113. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

161/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez baldintzak eta betebeharrak ezartzen baitira bisitak jasotzeko tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan, bai eta zentro horietako egoiliarrek paseoak egiteko ere.

Maiatzaren 16ko SND/414/2020 Aginduak, normaltasun berri baterako trantsizio planaren 2. fasea aplikatuz alarma egoera deklaratu ondoren estatuan ezarritako zenbait mugapen malgutzekoak, 20. artikuluan ezartzen du zein diren baldintzak bisitak baimentzeko tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan, horiek mugatuta, betiere, oinarrizko bi baldintza hauek betetzen dituzten zentroetara: egoiliarren artean COVID-19aren kasu baieztaturik ez izatea eta, COVID-19aren sintomak edo diagnostikoa izandako norbaitekin harreman estua izatearen ondorioz, berrogeialdian dagoen egoiliarrik ez izatea.

Maiatzaren 23ko SND/440/2020 Aginduak, normaltasun berri baterako trantsizio plana aplikatuz, COVID-19ak eragindako osasun krisia hobeki kudeatzeko emandako zenbait agindu aldatzekoak, bosgarren artikuluko bigarren apartatuan aldatzen du maiatzaren 16ko SND/414/2020 Agindua, tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan bisitak egiteari dagokionez; aginduak gaikuntza ematen die autonomia erkidegoei beren lurraldean baimentzeko egoiliar horiek bisitak jasotzea eta paseoak egitea, bai eta arautzeko ere zer baldintza eta betebehar bete beharko diren bisita eta paseo horietarako.

Egungo egoera epidemiologikoan, Osasun Departamentuak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak, aintzat harturik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren irizpide teknikoa, erabaki dute egokia dela bisitak eta paseoak baimentzea eta horiek egiteko baldintzak eta betebeharrak ezarri behar direla.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 23ko SND/440/2020 Aginduan eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea, eranskinean adierazten diren baldintza eta moduetan, bisitak egiteko tutoretzapeko etxebizitzetan eta desgaitasuna dutenen egoitzetan bizi diren egoiliarrei, baldin eta bi baldintza hauek betetzen badira zentroetan: egoiliarren artean COVID-19aren kasu baieztaturik ez egotea eta, COVID-19aren sintomak edo diagnostikoa izandako norbaitekin harreman estua izatearen ondorioz, berrogeialdian dagoen egoiliarrik ez izatea.

2. Adinekoen egoitzen kasuan, salbuespen kasuan baizik ez da baimena emanen bisitetarako, honelakoetan, besteak beste, zentroko teknikariek erabakita: bizitzaren amaieran, egoiliarraren deskonpentsazio neurokognitiboa arintzeko, edo egoiliarraren egoera psikoafektiboa oso kaltetua dagoenean. Kasu horietan ere, bisitak eranskinean aipatzen diren baldintzekin eginen dira, arrisku mailarako egokiak diren babes ekipamenduak erabiliz bai familiakoek bai egoiliarrek.

3. Bisitatzat hartu gabe, aukera ematen ahalko zaie familiartekoei egoitzaren inguruetara joateko, baina barrura sartzen utzi gabe; horren helburua izanen da egoiliarrak ikusi eta haiekin hitz egin ahal izatea. Kasu horretan nahitaezkoa izanen da mugikortasunaren eta urruntze fisikoaren arauak betetzea, bai egoitzako langileek eta egoiliarrek beraiek, bai gainerako familiartekoek. Horretarako, zentroek aldez aurretik hitzordua hartzeko sistema bat ezarriko dute, egoiliarren ahaide gehiegi ez elkartzeko egoitzaren inguruetan.

4. Hurrengo asteko egoera epidemiologikoa zein den ikusi ondoren, ekainaren 1etik aurrera baimenduko dira bisitak adinekoen zentroetan 2. apartatukoak ez diren beste kasu batzuetan, baldin eta betetzen badira kutsapenerako arriskua txikiena izan dadin osasun arreta antolatzen duen unitateak une horretan egokitzat jotzen dituen baldintzak.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 25ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA

Familiartekoek egoitzetan bisitak egiteko prozedura

Osasun Ministerioak baimendu duen deskonfinamendu fasean bisita araubide bati hasiera emateko, prozedura bat ezarri beharra dago, bereziki kalteberak diren baliabideetan koronabirusaren kutsapenari aurrea hartzeko; beraz, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Tutoretzapeko etxebizitzetan eta desgaitasuna dutenen egoitzetan, ez da COVID-19aren kasu baieztaturik egonen, ez eta, COVID-17aren sintomak edo diagnostikoa izandako norbaitekin harreman estua izatearen ondorioz, berrogeialdian dagoen egoiliarrik ere.

Adinekoen egoitzak egokituko dira foru agindu honen 2. puntuan ezarritakora.

2. Arau honen salbuespenak ezartzen ahalko dira egoera berezietan, hala nola bizitzaren amaieran edo egoiliarraren deskonpentsazio neurokognitiboa arintzeko.

3. Edozein kasutan, aintzat hartuko dira Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eman ditzakeen oharrak, egoitza dagoen tokiko komunitatean gaixotasunak duen hedapen mailak eragindakoak.

Hasiera honetan, familiartekoen bisitak konfinamenduan erabilitako beste komunikazio bideen osagarri izanen dira (deiak, bideo-deiak, gutunak...), familiako beste kide batzuekin harremana mantentzeko eta orain beharrezkoak diren mugapenak konpentsatzeko.

