115. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

381/2020 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean polinizaziorako emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko dirulaguntzen oinarri arautzaileak, eta onesten da “de minimis” araubidearen menpeko laguntzen 2020ko deialdia . DDBN identifikazioa: 504354.

Nafarroako Foru Komunitateko ingurumenean eragin nabarmen eta onuragarria duten nekazaritza jardueren artean, erlezaintza dago, erleen polinizazioa garrantzi handikoa baita bertako landarediaren espezieak behar bezala kontserbatzeko.

Eraginpeko eremuko berezko landarediaren polinizazioak eragina du ingurumenean oro har, eta nekazaritzako ekoizpenean batik bat. Hori horrela, erlezaintza desagertu edo gutxituz gero, arriskuan jar daiteke Nafarroako Foru Komunitateko lurralde askotako biodibertsitatearen iraupen egokia. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, erlezaintza sektoreari laguntzeko asmoz, erlauntz bakoitzeko laguntzak ematea egokitzat jo du, horrela erlezaintzako jarduera maila mantentzen laguntzeko, ingurumenean ondorio on eta garrantzitsuak baititu.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin, espedientea hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, abeltzaintzaren arloko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat ezinbestekoa den prozedura bat delako. Krisialdi honetan, lehen sektorea funtsezkoa da elikagaien hornidura bermatzeko, hala ezartzen baitu martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren beraren 15. artikuluak, non agintaritza eskudunak behartzen baitira hura bermatzeko neurriak hartzera. Neurri horiek funtsezkoak dira erlezaintzako ustiategiak mantentzeko, eta ahalbidetzen dute herritarrei elikadura-hornidura bermatu ahal izatea, erleen polinizazio-lana oso garrantzitsua baita bertako flora-espezieak behar bezala kontserbatzeko. Horrela, bada, erlezaintzako jarduera-mailari eusteko xedez, ustiategiek laguntza batzuk jasotzen dituzte, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak adierazitakoaren arabera. Azken batean, prozedura hori ezinbestekotzat jotzen da erlezaintza-jarduerarako eta lehen sektore horren oinarrizko funtzionamendurako.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean polinizaziorako emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzen oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan. Laguntzak “de minimis” araubidearen menpekoak dira.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea, helbide honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

3. Onestea 2020an nekazaritza eta ingurumen arloan polinizaziorako emanen diren dirulaguntzen deialdia.

4. Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin, espediente hau eta dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko guztiak bideratu eta tramitatuko dira epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, abeltzaintzaren arloko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat ezinbestekoak diren prozedurak direlako, eta elikagaien hornidura bermatzen dutenak.

5. Laguntza hauetarako 60.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko aurrekontu orokorretako “Nekazaritza eta ingurumen arloko laguntza. Polinizazioa” izeneko 710004-71310-4700-412206 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko apirilaren 28an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, nekazaritza eta ingurumen arloan polinizaziorako emanen diren laguntzen deialdiarenak

Lehena.–Xedea.

1. Nekazaritza eta ingurumen arloan polinizaziorako laguntzen oinarriak ezartzea da ebazpen honen xedea, erlezaintzaren jarduerak maila egokia izan dezan, biodibertsitatea zaintzeko ondorio on eta garrantzitsuak baititu, batez ere erleek egiten duten polinizazioak biodibertsitatea egoki mantentzeari begira duen garrantziagatik.

2. Produkzioan ari diren erlauntzek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak, betiere erlezainek hirugarren oinarrian ezarri diren betebeharrak betetzen badituzte.

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza urteko sari bat izanen da, 12 euro produkzioan ari den erlauntz bakoitzeko. Erlezaintza ekologikoa izanez gero, eta 2020ko urtarrilaren 1ean Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) lizentzia indarrean edukiz gero, erlauntz bakoitzeko zenbatekoa 15 eurokoa izanen da.

2. 2020ko kanpainari dagokion nahitaezko urteko erroldaren aitorpenean zer erlauntz kopuru adierazi den, hura izanen da diruz lagungarria.

3. Prima jasotzeko eskubidea duten erlauntz kopurua, gehienez ere, 500ekoa izanen da eskatzaile bakoitzeko.

4. Dirulaguntza deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago. Araubide hori Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarrita dago, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoan (2013ko L 352. EBAO, abenduaren 24koa). Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa (2019ko L 51 I EBAO, otsailaren 22koa).

