85. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Udal ordenantza, Administrazio elektronikoaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2018ko urriaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Administrazio elektronikoaren erabilera arautzen duen udal ordenantza

Iragarkia 2018ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 15ean, eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Eritze Atetzen, 2019ko martxoaren 15ean.–Alkatea, Ezekiel Martin Muxika.

UDAL ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Hainbat aldaketa teknologiko oso esanguratsu izan da azken urteotan, eta horrek teknologia berrien eta telekomunikazioen oldarra ekarri du. Administrazio publikoei dagokienez, aldaketa horiek ekarri dute aipatu teknologiak haien eguneroko funtzionamenduan sartu beharra, bai barneko ikuspuntutik bai administrazio publikoarekin harremanetan jartzen den herritarrari begira.

Gure ordenamendu juridikoak horri buruzko aginduak jaso ditu, pixkanaka. Hartara, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 45. artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio publikoek honako hau dute betebehar: “teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera eta aplikazioa bultzatzea”, beren jarduera garatzeko eta beren eskumenak betetzeko.

Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak 70. bis artikulua erantsi zuen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean. Artikulu horren 3. apartatuak agindu bat jasotzen du, batik bat udalerriei zuzendua, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera elkarreragilea bultzatzeko, bizilagunen parte hartzea eta haiekiko komunikazioa erraztearren, dokumentuak aurkeztearren, eta administrazio-izapideak, inkestak eta, hala badagokio, herri galdeketak egitearren.

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen bidez, herritarrei aitortzen zaie administrazio publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea, eta administrazio publikoak behartzen dira informazioaren teknologiak erabiltzera lege honetan ezarritakoarekin bat, betiere segurtatuz bere eskumenen barnean kudeatzen diren datu, informazio eta zerbitzuen eskuragarritasuna, irisgarritasuna, osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen arautze berria urrats erabakigarria da Administrazio modernoa eta informazioaren gizartean erabat integratua lortzeko bidean. Paradigma berri bat proposatzen du herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanetarako, komunikabide elektronikoen erabilera izanda horren erregulazioaren oinarri.

Legezko xedapen honen ardatz nagusia da onartzea herritar guztiek dutela eskubidea Administrazio Publikoekin harremanak baliabide elektronikoen bidez izateko, eta hauek behar bezala egokitu beharra daukatela, eskubide hori eskatzen diren berme guztiekin gauzatzeko.

Atezko Udalak, bere kabuz antolatzeko eta erregelamenduak egiteko duen ahalmena erabiliz, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak pertsonen eguneroko bizitzan aldaketa sakonak sortzen ari direla oharturik eta egungo arau-esparrua den Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako helburu eta printzipioak betetzeko, beharrezkotzat jotzen du ordenantza bat onestea udal honen esparruan administrazio elektronikoaren erabilera hori arautzeko, araudi berrian jasotako oinarrizko alderdien barnean.

Halaber, ordenantza hau Udalbatzak informazioaren gizartea sustatzeko arloan bultzatutako estrategiaren gailurra da, eta baita aurrerapausoa ere, benetako administrazio elektronikoa pixkanaka ezar dadin; horrek, batez ere izan behar baitu irisgarria, erraza, erabilgarria, erosoa, arina, segurua, konfidentziala eta ingurune teknologiko berrietara egokitua.

Hori oinarri hartuta, beharrezko elementu eta zerbitzu guztiak ezartzen dira, herritarrek udal honekiko harreman guztietan bide elektronikoa erabil dezaten, administrazio prozedurak telematika bidez egiteko pixkanakako prozesua osatu arte.

Ordenantzak honako egitura du: bost titulu, hiru xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Atariko tituluan definitzen dira ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua, eta administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak.

Lehenbiziko tituluan jasotzen dira herritarraren eskubideak administrazio elektronikoari dagokionez, eta zerbitzu elektronikoetara sartzeko sistemak.

Bigarren titulua, ordenantzaren eduki nagusia jasotzen duena, administrazio elektronikoaren araudi juridikoari buruzkoa da; bertan, besteak beste, funtsezko alderdi hauek arautzen dira: Udalaren egoitza elektronikoa, haren edukia eta herritarren eskura jarri beharreko informazioa adieraziz, herritarren eta administrazio honen identifikazio-sistemak, Udalaren erregistro elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen betekizunak eta eraginkortasuna.

Hirugarren titulua agiri eta fitxategi elektronikoei buruzkoa da.

Laugarren tituluak beste administrazio publikoekiko harreman elektronikoak ditu xede.

Bosgarren tituluan administrazio prozedura elektronikoa arautzen da.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek baliabide elektronikoen erabilera arautzen du Atezko udal administrazioaren esparruan, herritarrek aukera izan dezaten Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aitortzen zaizkien eskubideak erabiltzeko; horretaz gainera, administrazio elektronikoa eraginkortasunez ezartzea ere arautzen du.

2. Horren ondorioz, hona hemen ordenantzaren xedea:

–Zehaztea administrazio elektronikoa Atezko Udalaren esparruan garatzeko beharrezko printzipio orokorrak, arlo honen gainean eskumena duen erkidegoko eta Estatuko legedian xedatuarekin bat.

–Ezartzea herritarraren eta udal administrazioaren artean baliabide elektronikoen bitartez ezartzen diren harremanak arautzeko eskubide eta betebeharrak.

–Arautzea baliabide elektronikoak erabiltzeko baldintzak eta horren ondorioak administrazio jardueraren eremuan eta, bereziki, administrazio prozedurak tramitatzean.

2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

1. Ordenantza aplikatuko zaie udal administrazioa osatzen duten organo eta langile guztiei, eta haren mendeko entitate eta erakundeei, zuzenbide publikoaren araubideari jarraikiz jarduten dutenei.