Bisitak hasteak kutsapenerako arriskua handitzea dakarrenez, ezinbestekoa da zorrotzak izatea neurri higienikoak betetzen eta kontingentzia plan bat ezartzea, gaixotasuna agertzen bada aplikatu beharko dena (gaixotasunaren agerpena egoitzan kasu bat agertzea dela ulertzen da egun). Kontingentzia planean jasoko da bakartzeko unitate berariazko bat izatea erabiltzeko moduan, egoitzako toki kopuruaren eta espazio fisikoen ezaugarrien araberakoa.

Egoiliarren, profesionalen eta bisitarien segurtasuna bermatzeko, gomendio hauek hartuko dira kontuan:

Bisitaren aurretik:

–Bisitak egiteko, aldez aurretik hitzordua hartu beharko da.

–Oro har, pertsona bakar bati emanen zaio hitzordurako baimena. Bisitaria, ahal den guztietan, erabiltzaileak aukeratuko du edo haren tutoreak, tutoretzapean daudenen kasuan, eta bisitarien artean lehentasuna emanen zaie familiakoei, baina beste harreman sare batzuetakoak ere sartzen ahalko dira, boluntarioak adibidez.

–Bisitak programatzeko orduan, posible den guztietan, zentroko zuzendaritzak ahaleginak eginen ditu hala nahi duten egoiliar guztiek gutxienez bisita bat izan dezaten astean. Bisita horiek antolatzean irizpide objektiboak lehenetsiko dira.

–Gomendatuko da bisitaria egoitzara etxetik joatea zuzenean (ulertzen baita beste toki batetik joaten bada, lanetik edo erosketak egitetik, adibidez, zentroan kutsapena gertatzeko arriskua areagotzen dela).

–Ez da baimenduta egonen gauzak edo jatekoak ematea egoiliarrari, salbu eta zentroko zuzendaritzak aurrez baimentzen dituenak.

–Zentroek ordutegiak egokituko dituzte ahalik eta bisita gehien egiteko aukera egon dadin, kontuan hartuta ez direla mugatuta egonen ordutegi zehatz batzuetara, beste jarduera batzuetarako irizpide berberak aplikatuz.

Bisitan zehar:

–Protokolo bat egonen da sarreran, eskuak garbitzeko eta tenperatura hartzeko, besteak beste.

–Bisitan zehar maskara kirurgikoa erabili beharko dute bai bisitariak bai egoiliarrak (egon litezkeen zailtasunak baloratu).

–Era berean, gogoraraziko zaie familiei eta egoiliarrei gomendatzen dela bi metroko segurtasun tartea gordetzea, eta, ahal dela, egoiliarrarekiko kontaktu fisiko oro saihestea.

–Bisitak erregistratzeko sistema bat ezarriko da, hauek jasotzeko:

a) Bisitaren eguna, eta sarrera eta irteera orduak.

b) Bisitarien identifikazio datuak eta lokalizatzekoak, kontaktuei buruzko balizko ikerketak errazteko (NANa, telefonoa, izen-deiturak).

c) Tenperaturaren erregistroa eta COVID-19aren presentzia iradoki dezakeen klinikarik ezaren deklarazioa. 37 gradutik gorako tenperatura dutenei ez zaie sartzen utziko.

d) “Oharrak” egiteko eremua:

–Bisitetarako eremu bereziak ezarriko dira, argi zehaztutako sarrera eta irteera zirkuituekin, zentrora sartu eta bertatik ateratzeko erabiltzaileek eta profesionalek erabili ohi dituztenetatik aparte, posible bada.

–Eremu horiek egoitzaren eraikinen kanpoaldean (hobe) edo barrualdean egon daitezke, baina beti bermatuko da ez egotea kontakturik beste egoiliar batzuekin, eta lehentasuna emanez oztopo fisikoak jartzeari bisita eremuen eta egoitzako gainerako instalazioen artean.

–Ohean egon behar duten egoiliarren kasuan, bisitak gelan jasotzen ahal dituzte, baina banaka ezarriko da sartu-ateratzeko zirkuitua eta segurtasuneko ekipamendua.

–Erabili ondoren, eremuak eta barruko elementuak garbitu eta desinfektatuko dira berriz erabili aurretik, zentroko garbiketa prozedurei jarraikiz.

–Saihestu eginen da balizko infekzio iturri izan daitezkeen objektuak eramatea (bitxiak, sakelako telefonoak, eta abar).

–Prebentzio neurriak mantentzea posible dela iritziz gero, familiek egoitzatik kanpoaldean egiten ahalko dute bisita (paseoak egoiliarrekin), gehienez ere kilometro bateko distantzian, eta ezarritako denbora gainditu gabe.

–Iraupena: ordu erdi batetik ordubetera, egoiliarren kopuruaren eta egoitzaren antolaketarako gaitasunaren arabera.

Bisita amaitu ondoren:

–Bisita amaitu ondoren, irteerarako protokoloa aplikatuko da: egoiliarra hartu eta bisitaria lagundu (eremu garbitik pasatuta), maskara kendu, lehenbizi, eta ondoren eskuak garbitu.

–Gogoraraziko zaio bisitariari ezen, COVID-19aren bateragarriak diren sintomak izanez gero bisitaren ondoko 14 egunetan, konpromisoa duela horren berri jakinarazteko egoitzako zuzendaritzari.

Iragarkiaren kodea: F2005150