108. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 13koa, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita langile autonomoei laguntzak emateko prozedura, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuan araututakoa betez. DDBN identifikazioa: 505958.

ZIOEN AZALPENA

Apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, premiazko neurriak onesten dira koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Foru lege-dekretu hori apirilaren 29ko 4/2020 Foru Lege-dekretuak aldatu zuen ondoren, zehazki bosgarren xedapen gehigarriak, 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 2. artikuluari eragiten dionak.

Neurri horietako bat da laguntzak ematea Nafarroako langile autonomoei, baldin eta haien jarduera enpresariala edo profesionala bertan behera gelditu bada edo murriztu bada COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma egoeraren ondorioz; laguntzen xedea da haien egoera ekonomikoa suspertzen laguntzea osasun egoera hobetzen denean.

Arau horretan gaikuntza ematen zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari laguntza horiek emateko prozedura foru agindu baten bidez garatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da langile autonomoei laguntzak emateko prozedura ezartzea, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuan araututakoa betez.

Laguntza horiek bi motatakoak izanen dira:

a) 2.200 euroko laguntza, ohiz kanpoko prestazioa, hots, COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko presako neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan arautzen dena, aitortua dutenentzat.

b) 700 euroko laguntza, ohiz kanpoko prestazioa lortu ez badute ere, osasun krisiaren ondorioz, gutxienez, fakturazioaren %30eko murrizketa izan dutenentzat foru agindu honen 2. artikuluko 2.1.2 apartatuko b) letran aipatzen diren epeetan.

Nolanahi ere, laguntza hori 800 eurokoa ere izan daiteke, eskatzailearen familia-unitateko kide guztien errendimendu garbien batura kontuan hartuta, foru agindu honen 3.2 artikuluan adierazten den moduan.

Laguntza hauek zuzenak eta ohiz kanpokoak dira, eta zuzenbide publikoaren menpeko prestazio ekonomikoen izaera dute, apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 2.6 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Onuradunak.

1. Honako pertsona fisiko hauek eska ditzakete laguntzak:

a) Langile autonomoak.

b) Lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak, dagokion araubide berezian norberaren konturako langile gisa sartzea hautatu dutenak.

c) Langile autonomo sozietarioak, nortasun juridikorik gabeko entitateetan edo merkataritza sozietateetan lan egiten dutenak.

b) eta c) letretako langileek 1. artikuluko a) letran aipatzen den 2.200 euroko laguntza baizik ez dute eskatzen ahalko.

2. Langile horiek, laguntzak eskatzen dituztenean, baldintza hauek bete beharko dituzte, berariazkoak nahiz orokorrak:

2.1. Berariazko baldintzak, laguntza motaren arabera:

2.1.1. 1. artikuluko a) letran jasotako laguntza eskatzen dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aitortua izatea ohiz kanpoko prestazioa, COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko presako neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan arautzen dena. Laguntza eskaerari prestazio horretarako eskubidea aitortzen duen ebazpena erantsi beharko zaio.

b) Konpromisoa hartzea alta emanda egoteko Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean eta ekonomia-jardueren gaineko zergan Nafarroan 12 hilabetez, 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan zehaztutako ohiz kanpoko prestazioa bukatu eta biharamunetik aurrera. Konpromiso hori laguntza eskaerarekin batera aurkeztu behar den erantzukizunpeko adierazpenean jaso beharko da.

c) Eskatzailearen familia-unitateko kide guztien etekin garbien batura ez izatea, eskaera egin aurreko hilabete naturalean, zenbateko hauek baino handiagoa:

I) Oro har, muga izanen da hileko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (hemendik aurrera OAEAPa) halako lau.

II) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko. Guraso bakarreko familia-unitateen kasuan, OAEAPa 0,15ekin biderkatuta handituko da seme edo alaba bakoitzeko.

III) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitateko kide den eta 65 urte baino gehiago dituen pertsona bakoitzeko.

IV) Familia-unitateko kideren batek deklaraturik baldin badu %33ko edo goragoko desgaitasuna, mendekotasun egoera edo lanean aritzeko modu iraunkorrean ezgaitzen duen gaixotasun frogatua, aurreikusten den muga OAEAPa halako bost izanen da, ezertan galarazi gabe haren kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko metatzen diren igoerak.

Ondorio horietarako, eskatzaileak zehaztuko ditu bere erantzunkizunpeko adierazpenean familia-unitateko kide bakoitzaren errendimendu garbiak.

