10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

225/2019 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hobetzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 485804.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen, orokorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, eta prozeduraren kontrol eta gardentasun hobean aurrera egiteko beharrari erantzuten dio, publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera.

Hori baino lehenago, urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz arautu zuen “Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak gauzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuentzako dirulaguntzen kontzesioa”. Foru dekretu horren xedea laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea izan zen eta, beraz, deialdi bakoitzaren esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.

Beste alde batetik, Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretan, “Hezkuntza baliabideak” izeneko 410. programaren barnean, “Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 partida ageri da. Partida hori, dirulaguntzaren prozedura erabiliz, arlo horretako inbertsio proiektuak finantzatzeko da.

2020ko ekitaldian deialdiaren jomugatzat hartuko dira ikastetxearen funtzionamendurako funtsezkoak diren obrak, hezkuntza jarduera normaltasunez garatzeko presako esku-hartze saihetsezina eskatzen dutenak. Orobat, segurtasun eta irisgarritasunaren arloko indarreko araudietara egokitzeko obrei ere eman nahi zaie laguntza.

Toki entitateek aukera izan dezaten beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak hobetzeko inbertsio proiektuetarako laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, 2020rako aurrekontuan aurreikusi diren dirulaguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.

Hezkuntza Departamentuko oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 91/2019 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren 4. puntuak ezarritakoarekin bat etorriz, eta Hezkuntza Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei (udalei eta kontzejuei) 2020ko ekitaldian dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak, unibertsitate mailakoak ez direnak, hobetu eta birmoldatzeko inbertsio proiektuak gauza ditzaten. Dirulaguntzak 2020ko aurrekontuetan horretarako gaitzen den “Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 partida baliokidearen kargura ordainduko dira (gehienez 1.000.000 euro).

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Obra Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 5ean.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak hobetu eta birmoldatzeko obra proiektuak gauza ditzaten 2020an

1.–Helburua.

Ebazpen honetan jasotzen diren dirulaguntzak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hartzen dituzten eraikin eta instalazioak hobetu eta birmoldatzeko proiektuak finantzatzeko izanen dira.

2.–Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki entitateek (udalek edo kontzejuek) eska ditzakete.

3.–Xedea.

Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetako eraikinak eta instalazioak 2020. urteko ekitaldi ekonomikoan hobetu edo birmoldatzeko obrak egiteko proiektuek jaso dezakete dirulaguntza.

Salbuespenez, dirulaguntza jaso dezakete 2019ko ekitaldian egindako obrek, presakoak eta nahitaez egin beharrekoak izan badira eta udalak presako deklarazio formala eta departamentu honi egindako jakinarazpena 2019ko abenduaren 31n baino lehen egin baditu.

Aurreko atalean aipatzen diren eskaerak baloratzeko, deialdi honen 8. oinarrian ezarritako irizpideak eta puntuazioak erabiliko dira.

Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria. Proiektua eta obren zuzendaritza gauzatzeko aholkularitza teknikoaren ordainsariek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Instalazioen eguneroko mantentze eta konponketa lanei dagozkien ohiko gastuak ez dira deialdi honen xede.

Ez da gastu diruz lagungarritzat joko, deialdi honen ondorioetarako, balio erantsiaren gaineko zerga.

4.–Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak eta portzentajea.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 60.000 eurokoa da ikastetxe bakoitzeko.

Dirulaguntzen portzentajeak, ikastetxe motaren edo helburu duten jarduketaren forma zehatzaren arabera, honakoak izanen dira:

1. Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek erabiltzeko egoitzetan edo instalazioetan egiten diren obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %65 gehienez.

2. Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek batera erabiltzeko egoitza edo instalazio komunetan egiten diren obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %80 gehienez.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzeko egoitza edo instalazioetan egiten diren obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %100 gehienez.

4. Pirinio aldeko udal ikastetxeetako egoitza edo instalazioetan egiten diren obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %95 gehienez, edo diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %100 gehienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik erabiltzeko egoitza edo instalazioetan egiten diren obren kasuan.

5.–Dokumentazioa.

a) Eskaerak toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte; beraz, eskola elkartearen barnean sustatzen den edozein eskaera (ikastetxeetako zuzendariek egin, irakasleek, gurasoen elkarteek edo beste norbaitek) ordezkari horien bidez bideratu behar da.

b) Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio, eta eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

b.1. Dirulaguntzaren xedeko obren proiektu tekniko eguneratuaren ale bat, memoria baloratuarena edo aurrekontuarena, aurrekontua kapituluz kapitulu xehakatua.

Proiektua edo memoria baloratua jada deialdi honen aurretik aurkeztu bada, eta eguneratuta badago, aski izanen da inguruabar hori eskabidean adierazi eta frogagiria aurkeztea.

