112. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Gizarte-larrialdian dauden pertsona edo familientzako Tuterako Udalaren banakako gizarte-dirulaguntzak emateko
oinarri arautzaileetan. Onespena

Udalak, 2020ko maiatzaren 4an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

1.–Aldaketa onestea Gizarte-larrialdian dauden pertsona edo familientzako Tuterako Udalaren banakako gizarte-dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileetan, eta horien testu berri bat egitea.

2.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan argitaratzea bai erabaki hau eta bai Gizarte-larrialdian dauden pertsona edo familientzako Tuterako Udalaren banakako gizarte-dirulaguntzak emateko oinarri arautzaile berriak.

3.–Erabaki hau interesdunei jakinaraztea.

Tuteran, 2020ko maiatzaren 6an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

OINARRI ARAUTZAILEAK, GIZARTE-LARRIALDIAN DAUDEN PERTSONA EDO FAMILIENTZAKO BANAKAKO GIZARTE-DIRULAGUNTZAK EMATEKO

Tuterako Udalak badu bere bizilagunetako batzuek pairatzen dituzten egoeren berri; hain juxtu ere, haien oinarrizko premietan oinarriturik arautu dira dirulaguntza hauek; horien izaera puntuala eta subsidiarioa da, ez dira aldizkakoak, bestelako prestazio edo zerbitzuetatik moldaturik ez dauden premiak asetzeko xedea dute, eta osagarriak izaten ahalko dira gutxieneko errentak direla-eta eskuratzen direnekin, premia larriko egoerei kasu egiteko baitira.

Oinarriak onetsi dira arau hauek mugaturiko esparruan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta gainerako lege aplikagarriak, baita aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa ere. Bestalde, ez da norgehiagokarik, dirulaguntza hauek bereziak baitira, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrari buruzko 22.2 c) artikuluan ezarritakoarekin bat, aipatu diren arrazoi sozial, ekonomiko, humanitario eta interes publikokoengatik, edo haien deialdi publikoa trabatzen duten bestelako arrazoi behar bezala justifikatuengatik. Oinarriek zehaztasun hauek dituzte:

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Xedea da dirulaguntzak ematea norbanakoei edo familiei, larrialdiko eta urgentziazko egoerak zuzentzeko, banan-banan ebaluatzeko araubidean, komunitatean dauden beste laguntza-bideak agortu badituzte eta gizarte-larrialdian daudela frogatzen badute.

Prestazioa da, gabezia ekonomikoak nahiz sozio-sanitarioak izan eta oinarrizko beharrak (ostatua, elikadura, energia, osasuna, formakuntzako ekintzak, etab.) presaka eta berehala asetzeko zailtasun handiak dituzten pertsonentzat; ez dira biztanleria guztiarentzat, sostengurako tresnak baitira, oinarrizko gizarte zerbitzuko gizarte-langileen eta gizarte-hezitzaileen ekintza profesionalaren osagarriak.

Erantzukizun sozialetik abiatuta, laguntza horiekin Udalak esku artean izan nahi du tresna berariazko bat, deserrotzea eta gizarteko zokoratzea eragin edo biziagotu ahal dituzten egoerak arintzeko, eta ekintza profesionalerako eta sostengurako tresna bat izateko Udaleko gizarte zerbitzuek diseinaturiko gizarteratze prozesuetan.

2.–Finantzaketa.

Dirulaguntzak finantzatzeko dirua urtero sartuko da aurrekontuan, dagokion partidaren kargura.

Dirulaguntzak emanen dira baldin eta urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan krediturik eskura badago.

3.–Baldintzak eta betebeharrak. Bateragarritasuna.

3.1.–Atal honetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezten diren unean, eta egoera hori mantendu beharko da dirulaguntza jasotzen den bitartean.

