11. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZANUETA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean eta Tarifen eranskinean. Behin betiko onespena

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko kideen batzarrak, 2019ko irailaren 24an egin bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean eta Tarifen eranskinean, haren tarifen eranskinari dagokionez.

Hasierako onespenari buruzko erabakia 2019ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 15ean, bai eta Mankomunitateko iragarki taulan ere, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza horretako aldaketaren espedientea (tarifen eranskina) behin betikoz onetsi da eta testu osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Erripan (Odieta), 2019ko abenduaren 9an.–Mankomunitateko burua, Martín M.ª Picabea Aguirre.

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA UR HORNIDURAREN, SANEAMENDUAREN ETA ULTZANUETA MANKOMUNITATEAK EGITEN DITUEN GAINERAKO ZERBITZU ETA JARDUERETARAKO

I. TITULUA

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen tasak, ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzuei dagokienez

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskalaren titulu honetan ezartzen diren tasak Nafarroako toki entitateei aplikatu beharreko araudi fiskalak entitate horiei emandako ahalmenen babesean eta haiekin bat etorriz ezarri dira.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Titulu honen xedeko oinarri dute tasek beheko ur hornidura eta saneamendua, eta aurrekoarekin eta uraren ziklo integralarekin ikusteko duten gainerako jarduera eta zerbitzuak ematea.

Ezartzen diren ordainarazpenak, beraz, ikuspegi fiskaletik begiratuta, tasak dira Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluaren 1., 2., 3. eta 5.t) apartatuetan aipatzen diren zerbitzu eta jarduerak egiteagatik, martxoaren 2ko 4/1999 Legeak egindako aldaketaren arabera.

Zerbitzu desberdinen eskuragarritasunari eta haietarako sarbideari dagokienez, Mankomunitatearen kasuan kasuko ordenantzen edukiari begiratuko zaio.

III. KAPITULUA

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatean sartuak egonik erregelamenduzko testu honetan arautzen diren zerbitzuak egiten diren mugarteetan, baita, sarturik egon gabe ere, urez hornitzen edo zaborrak biltzen diren horietan ere, halakorik bada.

Mankomunitateak bere zerbitzuak udal mugartearen zati batean -Kontzeju batean edo zenbaitetan- baizik egiten ez baditu, zerbitzua egiazki zer kontzejutan egiten den, haiexen mugarteetan baizik ez da aplikatuko.

IV. KAPITULUA

Zerga-egitatea

4. artikulua. Zerga-egitatea da ordenantza honek arautzen dituen zerbitzu edo jarduerak eskura izan edo eskuratu ahal izatea nahiz erabili edo erabili ahal izatea. Horiek behar diren tasak sortzen dituzte, zerrenda honetakoak:

a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eta hura emateko behar diren elementuak eskura izatea eta mantentzea.

b) Saneamendu eta estolderia sareak eta haiek emateko behar diren elementuak eskura izatea eta mantentzea.

c) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabiltzea. Ezarri beharreko tasa aldatzen ahalko da uraren erabileraren edo helburuen arabera, eta tarifa konbinatuak ezarriko dira urari erabilera desberdinak eman eta neurgailua bakarra denean.

d) Saneamendu eta hondakin uren hustuketa zerbitzua erabiltzea.

e) Edateko uraren hornidura edo/eta hondakin uren hustuketa behin betikoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea.

f) Edateko ura banatzeko sareetara lotzeko hargune eskubideak. Hornidura zerbitzuen eskuragarritasun fisikoa sartzen da.

g) Hondakin uraren hustuketa sareetara lotzeko hargune eskubideak. Saneamendu zerbitzuen eskuragarritasun fisikoa sartzen da.

h) Alta ematea behin-behineko horniduretarako (obrak egitea edo antzekoak).

