109. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

23/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Osasuneko kontseilariak apirilaren 18an emandako 16/2020 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko adineko pertsonen egoitza publiko eta pribatuetan osasun laguntzaren ardura izanen duten koordinatzaile exekutiboak izendatu ziren, COVID-19 izeneko gaixotasuna dela eta.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak hartzen dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, gaikuntza eman zitzaion Osasuneko kontseilariari adineko pertsonen egoitzetan koordinazio asistentzial exekutiboaren arduradunak izendatzeko, zentro horietan osasun laguntza emateari dagokionez.

Gero, Osasuneko kontseilariaren apirilaren 18ko 16/2020 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko adineko pertsonen egoitza publiko eta pribatuetan osasun laguntzaren ardura izanen duten koordinatzaile exekutiboak izendatu ziren, COVID-19 izeneko gaixotasuna dela eta.

Foru agindu horretan gaikuntza ematen zitzaion Osasuneko kontseilariari koordinazio asistentzial exekutiboaren arduraduna izendatzeko, hirugarren adineko pertsonen egoitzetako osasun laguntza koordina zezan. Dena den, esperientziak erakutsi zuen gaikuntza hori zabaldu behar zela desgaitasun fisikoa zein psikikoa duten pertsonen egoitzetara, zentro psikogeriatrikoetara eta horiekin parekatutako zentroetara, horietan ere osasun laguntza ematen baitzaie egoiliarrei, eta, hortaz, COVID-19arekin kutsatzeko arrisku bera dago, hirugarren adinekoen arloan bezala. Izan ere, horiek guztiak egoitza soziosanitarioak dira.

Aurrerago, apirilaren 29ko 4/2000 Foru Lege-dekretuak, Parlamentuak maiatzaren 7an berretsi zuenak, aldatu egin zuen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretua, premiazko neurriak onetsi zituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko; zehazki, 7. artikulua aldatu zen, desgaitasuna duten pertsonen zentroak, zentro psikogeriatrikoak eta horiekin parekatutako zentroak ere sartzeko.

Gaikuntza horren ondorioz, bidezkoa da Osasuneko kontseilariaren apirilaren 18ko 16/2020 Foru Agindua aldatzea, gaikuntza zabaltzeko desgaitasuna duten pertsonen esparrura, zentro psikogeriatrikoetara eta horiekin parekatutako zentroetara.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Osasuneko kontseilariaren apirilaren 18ko 16/2020 Foru Aginduaren lehen eta bigarren puntuak aldatzea. Honela geldituko dira:

“Lehena.–Manuel Carpintero Navarro jauna, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea, izendatzea Nafarroako Foru Komunitatean dauden adineko pertsonen egoitza publiko eta pribatu guztietako osasun laguntzaren koordinatzaile exekutibo arduraduna, baita desgaitasuna duten pertsonen zentroetakoa, zentro psikogeriatrikoetakoa eta horiekin parekatutako zentroetakoa.

Bigarrena.–Ana Ariztegui Echenique andrea, Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzuko burua, izendatzea Nafarroako Foru Komunitatean dauden adineko pertsonen egoitza publiko eta pribatu guztietako osasun laguntzaren koordinatzaile exekutibo arduradunaren albokoa, baita desgaitasuna duten pertsonen zentroetakoa, zentro psikogeriatrikoetakoa eta horiekin parekatutako zentroetakoa.”

2. Foru agindu hau jakinaraztea Manuel Carpintero Navarro jaunari eta Ana Ariztegui Echenique andreari, eta igortzea Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Kudeatzailetzara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 18an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2005034