Dirulaguntzak jasotzeko, hauek dira nahitaezko baldintzak:

a) 18 urte baino gehiago edo adingabe emantzipatua izatea.

b) Eskatzaileak, behintzat, Tuteran egiazko bizilekua izatea eta bertan erroldaturik egotea gutxienez ere 6 hilabete aitzin eta laguntza jasotzen den bitartean. Oinarrizko gizarte zerbitzuek egiaztatuko dute, udal erroldaren bidez, eskatzailearen erroldatze eta bizikidetze egoera.

c) Esku-hartze sozialeko prozesu batean inplikatuta egotea, Tuterako Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuen bitartez; hortaz, dagokion laguntza tramitatzeko, Tuterako Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuaren arreta jaso behar du aldez aurretik.

d) Bizikidetzako familia-unitateko kide guztien diru-sarrerak, kontzeptua edozein delarik ere, ezarritako baremoa baino apalagoak izatea.

e) Eskabidea eta bere egoera ebaluatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioa aurkeztu izana.

f) Dirulaguntza egindako zorrak ordaintzeko baldin bada, horiek ez dira 6 hilabete baino lehenagokoak izan beharko, egin zirenetik eskaera aurkezten den arte.

g) Familiaren ondarea gehienez ere 60.000 euro izatea, ohiko etxebizitza eta lanean aritzeko ondasun higigarri eta higiezinak kenduta.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren e) letran eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikulua aldatzen duen apirilaren 14ko 7/2014 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, onuradunak salbuetsirik geldituko dira betebehar hauek eguneraturik izateko baldintzatik: tributu arlokoak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Tuterako Udalarekikoak; horrek Ur Batzordea izeneko erakunde autonomoarekikoak eta Castel Ruiz tokiko enpresa entitate publikoarekikoak ere barnean hartzen dituela esan nahi du.

Salbuespenez, laguntza ukatzen ahalko da onuradunari argi eta garbi antzematen bazaio gizalegerik gabe jokatzen duela behin eta berriz, ez dituelako betetzen, justifikaziorik izan gabe, Tuterako Udalarekiko tributu arloko betebeharrak, barnean direla Ur Batzordea erakunde autonomoarekikoak eta Castel Ruiz tokiko enpresa erakunde publikoarekikoak ere.

Betebehar horiek oinarri hauetan xedatzen denaren arabera egiaztatu beharko dira, udal artxiboetan agertzen diren datuak izan ezik.

3.2.–Eginbehar hauek dituzte onuradunek:

a) Organo emaileari frogatzea betekizun eta baldintzak betetzen direla eta emandako dirulaguntza eskatu zen xederako erabiltzen dela.

b) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak, eta ematea jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

c) Hartutako dirua itzultzea, jasotako laguntza justifikatu ezik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusten diren kasuetan.

d) Onuradunen eta entitate laguntzaileen betebeharrak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 15. artikuluetan ezarrita daude. Tuterako Udalak, legezko prozedura bidezkoen bidez, behar diren egiaztapenak egiten ahalko ditu emandako laguntzen xedeari eta aplikazioari buruz.

3.3.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta osagarritasuna.

a) Bateragarriak dira laguntza hauek eta kontzeptu beragatik beste erakunde publiko nahiz pribatuetatik biltzen diren beste laguntza batzuk, baldin eta aldi berari ez badagozkio.

b) Egoerak iraunez gero, interesdunek xede berdintsuko beste laguntza batzuk eskatu beharko dituzte, beste administrazio publiko edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuetan, baldintzak betetzen badituzte. Haien artean aipatu behar dira Nafarroako Gobernuaren laguntza berezietan biltzen direnak (etxebizitza eta beste).

c) Ezin izanen dute etxebizitzarako laguntza eskatu udal kudeaketako etxebizitza batean bizi diren familia-unitateek, laguntza bateraezina baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Ezin izanen dute elikadura eta higienerako laguntza eskatu Nafarroako Gobernuaren Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonek edo familia-unitateek.

4.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

Kasu guztietan aintzat hartuko da kontzeptu bakoitzerako ezarritako gehieneko muga; 12 hilabeteko epean eman daitekeen gehieneko zenbatekoa, 4.1, 4.2, 4.3.b), 4.3.c), 4.3.d), 4.4, 4.5 eta 4.6 ataletako kontzeptu guztiengatik, 1.200 eurokoa da.

4.3.a) ataleko eskaerak (Elikadura eta higienea) modu berean ebatziko dira, kontuan harturik kontzeptu horretarako gehieneko muga 1.400 eurokoa dela. Mantenua eta higienea aplikatzen badira, gehieneko zenbatekoa 2.600 eurokoa izanen da kontzeptu guztietarako, bakoitzerako ezarritako mugez gain.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

4.1.–Ostatua.

