91. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34E/2019 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuetarako dirulaguntzaren deialdia onesten duena 2019rako. DDBN identifikazioa: 449322.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen iritziz, enpresek haien jarduerek gizartean eragin positiboa izan dezaten kontuan hartzen dituzten ekintzen multzoa da enpresaren gizarte-erantzukizuna. Jarduera horiek enpresaren printzipioak eta balioak berresten dituzte, bai bere metodo eta barne prozesuetan, bai gainerako jarduleekin dituzten harremanetan. EGEa borondatezko ekimena da.

Administrazio publikoek, gizarte-erantzukizunak enpresen lehiakortasunean eta, oro har, gizartean duen eragin positiboa ikusita, beharrezkotzat jotzen dute hura sustatzeko politika publikoak egitea.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak honako eskumen hau du, besteak beste: “enpresaren gizarte-erantzukizuna sustatzea eta koordinatzea [...]”, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren 8.y) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Horregatik, deialdi honen xedea laguntza ematea da Nafarroako Foru Komunitatean gizarte-erantzukizuna sustatu eta ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuetarako dirulaguntzaren deialdia onestea 2019. urterako.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 420.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastu-aurrekontuko “Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuak” izeneko 810012-81500-4819-494102 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea):

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494102: Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuak

2019

420.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko apirilaren 12an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Europako Batzordearen arabera, gizarte-erantzukizuna “enpresen erantzukizuna da, gizartean duten eragina dela eta”. Gizarte-erantzukizuna guztiz bereganatzeko, enpresek haien enpresa-estrategian sartu behar dituzte, legeak eskatzen duenaz haratago, gizarte, ingurumen eta ekonomia arloko alderdiak hobetzeko behar diren jarduketak.

Deialdi honen laguntzek jarduketak edo esperientzia pilotuak abiarazten dituzten proiektuak finantzatzen dituzte, hiru alderdietako batekin lotura badute, Nafarroako enpresek lehiakortasun, jasangarritasun, gardentasun eta gobernamendu maila altuagoak izan ditzaten.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntzen onuradun izan daitezke irabazi asmorik gabeko elkarte eta federazioak eta enpresak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala Nafarroan izatea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

d) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

e) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, edo zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Orobat, eskatzaileek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. 1. apartatuko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, eta bertan baimena emanen zaio Lan Zerbitzuari adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuek jasoko dute dirulaguntza, 2019ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte gauzatzen badira.

2. Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuek dirulaguntza jasotzeko, enpresek Nafarroan izan behar dute lantokia, eta kategoria hauetako batean garatuko dira:

a) Parte-hartze bidezko kudeaketa: enpresak lehian kokapen hobea izateko neurrietan, langileek diseinuan eta ezarpenean parte hartzea.

b) Antolakundearen kudeaketaren berrikuntza.

c) Zuzendaritzako goi eta erdiko karguek altuak eta ertainak langileen/oinarrizko lanpostuen ezagutza praktikoa izan dezala sustatzea.

d) Lan baldintzei arreta jartzea, lan giro ona izateko.

e) Langileak mantentzea enpresaren digitalizazioaren aurrean.

f) Harreman-gaitasunak interes-talde nagusiekin.

g) Enpresa-etika eta gardentasuna (kode etikoak...).

h) Ekonomia zirkularra.

i) Irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateak: aurreko praktikak Nafarroako enpresetan ezartzeko sustapena edo aholkularitza.

3. Xede bakartzat sentsibilizazioa eta/edo aholkularitza duten proiektuek bere baitan bildu beharko dute ikasitako edukiak martxan jarri direla erakusten duen esperientzia, inpaktuaren eta emaitzen adierazleekin.

4. Dirulaguntza honen xedeko proiektuen edukia ezin da izan InnovaRSE metodologiaren edozein fase ezartzea.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek jaso dezakete dirulaguntza, betiere 2019ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean fakturatzen badira:

a) Proiektua zuzenean gauzatzera bideratzen diren langileen gastuak, hartan diharduten bitartean.

b) Proiektuko ekintzak gauzatzeko aipatu langileen joan-etorrien gastuak, dagokion nominaren bidez ordainduko direnak.

c) Aurkeztutako proiektuko ekintzekin zerikusia duten edukiak hedatzea. Hedapen horretan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

d) Kanpo enpresak edo aholkulariak kontratatzeko gastuak, aurkeztutako proiektuaren esparruan: gastuaren %100era arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aipatzen diren mugak kontuan harturik.

Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

2. Ez dira diruz lagunduko:

a) Entitateen publizitaterako egindako gastuak, publizitate horrek aurkeztutako proiektuaren edukiarekin loturarik ez badu.

b) Lokalak alokatzeko gastuak eta hornidura-gastuak (ura, argia, gasa, telefonoa...).

c) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).

3. Bigarren oinarrian aipatutako enpresa pribatuek, seigarren oinarriko balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren ondoren, ezin izanen dute, inolaz ere, dirulaguntza finantzatzen duen partidan dagoen aurrekontuaren %40 baino gehiago lortu.

