90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

140E/2019 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira. Dirulaguntza horien xedea da ekonomia sozialeko enpresa eredua sustatzea, epe mugagabe baterako bazkide-langile berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialeko bihurtuz. DDBN identifikazioa: 444539.

Garapen jasangarrirako 2030 Agenda 2015eko irailaren 25ean onartu zen, eta esaten du partaide diren herrialde guztiek ekonomia dinamikoak, jasangarriak, berritzaileak eta pertsonengan zentratuak eraiki beharko dituztela. Kooperatibek hazkunde ekonomiko jasangarrian eta enplegu egonkorrean nahiz kalitatekoan laguntzen dute. G20ko herrialdeen barruan, enplegu kooperatiboak biztanle landun guztien %12 biltzen du. Ekonomia sozialaren eginkizuna estatuko araudian aitortuta dago, estatuaren politiketan jasotzen da, eta autonomia erkidegoen enplegu politika aktiboen parte bat da. Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak ekonomia sozialaren interes orokorra aitortzen du, eta botere publikoei eskatzen die hura susta eta zabal dezatela.

Ekonomia sozialak garrantzi handiagoa du autonomia erkidego batzuetan bestetzuetan baino, eta Nafarroa aurrenekoen artean dago, enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzen eta mantentzen laguntzen baitu, batez ere krisialdi ekonomikoetan. Enpresa horiek lurraldearekin duten loturaren ondorioz, bai eta enplegu solidario eta inklusiboaren alde egitearen ondorioz ere, bereziki garrantzitsua da horien garapena laguntzea.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ekonomia Sozialaren 2017-2020ko Plan Integrala onartu zuen 2017ko maiatzaren 22an egindako bilkuran. Planak bost ildo estrategiko ditu: enplegu jasangarria eta kalitatekoa; berrikuntza soziala; enpresa garapena; gobernamendu parte-hartzailea; eta garapen sektoriala. Bost ildo horiek, nagusiki, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gidatzen dituzte, baina beste departamentu batzuek ere parte hartzen dute.

Ekonomia sozialeko enpresa ereduak eskatzen du, dela lan elkartuko kooperatibetan dela lan sozietateetan, enpresako langile gehienak bazkide-langileak izatea.

Askotakoak izan daitezke bazkide horiek enpresa horietan sartzeko kasuak: alde batetik, enpresa gazteetan eta hazten ari diren enpresetan, bazkide-langile berriak sartzeak bide ematen du kalitatezko enplegu gisa finkatzeko sortzen den enplegua, eta, beste aldetik, enpresa zaharrago batzuetan, belaunaldiak berritzeko premiak direla eta, bazkide-langile berriak sartu behar dira ereduak segida izanen duela bermatzeko. Gainera, azken urte hauetan ikusi da zenbait enpresa bideragarrik, ekonomia sozialeko eredukoak izan gabe, ez dutela ondorengorik negozioari segida emateko, eta, hortaz, aukera bat da haietako langileentzat, langabezian ez bukatzeko, enpresa ekonomia sozialeko bihurtzea eta, horrenbestez, langileak bazkide-langile gisa sartzea.

Edonola ere, urteak joan urteak etorri, agerian gelditu dira zenbait traba bazkide berri horiek sar daitezen. Horrek ekonomia sozialeko ereduaren jarraipena arriskuan jar dezake, baita enpresaren proiektuaren beraren jarraipena ere. Traba handienetakoa da pertsona fisikoen ahalmen ekonomiko apala nahitaezko ekarpenak egiteko, beharrezkoak direnak bazkide-langilearen izaera eskuratzeko. Hori dela eta, deialdi honek halako pertsonentzat arautzen dituen dirulaguntzek sostengu argia ematen dute ekonomia sozialeko eredua finkatzeko. Izan ere, frogaturik dago krisialdi ekonomikoetan ere enplegua sor dezakeela, politika publikoen beharrezko laguntzarekin, eta, hortaz, estrategikoa dela gure Komunitatearen hazkunderako.

Orain arte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 14ko 2013/2015 Ebazpenak arautzen zituen oinarri hauetan xedatutako dirulaguntzak.