Behin hornidura eskuratuta, horren baja eskatu eta berriz ere alta eskatzen bada, 4-f) kasurako ezarritako tasa kobratuko da kasu guztietan; izan ere, aldi baterako bajak ez dira onartuko.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

1.–Orokorrean, honako hauek daude behartuak tasen ondoriozko tributu zorra ordaintzera:

a) Zordun nagusi gisa: subjektu pasiboa, zergadun nahiz ordezko gisa, baita arau-hausleak ere, dirutan ezarritako zehapenak ordaintzeko.

b) Zordun subsidiario gisa: erantzule solidarioak, ustiategien eta jarduera ekonomikoen eskuratzaileak eta erantzule subsidiarioak.

2.–Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eta ordenantza honen xede diren zerbitzu eta jardueren onuradun bilakatzen badira edo haiek ukituta gertatzen badira. Zergadunaren ordezkotzat hartuko dira higiezinen jabeak, higiezinen okupatzaileek zerbitzu horiek hartzen badituzte.

Zehazki, honako hauek dira subjektu pasiboak:

a) Tasen zerga-egitatea ordenantza honen 4. artikuluaren a), b), c), d), e) eta h) apartuetan zehazturik badago, kontratu bakoitzaren titularra, zergadun den aldetik.

b) Tasen zergapeko egintza ordenantza honen 4. artikuluaren f) eta g) apartatuetan zehazturik badago:

b.1.–Harguneak eraikinetan: Eraikinen sustatzailea egonen da ordaintzera beharturik, eta halakotzat hartuko da higiezinen jabea, etxebizitza horiek eraiki edo horien eraikuntza kontratatzen duena, saltzeko, alokatzeko edo berak erabiltzeko.

Nolanahi ere, eraikuntza proiektua gauzatzeko lana hartu duen eraikitzaileak ordaintzen ahalko du delako tasa, eta gero zenbateko hori, hala badagokio, sustatzaileari eskatu.

b.2.–Bertze hargune batzuk: obrak, suteak, ureztapena etab. Hargunearen eskatzailea egonen da ordaintzera beharturik.

3.–Pertsona fisiko edo juridiko batzuk halako ustiategi edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra galdatzen ahalko zaie titulartasunean edo jardueran edozein kontzepturengatik haien ondorengo direnei.

Ordaintzeko borondatezko epea akituta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.

Norbaitek eskuratu nahi badu ustiategi edo ekonomia jarduera baten titulartasuna, eskubidea izanen du Mankomunitateari eskatzeko kasuan kasuko jardueran edo ustiategian aritzearen ondoriozko tributu-zorren ziurtagiri zehatza, titularrak aldez aurretik baietza emanda.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua. 4. artikuluko zerrendan aipatutako zergapeko egintzetan hauek dira bakoitzaren karga oinarriak:

a) 4. artikuluaren a) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, kontagailuaren diametroaren arabera. Kuota horri neurtzeko tresnen mantentzearen kostua gehituko zaio, lan hori Mankomunitatearena denean.

b) 4. artikuluaren b) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, hornidurako kontagailuaren diametroaren arabera. Kuota horri neurtzeko tresnen mantentzearen kostua gehituko zaio, lan hori Mankomunitatearena denean.

c) 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.

d) 4. artikuluaren d) apartatuan ezarritako zergapeko egintzarako, NILSA enpresa publikoak ezarritako oinarriak aplikatuko dira, alegia, aldi bakoitzean indarra dutenak.

e) 4. artikuluaren e) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, hornidurako kontagailuaren diametroaren arabera.

f) 4. artikuluaren f) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: oinarri edo prezio finko batzuk ezarri dira, harguneen diametroaren arabera.

g) 4. artikuluaren g) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: oinarri edo prezio finko batzuk ezarri dira, harguneen diametroaren arabera.

h) 4. artikuluaren h) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, I. eranskinean agertzen diren tarifak aplikatuko zaizkio zerga-oinarri bakoitzari.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuotak

8. artikulua. Tributu-kuota izanen da zerga-egitate bakoitzari bere tarifa aplikatzearen ondorioz ateratzen den emaitza.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. Soilik onartuko dira Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespenak, eta indarrik gabe gelditzen dira bestelako deskontuak, eratortzen direnak Nafarroako Gobernuak, Mankomunitatean sarturik dauden toki entitateek edo beste edozein entitatek edo erakunde publikok hartutako erabakietatik edo egindako jarduketa orotik.

