10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

233E/2019 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana; honen bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: 13,2 kV-eko “Abaurrea-Erremendia” linea elektrikoaren saihesbidea egitea 67. eta 75. euskarrien artean, Abaurregaineko eta Jaurrietako udal-mugarteetan eta “Erremendia” 18. fazerian; sustatzailea Electra Saltea SL da.

Goian aipatutako espedientearen ingurumen ukipenetarako baimenari 2019ko abuztuaren 23an eman zitzaion sarrera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuan aurreikusitako jarduketa 13,2 kV-eko “Abaurrea-Erremendia” gaur egungo linearen saihesbidea egitean datza, 66. eta 75. euskarrien artean, linea modernizatzeko eta mantentze lanak hobetzeko. 20 kV-eko aireko linearen saihesbide horrek ordeztu eginen du gaur egungoa aipatutako euskarrien artean, trazadura aldatuz, egungo linearen hegoalderantz arku bat eginez. Zortzi euskarri berri instalatuko dira. 14 eta 22 metro arteko altuera izanen dute. Metalezko egitura eta hormigoizko zimenduak izanen dituzte. Aldatu egin beharko da amaierako 75. euskarria, gaur egungo linearekiko elkargunean dagoena.

Linea berriak 1.258 metroko luzera du, eta ez du adarrik, ez eta lur azpiko zatirik ere. Tarte berria egin ondoren, gaur egun zerbitzuan dagoen 13,2 kV-eko 1.127 metroko aireko linea desmuntatu eginen da. Aldaketa horri esker, ibilbidea neurri handi batean ez da baso inguruetatik igaroko eta, besteak beste, euskarriak eta euskarrien arteko tarteak egokitu ahal izanen dira abifauna babesteko.

Lineak bi abelbide gurutzatzen ditu: Milagro-Aezkoa errege altxonbidea eta 32. iraganbidea. Zatoia ibaia ere gurutzatzen du, Milagro-Aezkoa errege altxonbidearen ondoan, zuhaitzik gabeko tarte batean, zelai heze eta alorretako ubide txikien artean, ibaiaren burualdean. Ekialdeko muturrean, linea berriak ibai horretara isurtzen den erreka bat zeharkatzen du. Zuhaitz gisa garatu gabeko sahatsak daude errekaren bazterretan.

Soilik pinu gorriren bat eta bestelako zuhaixkak botatzea aurreikusten da, linearen hasierako tartean, erreka gurutzatzen duen tokiraino; modu nabarmenagoan, Erremendian aipatutako 75. euskarrirantz igotzeko azken bi tarteetarako, basoan (pinu gorria eta pagoa) kale iraunkor bat ireki beharra aurreikusten da. Aldatu beharreko tarteak 1.000 metro inguru egiten ditu baso lurretan; desmuntatu ondoren tarte horretako zuhaitzik gabeko lursailek baso erabilerarik egokiena berreskuratu ahalko dute.

Proiektuak sorraraziko dituen hondakinak kudeatzeko azterlan bat ere jaso da, bereziki aldatutako tarteko euskarriak desmuntatzearen ondorioz sortuko direnak kudeatzeko; hondakinen ezaugarriak azaltzen dira eta mota bakoitzari aplikatu beharreko kudeaketa neurriak adierazten dira, indarrean dagoen araudia betez.

Proiektuan eta ingurumen ukipenen azterketan abifaunaren gaineko zenbait zuzenketa eta prebentzio neurri proposatzen dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua betez. Errege dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren.

Kontuan hartuta proiektuaren ezaugarriak eta kokapena, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri da 30 egunez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, 208. zenbakian, 2019ko urriaren 21ekoan. Jendaurreko epea igaro da, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientean Jaurrietako Udalak 2019ko urriaren 22an emandako aldeko txostena ageri da “Erremendia” 18. fazeriari dagokionez, eta Abaurregaineko Udalarena, 2019ko azaroaren 26koa.

2019ko urriaren 16an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak baldintzapean emandako aldeko txostena ere ageri da, Nafarroako abelbideak babesteari buruzkoa, 2019ko urriaren 2an emana.

Izapidetutako dokumentazioa berrikusi ondoren, Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, kontuan hartuz proiektuaren definizioa eta irismena, izapidetutako ingurumen ukipenen azterketan ezarritako neurriak eta exekuziorako eta kontrolerako zenbait baldintza.

Espedienteko txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua betez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: 13,2 kV-eko “Abaurrea-Erremendia” linea elektrikoaren saihesbidea egitea 67. eta 75. euskarrien artean, Abaurregaineko eta Jaurrietako udal-mugarteetan eta “Erremendia” 18. fazerian; sustatzailea Electra Saltea SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Tarte osoa hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu behar da; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko ondoz ondoko bi balizaren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta abifauna behar bezala babestea bermatzeko, elektrokuzioa saihestuz, metro bateko segurtasun distantzia beteko da, ardatz horizontalean neurtuta, proposatutako U120AB132 isolagailua instalatuz estekatze-gurutzeetarako. Horrez gain, zubiak isolatu eginen dira estekatze-euskarrietan eta esekitako gurutzeak dituzten euskarrietan. Grapa isolatu eginen da, grapa-estalkiarekin edo antzekoarekin, baita kable eroalea ere, metro bateko zatian grapa bakoitzaren alde banatara.

–Obrek aldi baterako ukituko dituzten lursailak (bideak, larre eta alorrak, baso zonak etab.) lehengoratu egin beharko dira lehengo erabilera berreskuratzeko.

–Zuhaitzak moztu aurretik, beharrezkoa izanen da Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalaren baimena lortzea.

–Abelbideen gaineko ukipenei dagokienez:

  • Obrak bukatutakoan, inola ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.
  • Zutoin elektrikoak, bereziki 68.a eta 72.a, altxonbideko zortasun eremutik kanpo kokatu beharko dira (katastro lurzatiaren kanpo ertzetik 3 metrora).
  • Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da.

–Lanak egin ahala beharrezkotzat jotzen bada aurreikusi gabeko sarbide berriak irekitzea baso zonetan, erreketan edo hezeguneetan, edo ingurumen balioa duten zona horiek ukitu behar badira, Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinarazi beharko zaio –Aezkoa-Kintoko mugapea (tel.: 948 184 715; e-maila: gmaaezkoa@navarra.es) eta Erronkari-Zaraitzukoa (tel.: 948 890 518; e-maila: gmaroncal@navarra.es)– bai eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegari ere (seguimiento.ambiental@navarra.es), proposamen horiek ontzat emateko eta gainbegiratzeko.

–Obraren amaierako txostena aurkeztu beharko da Ingurumen Jarraipenaren Bulegoan, eta bertan ziurtatuko da aurreikusitako neurri zuzentzaile guztien aplikazioa, instalatutako euskarri berrien gurutzeen argazkiak barne.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak sare elektrikora lotzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Bereziki, eta 2019ko urriaren 2ko Herri-lurren Atalarekin bat etorriz:

–Toki erakundeek kasu bakoitzean prestatzen duten baldintza-agiriak zuzenduko du herri-lurren okupazioa. Beharrezkoa izanen da, halaber, Foru Komunitateko Administrazioak onestea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez.

–Horretarako, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak egin behar diren tramiteen ziurtagiriak emanen ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoa betez.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Abaurregaineko Udalari, Jaurrietako Udalari, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (“Aezkoa-Kintoa” eta “Erronkari-Zaraitzu” mugapeak) eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 13an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F1916119