101. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1141/2020 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, María Jesús Pérez Lafuente andrea, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistro eta Langileriaren Bulegoko burua, kargutik kentzen duena.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 105/2018 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako atal, bulego eta unitate parekatuetako burutzak merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen. Deialdi hori 2018ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 6koan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak urtarrilaren 10ean emandako 56/2019 Ebazpenaren bidez, María Jesús Pérez Lafuente andrea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Erregistro eta Langileriaren Bulegoko buru izendatu zen sei urterako; lanpostu hori 2589 zenbakiarekin identifikatua dago plantilla organikoan.

María Jesús Pérez Lafuente andrea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Ataleko buru izendatu dute, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 5eko 1211E/2020 Ebazpenaren bidez, ondorioak izanik 2020ko maiatzaren 6tik aurrera; hortaz, 2020ko maiatzaren 5a da haren azken eguna Erregistro eta Langileriaren Bulegoko burutzan.

Aipatu deialdiko 15.5 artikuluak ezartzen du merezimendu lehiaketaren bidez lortutako burutza baten titularrak lanpostu horretan aritzeari utziko diola baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta erakunde autonomoen funtzionarioentzako izendapen libreko kargu baterako izendatzen badute; horrela xedatua baitago Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 19.6 artikuluko h) letran.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Kargutik kentzea María Jesús Pérez Lafuente andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoko Erregistro eta Langileriaren Bulegoko burua (lanpostu hori 2589 zenbakiarekin identifikatua dago plantilla organikoan). Bulegoburutza hori merezimendu lehiaketaren bidez eskuratu zuen, eta bertan aritzeko azken eguna 2020ko maiatzaren 5a da.

2. Ebazpen hau igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistro eta Langileriaren Bulegora eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura, Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzura eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzura, eta interesdunari jakinaraztea, aditzera emanez ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 4an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F2004802