X. KAPITULUA

Sortzapena

11. artikulua.

1.–4. artikuluaren a) eta b) apartatuetako zerga-egitateetarako ezarritako tasak lauhileko bakoitzaren lehenbiziko egunean sortuko dira, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztientzat.

Zerbitzua lehen aldiz hartzen duten erabiltzaileentzat, tasek –horien barne izanik, hala bada, 6. artikuluan ezarritako neurgailuaren mantentzea– hartzen duten egunean berean izanen dute sortzapena.

2.–4. artikuluaren c), d) eta h) apartatuetako zerga-egitateetarako ezarritako tasak ur kontsumoa egiten den unean sortuko dira.

3.–4. artikuluaren d) apartatuko zerga-egitaterako ezarritako tasak edateko uraren hornidura edo/eta hondakin urak husteko kontratua sinatzen den unean sortuko dira.

4.–4. artikuluaren f) eta g) apartatuetako zerga-egitaterako ezarritako tasek honela izanen dute sortzapena:

4.1.–Eraikin eta obretarako harguneetan, Mankomunitateko teknikariek hargunea baimentzen duten unean, eta nolanahi ere, obra bakoitzerako hornidura kontratua formalizatzen den puntuan, harguneak lehenago egin badira ere poligono baten urbanizazioaren barnean.

4.2–Bestelako harguneetan, hargunea baimentzen den unean.

5.–4. artikuluaren h) apartatuko zerga-egitaterako ezarritako tasak eskatutako hornidura baimentzen den unean sortuko dira.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

12. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren tasak hurrengo arauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1.–4. artikuluaren a) eta b) apartatuetakoak lauhilekoetan ordainaraziko dira, eta hori egiten ahal da aitzinaturik nahiz mugaeguna iraganik.

4. artikuluaren c), d) eta h) apartatuetakoak lauhilekoetan ordainaraziko dira, mugaeguna iraganik.

2.–Sortzapenaren unean ordainaraziko dira e), f) eta g) apartatuetan aurreikusitakoak.

XII. KAPITULUA

Diru-bilketa

13. artikulua.

1.–Indarra duen legeriari jarraikiz, ordenantza honetan aurreikusitako tasak aplikatzearen ondoriozko zor guztiak, 4. artikuluaren e), f) eta g) apartatuetakoak izan ezik, “jakinarazpen gabetzat” hartuko dira. Horrekin bat, modu orokorrean jakinaraziko dira, dagokion iragarkia edo ediktua Mankomunitate iragarki-taulan argitaratuz. Argitaratze horretatik aurrera, 30 egun balioduneko epea hasiko da kontatzen borondatezko epearen barnean pagatzeko.

2.–4. artikuluaren e) apartatuko zerga-egitatearekin sortutako zorrak “jakinarazitzat” hartuko dira. Beraz, subjektu pasiboek ordainduko dituzte zuzenean, jakinarazi eta 30 egun balioduneko epean.

3.–4. artikuluaren f) eta g) apartatuetako zerga-egitateekin sortutako zorrak “autolikidatutzat” hartuko dira. Beraz, subjektu pasiboek ordainduko dituzte zuzenean beren likidazioen bitartez, aldeko txosten teknikoak izan ondoren, aldez aurreko baldintza izanen baita hargunerako eskubidea aitortzeko.