2.1.2. 1. artikuluko b) letran jasotako laguntza eskatzen dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jarduerari utzi ez izana eta autonomo moduan altan segitzea Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean edo Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitate batean eta ekonomia-jardueren gaineko zergan Nafarroan, alarma egoera deklaratu zen egunetik hasita laguntza-eskaera egiten den egunera arte. Baldintza hori frogatuko da ordainagirien bidez edo zuzenbidez onartua den beste edozein frogabiderekin.

b) Frogatu beharko du laguntza eskatu aurreko hilabete naturalean bere fakturazioa gutxienez %30 murriztu dela alarma egoera deklaratu aurreko seihileko naturaleko batez besteko fakturazioaren aldean.

Nekazaritza arloan beren kontura ari diren langileendako sistema berezian sartuta dauden nekazaritzako langile autonomoei dagokienez, sasoiko produkzioetan aritzen badira, laguntza eskatu aurreko produkzio-kanpainaren hilabeteetan batez besteko fakturazioa gutxienez %30 murriztu denean aurreko urteko kanpainako hilabete berberetako fakturazioaren aldean.

Ekonomia-jardueren sailkapen nazionaleko (EJSN) 2009ko 5912, 5915, 5916, 5920 eta 9001etik 9004 bitarteko kodeak (bi horiek barne) dituzten jarduerak garatzen dituzten langile autonomoei dagokienez, laguntza eskatu aurreko hilabete naturalean fakturazioa gutxienez %30 murriztu denean alarma egoera deklaratu aurreko hamabi hilabeteetako fakturazioaren aldean.

Hauek dira ukitutako jarduerak:

5912: zinematografiako postprodukziokoak, bideo eta telebista saioetakoak.

5915: zinematografiako produkziokoak eta bideokoak.

5916: telebista saioetako produkziokoak.

5920: soinu grabaketako eta musika edizioko jarduerak.

9001: arte eszenikoak.

9002: arte eszenikoen jarduera osagarriak.

9003: arte eta literatur sorkuntza.

9004: ikuskizun aretoen kudeaketa.

b) baldintza hau betetzearen ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpenean zehaztuko da aipatutako aldi bakoitzean izandako fakturazioa, eta erantsiko zaio kontabilitateko informazio hori jasotzen duten liburuen edo erregistroen kopia foru agindu honen 5.3 artikuluan ezarritako moduan.

c) Eskatzailearen familia-unitateko kide guztien etekin garbien batura ez izatea, eskaera egin aurreko hilabete naturalean, 2.1.1 apartatuko c) letran aipatzen diren zenbatekoak baino handiagoa. Ondorio horietarako, eskatzaileak zehaztuko ditu bere erantzunkizunpeko adierazpenean familia-unitateko kide bakoitzaren errendimendu garbiak.

2.2. Betebehar orokorrak:

a) 463/2020 Errege Dekretuak alarma egoera deklaratu zuen egunean, 2020ko martxoaren 14an alegia, zerga-egoitza Nafarroan izatea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako eta Nafarroako Foru Komunitatean alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan ere.

Ekonomia-jardueren gaineko zergari dagokion baldintza ez dute bete beharko lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileek, ez eta Nafarroako ekonomia-jardueren gaineko zergaren menpe ez dauden jarduerak betetzen dituztenek ere (nekazaritza edo basogintzako jarduerak, menpeko abeltzaintza, abeltzaintza integratua eta merkataritzako ordezkariak).

b) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketa egunean izatea.

c) 2018ko ekitaldiko ondarearen gaineko zergan tributatzeko betebeharrik ez izatea, ordaindu beharreko kuotaren emaitzarekin.

d) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

3. Eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, non jasoko baita betetzen direla laguntzarako eskubidea ematen duten baldintza guztiak.

Bestalde, laguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea laguntza ematen duen organoari ofizioz egiazta dezan 2.2 apartatuko a), b) eta c) letretan eskatzen diren baldintzak betetzen diren. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

4. Artikulu honen 2. apartatuan eta 3. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, kontuan hartuko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako etekin garbien eta familia-unitatearen kontzeptuak.

3. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa honako hau izanen da:

1. 2.200 eurokoa, 2. artikuluko 2.1.1 apartatuko berariazko baldintzak betetzen dituztenentzat.

2. 700 eurokoa, 2. artikuluko 2.1.2 apartatuko berariazko baldintzak betetzen dituztenentzat. Nolanahi ere, laguntza hori 800 eurokoa izanen da eskatzailearen familia-unitateko kide guztien etekin garbien batura ez bada, eskaera egin aurreko hilabete naturalean, zenbateko hauek baino handiagoa:

I) Oro har, muga izanen da hileko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (hemendik aurrera OAEAPa) halako hiru.

II) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko. Guraso bakarreko familia-unitateen kasuan, OAEAPa 0,15ekin biderkatuta handituko da seme edo alaba bakoitzeko.

III) Muga hori OAEAPa 0,1ekin biderkatuta handituko da familia-unitateko kide den eta 65 urte baino gehiago dituen pertsona bakoitzeko.

IV) Familia-unitateko kideren batek deklaraturik baldin badu %33ko edo goragoko desgaitasuna, mendekotasun egoera edo lanean aritzeko modu iraunkorrean ezgaitzen duen gaixotasun frogatua, aurreikusten den muga OAEAPa halako lau izanen da, ezertan galarazi gabe haren kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko metatzen diren igoerak.

Ondorio horietarako, eskatzaileak zehaztuko ditu bere erantzunkizunpeko adierazpenean familia-unitateko kide bakoitzaren errendimendu garbiak.

4. artikulua. Entitate laguntzaileak: baldintzak eta atxikipen prozedura.

1. Laguntza hauen kudeaketarako entitate laguntzaile gisa jarduten ahalko dute pertsona fisiko edo juridiko hauek, jarduerak Nafarroan irekitako establezimendu batean betetzen badituzte:

a) Enpresei aholkularitza ematen dietenak.

b) Enpresaburuen elkarteak, Merkataritza Ganbera, elkarte eta elkargo profesionalak.

c) Kooperatibak.

d) Nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreko erakundeak eta sindikatuak.

e) Finantza entitateak.

f) Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barruan hautatutako toki ekintzako taldeak eta eskualdeetako garapen agentziak.

2. Entitate laguntzaile gisa onartuak izateko, eskatzaileek bete beharko dituzte erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako baldintzak eta betebeharrak; adierazpen hori foru agindu honen eranskinean dago eta argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian, www.navarra.es helbidean, Tramiteen Katalogoan laguntzak duen fitxan (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Entitate laguntzaile gisa jarduteko eskaera aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.

Entitate laguntzailea izateko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, organo eskudunak interesdunari jakinaraziko dio eskaera onartu dela, eta laguntza eskaerak tramitatzeko gaituko duen identifikazio kodea esleituko dio.

4. Eskaerak tramitatzean, entitate laguntzaileek egiaztatu beharko dute eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela eta eskatutako agiriak aurkeztu dituztela. Hala ez bada, ez dute eskaera aurkeztuko.

Era berean, laguntzak ordaindu ondoren, edozein unetan egiaztatzen bada onuradunak ez dituela baldintzak betetzen, oker jasotako dirua itzultzeko prozedura tramitatuko da foru agindu honen 7.2 artikuluan ezarritako arauekin bat.

5. Entitateek ezin izanen dute deus kobratu laguntza eskaera tramitatzeagatik, ez eta inolako zerbitzurik kontratatzeko baldintza jarri beren lana betetzeko.

5. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zazpi egun baliodun iragan ondoren, eta alarma egoera bukatu eta ondoko hilabeteko azken egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, laguntza hauen kudeaketarako onarpena duten entitate laguntzaileen bidez. Entitate horien zerrenda laguntzen fitxan argitaratuko da.

3. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatutako baldintzak betetzen direla dioena, laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa. Adierazpenean jasoko da eskatzaileak baimena ematen diola entitate laguntzaileari eskaera bere izenean aurkez dezan.

Adierazpenean jasoko dira, halaber, fakturazioaren murrizketa gertatu dela frogatzen duten datuak, murrizketa hori ezinbestekoa baita 1. artikuluko b) letran azaltzen den laguntza lortzeko, eta 3. apartatu honetako c) letran aipatzen den kontabilitateko informazioa biltzen duten liburu edo erregistroen kopia erantsiko da.

b) Martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan araututako prestaziorako eskubidea aitortzen duen ebazpena, 1. artikuluko a) letran aipatzen den laguntza lortzeko eskatzen dena. Ebazpen hori jaso gabe izanez gero laguntza eskatzeko epea bukatu aurretik, ohiz kanpoko prestazioa eskatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da, eta laguntza emateko baldintza izanen da ebazpena aurkeztea.

c) 1. artikuluko b) letran aipatzen den laguntza lortzeko eskatzen den fakturazio murrizketa frogatzen duen kontabilitateko informazioa, zeina hauen bidez aurkezten ahal baita: egindako eta jasotako fakturak erregistratzeko liburuaren kopiaren bidez, diru-sarreren eta gastuen eguneroko liburuaren bidez, salmenten eta diru-sarreren erregistro liburuaren bidez, edo erosketen eta gastuen liburuaren bidez. Jardunaren bolumena frogatzen duten liburuak eramatera beharturik ez daudenek, berriz, zuzenbidez onartutako beste edozein frogabide erabiliz frogatu beharko dute murrizketa.

d) Foru agindu honen 2. artikuluan aipatzen diren gainerako agiriak.