Atezko Udalak bultzatuko du ordenantza hau bete dezaten bere ordezkariak dauden erakunde eta entitate guztietan, administrazio ahalak gauzatzen dituztenean.

2. Herritarrei ere aplikatu ahalko zaie ordenantza (halakotzat hartuz pertsona fisiko eta juridiko guztiak), Atezko Udalarekin edo aurreko 1. apartatuan adierazitako entitate eta erakundeekin baliabide elektronikoen bidezko harremanak dituztenean, bai eta gainerako administrazio publikoei ere, Atezko Udalarekin harremanetan jartzean.

3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.

1. Ordenantza aplikatuko da udal administrazioak parte hartzen duen jardueretan, baliabide elektronikoen bidezkoetan, eta, zehatz-mehatz, hauetan:

–Herritarren eta udal administrazioaren arteko harreman juridiko-administratiboetan.

–Herritarrak udal administrazioaren eskuan dagoen informazio publiko administratiboaren eta datu administratiboen kontsulta egitean.

–Baliabide elektronikoen bidezko tramitaziora ekarritako administrazio tramite eta prozedurak egitean, ordenantza honetan ezarri bezala.

–Udal administrazioak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioaren trataeran.

2. Ordenantza honetan ezarritako printzipioak honako hauetan aplikatuko dira halaber:

–Udal administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen arteko baliabide elektronikoen bidezko harremanetan.

–Herritarren eta udal administrazioaren arteko komunikazioetan, administrazio-zuzenbideari ez lotuetan.

–Abisu eta gorabeherak jakinaraztean, kexak aurkeztean, iradokizunak egitean, udal organoei galderak egitean, eta berariaz arautu gabeko eskaera eta bestelako parte-hartzeetan.

II. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

4. artikulua. Administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak.

–Udal administrazio honen jarduketak, oro har, eta administrazio elektronikoa bultzatzeari buruzkoak, bereziki, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa bete beharko du, bai eta printzipio orokor hauek ere:

–Herritarrarendako zerbitzuaren printzipioa; izan ere, informazioa, tramiteak eta prozedurak administrazio elektronikoaren esparrura ekartzea sustatuko du, bere jarduera herritarrari hurbildu ahal izateko, eta interes orokorra lortzeko etengabeko hobekuntza bultzatuko du.

–Sinplifikazio administratiboaren printzipioa; izan ere, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna aprobetxatuko du, bereziki, garrantzizkotzat jotzen ez diren tramite eta jarduketak ezabatuz eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuz, aplikatu beharreko araudiaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz, administrazio jarduera eraginkorragoa izan dadin, betiere legezko bermeak izanik bere eginkizunetan.

–Baliabide elektronikoak bultzatzeko printzipioa; izan ere, pizgarriak ezarriko ditu herritarren artean baliabide elektronikoen erabilera bultzatzeko.

–Neutraltasun teknologikoaren printzipioa: ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko du, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren baliabide teknologiko egokienak.

–Elkarreragingarritasun printzipioa: elkarreragingarritasunaren estandarren erabilera bermatuko du eta begiratuko du erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta beste administrazioenekin, betiere irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabideen ekonomia. Udal administrazioak kode irekiko softwarearen erabilera sustatuko du administrazio elektronikoan.

–Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa. Zentzu horretan, herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna bermatuko ditu, datuen babesari buruzko araudian eta herritarren datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan. Bereziki babestuko dira herritarren datu pertsonalak eta udal administrazioa osatzen duten departamentu eta entitateek erabili behar duten informazio komuna; horiek datuak komunikatzeko betebeharra izango dute, informazio hori behar bezala dokumentatua eta eguneratua egon dadin.

–Gardentasunaren eta publizitatearen printzipioa: baliabide elektronikoak erabiltzerakoan prozeduraren jarduketa administratiboen ahalik eta zabalkunde, publizitate eta gardentasun handiena izaten lagunduko du, bai eta bere artxiboetan jasotakoa ere, bat etorriz gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin.

–Eraginkortasun, efizientzia eta ekonomia printzipioak, baliabide elektronikoak udal administrazioan ezartzean. Bereziki, honako irizpide hauei jarraituz egingo da:

–Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta horien erabilera.

–Zein populazio sektoretarako den.

–Zerbitzuaren prestazioarekin lor daitezkeen hobekuntzak.

–Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako antolakuntzarekin eta udal informazio sistemekin.

–Epeak eta erantzuteko denborak murriztea.

–Eskatzen den ahalegin teknikoaren, antolamenduzkoaren eta ekonomikoaren maila, eta lan-zamen banaketa eta barneko komunikazioen arrazionalizatzea.

–Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

–Lankidetzaren printzipioa: herritarrekiko zerbitzua eta kudeaketaren efizientzia hobetzeko helburuarekin, udal administrazioak hitzarmenak, akordioak eta kontratuak egingo ditu elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkide eta bezeroekiko harremana errazteko.

–Parte-hartzearen printzipioa: udal administrazioak bitarteko elektronikoen erabilera bultzatuko du parte-hartze eskubideak gauzatzeko, batik bat eskaera eskubidea, entzutea eta informazio publikoa izateko eskubideak, herritarren ekimena, kontsultak eta abisu, kexa, erreklamazio eta iradokizunen aurkezpena. Halaber, udal administrazioak eztabaida publikoa eta ideia eta iritzien adierazpena bultzatuko ditu, baliabide elektronikoen berezko tresna ezberdinen bitartez, kontuan hartuz fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak.

5. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipio orokorrak.