14. artikulua. Borondatezko epean ordaindu ez diren tributu-zorrak premiamendu bidez ordainaraziko dira, salbu eta, ordaindu beharrekoak aitzinetik eskatu ondoan, Mankomunitateak geroratzea edo zatikako ordainketa onartu duelarik, 2/1995 Foru Legearen 90. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15. artikulua. Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboek, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboek, edota helbideratua izan arren edozein arrazoirengatik zorrak ordaindu gabe gelditu diren kasuetan, edota honek kobratzeko gaitu ditzakeen banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean aurreikusitakoaz gain, Mankomunitatearen kasuan kasuko ordenantzetan arau-hausteei eta zehapen araubideari buruz ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

II. TITULUA

Saneamendu kanona

17. artikulua. Saneamenduko kanona Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta hura garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan arautua dago.

18. artikulua. Delako kanona 10/1988 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrarekin eta gainerako araudiarekin bat ezarri da, eta, aurrekontuen ekitaldi bakoitzerako, haren zenbatekoa Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legean finkatua dago, edo, bestela, kasuan kasuko foru araudian.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek 2020ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, tarifen (lau hilean behingo) likidazioari dagokiona izan ezik, 2020ko apirilaren 1ean hartuko baitu indarra.

I. ERANSKINA

Ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzuen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren tarifak

1.–4.a) eta 4.b) artikuluetan aurreikusitako zerga-egitateak.

1.1. Kuota finkoak (saneamendua eta estolderia): ezarritako kontagailuaren diametroaren arabera.

KONTAGAILUAREN DIAMETROA

HORNIDURAREN
LAUHILEKOKO KUOTA FINKOA

ESTOLDERIAREN
LAUHILEKOKO KUOTA FINKOA

KONTAGAILUAREN MANTENTZE-LANAK

13 mm

9,55

12,73

1,98

20 mm

32,72

19,4

2,86

25 mm

46,07

39,53

4,90

30 mm

74,23

56,27

6,54

40 mm

133,87

111,69

16,78

50 mm

193,45

167,92

24,34

65 mm

207,39

226,72

30,26

80 mm

248,8

276,87

38,62

100 mm

414,4

386,03

47,30

150 mm

1.916,59

386,03

47,30

Kontagailurik ez duten etxebizitzen kasuan 13 mm-ko diametroari dagozkion hornidura eta estolderiako kuota finkoak aplikatuko dira, eta etxebizitzaz besteko erabileretarako, horietan ere ez badago kontagailurik, 25 mm-ko diametroari dagokion kuota finkoa aplikatuko da.

Estolderiako kuota finkoa ez da kobratuko saneamenduko sare orokorrera hustubiderik ez duten etxebizitza eta/edo bestelako instalazioen kasuan.

1.2. Kontagailuen mantentze-lanen kuota finkoak.

Hauxe izanen da aplikatzeko tarifa: kontagailuaren batez besteko prezioaren %1,25 hilabetean. Hartan konponketa eta kontserbazio gastuak sartzen dira.

Kontagailurik ez duten etxebizitzen eta/edo instalazioen kasuan, kuota hori berdin aplikatuko zaie, aurreko puntuaren arabera dagokien kontagailuan oinarrituz.

1.3. Suteetarako aho zigilatuei dagozkien kuota finkoak.

Suteetarako aho bakoitzeko, 10,60 euro kobratuko da lau hilabetean behin.

2.–4.c) artikuluan aurreikusitako zerga-egitateak. Kontsumoa.

Kuota aldakorra: prezioa m³ bakoitzeko.

1. tarifa.–Etxeko erabilera etxebizitzetan eta hari lotutako erabilerak. Etxebizitza eta ekipamenduetarako beste eraikin batzuk sartzen dira, baita Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe ofizialki aitortuak, erabilera kolektiboko kirol instalazio publikoak eta parke-lorategi publikoak ere 0,45 euro/m³.

2. tarifa.–Industria eta merkataritzako erabilera. Industria, merkataritza, bulegoak eta langelak sartzen dira tarifa honetan. Halaber, etxabeak hornitzeko erabilerak sartzen dira, ureztaketakoa izan ezik 0,45 euro/m³.

3. tarifa.–Baratze, aisiako finka eta kirol instalazio partikularretako (igerilekuak) erabilera, eta ureztatzea.

