91. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

22E/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Garapen Ekonomikorako Departamentuko kontseilariak emana, Orhipean: Otsagabiko bizibide eta usadioak izeneko festa Nafarroako Foru Komunitateko Interes Turistikoko Festa deklaratzen duena.

Otsagabiko Udalak eskaera egin dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari Orhipean: Otsagabiko bizibide eta usadioak izeneko festa Nafarroako Foru Komunitateko Interes Turistikoko Festa deklara dezan. Eskaerarekin batera, haien interes turistikoaren berri ematen duen dokumentazioa aurkeztu du.

Abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean festa bat interes turistikoko festa deklaratzeko prozesua arautzen da. Foru dekretuan, bestalde, festak berak ere arautzen dira, ikuspuntu turistikotik, eta “Nafarroako Interes Turistikoko Festa” izendapena sortu.

Honakoa hartuko da Nafarroako Interes Turistikoko Festatzat: Nafarroako herri-tradizioan nabarmen errotutako festa, gertakaria edo adierazpena, Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen dena, eta, bertako kulturaren berezko balioak adierazteaz gain, Nafarroako baliabide edo produktu turistiko gisa garrantzi berezia izan eta Nafarroako turismoa aupatzen laguntzen duena.

Orhipean festak XX. mende hasierako Otsagabiko eguneroko bizitza birsortzen du, herriaren nortasunaren parte diren Nafar Pirinioetako antzinako bizibideak eta usadioak ezagutzera emateko. Halaber, jai- eta kultur-jarduerak egiten dira. Bizibide eta usadio horiek, berezitasun propioak badituzte ere, Foru Komunitateko landa eremuen zati handi batean aurkitzen ahal dira; ondorioz, bereziki interesgarria da festa hori “Nafarroako Interes Turistikoko Festa” deklaratzea.

Festa hori 2003an sortu zen, Orhipean - Bizibideak eta Usadioak elkartearen (egungo antolatzailearen) eta Otsagabiko Udalaren ekimenez. Sortu zenetik, helburu nagusia eskualdeko kultur ondare aberatsa berreskuratuz Otsagabia eta Zaraitzu Ibarra turistikoki sustatzea izan da. Asteburu batez, gaur egun ia galduta dauden bizibideak erakusten dizkiguten artisauak lanean ikusteko eta ehun urtetik gorako usadioez gozatzeko aukera dago. Urtero ospatzen da, abuztuko azken asteburuan.

Espedientean Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak igorritako aldeko proposamena agertzen da. Bertan adierazten da Otsagabiko Udalak Interes Turistikoko Festa deklaratzeko eskaera osatu zuela 2018ko azaroaren 8an, eta eskaera horrek abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela. Bestalde, azpimarratzen da aipatutako festak Nafarroako balioen eta herri-usadioen garapenari ekarpen nabarmena egiten diola, gure baliabide turistikoak ezagutzera emanez eta, horrenbestez, Nafarroako turismoaren garapena eta hedapena sustatuz, 8. artikuluan adierazitako balioespen-irizpideen arabera.

Orobat, 2017ko abenduaren 26an Nafarroako Turismo Kontseiluak emandako txostena dago, hori ere aldekoa.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Interes Turistikoko Festen adierazpena arautzen duen abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren 9.1 artikuluaren bidez esleituak ditudan eskumenez baliaturik,

AGINDU DUT:

1. Orhipean: bizibideak eta usadioak izeneko festa Nafarroako Foru Komunitateko Interes Turistikoko Festa deklaratzea.

2. Halaber, Nafarroako Interes Turistikoko Festen erregistroan inskribatzea, UFITNA22 kodearekin.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen, eta interesdunek, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean, inola ere galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko martxoaren 11n.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1904954