Kontzeptu hauek sartzen dira:

a) Etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka-maileguren kuota ordaintzea edo etxebizitza partekatuan gela ordaintzea koiunturazko egoera denean, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada.

b) Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru-baliabide aski badu etxebizitzaren alokairuari aurre egiteko.

c) Bestelako bizitokiak: bestelako bizitokiak (ostatu-etxeak, hotelak, etab.) ordainduko dira, betiere horrekin egoera larri bat (etxebizitza galtzea, bizitoki partikular batean berehala sartzeko ezintasuna) arintzen bada.

Kontzeptu honengatik, gehieneko muga hiru hilabetekoa izanen da (alokairua eta fidantza ere sartzen ahal dira), oinarri hauen 5.2 atalean jasotako epean.

4.2.–Etxebizitzaren mantentze-lanak.

Prestazio ekonomikoa, faktura hauek ordaintzeko (unean uneko gastuak eta ordaindu gabeak):

a) Argindarraren eta gasaren hornidurak (3 hilabetekoak gehienez).

b) Argindarraren eta/edo gasaren hornidurei berriz lotzearen kostua.

c) Bestelako erregaiak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa, etab.).

d) Altak etxebizitzetako hornidura energetikoetako kontratuetan (argindarra eta gasa).

e) Bizilagunen erkidegoko gastuak (3 hilabetekoak gehienez).

Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

Kontzeptu hauen guztien baturak ezin izanen du 800 euroko zenbatekoa gainditu.

4.3.–Elikadura, higienea eta osasuna.

Prestazio ekonomiko puntuala, honako hauetarako:

a) Egunero zuzen elikatzeko beharra estaltzea, bai eta higiene pertsonalerako eta etxeko higienerako elementuak ere. Ondoko taulan ezarritakoa da kontzeptu honengatik hartzen ahal den gehieneko laguntza; gehienez ere, lau hilabetekoak dira, segidan edo ez, eta ezin du gainditu gehieneko laguntza ekonomikoa, familia-unitateko kide kopuruaren arabera. Zenbateko honek oro har ezarritako gehieneko zenbatekoa (1.200 euro) osatuko du. Beraz, elikadura eta higienerako laguntzak jasotzen dituzten familia-unitateek 2.600 euroko dirulaguntza har dezakete gehienez ere.

Atal honetako ordainketak Udalak ezarritako moduan eginen dira (banku transferentziak, diruzaintzako ordainketa, erosketa txartelak, etab.).

Pertsona bat

200 euro (800 gehienez)

Bi pertsona

250 euro (1.000 gehienez)

Hiru pertsona

300 euro (1.200 gehienez)

Lau pertsona edo gehiago

350 euro (1.400 gehienez)

b) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak, lekualdatze edo egonaldi behartuek sortutako gastuen kasuetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita; edo osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua, fakultatiboek agindutakoa bada. Kontzeptu horrengatik 500,00 euro emanen dira gehienez.

c) Funtzionamendu pertsonal integraturako laguntzak. Prestazio ekonomiko puntuala, funtzionamendu pertsonal integraturako beharrezko elementuak erosteko, barnean direla zentzumenei lotutakoak (fakultatiboek agindutakoak badira), beste dirulaguntza batzuek estaltzen ez badituzte. Kontzeptu horrengatik 1.000 euro emanen dira gehienez.

d) Beste egoera sozio-sanitario batzuk, gizarte-bazterketa saihesteko eta/edo gizarteratzea errazteko, barnean direla laguntza teknikoak, eta etxebizitzen eraberritze puntualak, pertsonen autonomiarako beharrezkoak, beste dirulaguntza batzuek estaltzen ez badituzte. Gastu odontologikorik bada, haiek justifikatu beharko dira, pertsonaren osasunean, elikaduran edo estetikan kalte larria dagoela egiaztatzen duen medikuaren txostenaren bidez. Ortodontzia ez da diruz lagunduko. Kontzeptu horrengatik 1.000 euro emanen dira gehienez.

Aurreko b), c) eta d) apartatuetako gastuak beharrezkoak izanen dira autonomiaren, osasunaren eta gizarteratzeko gaitasunaren galera dakarten egoera bereziei irtenbidea emateko.

4.4.–Formakuntzarako eta/edo gizarteratzeko eta/edo laneratzeko sostengua.

Gizarteratzen eta/edo laneratzen laguntzen duten laguntza ekonomiko puntualak aurreikusten dira; bereziki, hezkuntza jarduera arautu gabeetan parte hartzen laguntzen dutenak, prestakuntzan hasteko modu bakarra direnean eta Udalaren gizarte zerbitzuek gizarteratzeko eta/edo laneratzeko adostutako banakako ibilbideen zati direnean. Kontzeptu horrengatik 400,00 euro emanen dira gehienez.