Proiektatu diren obren izaera dela eta, faseka egin daitezkeenean, espresuki adieraziko dira hobespenak edo lehentasunak.

Proiektuak, memoria baloratuak edo aurrekontu independenteak ere aurkeztuko dira esku-hartze bereiziak badira, 7. oinarriko esku-hartze moten arabera.

Instalazioa nola dagoen eta dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea noraino den presakoa baloratzeko, txosten bat erantsiko da, esku-hartzearen xedeko instalazioen edo eraikinaren oraingo egoerari buruzkoa, eta, behar izanez gero, dokumentazio fotografikoa erantsiko da. Balorazio horretan, kontuan hartuko da erantsitako dokumentazioa.

b.2. Obrak egin nahi diren eraikin edo lurren jabetza frogatzen duen agiria edo errentamendu kontratua, obra amortizatzeko aukera ematen duen epearekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikulua betez.

b.3. Obren onespenari buruzko udal erabakia, diruz laguntzeko eskatu den inbertsioaren zenbateko osoa adierazita.

b.4. Obren xede den ikastetxeko Eskola Kontseiluaren aldeko txostena.

b.5. Idazkariaren ziurtagiria, non agertuko baita udal edo kontzejuaren aurrekontuetan behar adinako zuzkidura ekonomikoa dagoela dirulaguntzaren xedeko obraren kostua ordaintzeko.

b.6. Toki entitateak honakoak egiteko konpromisoa:

–Dirulaguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak bere gain hartzea, dagokion neurrian.

–Ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasle eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuei aurre egitea, obrek dirauten bitartean, halakorik balego, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuei aurre egitea ere.

b.7. Erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena dirulaguntzaren xedeko lokalak irakaskuntza publikoari lotuko zaizkiola obra amortizatzeko bide emanen duen epean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz.

b.8. Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako dirulaguntzei, laguntzei, diru-sarrerei edo baliabideei buruzko aitorpena.

b.9. Dirulaguntzaren xede den eraikinaren edo eraikin zatiaren antzinatasuna frogatzen duen agiria.

b.10. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

6.–Aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak berrogei egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuan duen Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri diren lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

7.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Deialdi honen xedetzat hartuko diren jarduketak:

a) Ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik presako eta nahitaezko esku-hartzea eskatzen duten obrak egitea, zehazki hauek:

a.1 Eraikinaren segurtasuna.

a.2 Eraikina irazgaiztea.

a.3 Berokuntzaren instalazioa.

a.4 Elektrizitatearen instalazioa.

a.5 Iturgintza eta saneamendu instalazioa.

b) Esparruak eta instalazioak oztopo arkitektonikoak kentzearen arloan indarra duen arautegiari egokitzeko obrak egitea, lehenbailehen egin beharrekoak eta ikastetxearen titularra den toki entitateak bere gain ezin har ditzakeenak, entitatearen egoera ekonomikorako inbertsio handiegia delako edo ohiz kanpoko beste edozein gorabehera, Ebaluazio Batzordeak baloratuko duena, gertatu delako.

c) Esparruak eta instalazioak segurtasunaren arloan indarra duen arautegiari egokitzeko obrak egitea (suteen aurkako babesa eta detekzioa, segurtasuna erabileran eta abar), lehenbailehen egin beharrekoak eta ikastetxearen titularra den toki entitateak bere gain ezin har ditzakeenak, entitatearen egoera ekonomikorako inbertsio handiegia delako edo ohiz kanpoko beste edozein gorabehera, Ebaluazio Batzordeak baloratuko duena, gertatu delako.

d) Energia aurrezpena eta eragimena hobetzeko jarduketak, eraikinaren inguratzailean (estalkiak, fatxadak, kanpoko arotzeria) eta instalazioetan (berokuntza eta argiztapena).

Jarduketa bat baino gehiago gauzatuz gero, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira, aurreko zerrendako esku-hartze moten arabera.

8.–Deialdiaren 7. oinarriko bigarren puntua betetzen duten eskaerak baloratzeko irizpideak.

