106. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 19a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

46/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 16koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, COVID-19ak eragindako osasun krisia dela-eta, irakasle lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien kontratazio zerrendak kudeatzeko neurriak hartzen dituena, 2020-2021 ikasturtea egoki antolatuko dela bermatzeko.

Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 20ko 38/2020 Foru Aginduak (haren bidez zenbait neurri hartu ziren 2020-2021 ikasturtearen hasiera egokia bermatzeko, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioei begira) 2021era atzeratu du irakasleen kidegoetan sartu eta bertara igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko hautapen prozedurei dagokien oposizioaldia. Prozedura horiek Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 26ko 8/2019 Ebazpenaren bidez onetsi ziren.

Atzerapena dela eta, 2020an ez dira eratuko probak gainditu baina lanposturik ez duten pertsonen zerrendak, hautapen prozeduren ondoriozkoak, eta ez dira zerrenda orokorrean sartuko araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituzten hautapen prozesuko izangaiak. Horrek begien bistako arrisku larri bat dakar: hezkuntza sistemak ikasturtean zehar izanen dituen premiak asetzeko behar adina izangai eskuragarririk ez izatea zerrendetan.

Ondorio horiek ahal den neurrian arintze aldera, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak zenbait neurri proposatu ditu, salbuespenez eta aldi batez, behar adina irakasle kontratatzea errazagoa izan dadin.

Foru agindu hau unibertsitatetik kanpoko irakasleen Mahai Sektorialeko sindikatuekin kontsultatu da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Kontrataziorako izangaien zerrenda, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 26ko 8/2019 Ebazpenak irakasleen kidegoetan sartzeko onetsitako hautapen prozeduratik datorrena.

1. Aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendak eratuko dira Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 26ko 8/2019 Ebazpenak finkatutako kidego, espezialitate eta hizkuntza bakoitzean. Zerrenda horietan txertatuko dira sartzeko hautapen prozeduran onartutako izangaiak, baldin eta Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean eta arau beraren 14.1.f) eta g) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, betiere probak gainditu baina lanposturik ez duten pertsonen zerrendetako batean edo aipatu foru aginduak ezarritako kasuan kasuko kidego, espezialitate edo hizkuntzari dagokion zerrenda orokorrean aldez aurretik ez badaude.

Zerrenda horiek osatzen dituzten izangaiei deituko zaie kidego, espezialitate eta hizkuntza bakoitzari dagokion zerrenda orokorra osatzen duten izangaiei deitu ondoren.

2. Artikulu honek aipatutako zerrendak osatzen dituzten izangaiak ordenatuko dira Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 26ko 8/2019 Ebazpenak finkatutako merezimendu baremoari dagokion puntuazioaren arabera, eta, kasua bada, ebazpen horretan berdinketa hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz.

3. Izangaiek ingeleseko, frantseseko edo alemaneko titulazioren bat aurkeztu baldin badute hautapen prozeduran parte hartzeko eskaerak aurkezteko epean, berariazko profilekin identifikatuko dira, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduari jarraikiz.

Behar den berariazko profilarekin identifikatuko dira, orobat, Hezkuntza Departamentuan hori lehenagotik egiaztatu zuten izangaiak.

4. Artikulu honetan azaltzen diren zerrendak indarrean egonen dira aipatu abenduaren 26ko 8/2019 Ebazpenak onetsitako hautapen prozeduraren ondoriozko zerrendak eratu arte, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduari jarraikiz.

2. artikulua. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan sartzea.

1. 2019-2020 ikasturtean irakasle gisa aritzeko Hezkuntza Departamentuarekin aldi baterako kontratu administratiboa sinatua dutenak, baldin eta Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda batean sartuko dira, sinatutako kontratuari edo kontratuei dagozkion/dagozkien kidegoan, espezialitatean eta/edo hizkuntzan.

2. Kasuan kasuko kidego, espezialitate eta hizkuntzari dagokion zerrendan izangaiak ordenatuko dira hartan sartzea eragiten duen kontratatzeko unearen arabera.

3. Zerrenda horiek osatzen dituzten izangaiei deituko zaie behin Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduak kasuan kasuko kidego, espezialitate eta hizkuntzan aurreikusten dituen zerrenda guztiak agortu ondoren.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Foru agindu hau garatu eta betearazteko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari foru agindu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 16an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2004992