107. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

410/2020 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena, 2020. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan. DDBN identifikazioa: 505944.

2020ko martxoaren 15ean, Espainiako Gobernuak lurralde nazional osoan alarma egoera deklaratzea onetsi zuen, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun larrialdiko egoerari aurre egiteko asmoz. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan alarma egoera deklaratu zen, hamabost egun baliodunez, luzatzeko aukerarekin. Horiek horrela, Diputatuen Kongresuak agindu zuen, 2020ko apirilaren 9ko Ebazpenaren bidez, argitara zedila errege dekretu horretan deklaratutako alarma egoeraren luzapena baimentzeko akordioa. Egoera hori 2020ko apirilaren 26ko 00:00ak arte luzatu zen, eta ezarri zen aurrekoen baldintzak berberak bete behar zirela, alegia, honakoetan ezarritakoak: martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan, martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatutakoan; eta martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuan, zeinak luzatu baitzuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Era berean, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak automatikoki eten eta bertan behera utzi zituen sektore publikoko entitateen administrazio prozedurak izapidetzeko baldintzak eta epeak (3. xedapen gehigarria). Nolanahi ere, arestian aipatutako hirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuak aukera ematen du jarraipena emateko, behar bezala arrazoitzen bada, alarma egoera justifikatzen duten egitateekin zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere. Zehazki, lehen sektorea den aldetik, abeltzaintzaren oinarrizko funtzionamenduak justifikatzen du jarraipena ematea 2020. urtean abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko deialdiaren prozedurari. Europako Batzordeak SA.48295 laguntza gisa baimendu zuen deialdi prozedura hori, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26.9 artikuluan xedatutakoarekin bat (erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta); eta, ondoren Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 12ko 241/2016 Foru Aginduaren bidez abiarazi zen (foru agindu horren bidez onetsi ziren abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzen arauak, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan).

Prozedura horrek dagokion partida bat du 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, aurreko ekitaldietan bezalaxe, eta funtsezkoa da abeltzaintzaren arloko enpresa txiki eta ertainek jarduerari euts diezaioten bultzatzeko. Izan ere, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26.9 artikuluan adierazten den moduan, gaixo dauden animaliak hil behar izatea konpentsatu egiten da agintaritza publikoak aitortutako laguntzekin, zeinek helburu baitute abereen gaixotasunek eragindako kalteak berdintzea. Estaltzen dira, batetik, hil behar izan den animaliagatik abeltzainak izan behar zukeen eta izan ez duen errentagarritasunaren diru sarrera, eta, bestetik, abeltzainak, berrogeialdiko betebeharrak bete behar izateagatik, ustiategiko gainerako animaliak ez saltzearen ondorioz izan ez dituen diru sarrerak. Horri guztiari esker bermatu ahal izanen da abeltzaintzako ustiategiek bizirik iraunen dutela. Ez da atzendu behar norgehiagokako araubidean jasotzen dituzten dirulaguntzak direla, hain zuzen ere, baliabide ekonomikoen iturri nagusia, gaixotasunak dituzten animaliak hil behar dituzten ustiategientzat.

Kontuan izan behar da nekazaritzako elikagaien kateak funtsezko eginkizuna duela COVID-19ak eragindako osasun krisian, eta nekazariek berebiziko bultzada ematen diotela kate horri. Kateko begi guztiak batera ari dira lanean, eta, horri esker, elikagai hornidura ez da eten une zail hauetan. Krisi honetan, nekazarien eta abeltzainen lana agerian jarri da, produktu freskoak ekoizten eta merkaturatzen ari baitira, industria eta banaketa hornitu eta guztiok elika gaitezen. Alarma egoera dela-eta ezarri diren mugen gainetik katea babestu izanak erakusten du zer-nolako garrantzia duten nekazariek eta abeltzainek. Horrela, bada, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretuak, zeinaren bidez, COVID-19aren aurkako borrokaren testuinguruan herritarren mugikortasuna murrizteko asmoz, ordaindutako baimen berreskuragarri bat arautu baitzen funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten besteren konturako langileentzat, eta eranskinean, funtsezko sektoreen kategorian sartu zituen, “bai merkatuaren hornidura-katean parte hartzen duten jarduerak, bai premiazko ondasun eta zerbitzuak (elikagaiak, edariak, animalia elikadura eta beste barne) ekoizteko zentroetako zerbitzuen funtzionamenduan parte hartzen dutenak, eta, ondorioz, horien banaketa baimentzen da, jatorritik hasi eta azken destinoraino”. Azkenik, laguntza hau behar den denboran eta moduan onesteak eragotziko luke Nafarroako abeltzainei kalte egitea. Izan ere, beharrezkoa da araua ahalik eta lasterren argitaratzea, abeltzainek jarduerari eusteko nahikoa likidezia izan dezaten.

Dirulaguntzak, jarduera normalizatu bat gauzatzeko bide ematen duen tresna izateaz gain, administrazio publikoek egoera berezi honetan osasun arloko krisi honen eragin soziala eta ekonomikoa leuntzeko erabil dezaketen baliabide garrantzitsua dira.

Horrela, bada, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 12ko 241/2017 Foru Aginduaren bidez, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

Aurretik, arau horren berri eman zitzaion Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari. Organo horrek adierazi zuen Nafarroako Foru Komunitateak igorritako informazio laburtuaren inprimakia jasoa zuela, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu, SA.48295 laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31rainokoa izanik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak deialdi bat onetsi gogo du, 2020. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan. Aipatutako erregelamenduaren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen dira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Osasun krisi honetan, lehen sektorea funtsezkoa da elikagaien hornidura bermatzeko, hala ezartzen baitu martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren beraren 15. artikuluak, non agintaritza eskudunak behartzen baitira hura bermatzeko neurriak hartzera. Azken finean, bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin, espediente hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan. Laguntza hauek onartzea funtsezkoa da abeltzaintza jardueraren oinarrizko funtzionamenduarentzat. Izan ere, abeltzaintzako ustiategien galerak ekonomikoki konpentsatu behar dira, eta saihestu beharra dago abeltzainek jarduerari utz diezaiotela osasun arloko nahitaezko neurriak ezartzen direnean abenduaren 20ko 2611/1996 Errege Dekretuak ezarritako planetan dauden gaixotasunak desagerrarazteko asmoz (errege dekretu horrek gaixotasunak desagerrarazteko programa nazionalak arautzen ditu). Abeltzaintzako jarduera horri lotutako prestazio ekonomikoak bilakaera ona du, eta hartan nahi ez den aldaketarik gertatzen ez bada, hobe. Laburbilduz, neurri hau ezinbestekotzat jotzen da abeltzaintzaren lehen sektorearen oinarrizko funtzionamendurako.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, 2020. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

3. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

4. Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin, espediente hau eta dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko guztiak bideratu eta tramitatuko dira epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, abeltzaintzaren arloko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat ezinbestekoa den prozedura bat delako, eta elikagaien hornidura bermatzen duena.

5. 70.000 euroko gastua baimentzea, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoetarako, 2020ko Gastuen Aurrekontuko “Kalte-ordaina abereak epizootien ondorioz hil behar izateagatik, eta azienda mugitzeko debekuaren ondoriozko irabazi lortugabeagatik” izeneko 710004-71320-7700-412200 aurrekontuko partidaren kargura.

6. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 12ko 241/2016 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko dira deialdi honetan; izan ere, foru agindu horren bidez onetsi ziren abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzen arauak, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 12an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2004943