Aurreko oinarriko eskaeren artean lehentasuna ezartzeko, honako irizpide eta puntuazio hauen arabera baloratuko da esku-hartze bakoitza. 40 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

a) Esku-hartzearen urgentzia eta instalazioaren aldez aurreko egoera. Kontuan hartuta dirulaguntzaren xede den obra zenbateraino den beharrezkoa ikastetxearen funtzionamendu egokirako. Puntu gehiago emanen zaizkie egin ezean ikastetxearen funtzionamendurako funtsezko alderdiak bereziki ukitzen dituzten esku-hartzeei, eta segurtasunerako arriskuren bat ekartzen dutenei (30 puntu gehienez).

a.1) Eraikinaren segurtasuna: eraikinaren egiturazko segurtasuna bermatzeko behar diren konponketak baloratuko dira, eraikinaren egonkortasuna kolokan jartzeko arriskuaren arabera. Halaber, erabiltzaileen edo hirugarrenen segurtasunerako arriskuak saihesteko behar diren esku-hartzeak baloratuko dira, eraikinaren egitura ukitzen ez badute ere (30 puntu gehienez).

a.2) Eraikinaren irazgaiztea: nagusiki erakinaren estalkitik datozen hezetasun eta iragazketak baloratuko dira, eraikinaren bizigarritasunaren gaineko ukipen mailaren arabera (29 puntu gehienez).

a.3) Berogailua jartzea: berogailua konpontzea edo ordeztea baloratuko da eraikinaren bizigarritasuna kolokan dagoenean, mantentze-lanak alde batera utzita (28 puntu gehienez).

a.4) Espazioak eta instalazioak oztopo arkitektonikoak kentzeari buruz indarra duen araudira egokitzea: proportzionalki baloratuko da erreferentziako araudia noraino ez den betetzen eta noraino den beharrezkoa egokitzapena, betiere behar bezala justifikatuta (27 puntu gehienez).

a.5) Elektrizitatearen instalazioa: elektrizitatearen instalazioa konpontzea edo ordeztea baloratuko da eraikinaren segurtasunaren arabera, mantentze-lanak alde batera utzita (26 puntu gehienez).

a.6) Iturgintza eta saneamendu instalazioa: iturgintza eta saneamendu instalazioan egindako konponketak eta ordezpenak baloratuko dira, mantentze-lanak izan ezik, nagusiki osasungarritasun gaiei lotutakoak (25 puntu gehienez).

a.7) Espazioak eta instalazioak segurtasunaren arloan indarra duen araudira egokitzea (suteen aurkako babesa eta detekzioa, segurtasuna erabileran eta abar): proportzionalki baloratuko da erreferentziako araudia noraino ez den betetzen eta noraino den presakoa egokitzapena (24 puntu gehienez).

a.8) Energia aurrezpen eta eragimenerako jarduketak: energia aurrezpena eta eragimena hobetzeko neurri guztiak baloratuko dira, eraikinaren inguratzaileari (estalkiak, fatxadak, kanpoko arotzeria) eta berokuntza eta argiztapen instalazioei lotuak (22 puntu gehienez).

b) Zaharberritu beharreko eraikinaren zati den instalazioaren antzinatasuna. Eraikinaren adinaren arabera puntuatuko da (5 puntu gehienez).

I. 100 urte baino gehiago: 5 puntu.

II. 3 urtetik 100 urtera: 0tik 5 puntura.

III. 3 urtetik behera: 0 puntu.

c) Gizarte eta kulturaren aldetik ahul dauden ikasleak eskolatzea. 5 punturekin baloratuko dira egoera ahulean dauden ikasleen portzentajea ikastetxean eskolatutako ikasleen guztizkoarekin alderatuz gutxienez %40koa duten ikastetxeak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak emandako datuen arabera (gehienez 5 puntu).

7. oinarrian ezartzen den bezala, dirulaguntza ezberdinak eska daitezke, esku-hartze moten arabera, eta, kasu horretan, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira. Esku-hartze bakoitzaren puntuazioa lortzeko, kapitulu honen a), b) eta c) azpiatalak batuko dira.

Ikastetxe bakoitzak guztira lortzen ahal duen gehieneko dirulaguntza 60.000 eurokoa izanen da.

Ikastetxe baterako aurkeztutako eskaera guztiei guztira emandako dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, lehentasuna puntuazio altuena duten jarduketei emanen zaie, gehieneko zenbatekoa esleitu arte.

Lortutako guztirako puntuazioan berdinketarik izanez gero, lehentasuna 2019-2020 ikastetxean matrikula handiena izan duen ikastetxeari emanen zaio.

9.–Ebaluazio Batzordea.

Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lana eginen duena, Obra Ataleko burua eta Hezkuntza Departamentuko Obra Ataleko teknikari bat.

10.–Deialdia ebaztea.

Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 8. oinarriko baremoak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko kontsignazioa agortu arte.

Laguntzak eman eta jakinarazi ondoren, uko egiten bazaie edo frogatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen da lehenik, baldin eta behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio.

Bigarrenik, lehentasunen hurrenkeran, onetsita egon arren aurrekontuan diru nahikorik ez egoteagatik diruz lagundu ezin izan diren eskarietarako, betiere obrak 2020ko urriaren 1a baino lehen bukatu badira eta dagokien gastua 2020ko urriaren 20a baino lehen justifikatu bada.