Interes orokorreko informazio administratiboaren eta udal administrazioak jendaurrean jarri beharreko informazioaren baliabide elektronikoen bidezko zabalkundea printzipio hauen arabera egingo da:

–Eskuragarritasun eta erabilgarritasunaren printzipioa: herritarren intereseko informazioa modu erraz, seguru eta ulergarrian lortzea ahalbidetzen duten sistema soilak erabiliz. Orobat, irizpide bateratuen erabilera bultzatuko du informazioa bilatu eta ikusteko, informazioaren hedapena ahalik eta hobekien egin ahal izateko, irisgarritasunaren eta dokumentuen tratamenduaren arloko nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz. Udal administrazioak desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura jarriko ditu pertsona horiek Administrazioaren inguruko informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzeko beharrezko diren baliabideak, orokorrean aitorturiko irizpide eta estandarrei jarraikiz.

–Osotasunaren eta zehaztasunaren printzipioa: udal administrazioak, informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzen denean, bermatuko du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki berdin-berdina izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galarazi edo zaildu behar bulego publikoetan buruz buru egiten den harrera edo beste baliabide tradizionalen bidez egiten dena.

–Eguneratze printzipioa. Udal administrazioko organoek eguneratua izango dute kanal elektronikoen bitartez eskuragarria den informazio administratiboa. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.

–Kontsulta irekiaren printzipioa, denen eskura eta irekia den informazio-baliabideei dagokienez, legezko xedapenekin bat guztion eskura dagoen informazio administratiboa lortzea bermatuko duena, inolako aurretiazko identifikaziorik eskatu gabe.

–Datu pertsonalak babesteko bermearen printzipioa. Beharrezko egiten du une bakoitzean eskura dagoen teknologia baliatzea, datu pertsonalen babesari datxezkion eskubideak ziurtatzeko, eta xedeak edo adostasunak babestu gabeko edozein trazabilitate pertsonal galarazteko segurtasun neurriak bermatzea.

6. artikulua. Administrazio elektronikoaren prozeduraren printzipio orokorrak.

Udal administrazioaren esparruan, izapide administratiboak modu elektronikoan egingo dira printzipio orokor hauen arabera:

–Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzearen printzipioa. Baliabide elektronikoak erabiltzeagatik ez dute diskriminazio edo murrizketarik jasango herritarrek udal administrazioarekin dituzten harremanetan. Ildo horretan, administrazioarekiko komunikazio elektronikorako sistemak lege maila duen arau batek halaxe zehazten duenean soilik izango dira nahitaezkoak eta esklusiboak administrazioen arteko harremanetan, bai eta harreman juridiko eta zerga harremanetan eta maila bereziko harremanetan ere, aplikatu beharreko arau juridikoen arabera.

–Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa. Trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezarriko dira, herritarrak noiznahi, eta bitarteko elektronikoen bidez, tramitazioaren egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.

–Bitartekoen intermodalitatearen printzipioa. Horren arabera, ordenantza honetan eta hura hedatzen duten arauetan ezarri bezala, baliabide baten bidez hasitako prozedurak beste baten bidez jarraitu ahalko du, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira. Tramitazio elektronikora ekarritako tramite eta prozedurak, ekartze prozesuan zehaztutako bide eta baliabide elektronikoen bidez egin ahalko dira, ordenantzaren hamargarren kapituluan ezarritakoarekin bat.

–Proportzionaltasun printzipioa. Izapide eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haien araberakoak baizik ez dira izango eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak, eta herritarrei soilik eskatuko zaizkio helbururako behar-beharrezkoak diren datuak.

7. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza bultzatzeko eta sustatzeko printzipio gidariak, administrazio elektronikoaren arloan.

Udal administrazioaren esparruan, administrazio arteko lankidetza printzipio orokor hauen araberakoa izango da:

–Administrazioen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren printzipioa. Udalak, gainerako administrazio publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko du, bereziki ordenantza honetan jasotzen diren aurreikuspenak gauza eta aplika daitezen, besteak beste, estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak. Udalak argitara emango ditu gainerako administrazio publikoekin arlo horretan sinatutako hitzarmenak.

–Sarbide eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioak. Udal administrazioak beste administrazio publikoei aukera emango die herritarren gainean euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian zehaztutakoaren arabera. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako administrazioek beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez haiek arautzen dituen araudiaren arabera herritarrari eskatzen dizkiotenak baizik ez dituzte eskuratuko. Datu pertsonalen kasuan, interesdunen adostasuna izango da datu horietarako sarbiderako baldintza, jadanik aipatutako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren baldintzetan edo hala zehazten badu legearen mailako arau batek, eskatutako datu edo dokumentuei aplikatzen ahal zaizkien arauen arabera murriztapenik izan ezean. Bitarteko elektronikoen bidez egin eta jaso ahalko da baimen hori.

I. TITULUA

Herritarraren eskubide eta betebeharrak
administrazio elektronikoari dagokionez

8. artikulua. Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoaren esparruan. Laguntza elektronikoa emateko Udalak duen betebeharra.

1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 14. eta 53. artikuluetan zerrendatutako eskubideak ezertan ukatu gabe, honako eskubide hauek dituzte herritarrek administrazio elektronikoan sarbidea izateaz eta erabiltzeaz den bezainbatean:

–Udal administraziora jotzeko baliabide elektronikoen bitartez, agiriak aurkeztu, informazioa jasotzeko, kontsultak egin eta alegazioak aurkezteko, eskabideak egiteko, adostasunak eta nahikundeak adierazteko, ordainketak egiteko, tramite eta prozedurak egiteko eta, oro har, antolamendu juridiko administratiboak aitortzen dizkien eskubide eta ahalmenak erabiltzeko, segurtasun eta baliozkotasun osoarekin.

–Udal administrazioari eskatzeko baliabide horien bitartez komunika dadila beraiekin, eta dokumentuak eskuratzeko, formatu elektronikoen bidez.

–Udal administrazioak dituen datu eta agiriak ez aurkezteko.

–Kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izateko.

–Informazio administratiboa, erregistroak eta artxiboak bitarteko elektronikoen bidez lortzeko.