4.5.–Prebentzioa, haurtzaroan eta nerabezaroan arrisku- edo babesgabetasun-egoeretan.

Prestazio ekonomikoak ematen ahalko dira adingabeei laguntzeko haurrentzako zerbitzuak erabiltzen eta zenbait jardueratan parte hartzen (kirolari, arteari, olgetari, aisialdi osasungarriari eta abarri lotuak), baldin eta beren familiek guztiz edo zati batean ordaintzerik ez badituzte, eta baloratzen bada Udalaren gizarte zerbitzuetako programen barruan egiten ari den esku-hartze sozialean prebentziorako eta gizarte-babeserako neurri gisa erabil daitezkeela. Kontzeptu horrengatik 150,00 euro emanen dira gehienez, adingabe bakoitzeko.

Lehentasuna emanen zaio beti Udaleko alorrek programatutako jardueretan parte hartzeari.

4.6.–Oinarrizko beste premia batzuk.

Prestazio ekonomiko puntuala, aurreko apartatuetan jaso gabeko beste egoera batzuei erantzuteko, haien apartekotasunaren arabera eta familia-unitateak jasan ditzakeen kalte konponezinen arabera.

5.–Eskatzeko sistema, epeak eta dokumentazioa.

5.1.–Eskatzeko sistemak.

Eskabidea inprimaki ofizialeko ereduaren arabera formalizatuko da, eskatzaileak sinatu beharko du eta oinarri hauen eranskin gisa argitaratzen den ereduari lotuko zaio; eredua eguneratuko da, laguntzak tramitatzen dituen administrazio unitateari beharrezkoa iruditzen zaionean.

Familia bakoitzak inprimaki bakarra aurkeztuko du, behar bezala betea eta sinatua. Horrekin batera, oinarri hauetako baldintzen egiaztagiriak aurkeztuko ditu.

5.2.–Epeak.

a) Laguntzak eskatzen ahalko dira oinarri hauetan aipatzen diren aparteko inguruabarrak gertatzen direnean.

b) Ezin izanen dute bestelako dirulaguntzarik eskatu, aurreko ordainketa egin eta 12 hilabete igaro arte, baldin eta onartutako gehieneko mugara iritsi badira, salbu eta 4.5 atalean (Prebentzioa, haurtzaroan eta nerabezaroan arrisku- edo babesgabetasun-egoeretan) aipatzen diren laguntzen salbuespenezko kasuetan, erreferentziako profesionalak iritzi oinarritua emanda.

5.3.–Agiriak.

Eskatzaileek, oinarri hauetan biltzen diren baldintzak betetzen badituzte, dagokion inprimakia bete beharko dute eredu ofizialaren arabera. Eskabidearekin batera, agirien fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte Tuterako Udaleko sarrera-erregistroan, jatorrizkoekin alderatzeko.

5.3.1.–Eskaera. Betea eta honekin batera doan ereduaren araberakoa.

5.3.2.–Eskatzailea nor den frogatzen duten agiriak eta, hala balegokio, haren izenean diharduen ordezkariarena eta, hala balegokio, familia-unitatea osatzen duten gainontzeko kideena.

a) Eskatzailearen eta familia-unitatea osatzen duten gainerako kideen NANaren/bizileku- edo lan-baimenaren/pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko dute, bai eta familia liburuarena/jaiotza-agiriarena ere (bere kargura adingaberik badu).

b) Bizikidetzaren erantzukizunpeko adierazpena, erantsitako ereduaren araberakoa.

c) Banantzea edo dibortzioa honela egiaztatuko da:

1) Egitatezko banantzean, aurkeztuko da banantzeko eskaera aurkeztu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua, edo notario-agiria zein egoera hori erakusten duten beste agiri batzuk.

2) Banantzea edo dibortzioa legezkoa bada, hura xedatzen duten epai judizialen fotokopiak, jatorrizkoarekin alderatuak, aurkeztu beharko dira.

d) Ezkontzaz kanpoko seme-alaba aitorturik bada, zaintza eta jagoletzari eta mantenu-pentsioari buruzko neurrien fotokopia, jatorrizkoekin alderatua, aurkeztu beharko da. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo egoera hori frogatzen duten beste agiri batzuk.