Oinarri horiek azken urteotan aplikatu izan dira, eta zenbait aldaketa behar dituzte. Horrenbestez, bidezkoa da haiek ondoriorik gabe uztea eta oinarri berriak onestea.

Nafarroako Gobernuak, 2018ko azaroaren 28an egindako bilkuran, erabaki du Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea banakako ebaluazioaren araubidean dirulaguntzak eman ditzan ekonomia sozialeko enpresa eredua sustatzeko, bazkide-langile edo lan-bazkide berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialeko bihurtuz; izan ere, sistema hori egokiagoa da laguntza horientzat, non dirulaguntzaren egitate sortzailea kasu guztietan bera baita.

Azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 14ko 2013/2015 Ebazpena ondoriorik gabe uztea, zeinaren bidez arautzen baita dirulaguntzak ematea ekonomia sozialeko enpresa eredua sustatzeko, epe mugagabe baterako bazkide-langile berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialeko bihurtuz.

2. Honako xede hau duten dirulaguntzen deialdia onestea: ekonomia sozialeko enpresa eredua sustatzea, epe mugagabe baterako bazkide-langile berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialeko bihurtuz. Halaber, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean jasotzen baitira.

3. 300.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastu-aurrekontuko “Enpresaburuen ondorengotzarako laguntzak ekonomia sozialeko enpresetan” izeneko 950001 96100 7709 241202 partidaren kargura.

4. Lehenik, partida horren kargura erantzuna emanen zaie 2018ko dirulaguntzen deialdian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei. Deialdi hori urriaren 14ko 2013/2015 Ebazpenak arautzen zuen, orain ondoriorik gabe uzten den horrek, alegia; eta dirulaguntzen xedea zen ekonomia sozialeko enpresa eredua sustatzea, bazkide-langile edo lan-bazkide berriak sar zitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialeko bihurtuz.

5. Ebazpen honek ondorioak izanen ditu 2018ko azaroaren 1etik aurrera lan sozietate batean edo lan elkartuko kooperatiba batean lanean hasi direnentzat, bazkide-langile gisa sartu badira, epe mugagabe baterako.

6. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta, hortaz, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da haren aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2019ko martxoaren 15ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. Xedea eta jarduteko eremua.

Ebazpen honek helburu du dirulaguntzak arautzea ekonomia sozialeko enpresa eredua sustatzeko, bazkide-langile berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialeko bihurtuz.

2. Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarria izanen da lan elkartuko kooperatiba batean edo lan sozietate batean epe mugagabe baterako bazkide-langile gisa sartzeko pertsona batek egin beharreko diru ekarpena, baldin eta haren helbide fiskala eta lantokia Nafarroako Foru Komunitatean badaude.

2. Aurrekontu ekitaldi bakoitzaren kargura erantzunen dira eskaerak, epe mugagabe baterako bazkide-langile gisa sartzeko xedez iazko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31ra egindako ordainketei dagozkienak.

3. Dirulaguntzaren onuradunak eta betebeharrak.

1. Honako hauek izanen dira dirulaguntzaren onuradunak:

a) Bazkide-langile berriak sartzea lan sozietateetan eta lan elkartuko kooperatibetan, haiek gutxienez duela urtebete abian jarri baziren, enpresak Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta eman zuen egunetik hasita:

–Lan sozietateetan eta lan elkartuko kooperatibetan sartzen diren pertsona fisikoak, epe mugagabe baterako sartzen badira bazkide-langile gisa.

–Denbora mugatuko bazkide-lotura duten bazkide-langileak, baldin eta epe mugagabe baterako bazkide-langile izaera eskuratzen badute lan elkartuko kooperatibetan.

b) Enpresak ekonomia sozialeko bihurtzea:

Enpresa batean lanean ari diren pertsona fisikoak, baldin eta, enpresa hori lan sozietate edo lan elkartuko kooperatiba bihurtzean, epe mugagabe baterako bazkide-langile izaera eskuratzen badute.

