101. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

18/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Trantsiziorako Batzordea (COVID-19) sortzen duena.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Alarma egoera hori 2020ko maiatzaren 24a arte luzatu da, eta, alarma egoera deklaratu zenetik ia zortzi aste iragan direlarik, gure erkidegoa normaltasun berrira eramanen duen trantsizioari lotuko zaio.

Trantsizio horretan behar diren zainketa eta prebentzio neurri guztiak sartu behar dira, arriskuak ahalik eta txikienak izan daitezen, hala gaitzaren agerraldi berriak ekiditeko nola osasun zerbitzuen erantzun gaitasunari eusteko, uneoro gizarte osoaren osasuna eta ongizatea babestu beharra ahaztu gabe.

2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen gizarte osoa normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Plan horretan, urratsez urrats beteko den trantsizio prozesu asimetriko bat jasotzen da, autonomia erkidegoekin koordinatua, datu epidemiologikoen eta hartutako neurrien inpaktuaren arabera ezar daitezkeen norabide aldaketetara moldatzeko gai izanen dena.

Bestalde, 2020ko maiatzaren 3an eman zen argitara SND/387/2020 Agindua, autonomia erkidegoekiko eta Ceuta eta Melilla hiriekiko kogobernantza-prozesua arautzen duena, normaltasun berri baterako trantsizioari begira. Agindu horretan prozedura bat arautzen da autonomia erkidegoek beren trantsizio proposamenak egin, igorri eta tramitatzeko, alarma egoeraren deklarazioan ezarritako neurriekin bat betiere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19.3 artikuluak xedatzen duenez, erabakiak hartu edo proposamenak egiteko eskumenak, administrazio-erabakiak hartzeko oinarri diren aginduzko txostenak egiteko eskumenak eta beste organo batzuen jardueren segimendu edo kontrola egiteko eskumenak ez dituzten kide anitzeko organoak lan-batzorde edo lantaldetzat joko dira, eta horiek sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez eginen da, edo arloaren arabera eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez.

Horiek horrela, Nafarroako Trantsizio Planaren barruan, prozesu honetan gizarte zibilaren inplikazioa eta parte-hartzea bultzatu, antolatu eta erraztu nahi da, gure Foru Komunitatean trantsizioaren kudeaketa ahalik eta onena izan dadin, gure gizarteak sormen eta elkarlanerako duen potentziala erabili eta etekinik handiena ateratzeko eta daukagun adimen konpartitu onena baliatzeko. Helburu horrekin, Osasuneko zuzendari nagusiak proposatuta, bidezkoa da Nafarroako Trantsiziorako Batzordea (COVID-19) sortzea, gizartearen parte-hartzea bideratzeko kontsulta eta aholku organoaren zeregina beteko duena Nafarroan gauzatuko den trantsizio planaren barruan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Trantsiziorako Batzordea (COVID-19) sortzea, Osasun Departamentuaren menpe, gizartearen parte-hartzerako organoa izan dadin, hau da, COVID-19aren pandemiaren trantsizio prozesuaren kudeaketan gizarte zibilaren parte-hartzea sustatu, antolatu eta errazteko organoa.

Bigarrena.–Kide hauek izanen ditu Nafarroako Trantsiziorako Batzordeak (COVID-19):

1.–Natalia Herce Azanza andrea.

2.–Alfredo Arbeola Baztán jauna.

3.–Daniel Innerarity Grau jauna.

4.–Esteban Morrás Sesma jauna.

5.–Félix Taberna Monzón jauna.

6.–Juan Carlos Castillo Ezpeleta jauna.

7.–Begoña Perez Eransus andrea.

8.–Juan José Pons Izquierdo jauna.

9.–Ramón Salaverría Aliaga jauna.

10.–Humberto Bustince Sola jauna.

11.–Rakel Mateo Sebastian andrea.

12.–Nicolás Martínez Velilla jauna.

13.–Elena Calvo Petroch andrea.

14.–Javier Lacunza Larraiza jauna.

15.–Carlos Rey Bacaicoa jauna.

Hirugarrena.–Eginkizun hauek beteko ditu Nafarroako Trantsiziorako Batzordeak (COVID-19):

1.–Nafarroan trantsizioaren ardura duten Osasun Departamentuko kideei aholku ematea pandemiaren trantsizioaren gaineko gaietan.

2.–Nafarroan fase aldaketak egiteari buruzko eztabaidak, balorazioak eta gomendioak egitea.

3.–Nafarroako udalerrietan, osasun eskualde oinarrizkoetan, osasun barrutietan eta merindadeetan eta/edo lurralde eremuetan, fase bakoitzean biltzen diren neurriak ezartzeko proposamen teknikoak aztertu, baloratu eta, egokia bada, aberastea.

4.–Beste edozein ekarpen edo ideia osagarri, gure erkidegoan trantsizioa ezartzeko prozesurako adimen soziala handitzeko lagungarria eta egokia bada.

Laugarrena.–Funtzionamendu araubidea.

1.–Batzordeko kideetako batek jarriko du azpiegitura fisikoa, teknologikoa eta elkarrekintzarako baliatu beharrekoa, ahalik eta emaitza onenak lortzeko.

2.–Batzordeko kide bakoitzak bitartekoak jarriko ditu bere arlo, sektore, sare, plataforma edo erakundeek parte har dezaten eta ideiak nahiz proposamenak helaraz ditzaten, eta hori antolatzeaz arduratuko da.

Bosgarrena.–Batzordetik kanpoko pertsonen parte-hartzea.

Eztabaidatu beharreko gaiak zein diren, batzordeak eska dezake horretan adituak diren beste pertsona batzuek parte hartzea, haien lidergo, jakintza edo ibilbide profesionala dela-eta batzordearen eginkizunak hobeki betetzen lagundu dezaketela iritzita.

Seigarrena.–Indarraldia.

Foru agindu honek sinatzen den unetik hasita izanen ditu ondorioak.

Zazpigarrena.–Foru agindu hau jakinaraztea interesdunei, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

Zortzigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea argitara eman dadin.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 7an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2004916