5.3.3.–Familiaren diru-sarrera guztien eta eskaerarekin batera zerrendatutako gastuen frogagiriak (jatorrizkoa eta fotokopia):

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko aurreko ekitaldiko zergaren aitorpen osoa, bizikidetzako familia-unitateko kideena, datu fiskalei buruzko informazioarekin batera (eranskin informatiboak barne). Egitera beharturik ez badaude, aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Foru Ogasunak egina.

b) Eskatzailearen eta bizikidetzako familia-unitateko kide guztien azken 3 nominak (finkoak ez badira), eta/edo prestazio, pentsio, sorospen eta abarrengatik dituzten diru-sarreren egiaztagiriak.

Diru-sarrerak etxeko enplegatu gisa kontratatutako langileenak badira, behar bezala formalizatutako lan-kontratuaz gainera, kontratatzaileek diru-sarreren gainean egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da.

Diru-sarrerak beren konturako langileenak badira, BEZaren azken hiruhilekoaren aitorpenaz gainera, eskatzaileak berak diru-sarreren gainean egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da.

c) Egungo diru-sarreren gaineko erantzukizunpeko adierazpena (erantsitako ereduaren araberakoa).

d) Eskatzailearen eta/edo bere familia-unitatearen egoera ekonomikoa egiaztatzeko intereseko agiriak, laguntza esleitzeko beharrezko direnak: aurrekontuak, fakturak, zorren frogagiriak, alokairu-kontratua, etab.

5.3.4.–Lan egoera: Lan bizitzaren ziurtagiri eguneratua.

Aurreko ataletan aipatzen den dokumentazioa izan ezean, eskatzaileek bidezko iruditzen zaizkien dokumentu eta ziurtagiriak ekartzen ahalko dituzte ekonomia, gizarte edo familiaren aldetik bizi duten egoera frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Betiere, aurretik ebazpena emanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 68. artikuluak ezarritakoarekin bat.

5.4.–Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuak egin beharreko tramiteak.

a) Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuak (HAZ) bilduko ditu eskaerak eta aurkeztutako dokumentazioa.

b) Eskaerak jasotzeko unean, eskatzaileari kopia itzuliko zaio, hura aurkeztu izana frogatzeko balioko duena.

6.–Eskaerak baloratzeko irizpide ekonomiko/objektiboak.

6.1.–Oinarriotan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskaerak baloratzeko, bizikidetza unitateak ez du baliabide ekonomiko aski izan beharko (8.1 atalean adierazitako taularen arabera).

6.2.–Irizpideak betiere lotuko zaizkie Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 8.3 c) artikuluan eta Tuterako Udalaren urte bakoitzeko aurrekontu orokorrak betearazteko oinarrietan jasotzen diren printzipioei.

6.3.–Gai honetan eskumena duten teknikariek eginen dute deialdiaren kudeaketa, jarraipena eta balorazioa, haren fase guztietan, baita aginduzko txostenak ere erreklamaziorik edo errekurtsorik izanez gero.

7.–Organo eskuduna; ebazteko eta jakinarazteko epea.

7.1.–Organo eskuduna.

Araudian ezartzen den eskumen banaketaren eta Alkatetzaren eskuordetzearen arabera, dagokion Zinegotzitzak emanen du behar den ebazpena.

7.2.–Ebazteko epea.

Kasu guztietan, lehentasuna emanen zaio espedientearen tramitazioari; ebazteko gehieneko epea hilabete bat da eskaera erregistroan sartu denetik, kontuan harturik epe hori eteten ahal dela interesdunari eskatzen bazaio bere eskaerako akatsak zuzentzeko edo agiriak ekartzeko. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe iragan ondoan, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 25.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Justifikatutako zergatiak direla medio, epe horretan ebazterik ez bada, arrazoiak eman beharko dira.

7.3.–Jakinarazpena.

Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio bideari, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 40. eta 42. artikuluek ezarritakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

8.–Eskaeraren urteko gehieneko zenbatekoa. Diru-sarreren kalkulua.

8.1.–Gehieneko zenbatekoa eskaera bakoitzeko.

Eskaera bakoitzari aplikatzen ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:

a) Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak. Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, familia-unitatetzat ulertuko da honako hauek osatzen dutena: eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi den/diren pertsona bat edo gehiago, ezkontza edo pareko afektibitate-harremanean elkartuta edo bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa duten pertsonak.

b) Kontzeptu bakoitzean ezarritako gehieneko zenbatekoa, baita guztira onartutako gehieneko muga, 1.200 euro izanen da oinarri hauek indarra duten lehen urtean (elikadura eta higienerako laguntzaren onuradunak izan ezik). Zenbateko horrek xedapen gehigarri bakarrean bildutako gorakadak izanen ditu.