2. Pertsona onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

c) Dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo baten bidez zigortuak ez izatea.

d) Bazkide-langile berriak sartzen diren kasuetarako, izaera hori eskuratu aurreko bi urteetan enpresan epe mugagabe baterako bazkide-langile gisa edo izaera orokorreko bazkide gisa aritu ez izana.

e) Eraldaketa kasuetarako: eraldatu nahi den enpresaren plantillakoa izatea.

Ekarpen ekonomikoa noiz egin zen, egun hori hartuko da erreferentziatzat betebeharrak betetzen ote diren egiaztatzeko.

Dirulaguntza eskaeran zenbait ekarpen ekonomiko sartu badira, azkeneko ekarpenaren data hartuko da erreferentziatzat betebeharrak betetzeari eta eskaera aurkezteari begira, 2. oinarriko 2. atalean ezarritakoa kontuan hartuz.

Epe mugagabeko bazkide-langile izaera eskuratzea; bazkide berriak ekarpen ekonomikoa egitea, dirulaguntza eskaeraren xede dena; eta dirulaguntza eskaera aurkeztea; prozedura horiek guztiak 2. oinarriko 2. atalean adierazitako epearen barnean burutu beharko dira.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa ekarpen ekonomikoaren %30 izanen da, eta, gehienez ere, 6.000 euro.

Nolanahi ere, inork ezin izanen du dirulaguntza bat baino gehiago jaso enpresa berean egindako ekarpenengatik.

2. Eskatzaileak langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean kapitalizatu baldin badu bazkide-langile bihurtzeko behar den diru ekarpena finantzatzeko, bi kantitate horien arteko aldea hartuko da kontuan dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko.

3. Jartzen den zenbatekoak gutxienez ere 3.000 eurokoa beharko du izan. Langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean kapitalizatuz gero, enpresari egindako diru ekarpenaren eta zenbateko kapitalizatuaren arteko aldeak gutxienez ere 3.000 eurokoa izan beharko du.

4. Partikularren arteko salerosketa baten bidez eskuratzen bada enpresako partaidetza, honako hau hartuko da kontuan dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Bazkide berriak ordaindutako zenbatekoa, enpresak justifikaturiko partaidetzaren balio nominala bezainbeste edo gutxiago bada.

b) Enpresak justifikaturiko partaidetzaren balio nominala, egindako ordainketa hori baino handiagoa bada.

5. Eskaeren aurkezpena eta epeak.

1. Bazkide-langile gisa sartzeko ordainketa egiten den egunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta hilabetekoa izanen da, egun horretatik hasita, baldin eta gastu-baimena argitara eman bada. Gastu-baimenaren argitalpen ofizialik egon ezean, epea hilabetekoa izanen da, argitara eman eta biharamunetik hasita.

Betiere, urriaren 31n bukatuko da eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) dagokion fitxa erabiliz (deialdiaren fitxa).

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Halaber, eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak onartzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erakunde eskudunei informazioa eskatu ahal izatea, Ogasun Publikoarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.

2. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

6. Eskaerek bete beharreko baldintzak.

1. Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eskaera, behar den bezala beteta.

b) Eskatzaileak erantzukizunpean egindako adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere ez izatea adieraziz.

c) Hala behar bada, ziurtagiri bat, zeinak frogatuko baitu ez dela aritu epe mugagabe baterako bazkide-langile gisa edo izaera orokorreko bazkide gisa sozietatean sartu aurreko bi urteetan.

d) Bazkide-langile bihurtu dela frogatzeko, honako agiri hauetako bat aurkeztu beharko da: bazkideen liburuko orrialdeen fotokopia, sozietatearen kapitalerako diru ekarpenen fotokopia, eskritura publikoarena edo baliokide den agiri batena.

Denbora mugatuko bazkide-langile batek izaera mugagabea eskuratzeko eskatzen badu dirulaguntza, zuzendaritza kontseiluaren erabakia eta sozietate kontratua aurkeztu beharko dira, aldaketa hori jasoko dutenak.

e) Hala behar bada, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean pagatzeko ebazpenaren kopia.

f) Dirulaguntzaren xede diren ekarpen ekonomikoak egin izana frogatzen duten banku-ordainagiriak, honako hauen arteko trazabilitatea egiaztatuta: eskatzailea, hura bazkide gisa hartzen duen enpresa edo enpresaren partaidetza hori eskualdatzen duen pertsona, eta haiei dagozkien banku-kontuak.