–Administrazio elektronikoa izateko eta erabiltzeko eskubidea, erabilitako tresna teknologikoak direnak direlarik, urritasun fisiko, psikiko eta sentsoriala izan arren, eta erabiltzeko prestakuntza eta laguntza jasotzeko eskubidea.

–Udalaren kudeaketa hobetzeko prozesuetan bitarteko elektronikoen bidez parte hartzeko eskubidea, eta egindako eskaera eta kontsulten erantzuna jasotzekoa.

–Datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta babesa izateko, bai eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak izateko ere; bereziki emandako informazio pertsonala beste xede batzuetarako ez erabiltzeko eskubidea.

–Udal administrazioarekiko komunikazioen pribatutasuna eta segurtasuna izateko, bai eta Udalak egin ditzakeen komunikazioena ere, horietan herritarren datuak agertzen badira.

–Bitarteko elektronikoen bidez emaniko zerbitzu publikoen kalitaterako.

–Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren tramitazio egoeraren berri bitarteko elektronikoen bidez izateko, aplikatu beharreko araudiak haiei buruzko informazioan sartzeko mugak paratzen dituenean izan ezik.

–Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren barneko dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak eskuratzeko.

–Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak udal administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzeko.

2. Eskubide horiek erabiliko dira aplikatzekoa den araudian eta ordenantza honetan ezarritakoari jarraituz.

3. Bereziki udalak interesdunei bermatuko die bitarteko elektronikoen bidez izan dezaketela harremana administrazioarekin. Horretarako, haien esku jarriko dituzte beharrezko diren irispide-kanalak eta kasu bakoitzerako erabakitzen diren sistema eta aplikazioak.

4. Udalak bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza emango die administrazio publikoekin elektronikoki erlazionatzeko betebeharrik ez duten interesdunei, hala eskatzen badute; batez ere, identifikazioari eta sinadura elektronikoari, eskaerak erregistro elektroniko orokorraren bidez aurkezteari eta kopia autentikoak lortzeari dagokionez.

Halaber, interesdun horietakoren batek ez badauzka behar diren bitarteko elektronikoak, funtzionario publiko batek egin dezake, balio osoz, hura administrazio-prozeduran identifikatzeko edo sinadura elektronikoa emateko izapidea, funtzionarioak berak erabil dezakeen sinadura elektronikoko sistemaren bitartez. Kasu horretan, behar den baliabide elektronikorik ez daukan interesdunak bere burua identifikatu egin beharko du funtzionarioaren aurrean, eta adostasun adierazia eman hala jarduteko; hala jasota geratu beharko du desadostasuna edo auzia gertatzen den kasurako.

9. artikulua. Herritarraren betebeharrak baliabide elektronikoen bidez egindako administrazio harremanen esparruan.

1. Administrazio jardueran eta udal administrazioarekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzean, herritarrak eginbehar hauek ditu administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu egokia eta kudeaketa bermatu beharrez:

–Administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak borondate onaren printzipioaren arabera erabiltzea.

–Administrazio elektronikoari dagokionez, udal administrazioari informazio egiazko, oso eta zehatza ematea, zertarako eskatzen den, horrexen araberakoa.

–Bere nortasuna adieraztea baliabide elektronikoen bidez udal administrazioarekin harremanak izatean, horiek hala eskatzen dutenean.

–Zaindu egin behar ditu bitarteko elektronikoen bidez Udalarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal edo besterenezinak.

–Errespetatzea pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, baita datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/14 Legearen 14. artikuluak honako hau ezartzen du: “Pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera”. Pertsona bakoitzak edozein unetan aldatu ahalko du Udalarekin komunikatzeko aukeratu bidea.

Nolanahi ere, honako subjektu hauek, gutxienez, behartuta daude bitarteko elektronikoak erabiltzera administrazio publikoekin harremanetan administrazio-prozedura baten edozein tramite egiteko:

–Pertsona juridikoak.

–Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

–Nahitaez elkargokide egitea eskatzen duen lanbide-jardueraren bat egiten dutenak, administrazio publikoekin lanbide-jarduera hori gauzatzean egiten dituzten tramite eta jarduketetarako. Betiere ulertuko da talde horretan sartzen direla notarioak, jabetza-erregistratzaileak eta merkataritzako erregistratzaileak.

–Administrazioarekiko harreman elektronikoa izatera behartuta dauden interesdunen ordezkariak.

–Administrazio publikoetako langileak, enplegatu publiko izateagatik haiekin egiten dituzten tramite eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehaztu bezala.

Udalak ezarri ahalko du nahitaezkoa dela bitarteko elektronikoen bidez jartzea harremanetan, bai prozedura batzuetarako, bai eta, beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztaturiko beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera duten pertsona fisikoen zenbait kolektiborentzat ere.

3. Udal administrazioak begiratuko du betebehar horiek betetzen direla, aplikatzekoa den araudian jasotzen denaren eta ordenantza honetan ezartzen denaren barrenean.

10. artikulua. Zerbitzu elektronikoetan sartzeko sistemak.

Udal administrazioak bermatuko du herritarrak zerbitzu elektronikoetan sartzea, hainbat kanaletako sistemaren bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:

–Buruz buruko harrerarako zehazten diren bulegoak: ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak herritarraren eskura jarriko dituzte, libreki eta dohainik jarri ere. Laguntza eta orientabidea izan beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistemen bidez.

–Sarbide-puntu elektronikoak, hain zuzen ere zerbitzu eta erakunde eta menpeko entitateek sortu eta kudeaturiko egoitza elektronikoak dira, herritar guztien eskura daudenak, komunikazio sareen bidez.

–Hona hemen sarbide-puntu nagusia, haren bidez, herritarrak, udal administrazioarekin eta bere erakunde eta entitateekin dituen harremanetan, dagoen informazio guztia eta eskura dauden zerbitzu guztiak eskuratu ahal izateko: (sedeelectronica.atez.es).