Dirulaguntza hauek eskatzen dituzten familiak kontzeptu guztiez baliatzen ahalko dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean, eta ezin izanen dute kontzeptu beragatik bestelako laguntzarik eskatu, harik eta 12 hilabete iragan arte aurreko dirulaguntza ordaindu zitzaienetik, salbu eta dirulaguntzaren gehieneko mugara ailegatu ez badira (ikus 5.2 eta 8.1.b atalak).

Laguntza jaso ahal izateko, familia-unitatearen hilabeteko baliabide ekonomikoek ezin izanen dituzte gainditu honako koadro honetan ezarritako zenbatekoak:

KIDE KOPURUA

HILABETEKO DIRU-SARRERAK, GEHIENEZ

Kide bat (LGSaren %100)

858,55 euro

2 kide (LGSaren %120)

1.030,26 euro

3 kide (LGSaren %130)

1.116,12 euro

4 kide (LGSaren %140)

1.201,97 euro

5 kide edo gehiago (LGSaren %150)

1.287,33 euro

8.2.–Familiako baliabide ekonomikoak kalkulatzeko prozedura. Familia-unitatearen diru baliabideak ezartzeari dagokionez, halakotzat hartuko da hilabeteko diru-sarrera guztien batura eta haren ondarea. Diru-sarreren balorazioa:

8.2.1.–Laneko etekinen bidezko diru-sarrerak. Laneko etekintzat ulertuko da kide guztien diru-sarrerek, enplegutik zein prestazioetatik etorriek, egiten dutena.

Kontatuko dira:

a) Aldizkakoak ez diren sarreren kasuan, diru-sarreren zenbatekoa jakiteko, azken hiru nominetatik, pentsioaren ziurtagiritik eta beste edozein prestazio edo sarrera-iturritatik ateratako batezbestekoa kalkulatuko da.

b) Enplegu egonkorra izanez gero, lanaren aldetik urtebeteko edo gehiagorako egonkortasuna duena, azken errenta aitorpena hartuko da kontuan. Dagokionean, familia-unitateko edozein kideren pentsio, sari edo nominetatik heldu diren diru-sarrerak ere hartuko dira aintzat, azken errenta aitorpenean sartu ez badira.

8.2.2.–Ondareko etekinen bidezko diru-sarrerak. Ondareko etekintzat joko dira kapital higigarri nahiz higiezinetatik heldu direnak, hurrengo atalean jasotzen diren salbuespenekin.

8.2.3.–Diru baliabideen kontaketatik diru-sarrera hauek salbuetsiko dira:

–Ardurapeko seme-alabak izateagatik eta seme edo alaben jaiotzagatik Gizarte Segurantzak ematen dituen sarien diru-sarrerak.

–Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak, halakotzat harturik larrialdietako laguntzak, etxebizitza erosteko direnak edo alokairu sozialekoak, jantokirako laguntzak, mendekotasuna dutenei laguntzekoak (zaintza, familia ingurunean) eta beste edozein, familia-unitateko edozein kideren premia zehatz bati aurre egiteko emandakoak.

9.–Dirulaguntza ukatzeko arrazoiak.

Dirulaguntzak ukatzen ahalko dira, ezarritako baldintzak beteagatik ere, inguruabar hauetarikoren bat gertatzen delarik:

a) Eskatutako laguntza egokia ez izatea mahai gainean jarritako arazoa konpontzeko.

b) Datuak faltsutzea edo ezkutatzea, eta horren ondoriozko zehapen espedientea.

c) Ez frogatzea eskaera baloratzea ahalbidetzen duen urgentzia edo larrialdi egoera.

d) Ez da diru sorospenik emanen, zuzenean nahiz zeharka legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak, konpentsazioak edo toki ogasunarekin egindako zor murrizketak badira.

e) Kontzeptu beragatik eta aldi bererako, beste erakunde edo entitate publiko nahiz pribatuen finantzaketa jaso izana.

f) Halako kontzeptu baten gaineko dirulaguntza kronifikatzea; alde horretatik, dirulaguntza hiru aldiz ematen ahalko da gehienez kontzeptu beragatik 5 urteko epean, 2018ko urtarrilaren 1etik hasita.

