108. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

77/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremura egokitzen baita apirilaren 7ko 13/2020 Errege Lege-dekretuaren 2.2 artikuluan aurreikusitako hurbiltasunaren irizpidea (errege lege-dekretu horren bidez presako zenbat neurri hartu ziren nekazaritzako enpleguaren arloan).

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Osasun krisi horretan agerian gelditu denez, lehen sektorea funtsezkoa da elikagaien hornidura bermatzeko; horregatik, aipatutako errege dekretuaren 15. artikuluarekin bat, agintaritza eskudunak beharturik daude beharrezko neurriak hartzera hura bermatzeko.

Esparru horretan, apirilaren 7ko 13/2020 Errege Lege-dekretuaren bidez presako zenbat neurri hartu ziren nekazaritzako enpleguaren arloan. Neurri horiek helburu dute, besteak beste, bermatzea behar adinako eskulana dagoela eskura jatorrian nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen diren pertsonen beharrak asetzeko, era horretan, produkzio egokia bermatzeko, kopuruaren aldetik nahiz denboraren aldetik, elikakatearen lehenengo kate-begian, eta, hortaz, bermatzeko hurrengo kate-begiek behar adinako hornidura dutela kasuan kasuko lanean aritzeko; hala, produkzioaren jarioari eusten ahalko zaio, orain arte bezala, eta kontsumitzailearengana ailegatu, deus galdu gabe kantitatean edo kalitatean.

Aipatu arauaren 2. artikuluak ezartzen duenez, errege lege-dekretu horren malgutasun neurrien onuradun izateko, lantokitik hurbil eduki behar da bizilekua. Bestalde, aginduak adierazten duenez, ulertzen da hurbiltasuna dagoela langilearen bizilekua edo kanpainak irauten duen bitartean gaua igarotzeko duen tokia lantokiaren udalerri berean edo mugakide diren udalerrietan dagoenean. Nolanahi ere, ezartzen du autonomia-erkidegoek irizpide hori egokitzen ahalko dutela lurraldearen egituraren arabera, despopulazioa edo udalerri sakabanaketa kontuan harturik.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren txosten batean jasotzen denez, zaila da irizpide hori Nafarroan aplikatzea, lurraldearen sakabanaketa dela kausa.

Txosten horrek adierazten du Nafarroako Foru Komunitateko egoera demografikoak eragina duela enpleguan; izan ere, 272 udalerri daude 10.400 kilometro koadrotan, eta 650.000 biztanle izanik, 21 udalerrik baino ez dute 5.000 biztanletik gora. Nafarroako enpleguaren eraldaketen eta arreta-foku nagusien diagnostikoaren arabera, zeina Errealitate Sozialaren Behatokiak prestatu baitzuen 2019ko abenduan, lurraldeen arteko desberdintasun demografikoek eragina dute lan batean aritzeko eskura dauden herritarren kopuruan. Hala, esaterako, alde handia dago eskualdeen jarduera tasetan: Arga eskualdeko jarduera tasa 13 puntu gorago dago Pirinioetako eskualdekoaren gainetik. Gauza bera gertatzen da langabezia tasarekin: Egan eta Erriberan, %10etik gorako tasak daude, eta Bidasoan eta Larraunen, berriz, %6koa da tasa.

Enpleguan nahiz langabezian eragiten duten lurraldeen arteko desberdintasun horiei gehitu behar zaie nekazaritza sektorean enpleguaren beharrak egokitzen direla eskualde bakoitzeko produkziora eta kasuan kasuko kanpainak finkatzen duen aldira. Horri gehitu behar zaio Nafarroan sektoreko eskulana urria zela osasun krisiaren aurretik, eta zenbait kanpainatarako, ezin zela bete Nafarroako edo beste autonomia-erkidegoetako langileekin. Horregatik, txostenak ondorioztatzen duenez, Nafarroan ia ezinezkoa da langileak izatea bizilekuaren udalerrian edo mugakide direnetan nekazaritzako lan horietan aritzeko.

Horrenbestez, kontuan izanik Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen egitura, udalerrien sakabanaketa eta eskualde batzuetako despopulazioa, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremura egokitzea apirilaren 7ko 13/2020 Errege Lege-dekretuaren 2.2 artikuluan aurreikusitako hurbiltasunaren irizpidea (errege lege-dekretu horren bidez presako zenbat neurri hartu ziren nekazaritzako enpleguaren arloan). Era horretan, ulertuko da langileak beren jardunaren leku diren nekazaritzako ustiategitik hurbil daudela, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean badaude, batetik, langilearen bizilekua, edo kanpainak irauten duen bitartean gaua igarotzeko duen tokia, eta bestetik, lantokia.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehenengoa.–Nekazaritzako enpleguaren arloan presako zenbait neurri hartu zituen 13/2020 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluko bigarren apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, bertan lan malgutasunerako aurreikusitako neurri berezien onuradun izan daitezke bizilekua edo gaua igarotzeko lekuak lantokitik hurbil dituzten pertsonak. Ulertuko da, edozein kasutan, langileak beren jardunaren leku diren nekazaritzako ustiategietatik hurbil daudela, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean badaude, batetik, langilearen bizilekua, edo kanpainak irauten duen bitartean gaua igarotzeko duen tokia, eta bestetik, lantokia.

Bigarrena.–Baldintza horiek foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik aurrera aplikatuko dira, eta indarrean jarraituko dute Nekazaritzako enpleguaren arloan presako zenbait neurri hartu zituen apirilaren 7ko 13/2020 Errege Lege-dekretuak indarrean jarraitzen duen bitartean.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 18an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2004997