II. TITULUA

Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

11. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Egoitza elektronikoa telekomunikazio sareen bidez herritarren eskura dagoen helbide elektronikoa da eta bere titularra toki entitate hau da edo, hala badagokio, haren mendeko entitatea.

Egoitza elektroniko bakarra egongo da udal honetako organo guztietarako, eta entitate eta erakunde publikoak zein haren mende dauden kapital erabat publikoko tokiko sozietateak eta sozietate mistoak sar daitezke hor.

Egoitza elektronikoak printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

12. artikulua. Egoitza elektronikoa sortzea.

Organo eskudunaren ebazpen edo erabakiaren bidez sortuko da egoitza elektronikoa. Dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta gutxienez honako eduki hauek izango ditu: Egoitza aplikatzeko eremua; gutxienez Atezko Udalaren berezkoa izango da, eta, halaber, bere mendeko entitate, erakunde eta sozietateak bil ditzake.

a) Egoitzaren erreferentziazko helbide elektronikoaren identifikazioa.

b) Titularraren identifikazioa, egoitza elektronikoa kudeatu eta administratzeko organoa(k) eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak.

c) Egoitzan eskura dauden zerbitzuetan sartzeko kanalak identifikatzea, zehaztuz, behar denean, aipatutakoez gain horietan sartzeko zer telefono eta bulego dauden.

d) Iradokizunak eta kexak egiteko erabil daitezkeen bitartekoak.

e) Egoitza zuzen identifikatzeko eta haren fidagarritasuna bermatzeko komenigarritzat jotzen den beste edozein inguruabar.

Egoitza elektroniko nagusitik eratorritako egoitza elektroniko bat edo batzuk (azpiegoitzak) sor daitezke. Egoitza nagusiaren helbide elektronikotik sartu ahalko da eratorritako egoitza elektronikoetan, eta zuzeneko sarbide elektronikoa izatea ere posible izango da. Eratorritako egoitza elektronikoak egoitza elektroniko nagusiaren baldintza berak bete beharko ditu, salbu hura sortzeko ebazpen edo erabakia argitaratzeko tokia, bere nagusi den egoitzan egingo baita.

13. artikulua. Egoitza elektronikoen ezaugarriak.

1. Jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egoitza elektronikoaren bitartez egingo dira, beharrezkoa denean toki entitateak, beste administrazio publikoek edo herritarrek bitarteko elektronikoekin autentifikatzea. Halaber, organo eskudunak zerbitzuen eraginkortasunaren eta kalitatearen mesederako ezartzen dituen jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egin ahalko dira, bai eta kontratistek eta emakidadunek emandako zerbitzuak ere, dagozkion kontratu agirietan ezarritako baldintzetan.

2. Egoitza elektronikoaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatu behar dira.

3. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenak ere.

4. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izango ditu, baldin eta beharrezkoak badira.

5. Egoitza elektronikoek webgunea autentifikatzeko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak edo horien bitarteko baliokidea erabiliko dituzte beren burua identifikatzeko eta haiekin komunikazio segurua bermatzeko.

6. Egoitza elektronikoko zerbitzuak egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan egongo dira erabiltzeko maneran. Arrazoi teknikoak direla-eta aurreikusten bada egoitza elektronikoa edo bere zerbitzuetariko bat beharbada ez dela egongo erabiltzeko maneran, horren berri eman beharko zaie erabiltzaileei, ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

7. Atezko Udalaren egoitza elektronikoak Espainiako data eta ordu ofizialei eusten die.

14. artikulua. Egoitza elektronikoetan identifikatzeko baldintzak eta haien komunikazioen segurtasuna.

1. Atezko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen helbide elektronikoak egoitza elektroniko badira, erabat argi eta garbi adierazi beharko dute hori.

2. Egoitza elektronikoak eskuragarri izango du bera sortzeko erabilitako tresna, zuzenean edo dagokion aldizkari ofizialari lotutako estekaren bidez.

3. Egoitza elektronikoen euskarri diren informazio sistemek esku artean duten informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna ziurtatu beharko dituzte, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalari eta Segurtasun Eskema Nazionalari jarraikiz.

15. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

1. Egoitza elektronikoak gutxienez honako eduki hauek izango ditu:

a) Egoitzaren identifikazioa, erreferentziazko helbide elektronikoa zehaztuta.

b) Egoitza kudeatu eta administratzeko ardura duen organoaren (edo organoen) identifikazioa.

c) Egoitza sortzeko ebazpen edo erabakia, eta, hala bada, eratorritako azpiegoitzena.

d) Egoitzaren eremu subjektiboa, eta, hala bada, eratorritako azpiegoitzena.

e) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz, bai eta jabetza intelektualarekin lotutako informazioa ere.

f) Egoitza zuzen erabiltzeko aholkularitza zerbitzuak (elektronikoak eta telefonikoak).

g) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.

h) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

i) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren egoitza elektronikoaren esteka barne.

j) Udalaren eta haren mendeko erakundeen organo, zentro eta unitate administratiboak identifikatzeko kodeen zerrenda eguneratua.

k) Agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza ematen duten bulegoen zerrenda eguneratua, direktorio geografikoa izango duena interesdunak erregistro arloko laguntza-bulego hurbilena identifika dezan.

l) Data eta ordu ofiziala.