10.–Eskaeren ebazpena.

Eskabideen ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie organo eskudunak onetsi edo ukatu ondoan.

Dirulaguntzak emanen dira baldin eta urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan krediturik eskura badago.

11.–Ordainketa.

Ordainketa dirulaguntzen eskatzaile eta onuradunei berei eginen zaie, eta aitzinatuko da emandako dirulaguntzaren %100. Hala ere, salbuespenez, ordainketa egiten ahalko zaie hura hartzeko izendaturiko entitate edo pertsonei, eskaeran adierazten den kontu zenbakiaren bitartez; baina, halakoetan, onuradunak edo haren legezko ordezkariak ordainketa idatziz baimendu beharko du. Laguntza onuradunaren izenean kontatuko da, ordainketa zer kontutan egiten den aintzat hartu gabe.

Laguntza ekonomikoek ondorioak izanen dituzte ebazpenean adierazten den datatik aurrera; hartan espresuki zehaztuko da laguntza zer epetarako ematen den eta zer epe dagoen haren erabileraren frogagiriak aurkezteko Tuterako Udaleko sarrera-erregistroaren bidez.

12.–Laguntzen kontrola eta aplikazioa.

12.1.–Kontrolaren araubidea.

Dirulaguntzak baliogabetzen ahalko dira baldin eta frogatzen bada:

a) Haien zenbatekoa ez dela erabili eman zirenerako.

b) Baldintzetariko bat edo batzuk betetzen ez dituztenei edo haiek behar bezala egiaztatu ez dituztenei eman zaiela.

Hala behar badu, dirua itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen denarekin bat.

Tuterako Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek berentzat gordetzen dituzte eskaera espedienteak ikuskatzeko eginkizunak, ukatu gabe legeria aplikagarrian ezarritako neurri egokiak hartzen ahalko dituztela, laguntzen lorpena, xedea edo justifikazioa modu okerrean gauzatu den zantzuak daudenean.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako finantza kontrolerako prozedura aplikatuko da.

12.2.–Justifikazioa.

Laguntzak justifikatuko dira egindako gastuen fakturak edo frogatzeko balio duen pareko beste edozein agiri aurkeztuta, merkataritzako trafiko juridikoan balio badu edo eraginkortasun administratiboa badu dirulaguntzaren aplikazioa justifikatzeko. Aurrekontua betearazteko oinarrietan eta aplikagarri diren gainerako arauetan adierazi bezala tramitatuko dira, eta ordainduko, kasuan kasu ematen den kopuruan.

Ontzat hartzen diren beste agiri batzuk tiketak dira, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesteko maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak edo hura ordezten duenak onartzen dituen kasuetan. Orobat, agiri hauek aurkezten ahalko dira, besteak beste (zerrenda hau ez baita itxia): administrazio publiko batek igorritako ordainketa gutuna; ordainagiriak, tributuak ordaintzeagatik edo tributuz kanpoko beste kontzeptu batzuengatik; konturako karguak; bankuen gordekinak; eta, faktura luzatzea bidezkoa ez denean, kontabilitateko agiriak, kontabilitateko idazpenak errealitatearen irudi zehatza ematen duela frogatzen dutenak.

Frogagiriak aurkezteko 10 egun balioduneko epea izanen da diruz lagundutako kontzeptuei dagokien azken ordainketaz geroztik, Tuterako Udaleko erregistro orokorrean eskabidea sartuta eta hari erantsita emandako laguntzaren egiaztagiriak.

13.–Dirua itzultzea eta ezeztatzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluarekin eta hurrengoekin bat, itzuli beharko da eta dagokion berandutze-interesa ordaindu:

a) Dirulaguntza emateko oinarria izan zen gastua egin izana frogatzen ez denean.

b) Dirulaguntza lortzen delarik horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutzen edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatzen direnean.

c) Laguntza zertarako eman zen, beste baterako erabiltzen delarik.

d) Onuradunek betetzen ez dutelarik oinarri hauetan ezarritako betebehar edo baldintzetariko bat, orduan ulertuko baita dirulaguntzari uko egin diotela eta dirulaguntza ofizioz baliogabetzen ahalko baita.

Ukatu gabe Tuterako Udaleko dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzen ahalko duela.

14.–Indarraldia eta xedapen osagarriak.