5. Edozein onuraduni gehienez ere 20.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak izaten ahalko dira ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradun, baldin eta banakako laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribaturik dagoen erlezaintzako ustiategi baten titularra izatea 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Erlezaintzako ustiategiak produkzioan ari diren 50 erlauntz izatea gutxienez; erlauntz bakoitza dagokion ustiategi zenbakiarekin egonen da identifikatuta.

c) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.

d) Martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan adierazitako baldintzak betetzea. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Internet atariko zerbitzuen katalogoan (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

3. Eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleek, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea.

b) Erlategiko osasun planaren eta egindako tratamenduen frogagiriak.

c) Erlezaintzako ustiategi-liburuaren kopia, honako datu hauekin: errolda eguneratua, kokalekuen orria, iazko eta aurtengo tratamenduak eta Nafarroa barruko lekualdaketak eta/edo transhumantzia.

d) Adierazpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, zeinak aipagai baititu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez daudela dioen aitorpena.

f) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, .............................., nire izenean/......................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ................. ekitaldian, Nafarroan .................... laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela egiaztatzeko”.

g) Lehenagoko f) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

h) Horietako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datuak aztertzeko baimena eman beharko dio.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira. Eskaerak hurrenkera honetantxe hartuko dira kontuan:

2.1. Ogibide nagusia nekazaritza duten titularren izenean dauden ustiategien eskaerak, titularra pertsona fisikoa denean; eta lehentasunezko ustiategienak, titularra pertsona juridikoa denean.

2.2. 150 erlauntz baino gehiago dituzten erlezain profesionalen eskaerak.

2.3. Gainerako eskatzaileak.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren baldintzak betetzen diren egiaztatuko du Abere Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez eta tokian berean eginen diren jarduketen ikuskapen akten bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, zeinaren aipagai izanen baitira aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako “de minimis” araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

2. Laguntzak eskatzeko unean, onuradunek honako betebehar hauek betetzea hartuko dute beren gain:

a) Erlategiaren titularrak mantendu beharko du laguntzaren xede den erlauntz kopurua gutxienez ere 3 hilabetez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

b) Transhumantzian diharduten erlezainak izanez gero, erlategiak gutxienez ere zortzi hilabetez mantendu beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean, eta, kasuan kasuko giden bidez, joan-etorriak frogatu.

c) Laguntza jasotzen duen onuradun baten erlauntzen kokalekuek gutxienez bi hektareako berezko landaretza izan beharko dute erlauntz bakoitzeko, kokalekuaren inguruko 2,5 kilometroko erradioan.

d) Erleei polena duen elikagai bizigarririk ez ematea.

e) Administrazioko teknikariei erlauntzetara iristeko erraztasunak ematea, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiazta dezaten.

f) Erlauntz bakoitza ustiategi zenbakiarekin identifikatzea. Identifikazioa suz markatuta eginen da, plastikozko txaparekin, plastikozko belarritakoarekin edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onesten duen beste metodo batekin, betiere marka ezabagaitza bada eta erraz irakur badaiteke.

g) Erlezaintzako ustiategi-liburua eguneraturik edukitzea.

h) Erlezainak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz komunikatu beharko dio dirulaguntza hartzen duten erlategietan zenbat baja gertatzen diren. Horretarako, horiek gertatu eta 10 eguneko epea izanen du gehienez.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen helburua bete dela, hau da, polinizazioa egin dela justifikatzeko, erlauntzak mantenduko dira (ebazpen honen zortzigarren oinarrian hartutako konpromisoei begiratuko zaie) eta kontrol administratiboa eginen zaie, bai eta bertaratuta ere.

Hamaikagarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunak bete beharreko oinarri arautzaileetako zortzigarrena ez betetzeak laguntzak galtzea ekarriko du berarekin, eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, deusetan ukatu gabe horren ondorioz sortzen ahal diren zehapenak.

2. Zortzigarren oinarri arautzailearen a) letran ezarritako konpromisoa ez betetzeak laguntzaren murriztapena ekarriko du, aldea baldin badago eskaeran zehaztutako erlauntz kopuruaren eta ikuskapenean bizirik atzemandakoen artean, honela: laguntza %10 murriztuko da, aipatutako kopuruen arteko aldea %5-10ekoa bada; laguntza %20 murriztuko da, aldea %10-40koa bada; eta laguntza %100 murriztuko da, aldea %40 baino handiagoa bada.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eginen dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

4. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzaren eta ingurumenaren arloan polinizaziorako emanen diren laguntzei dagokien fitxako zerbitzuen katalogoan.

Iragarkiaren kodea: F2004704