2. Egoitza elektronikoak honako hauek izango ditu herritarren eskura:

a) Atezko Udalaren eta hari lotuta edo haren mende dauden entitate eta erakundeen sarbide-puntu nagusi elektronikoa.

b) Herritarrak Udalarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabiltzen ahal dituen bitarteko elektroniko, telefoniko eta buruz burukoen zerrenda.

c) Kasu bakoitzean eskumena duten organoei iradokizunak eta kexak adierazteko esteka.

d) Eskabide ereduak.

e) Erregistro orokor elektronikoa sortzeko ebazpen, erabaki edo xedapena.

f) Erregistro orokor elektronikoan abiaraz daitezkeen tramiteen zerrenda eguneratua.

g) Egun baliogabeen zerrenda, erregistro elektronikoan epeak zenbatzeko aplikatuko dena.

h) Epeak luzatzea ekartzen duten gorabehera teknikoen identifikazioa.

i) Toki entitatearen eta haren mendeko erakundeen iragarki edo ediktuen taula elektronikoa (ediktuen taula), adierazita argitalpen elektronikoa ordezkagarri edo osagarri den.

j) Sarbidea aldizkari eta egunkari ofizialen argitalpenera.

k) Jakinarazpen elektronikoen zerbitzua.

l) Interesdunak identifikatu eta sinatzeko sistemak.

m) Egoitza elektronikoan sartuta dauden organo edo erakunde publikoen zigilu elektronikoen zerrenda, ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak, horiek egiten dituztenak eta egiaztatzeko neurriak zehaztuta.

n) Interesdunei bitarteko elektronikoen erabilerari buruz aholkularitza emateko eta egiazko kopiak luzatzeko gaitutako funtzionarioen erregistroa.

o) Udalaren eta haren mendeko entitateen Gardentasun Ataria, edo, halakorik ez bada, publizitate aktiboaren xede den informazioa, Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin, eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin bat.

p) Kontratatzailearen profila.

q) Legez edo erregelamenduari jarraituz eska daitezkeen edukiak, informazioak edo zerbitzuak.

r) Bestelako eduki, informazio edo zerbitzuak, egoitzaren organo titular arduradunak gehi ditzakeenak.

3. Aurreko apartatuetan aipatutako informazio eta zerbitzuak ez dira azpiegoitzetan jaso behar, baldin eta nagusi den egoitzan jasota badaude.

4. Udal honen egoitza elektronikoek betiere ahalbidetuko dute beren eduki eta zerbitzuetarako sarbidea hizkuntza koofizialetan. Salbuesten dira beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuei dagozkien esteka edo loturetako edukiak, eduki horiek bi hizkuntzetan eskaintzeko betebeharra ez baldin badute.

16. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.

1. Legezko edo erregelamenduzko xedapen baten ondorioz Udalaren ediktuen taulan argitara eman behar diren egintza eta komunikazioak, ediktuen taula elektronikoan argitaratu ahalko dira, horren ordez edo modu osagarrian.

2. Herritarrak ez du bere nortasuna egiaztatzeko sistema berezirik beharko, sarbidea izateko ediktuen taula elektronikoan.

3. Ediktuen taula elektronikoa Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

4. Ediktuen taula elektronikoak edukiko ditu bere egiazkotasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna bermatzen duten sistema eta mekanismoak. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

5. Ediktuen taula elektronikoa eskura egongo da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Arrazoi teknikoak direla-eta ediktuen taula elektronikoa ez dela ibiliko aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emango zaie behar den denboraz, taulan kontsultarako eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

17. artikulua. Herritarren karpeta.

1. Udalaren egoitza elektronikoak eremu bat izango du, «herritarren karpeta» izenekoa; hartan, haren titularrak baizik ez du sarbidea izango, eta horretarako nortasuna autentifikatu egin beharko du, egoitza elektronikoan sinadura elektroniko aitortuko sistemetariko bat erabiliz.

2. Herritarren karpetaren bidez, pertsona fisikoek eta haien ordezkari erregistratuek sistema eta prozesu telematikoak erabili ahalko dituzte komunikatzeko baliabide gisa, besteak beste, zerbitzu hauetarako:

–Udal administrazioaren datu baseetan erregistraturik dagoen pertsonaren informazio partikularrean sarbide izateko.

–Udal administrazioaren gaineko informazio orokorrean modu pertsonalizatuan sarbide izateko.

–Administrazio eragiketak eta tramiteak egiteko, udal administrazioak ezari-ezarian herritarraren karpetan sartzen dituen prozedurei buruz.

3. Norbera herritarraren karpetaren erabiltzaile bilakatzen da hartarako sarbidea duenean eta erabiltzen duenean; izaera hori bereganatzeko, suposatzen da aurretik irakurri eta onartu direla Udalaren egoitza elektronikoan argitaraturiko arau eta baldintzak. Herritarren karpetan sarturik ulertuko da erabiltzaileak espresuki, osorik eta erreparorik gabe onartzen dituela sartzeko unean egoitza elektronikoan erabiltzeko argitaraturik dauden arau eta baldintza guztiak.

4. Udalak herritarraren karpeta erabiltzeko arau eta baldintzak aldatzen baditu, aldaketaren berri eman beharko du egoitza elektronikoan. Herritarra ados ez badago herritarraren karpeta erabiltzeko arau eta baldintza berriekin, utzi beharko du udal administrazioarekin komunikatzeko baliabide hori.

18. artikulua. Egoitza elektronikoko edukietan sartzea.

1. Udalak, bere egoitza elektronikoan, agiri elektronikoak bilatzeko mekanismo egokia jarriko du herritarren eskura, jada amaitutako administrazio prozedurei buruzko kontsultak egiteko aukera izan dezaten.

Araudi aplikagarriarekin bat, ez dagoenean agiri zehatz batean berehala sartzerik, herritarrak automatikoki egin ahalko du agirian sartzeko eskaera, zeina segituan iritsiko baitzaie agiriaz arduratzen diren udal zerbitzuei.

2. Herritarrek, administrazio publikoei aplikagarri zaien araudiari jarraikiz, libreki kontsulta ditzakete Udalak pilatutako agiri elektronikoak, kontsultaren egunean amaituta dauden prozedurei buruzkoak. Aipatu kontsultarako eskubidea arduraz eta behar bezala erabiltzen dela bermatzeko, herritarrek Udalak zehaztutako baliabide elektronikoen bidez identifikatu beharko dute, eskatzailearen nortasuna eta eskatu informazioa jasota gera daitezen.