Lehendabiziko 35 m³ lau hilabetean: 0,45 euro/m³.

Metro kubiko horietatik gorako kontsumoa lau hilabetean: 0,80 euro/m³

4. tarifa.–Abeltzaintzarako erabilerak: 0,35 euro/m³.

5. tarifa.–Erabilera konbinatuak.

5.1. Etxeko erabilera etxebizitzan eta industriako edo merkataritzako erabilera (industria edo merkataritzako jarduera ohiko bizilekuan).

Lehendabiziko 85 m³ lau hilabetean: 0,45 euro/m³.

Metro kubiko horietatik gorako kontsumoa lau hilabetean: 0,80 euro/m³

5.2. Etxeko erabilera etxebizitzan eta ureztaketa edo kirol instalazio partikularreko erabilera (ohiko bizilekua, berdegunea, baratzea edo/eta igerilekua duena).

Lehenbiziko 35 m³ lau hilabetean (4 kide bitarteko familiak): 0,45 euro/m³

Lehenbiziko 45 m³ lau hilabetean (4 kidetik goitiko familiak): 0,45 euro/m³

Metro kubiko horietatik gorako kontsumoa lau hilabetean: 0,80 euro/m³

Etxebizitza bat baino gehiagoko urbanizazioetan, gutxieneko horiek jasotzen dira diren etxebizitza kopuruaren arabera.

5. tarifa, erabilera konbinatuen gainekoa, nahitaez aplikatuko da etxebizitza batean baldin eta, den bezalakoa izateagatik, kanpoko itxuragatik edo ikuskapen zerbitzuek prestatutako txostenagatik, ezarritako aukeren erabilera konbinatua egiten ahal bada bertan. Subjektu pasiboak ezin du banakako kontagailurik jarri egiten ahal den erabilera bakoitzean.

Aldi berean, 5.1 eta 5.2 tarifetan aurreikusitako erabilerak izan ditzakeen etxebizitzari, hartutako ur bolumenari gehien hurbiltzen zaion erabileraren tarifa aplikatuko zaio eta, zalantza izanez gero, 5.2 tarifa.

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak behar diren egiaztapenak egiten ahalko ditu aldiro, erabiltzaile bakoitzari dagokion tarifa mota esleitzeko.

6. tarifa.–Erabilera soziala, ongintzako zentroak barne: 0,45 euro/m³.

7. tarifa.–Mankomunitateko ente ofizialen erabilera zerbitzuetan eta udal ureztaketan, baita erabilera publikoko jabetza pribatuko ureztatzea ere: 0,45 euro/m³.

8. tarifa.–Hornidura, kamioi zisternadunen bidez: hornitzaileari ordaindu zaion uraren kostua erabiltzaileei kobratuko zaie, baita hura garraiatzeko prezioa ere.

9. tarifa.–Hornidura egitea kontsumoaren kontagailurik ez duten higiezinei.

Etxebizitzak: 24 euro lauhilekoan.

Bestelako higiezinak: 31,20 euro lauhilekoan.

3.–4.d) artikuluan aurreikusitako zergapeko egintzak.

Saneamenduko kuota:

NILSA enpresa publikoak urtero Mankomunitateari igortzen dion saneamendu kanonaren zenbatekoa kobratuko zaie erabiltzaileei. Ondoko alderdi hauen arabera eginen da kobrantza hori:

A.–Etxebizitzak edo instalazioak ur kontagailua badu, NILSA enpresak aplikatzen dituen parametroen arabera kobratuko da, kontsumoari begira betiere.

B.–Etxebizitzak edo instalazioak ur kontagailurik ez badu, NILSA enpresak aplikatzen dituen parametroen arabera kobratuko da, ratio bidezko prozedura edo sistema erabilita.

C.–Aurreko apartatuetan azaldutakoaz gain, putzu septikoa duten etxebizitzen eta/edo beste instalazioen kasuan, NILSA enpresak aplikatzen dituen tarifa ezberdinak ezarriko dira, instalazio hori legeztatua dagoen edo ez kontuan hartuz.