Dirulaguntzak ematea eta eskaerak ezestea Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebatziko du, aurrez Ebaluazio Batzordeak proposaturik. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo bi hilabetean emanen du. Emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

11.–Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza hauen ordainketa 2020ko gastuen aurrekontuetan horretarako gaitzen den “Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 partida baliokidearen kargura eginen da, modu hauetako batean:

1. Ordainketa bakarra obrak bukatzen direnean.

2. Ordainketa partzialak, eskema honen arabera:

–%25, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusitako aurrekontuaren %25 gainditu dutenean.

–%50, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusitako aurrekontuaren %75 gainditu dutenean.

–Gainerako %25a, obrak bukatutakoan, justifikatu ondoren.

Ematen diren kopuru horiek jasotzeko nahitaezkoa izanen da obra horiek 2020ko urriaren 1a baino lehen bukatzea, eta frogagiriak 2020ko urriaren 20a baino lehen aurkeztea.

Dirulaguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko agiriak:

1. Ordainketa bakarraren ordainketa tramitatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak.

b) Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak eta enpresa adjudikaziodunak sinatua.

c) Egindako ordainketaren frogagiria.

d) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, obrak funts berekien bidez (edo bestelako dirulaguntzen edo baliabideen bidez) finantzatu direla dioena, non agertuko baitira zenbatekoak eta funtsen jatorria eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko erabakia (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).

e) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, esaten duena Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla.

f) Onuradunak azpikontrataziorik egin duen edo ez azaltzen duen adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan eta deialdi honen 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

g) Publizitate betebeharrak bete izanaren adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

h) Harrera-akta, zuzendaritza fakultatiboak sinatua, halakorik badago, baita jabetzak (udalak edo kontzejuak) eta enpresa adjudikaziodunak sinatua ere, edo, hala ezean, Udalak emandako agiria, obrak bukatu direla ziurtatzen duena.

2. Ordainketa zatikatua tramitatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) %25eko eta %50eko ordainketaren kasuan, zuinketa-akta aurkeztu beharko da, zuzendaritza fakultatiboak, halakorik badago, jabeak (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikaziodunak sinatua, edo, hala ezean, Udalak emandako agiria, obrak hasi direla ziurtatzen duena. Horrez gain, aurreko puntuko a), b), c), d), e), f) eta g) apartatuetan adierazitako agiriak ere aurkeztu beharko dira.

b) Gainerako %25a ordaintzeko, a, b), c) eta h) apartatuetan adierazitako agiriak.

12.–Onuradunek bete beharrekoak.

12.1. Obrak gauzatzea.

Obren finantzaketaren publizitatea eginen da, obretan publizitate kartela jarrita, finantziazioa publikoa dela adierazteko.

Entitate onuradunek dirulaguntzaren xede diren obrak osorik egiteko azpikontratazioa egin dezakete hirugarrenekin. Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

2020ko uztailaren 30a baino lehen, dirulaguntza jaso duten obretarako, zuinketa-akta aurkeztu beharko da, obrak hasi direla justifikatzeko; bestela, obren hasiera atzeratzeko eskaera aurkeztu beharko da, eta hori organo eskudunak onetsi beharko du. Data horietako batean (2020ko uztailaren 30a edo baimendutako atzerapenaren data) obren hasieraren berririk ez badago, ulertuko da eskaeran atzera egin dela, eta halaxe jakinaraziko zaie behar diren ondorioetarako.

Kanpoko inguruabarren eraginez obrak ezin badira egin, toki entitateak aipatu zerbitzuari adierazi beharko dio espresuki uko egiten diola dirulaguntzari, edo diruz lagundutako obra epearen barnean ez egiteko arrazoiak azaldu.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.

12.2. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

13.–Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak direnak, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa sartu gabe.

Deialdi honen kargura jasotako ekarpena, beste erakunde publiko edo pribatuetatik datozen laguntzei gehituta, inbertsioaren kostu osoa baino handiagoa bada, lehenbizikoa murriztuko da, kostu horrekin bat etorri arte.

14.–Ikuskapen bisitak.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzen uztera eta eskatzen zaizkien obrei buruzko agiriak ematera.

15.–Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo dirulaguntzaren helburua aldatzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.

Formazko alderdiak bete ezean, baliteke dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak bete ezean, berriz, baliteke dirulaguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.

Nafarroako toki entitateei ordaindutako dirulaguntzak itzuli behar direnean, itzuli beharreko kopurua banaketa kontuan kargatu ahalko da.

Iragarkiaren kodea: F1915923