4. Entitate laguntzaileak gordeko ditu agiri horiek, formatu elektronikoan nahiz paperean, eta laguntzak kudeatzen dituen organoaren edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste kontrol unitate batzuen eskuragai izanen dira, eskatzen dituztenerako.

6. artikulua. Laguntzak ematea eta ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela, eta laguntzak eman eta ordaintzeari buruzko ebazpen proposamenak igorriko dizkio Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari.

2. Ebazpenak hiru hilabeteko gehieneko epean emanen dira, eskaerak aurkezten diren egunetik hasita, eta argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian, www.navarra.es helbidean, Tramiteen Katalogoan laguntzak duen fitxan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, laguntza-eskaera administrazio isiltasunez ezetsi dela ulertzen ahalko da.

3. Laguntzak ordaindu ondoren, organo kudeatzaileak bidezko diren egiaztapen guztiak eginen ditu laguntzak lortzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari dagokionez.

4. Egiaztapenak eginen dira aurkeztutako agiriak aztertuz, erregistro administratibo eta fiskalekin alderaketak eginez eta, beharrezkoa bada, egokitzat jotzen den dokumentazioa eskatuz.

7. artikulua. Betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzen eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate laguntzaileari helarazi beharko dizkiote laguntzak lortzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak eta eskaera egiteko behar den informazioa.

b) 2.200 euroko laguntza eskuratzen dutenek alta emanda egon beharko dute Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean eta ekonomia-jardueren gaineko zergan Nafarroan 12 hilabetez, 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan zehaztutako ohiz kanpoko prestazioa bukatu eta biharamunetik aurrera.

Alta emanda egoteko betebehar hori betetzen ez bada, laguntzaren hartzaileak itzuli beharko du ez-betetzeak iraun duen aldiari dagokion laguntzaren zati proportzionala.

c) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek, estatukoek nahiz Europar Batasunekoek, egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

2. Foru agindu honetan eskatzen diren baldintza edo eginbeharretako bat ez betetzeak berekin ekarriko du laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharra, arau hauei jarraikiz:

a) Laguntza horien kobrantzarako aplikatuko da Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen II. kapituluko 3. atalean ezarritakoa.

b) Laguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aurretik behar den prozedura tramitatuko du, eta bertan, organo kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, bidezko diren txostenak eta frogak bilduko dira, bai eta onuradunaren alegazioak ere, halakorik badago. Itzulketaren prozedura amaitzeko ebazpena eman eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori iraganik, dirua itzultzeko prozedura iraungitzat joko da.

c) Prozedura amaitzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, diru-sarrera non, nola eta noiz egin behar duen adieraziz eta, orobat, ohartaraziko zaio itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bideari hasiera emanen zaiola.

8. artikulua. Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesari dagokionez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren jarduna beteko da Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari lotuta.

Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira misio bat betetzeko, interes publikoaren aldekoa edo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak laga ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuaren beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaimahai eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

Datuen titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, eta eskubide horiek erabiltzeko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentura idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute (Tomás Caballero 1, Iruña, 31006 posta kodea, edo desarrollo.economico@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.

9. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek edo erregioko, estatuko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeek emandakoekin.

10. artikulua. De minimis laguntzak.

1. Laguntza hauek de minimis laguntzak dira, batetik, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita, eta, bestetik, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektorerako de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita. Bi erregelamenduak 2013ko 352. EBAOn argitaratu ziren, abenduaren 24koan.

Erregelamendu horiekin bat, edozein enpresari emaniko de minimis laguntza osoa, gehienez ere, hiru zerga-ekitaldiko edozein denboralditan, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresentzat, edo 20.000 eurokoa nekazaritzaren sektorean.

2. Ondorio horietarako, eskatzaileek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako beste de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte laguntza eskaeran.

3. Artikulu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko 2. artikuluko 1. apartatuko b) eta c) letretan jasotako kasuan dauden langileei.

11. artikulua. Emandako laguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez, honako hauek adierazita: laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Xedapen gehigarri bakarra.–Finantzaketa.

Laguntza hauek emanen dira 2020ko gastu-aurrekontuko 810012 81500 4709 494103 “COVID-19a. Langile autonomoentzako laguntzak. 3/2020 Foru Lege-dekretua” partidaren kargura.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 13an.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F2004927