D.–Ureztatzeko uraren kasuan, ez da kobratuko saneamendu kanona.

“Ureztatzeko ura” zer den zehazteko orduan, 3. tarifan aurreikusitako kasuaz gainera, halakotzat joko da 5.1 eta 5.2 tarifetako kasuetan ezarritako metro kubikoetatik gorako kontsumoa ere.

4.–4.e) artikuluan ezarritako zerga-egitateak.

kontagailuaren diametroaren araberako urteko horniduraren kanona, halako bi.

5.–4.f) artikuluan ezarritako zerga-egitateak.

Hornidurako hargune bakoitzeko:

600 euroko zenbateko finkoa, baldin hargunearen diametroa 36 mm edo hori baino txikiagoa bada.

2000 euroko zenbateko finkoa, baldin hargunearen diametroa 36 mm-tik goitikoa bada.

Suteetarako harguneagatik: 95 euroko zenbateko finkoa.

6.–4.g) artikuluan ezarritako zerga-egitateak.

Saneamendurako harguneagatik: 300 euroko zenbateko finkoa.

7.–4.h) artikuluan ezarritako zerga-egitateak.

Kontsumitutako edo kalkulatutako m³ bakoitzeko (gutxienez astebeteko epea, eta astean 4 m³-ko bolumena gutxienez) 0,80 m³ kobratuko da.

8.–Ur-ihes ezkutuen tarifa.

Ur-ihes ezkutuaren kontzeptua: kontsumo bat “ur-ihes ezkututzat” hartzeko, eskatuko da ondoko baldintza hauek guztiak betetzea eta behar bezala frogatzea:

1.–Lauhilekoan 100 m³-tik goitiko kontsumoa erregistratu duten abonatuen erreklamazioak onartuko dira.

2.–Ezkutuko ur-ihesa izan beharko du, abonatuak ez dakiela hodiak edo neurketako ekipoak hondatuta daudela.

3.–Egiaztatu beharko da ez dela inolako utzikeriarik izan abonatuaren aldetik ur-ihesa eragin duten egintzetan, ez ur-ihesaren ondoko jarduketan.

4.–Apurtu edo hondatu eta, horren ondorioz, ur-ihesa izan duen instalazioa 7 eguneko epean konponduko da, gehienez ere, ur-ihesa atzematen denetik aurrera.

Abonatuaren instalazio partikularrean ihes ezkuturik baldin bada, ondoko irizpideen arabera izanen dira tarifak:

Ur-ihesa, etxebizitzetako kontratuetan edo parekoetan (1.etik 6.era bitarteko tarifak).

100 m³ fakturatuko zaio (edo handiagoa bada, azken hiru urteetan lauhileko berean kontsumitutakoaren batezbestekoa), hornidura kontratuan abonatuak kontratatua duen ohiko tarifaren arabera.

Hortik goitiko kontsumoa: ez da fakturatuko.

Oharrak:

1.–Ur-ihes ezkutua gertatu baldin bada instalazioak berdeguneak ureztatzeko duen atalean, tarifa izanen da 0,45 euro/m³.

2.–Ordainagiri bakar bati aplikatuko zaio tarifa hori, abonatuak erreklamazioa zein lauhilekotan egiten duen, horkoan.

9.–Tarifak, kontsumoko kontagailuen irakurketa okerra egin edo funtzionamendu akatsak dauden kasuetan.

Kasu horietan egindako kontsumoaren tarifak kalkulatuko dira aurreko urteko lauhileko bereko datuetan oinarrituz.

Horrela jokatuko da kontagailuaren akatsak konpondu eta irakurketa zuzena egiten den arte.

10.–Tarifak, kontsumoko kontagailuen irakurketa ezinezkoa denean.

