114. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 27a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 5/2020 FORU DEKRETUA, maiatzaren 26koa, dolu ofiziala deklaratzen duena, COVID-19aren ondorioz hildako pertsonen omenez.

Osasunaren Mundu Erakundeak pandemiatzat deklaratu du COVID-19 koronabirusa.

Eritasun horrek milioika pertsonari eragin die mundu osoan, eta ehunka mila hildako utzi ditu. Egoera hori ez da arrotza izan Nafarroako herritarrentzat.

Ministroen Kontseiluak Espainiako Gobernuko presidenteari proposatu dio dolu ofiziala deklara dezala maiatzaren 27ko 00:00etatik (asteazkena) ekainaren 6ko 00:00ak arte (larunbata). Dolu ofizialak iraun bitartean, eraikin publiko guztietan, Espainiako bandera haga erdian egonen da kanpoaldean, eta, barruan dagoenean, berriz, mastaren goialdean xingola beltza duela.

Nafarroako Gobernuak bat egiten du ekimen horrekin, eta, horrenbestez, agintzen du Nafarroako bandera haga erdian egon dadila eraikin publiko guztietan dolu ofizialak iraun bitartean, hots, maiatzaren 27ko 00:00etatik (asteazkena) ekainaren 6ko 00:00ak arte (larunbata).

Nafarroako Ikurrei buruzko apirilaren 27ko 4/2020 Foru Legearen 5.4. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuko lehendakariak dolu-egun ofiziala dekretatzen duenean jarriko dela Nafarroako bandera haga erdian edo armarriaren gainean xingola beltz bat duela, eta betiere hark agintzen duen epean.

Adierazitakoaren ondorioz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Maiatzaren 27ko 00:00etatik (asteazkena) ekainaren 6ko 00:00ak arte (larunbata) dolu ofiziala izanen da Nafarroako Foru Komunitatean. Tarte horretan Nafarroako bandera haga erdian egonen da eraikin publiko guztietan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 26an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Victoria Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2005210