3. Agiri izendunetan, pertsonen intimitateari buruzko datuak dituztenetan eta amaitu gabeko espedienteetan, administrazio publikoei kasu bakoitzean aplikagarri zaien araudian ezarritako baldintzak egiaztatzen dituzten pertsonek baino ezin izango dute sartu. Kontsultarako eskubidea legez horretarako gaituta dauden herritarrek darabiltela bermatzeko, udal zerbitzuek identifikatzeko eskatuko diete, ordenantza honetan aipatu identifikazio segururako edozein prozedura elektronikoren bitartez.

4. Interesdunek, amaitu gabeko espedienteei buruzko informazioan sartu nahi badute, beren herritarren karpetaren bidez egingo dute. Espedientea osatzen duten agirietan berehala sartu ahalko da, horretarako aukera dagoenean ordenantza honetan xedatuarekin bat; bestela, erabiltzaileak haietan sartzeko eskaera egin ahalko du, zeina berehala iritsiko zaion espedientearen organo edo unitate arduradunari.

5. Sartzeko eskubidea ezin izango da erabili administrazio publikoei aplikagarri zaien araudian halaxe ezarrita duten espedienteekin. Aplikagarri den araudiarekin bat, fitxategi eta agirietan sartzea xedapen espezifikoei jarraituz egin behar denean, indarreko legeriak kasu bakoitzerako eskatzen dituen baldintzak egiaztatzen dituzten pertsonek baino ez dute horretarako aukerarik izango.

6. Herritar guztiek izango dute aukera, identifikatu beharrik izan gabe, arestiko paragrafoetan aipatzen ez den edozein informaziotan sartzeko egoitza elektronikoaren bidez. Zehazki, herritar guztiak libreki sartu ahalko dira, identifikatu beharrik izan gabe, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatutako informazioan.

Udalak pertsonalak ez diren datuak eskatu ahalko ditu bere egoitza elektronikoko informazioan sartzeko eragiketetan, estatistika ondorioetarako bakarrik edo Mankomunitatearen zerbitzuak hobetzeko; datu horien ekarpenak ez du inola ere baldintzatuko Udalaren informazioan sartzea.

19. artikulua. Segurtasuna.

1. Egoitza elektronikoaren segurtasuna bermatuko da, azaltzen den informazioaren egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko.

2. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izango ditu, baldin eta beharrezkoak badira. Betiere, egoitza elektronikoa erabiliko da norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunearen autentifikaziorako ziurtagiri aitortua edo kalifikatua, edo horren baliokidea erabiliz.

3. Herritarrak udal administrazioarekin izango duen harremana errazteko ematen dituen datuek, hala nola telefono zenbaki, helbide elektroniko eta bestelakoek, bai eta Udalak arloz arlo berri eman diezaion herritarrak hautatzen dituen bideek ere, segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun bermeak izango dituzte, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian xedatuarekin bat.

4. Segurtasun mekanismoek aktibatuta egon beharko dute beti iragarki-taularekiko konexioetan, haren edukiaren egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko, bai eta herritarren karpetarekikoetan ere; azken horietan, gainera, konfidentzialtasun kodetzea ere beharko da.

II. KAPITULUA

Identifikazioa eta autentifikazioa

20. artikulua. Pertsona fisikoen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona fisikoek, aurrekoez gain, ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabili ahalko dituzte, emaile kalifikatuek emanak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da, eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen.

2. Atezko Udalak, horiez gain, pertsona juridikoen edo izaera juridikorik gabeko entitateen ordezkari diren pertsona fisikoen ziurtagiri elektroniko kalifikatuetan oinarritutako sistemak onartuko ditu, betiere Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektroniko eta ziurtagirien politikako II. eranskinean ezarritakoarekin bat badatoz. Politika hori urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan (Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoaren arabera onetsi zen.

Kasu horretan, ordezkaritza erabat egiaztatuko da, dagozkion lege ondorioetarako.

3. Atezko Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezar ditzake, pertsona fisikoek buruz buruko harremanetan erabiltzeko.

4. Mekanismo horiek bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki entitateak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

21. artikulua. Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako identifikazio eta zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatuko sistemak erabili ahalko dituzte, emaile kalifikatuek emanak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da, eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen.

2. Zigilu elektronikoa onartzeko, baldintza hauek bete behar ditu:

a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak dakar pertsona juridikoari edo nortasun juridikorik gabeko entitateari zuzenean egozten zaiola jarduketa, eta ordezkaritza ez da egiaztatu behar.

b) Zigilu elektronikoa mugarik gabe erabil daiteke, onartzen den izapide multzoaren barruan.

c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabil dezakete sinadura elektronikoaren sistemaren ordez, baina sistema bat nahiz bestea erabil daiteke, interesdunaren erabakiaren arabera.

3. Jarduketa batean zigilu elektronikoaren erabilera onartzeko, behar bezala bermatu behar da datuen jatorria zuzena dela eta datuak osorik daudela.

22. artikulua. Toki entitatearen identifikazioa eta sinadura elektroniko automatizatua.

1. Udalak modu automatizatuan elektronikoki sina dezake, bai eta identifikatu ere, ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kualifikatua erabiliz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emango dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legeak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.

2. Ahal dela, toki entitate honetako egoitza elektronikoaren ziurtagiri kualifikatuak entitatearen organoei emango zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak bete ditzaten. Hala ere, toki entitateak aukera du zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatua izateko bere izenean.

Organo administratiboei egindako zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuek organo horien titularren identifikazio pertsonaleko datuak jasoko dituzte, Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea izan ezik, ez baita beharrezkoa izango.