Ezintasun hori erabiltzailearen jarduketaren ondorioa bada, honela kalkulatuko da kontsumoa:

1. tarifa: 100 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

2. tarifa: 1000 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

3. tarifa: 100 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

4. tarifa: 1000 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

5.–1 tarifa: 200 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

5.–2 tarifa. 200 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

Horrela jokatuko da kontsumoko kontagailua irakurri ahal izan arte.

11.–Murrizketa berezia, lanbide arteko gutxieneko soldata adinako pentsioa edo txikiagoa hartzen dutenentzat.

4.c) –kontsumoa– eta 4.d) –saneamenduaren kanona– artikuluetan aurreikusitako zerga-egitateei dagokien kuotaren zatia, ordenantza honen xedekoa baita, %50 murriztuko da oro har aplikatu beharreko horretatik kasu hauetako batean:

1.–Ordaintzera beharturik dagoena Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren prestazio baten onuraduna denean, baldin eta haren zenbatekoak ez badu lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen.

2.–Aurreko apartatuan bezala, soldatak ez duenean gainditzen lanbide arteko gutxieneko soldata halako 1,2, baldin eta ezkonduta badago edo antzeko bizikidetza harremana badu, bien guztirako diru-sarrerak batuta.

3.–Ezkontideaz bestelako familia kargak daudenean (adingabeko seme-alabak, legezko langabezian edo ikasten ari diren 23 urte arteko seme-alabak –23koak barne– edo diru-sarrerarik gabeko desgaitasunen bat duten seme-alabak), lanbide arteko gutxieneko soldata halako 0,2 gehituko zaie aipatu muga ekonomikoei, mendekotasuna duen pertsona bakoitzeko.

Nahiz aurreko baldintza bete, ez dute murrizketa berezi horretarako eskubiderik beste diru-sarrera batzuen bitartez urtean lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen dutenek, eskatzaileak berak edo etxean harekin bizi direnek sarrera horiek eskuratzen badituzte. Orobat, eskatzailearen edo bizilagunen ondare higigarria nahiz higiezina ez da 21.000 euro baino handiagoa izanen, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.

Aipatu baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. Eskaera.

2. Hartzen den laguntzaren ziurtagiria.

3. Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo hura aurkeztera beharturik ez daudela dioen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, baita eskatzailearen edo bizilagunen diru-sarrerak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak ere.

4. Bizikidetzako ziurtagiria, udal erroldakoa.

Betiere murrizketa bereziaren onuradunak ur hornidurari eta saneamenduari buruzko kontratuaren titularra izan beharko du.

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak noiznahi ikuskatzen ahal du murrizketa berezi horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren, eta kendu eginen ditu baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunak, baita egiaztatzeko dokumentuak eskatu eta aurkezten ez dituztenak ere.

12.–Horniduraren erabilera aldatzea.

12.1.–Ofizioz: Atzematen denean erabilera aldatu dela kontratu baten hornidura eta saneamendu zerbitzuetan, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak aplikatu beharreko tarifa aldatuko du, benetako erabilera egiaztatuaren arabera fakturatzeko.

12.2.–Interesdunek eskatuta:

–1. kasua: Horniduraren erabilera saltokitik etxebizitzara aldatzea.

Aldaketa hori onartzeko, erabiltzaileak kasuan kasuko udalaren ziurtagiria aurkeztu beharko du Mankomunitatean, adierazten duena lokal horretan ez dela jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren menpeko jarduera ekonomikorik egiten. Orobat, etxebizitzaren bizigarritasun zedula aurkeztu beharko du.

–2. kasua: Saltokia ixtea erretiroa dela-eta, baina hornidurari eutsirik.

Aldaketa hori onartzeko, erabiltzaileak kasuan kasuko udalaren ziurtagiria aurkeztu beharko du Mankomunitatean, adierazten duena lokal horretan ez dela jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren menpeko jarduera ekonomikorik egiten.

Erripan (Odieta), 2019ko abenduaren 9an.–Mankomunitateko burua, Martín M.ª Picabea Aguirre.

Iragarkiaren kodea: L1916024