4. Irabazi asmorik gabeko entitate edo enpresa pribatu bakoitzari proiektu bakar bat lagunduko zaio diruz.

5. Hauxe da dirulaguntzaren zenbatekoa:

a) Proiektuaren kostu osoaren %100, hura 25.000 eurokoa edo gutxiagokoa bada.

b) Proiektuaren kostu osoaren %90, hura 25.001 eta 50.000 euro artekoa bada.

c) Proiektuaren kostu osoaren %75, hura 50.000 eurotik gorakoa bada.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektua, alderdi teknikoak eta ekonomikoak behar bezala arrazoituta, laguntzen fitxan deskargatu daitekeen ereduaren araberakoa.

b) Eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, proiektuak 6. oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera baloratzeko.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira proiektuak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuaren kalitate teknikoa: 55 puntu.

I.–Proiektuaren izena eta deskribapena (10 lerro gehienez). 10 puntu.

II.–Proiektuaren helburuak. Helburuak berariazkoak, neurgarriak, errealistak eta proiektuaren iraupenerako mugatuak izanen dira. 10 puntu.

III.–Ekintza plana: helburuak lortzeko garatu gogo diren ekintzen deskripzioa eta kronograma. 20 puntu.

IV.–Proiektuaren jarraipenerako eta ebaluaziorako adierazleak, lortu beharreko emaitzak baloratzeko. 15 puntu.

b) Metodologia propio baten titulartasuna, 3. oinarriko kategorietako bat lantzeko. 10 puntu.

c) 5 urte arteko esperientzia Nafarroan lantokia duten enpresetan aipatu metodologia prestatzen eta aplikatzen. 10 puntu.

d) Talde sustatzailearen eta kanpo taldearen egokitasuna (curriculum vitae-a, kanpo taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, taldekideen kopurua eta gaikuntza). 5 puntu.

e) Proiektuaren aplikazio praktikoa gutxienez 10 langile dituzten Nafarroako 4 enpresatan edo gehiagotan. 5 puntu.

f) Parte hartzen duten enpresek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun proiektuekin duten konpromisoa:

I.–Berdintasun plana eta eskumena duen entitateak hori dela-eta emandako ziurtagiri eta aintzatespenak, indarrean badaude. 4 puntu arte.

II.–Enpresak berdintasuna lortzeko ezarritako praktikak, behar bezala egiaztatuz gero (erantzukizun partekaturako eta familia eta lana bateragarri egiteko neurriak izatea; web-orrian eta enpresa zabaltzeko edo sustatzeko iragarki eta dokumentuetan hizkera eta irudi ez-sexista erabiltzea; jazarpen sexualaren kasuetarako protokoloak). Puntu 1 arte.

g) Memoria ekonomikoaren eta aurrekontuaren kalitatea eta xehetasunak. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu behar da eta azaldu zein den haien zerikusia proiektuko ekintzekin; langileen zeregin teknikoak, kanpoko kolaborazioen parte-hartzea eta zabalkunde gastuak (komunikazio, marketin edo publizitate plana): 10 puntu.

3. Gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak ezin izanen dira onuradun izan.

4. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuaren edukia kontuan hartuta erabakiko da, 3. oinarriko kategorien ordenaren arabera. Berdinketak badirau, aipatutakoen artean kategoria gehien jorratzen dituzten proiektuek izanen dute lehentasuna. Berdinketak badirau, 6. oinarri honetako b) eta c) irizpideetan (ordena horrexetan) lortutako puntuak kontuan hartuko dira. Hala eta guztiz ere berdinketak jarraituz gero, hurrengo letretan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, a) letratik hasita, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Lan Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek 2019ko azaroaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute proiektuaren %100; horretarako; agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikaren bidez, laguntzen fitxatik:

a) Memoria teknikoa, non justifikatzen baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua.

b) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen zerrenda, laguntzen fitxan deskargatu daitekeen ereduari jarraikiz.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera xehakatuak, eta haien ordainagirien zerrenda, laguntzen fitxan deskargatu daitezkeen ereduei jarraikiz.

–Fakturak eta ordainagiriak, zeinak dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko baitute.

c) Baldin eta onuraduna salbuetsita badago Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) ordaintzetik edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.

d) Bestelako dokumentazioa.

2. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera ez-sexistan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Proiektuaren exekuzio teknikoa osorik edo zati batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza gutxitu ahalko da, era honetan:

a) Proiektuko ekintza edo produktuetako bat gauzatzen ez bada edo kalitatea eskaeran aurreikusitako adierazleekin bat ez badator, emandako laguntzaren %20ra bitarte murriztuko da.

b) Bete ez dena proposatutako ekintzen %60 baino gehiago bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza hiru ordainketetan pagatuko da: lehenbiziko biak konturako ordainketak izanen dira, eta hirugarrena, justifikatutako kantitatea osatzeko geratzen den zenbatekoa izanen da.

2. Konturako lehen ordainketa dirulaguntza ematen den unean berean eginen da, eta emandako kantitatearen %25 izanen da. Konturako bigarren ordainketari dagokionez, emandako zenbatekoaren beste %25 izanen da; onuradunak eskatu beharko du 2019ko uztailaren 31 baino lehen, eta ordu arte proiektuan gauzatu diren jardueren memoria bat gehituko dio eskaera horri. Hirugarren ordainketa 2019ko azaroaren 30era bitarte aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren eginen da. Frogagiriak egiaztatuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio hirugarren ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–’’De minimis” laguntza.

Deialdi honetako 2. oinarrian aipatzen diren enpresa pribatuentzako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateei ematen zaizkien dirulaguntzak ez dira “de minimis” laguntzatzat hartuko.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1905470