Oinarri hauek arautuko dute organo eskudunak aldatzen edo indargabetzen ez dituen bitartean, ezarritako legezko prozedurarekin bat; horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta horren ondotik hartuko dute indarra.

15.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri hauen kontra, baita hura betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen kontra ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina. Aitzinetik, eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Edo bestela, beste edozein, interesdunei bidezko iruditzen bazaie hura jartzea.

16.–Onarpena eta interpretazioa.

a) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar oinarriak onartzea.

b) Udalari dagokio oinarrien interpretazioa.

17.–Publizitatea.

Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Oinarri hauei behar bezalako publizitatea emanen zaie, izan litezkeen onuradunek haren berri izateko biderik egokiena erabiliz. Publizitatea egiteko baliabide osagarriak erabiltzen ahalko dira, hala nola Udalaren web-orria, baita Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Tuterako Udalaren iragarki-taulak ere.

18.–Datuen babesa.

1. Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoa bete beharrez, adierazten da ezen emandako datu pertsonalak dirulaguntza kudeatzeko baizik ez direla erabiliko, eta Tuterako Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batzen ahalko zaizkiela. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira dirulaguntza eskaerari erantzuteko, eta deialdira aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak egiteko. Tuterako Udalari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

2. Bestalde, Tuterako Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako erabiltzeko, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

19.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Laguntza edo dirulaguntza eskuratzea horiek emateko baldintzen inguruko datuak faltsututa edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuta.

b) Dirulaguntza ematean ezarririk zeuden helburuetarako ez erabiltzea jasotako dirua, salbu eta, errekerimendurik egin gabe, diru hori itzuli egin bada.

c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

d) Jasotako funtsen erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortutako, gaizki aplikatutako edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, alkateak honako zehapen hauek ezartzea erabakitzen ahalko du:

a) Bost urte arteko epean laguntza eman duen administrazioaren dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea.

b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urteko epean gehienez.

Zehapenak ezartzeko, administrazio espedientea irekiko da, eta bertan, nolanahi ere, interesdunari entzunen zaio, behar den erabakia hartu aurretik; espedientea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuarekin bat tramitatuko da.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean (VI. titulua) dirulaguntzen arloan tipifikaturiko akzioei eta ez-egiteei jarraituko zaie, eta zehazten ahalko dira, utzikeria hutsagatik ere.

20.–Xedapen gehigarri bakarra.

Oinarri hauetan aipatzen diren zenbatekoak, beste erakunde publiko batzuek finkatzen ez dituztenak, urtero eguneratuko dira Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako argitaratzen duen iragan urteko KPIaren arabera (KPIaren aurreko 12 hilabeteetako aldaketa, urtebeteari dagokiona); halaber, 8.1 ataleko taulan LGSaz bildu diren aipamenek behar diren aldaketak izanen dituzte LGSa aldatzen delarik.

21.–Lehen xedapen iragankorra. COVID-19a.

COVID-19ak eragindako gizarte eta ekonomia krisi egoeraren ondoriozko kasu partikularrak artatzeko, baita aurreikusten ahal diren ondorioengatikoak ere, aplikatzekoak izanen dira oinarri hauen 3. artikuluan ezarritako baldintzak, salbuespen hauekin:

a) Nahikoa izanen da Tuteran benetan bizitzea eta bertan erroldaturik egotea, inolako eperik ezarri gabe.

b) Dirulaguntza eskatzeko, ez da beharrezkoa izanen Tuterako Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuen bitartez egindako esku-hartze sozialeko prozesu batean inplikatuta egotea; hortaz, dagokion laguntza tramitatzeko, ez da betekizuna izanen aldez aurretik Tuterako Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuaren arreta jaso behar izatea.

c) Onuradunak salbuetsirik geldituko dira Tuterako Udalarekiko tributu-betebeharretatik, baita tributu arlokoak ez direnetatik ere, barnean direla Ur Batzordea erakunde autonomoarekikoak eta Castel Ruiz tokiko enpresa erakunde publikoarekikoak ere.

d) Bateragarriak dira laguntza hauek eta kontzeptu beragatik beste erakunde publiko nahiz pribatuetatik biltzen diren beste laguntza batzuk, horien aldia zein den ere.

e) Elikadura eta higienerako laguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Gobernuaren Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonek edo familia-unitateek.

3. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak aplikatuko dira.

Banakako dirulaguntza eskaera / Gizarte-larrialdiko egoera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2004826