Partikularren arteko salerosketa baten bidez eskuratzen bada enpresako partaidetza, enpresak eskualdaketa hori frogatzeko emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, hartan zehaztuta zenbat partaidetzari dagokion eta zer balio nominal duten.

g) Bazkide-langilearen erroldatze-ziurtagiria, epe mugagabe baterako bazkide-langile gisa hasten den unekoa.

h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.

2. Edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak edo administrazioak berak emandakoak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zein administrazio organori zuzendurik aurkeztu zituen agiri horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikoak erabiliz eskuratuko ditu, salbu eta interesdunak berariaz kontra dagoela adierazten badu. Kasu horretan, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, aurkez ditzan eskatzen ahalko dio berriz interesdunari.

7. Prozeduraren instrukzioa.

Prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

8. Prozeduraren gaineko ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, hiru hilabeteko epean gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori iragaten bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

Dirulaguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea onuradunen datuak argitaratzearekin (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.), eta baimena ematea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari beharrezko egiaztapenak egiteko, eginbeharrak betetzen direla ziurtatzeko.

9. Onuradunen betebeharrak.

Oro har, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

b) Jarduketa egin dela frogatzea, eta dirulaguntza ematean eta horren gaineko ebazpenean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.

c) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.

d) Onuradunak bere gain hartuko du enpresan bazkide-langile gisa egoteko betebeharra, gutxienez bi urtez eta etenik gabe, dirulaguntza ematen den egunetik, enpresan sartzeko egindako ekarpena mantenduz. Baja emanez gero edo dirulaguntza lortzea ekarri zuen diru ekarpena gutxituz gero, horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, gehienez hilabeteko epean.

Orobat, enpresak bi urteko epean mantendu beharko du lan elkartuko kooperatibaren edo lan sozietatearen izaera juridikoa.

10. Dirulaguntza ordaintzea.

Interesdunak dirulaguntzaren oinarri den jarduketa justifikatu ondoren eman eta ordainduko da dirulaguntza, hori guztia Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatu ondoren.

11. Jarraipena eta kontrola.

Onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak; bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak; Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak; eta legez bidezko diren gainerakoak.

12. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntzekin. Edozein kasutan, haien zenbatekoa ez da izanen egindako ekarpenaren %100 baino handiagoa.

13. Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Bazkide-langileak enpresan baja hartzen badu enpresan egoteko oinarri hauetan eskatzen den denboraren %60 edo gehiago bete delarik, itzulketa partziala eskatuko da; hots, eskatutako epea osatzeko falta den denborari dagokion zatia itzuli eta berandutze-interesak ordaindu beharko dira. Hala ere, baja gertatzen bada baliaezintasun absolutuaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz, ez da berandutze-interesik ordaindu beharko, 35.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Enpresan emandako epea aipatu %60tik beherakoa bada, dirulaguntza osorik itzuli beharko da, eta berandutze-interesak ordaindu. Hala ere, baja gertatzen bada baliaezintasun absolutuaren, baliaezintasun handiaren edo heriotzaren ondorioz, ez da berandutze-interesik ordaindu beharko, 35.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Dirulaguntza lortzea ekarri zuen diru ekarpena gutxitzen bada dirulaguntza eman ondoko bi urteetan, itzulketa partziala eskatuko da, emandako dirulaguntzaren eta murrizketaren ondoriozko ekarpenarengatik dagokionaren arteko aldea itzuli beharko baita. Zenbateko horri berandutze-interesak gehituko zaizkio.

14. Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

15. Publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Nafarroako Enpleguaren atarian jarriko ditu jendaurrean emandako dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

16. Arau osagarriak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

17. Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haiek aplikatzean ematen diren administrazio-egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita. Aurkaraturiko egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1903847