko da:

a) On line inskripzioa, “Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probak” tramiteen fitxako estekatik. Esteka hori helbide honetan dago:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3108/Prueba-de-aptitud-artistica-para-el-acceso-a-ciclos-de-Artes-Plasticas-y-Diseno

b) Inskripzio presentziala.

2020ko deialdian, salbuespenez, gaitasun artistikoaren proban inskribatzeko eskaerak jasotzen dituzten goi mailako diseinu eskoletako zuzendaritzek eskatzen ahalko diete eskolako irakasle batzuei egin ditzatela antolaketa eta kudeaketa lanak 2020ko deialdiko gaitasun artistikoaren proben inskripzioan eta burutzean.

6. Izangai bakoitzak inskripzioa egiteko eskaera bakar bat bete beharko du, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko tramiteen fitxan dagoen “Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probak” ereduen araberakoa.

Probak egiteko egutegia

7. Gaitasun artistikoaren proba, lehenengo deialdian, eginen da inskripzioa egin den goi mailako arte eta diseinu eskolan , ebazpen honen 2. eranskinean ezarri diren egunetan.

8. Halaber, bigarren deialdiko gaitasun artistikoaren proba eginen da inskripzioa egin den goi mailako arte eta diseinu eskolan, ebazpen honen 2. eranskinean ezarri diren egunean.

9. Proba egiteko, aldean izan behar da nortasun agiri nazionala, pasaportea, nortasuna egiaztatzen duen bidaia agiri bat, bisa edo atzerritarren identifikazio txartela, eta, horretaz gain, ariketak egiteko behar den materiala. Nortasuna egiaztatzeko behar den agiriren bat ekartzen ez bada, ezin izanen da proba egin. Halaber, probara joan beharko da osasun agintaritzak egun horretan ezarritako neurriak hartuta.

10. Gaitasun artistikoaren proba egitera aurkezten ez direnak “ez aurkeztutzat” hartuko dira, eta proba horretan lortuko duten kalifikazioa 0 puntu izanen da.

Proben emaitzak eta erreklamazioak

11. Lehenengo deialdiko gaitasun artistikoaren probaren emaitzak proba egiten den arte eta goi mailako diseinu eskolan eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa honetan argitaratuko dira:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3108/Prueba-de-aptitud-artistica-para-el-acceso-a-ciclos-de-Artes-Plasticas-y-Diseno

Behin-behineko emaitzak, erreklamazioak, eta behin betiko emaitzak argitaratzeko datak, ebazpen honen 2. eranskinean ezartzen direnak dira.

12. Behin-behineko emaitzen aurka jarritako erreklamazioak epaimahaiburuari igorritako idazkiaren bidez aurkeztuko dira, proba egiten den arte eta goi mailako diseinu eskola berean.

13. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan, epaimahaia bilduko da horiek aztertu eta ebazteko. Epaimahaiak horien gainean hartutako ebazpena jakinarazteko modua behin betiko akta jendaurrean jartzea izanen da.

14. Emaitzen behin betiko aktak jendaurrean jarriz komunikatuko da zer ebatzi duten gaitasun artistikoaren probaren epaimahaiek, aurkeztutako erreklamazioen gainean. Aktaren eranskin bat ere argitaratuko da, non adieraziko baita, modu arrazoituan, ea kontuan hartu diren izandako erreklamazioak.

2. ERANSKINA

2020an Nafarroan gaitasun artistikoaren proba egiteko deialdiaren egutegia

JARDUKETA

EGUNAK

LEHENENGO DEIALDIA

Izena emateko eskabideak aurkezteko epea

2020ko ekainaren 1etik 5era (14:00ak arte)

Onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratzea / Erreklamatzeko epea / Onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzea

Arte eta goi mailako diseinu eskola bakoitzak zehaztutako egunetan

GOI MAILAKO ZIKLOETAN SARTZEKO GAITASUN ARTISTIKOAREN PROBA

Gaitasun artistikoaren proba egiteko eguna

2020ko ekainaren 17a:

–15:30ean: izangaiei dei egitea eta beren dokumentazioa egiaztatzea.

–16:00etan: probaren hasiera. 2 orduko iraupena izanen du

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzak argitaratzea

2020ko ekainaren 22a

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa jartzeko epea

2020ko ekainaren 22tik 24ra

Gaitasun artistikoaren probaren behin betiko emaitzak argitaratzea

2020ko ekainaren 26a

ERDI MAILAKO ZIKLOETAN SARTZEKO GAITASUN ARTISTIKOAREN PROBA

Gaitasun artistikoaren proba egiteko eguna

2020ko ekainaren 18a:

–15:30ean: izangaiei dei egitea eta beren dokumentazioa egiaztatzea.

–16:00etan: probaren hasiera. 2 orduko iraupena izanen du

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzak argitaratzea

2020ko ekainaren 22a

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa jartzeko epea

2020ko ekainaren 22tik 24ra

Gaitasun artistikoaren probaren behin betiko emaitzak argitaratzea

2020ko ekainaren 26a

GAITASUN ARTISTIKOAREN PROBA GAINDITU IZANAREN ZIURTAGIRIA

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (izena eman den arte eta goi mailako diseinu eskolan jaso)

2020ko ekainaren 26tik aurrera

BIGARREN DEIALDIA

Izena emateko eskabideak aurkezteko epea

2020ko abuztuaren 28tik 31ra (14:00ak arte)

ERDI ETA GOI MAILAKO ZIKLOETAN SARTZEKO GAITASUN ARTISTIKOAREN PROBA

Gaitasun artistikoaren proba egiteko eguna (erdi eta goi maila)

2020ko irailaren 1a:

–15:30ean: izangaiei dei egitea eta beren dokumentazioa egiaztatzea.

–16:00etan: probaren hasiera. 2 orduko iraupena izanen du

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzak argitaratzea

2020ko irailaren 3a

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa jartzeko epea

2020ko irailaren 3tik 7ra (14:00ak arte)

Gaitasun artistikoaren probaren behin betiko emaitzak argitaratzea

2020ko irailaren 8a

GAITASUN ARTISTIKOAREN PROBA GAINDITU IZANAREN ZIURTAGIRIA

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (izena eman den arte eta goi mailako diseinu eskolan jaso)

2020ko irailaren 8tik aurrera

Iragarkiaren kodea: F2005144