3. Atezko Udalak une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

4. Baliozkoa izateko, egiaztapenerako kode segurua sortu beharko da Alkatetza/Burutzaren edo hark eskuordetutako organoaren dekretu bidez, eta berme hauek eman beharko ditu:

a) Agiri bakoitzerako sortutako kodea eta igorlearekin duen lotura bakarra eta ausazkoa izatea.

b) Ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuaren baliokidea den segurtasun kriptografikoa izatea.

c) Kode bidez autentifikatutako agiria egoitza elektronikoaren –eta, hala badagokio, hura gordetzen duen artxibo elektronikoaren– bidez eskuratzea, agiriak lege ondorioak sortzen dituen epealdi osoan zehar. Pertsonek berehala eta doan eskura dezakete agiria.

Egiaztapenerako kode segurua sortzeko tresna Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

d) Toki entitatea identifikatutzat ulertuko da, Interneten duen webgunean edo bestelako sarbide-puntuan bere izenean argitara ematen den informazioari dagokionez, horiek legez egoitza elektronikoak badira.

Egoitza elektronikotik kanpo informazioa argitaratzen bada, toki entitateak autentifikatu beharko du, kapitulu honetan xedatutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako edozein erabiliz.

23. artikulua. Toki entitateko langileen identifikazioa eta sinadura elektronikoa.

1. Atezko Udaleko organoen titularrek edo kideek eta udalaren zerbitzuko langileek ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kualifikatua erabili ahalko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emango dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legeak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.

2. Toki entitateek emango dizkiete ziurtagiri horiek beren zerbitzuko langileei. Hala ere, Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko dokumentuan, baimena eman dezakete pertsona horiek borondatez erabiltzeko pertsonalak soilik diren ziurtagiri kalifikatuak.

Ziurtagiriek informazio osagarria izan dezakete, pertsonari dagokion organoa, unitatea edo kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz eta gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legeriak ezarritako mugak errespetatuz.

3. Goitizena darabilten sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak eman daitezke, indarreko legeriak mugak ezartzen baditu agiriak sinatzen dituzten pertsonak identifikatzeko. Goitizena osatzeko, lanbide identifikazioko zenbakia edo haren baliokidea erabiliko da.

Organo judizialek edo legitimazioa duten beste organo eta pertsonek eska dezakete goitizena darabilten ziurtagiri kualifikatuak dituzten sinatzaileen nortasuna jakinarazteko, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluak xedatutako kasuetan.

4. Atezko Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezar ditzake, haren zerbitzuko pertsonek buruz buruko harremanetan erabiltzeko.

Mekanismo horiek bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki entitateak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

24. artikulua. Aurreko artikuluetarako arau komunak.

1. Toki entitateak eskuratuko dituen zigilu eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoen eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean jasotakoa beteko dute. Politika hori honako hauetan ezarritakoaren arabera onetsi da: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) 18. artikulua eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren (herritarrek zerbitzu publikoetara elektronikoki sartzea arautzen duen ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen duena) 24. artikulua.

2. Atezko Udalak ziurtagirietan oinarritutako sinadura edo zigilu elektronikoko sistemak ezartzea sustatuko du, sinadura edo zigilua sortzeko gailuen eta datuen kudeaketa zentralizatua eginez.

3. Elkarreragingarritasuna bultzatzeko eta ziurtagiri kalifikatuetan oinarritzen ez diren sistemekin autentifikatutako agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatzea ahalbidetzeko, Udalak ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko propioa gainezar dezake agirietan, beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei bidaltzeko edo haien eskura jartzeko.

III. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

25. artikulua. Erregistro elektroniko orokorraren eraketa, kudeaketa eta erabileraren araubide orokorra.

1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatua betetzeko, Udalaren erregistro elektroniko orokorra eratu da, herritarrek edo udal administrazioko organoek berek hura erabil dezaten telematika bidez eskaerak, idatziak eta komunikazioak aurkezteko.

2. Erregistro elektroniko orokorrean, aurkezten diren edo Udalaren edozein organotan jasotzen diren agiri guztien erregistroa idatziko da. Halaber, hartan idatziko da beste organo edo partikularrei zuzendutako agiri ofizialen irteera.

3. Mendeko erakunde edo entitateek beren erregistro elektronikoa izan ahalko dute, guztiz elkarreragingarriak eta interkonektatuak Udalaren erregistro elektroniko orokorrarekin. Azken horrek mendeko erakunde edo entitate bakoitzaren erregistro elektronikoan sartzeko atari gisa erabiltzeko aukera emango du.

4. Bai Udalaren erregistro elektroniko orokorrak bai mendeko erakunde edo entitate bakoitzarenak bete beharko dituzte datu pertsonalak babestearen arloko legerian ezarritako segurtasun berme eta neurriak.

5. Erregistro elektronikoa eskura egongo da uneoro Udalaren egoitza elektronikoan. Erregistro telematikoaren bidez, agiri elektronikoak telekomunikazioko sare irekien bidez sartu ahalko dira urteko egun guztietako 24 orduetan, salbu eta arrazoi teknikoen ondoriozko etenaldirik bada, egoitza elektronikoan bertan adieraziko dena. Halaber, erregistro-unitate telematikoaren funtzionamenduan planifikatu gabeko etenaldirik bada, inguruabar horren berri ematen duen mezu bat bistaratuko da, ahal izanez gero.

6. Udalaren eskumeneko prozedurak hasteko herritarren esku jarritako inprimaki elektronikoak eta, kasua bada, aplikazio informatikoak, hari lotu ahalko zaizkio zuzenean, berme eta baldintza formal guztiak betetzen badira agiriak aurkeztean eta dagokion hartu-agiria jasotzean.

Erregistro orokorrean sartzeko egoitza elektronikoan agertuko da bertan has daitezkeen tramiteen zerrenda eguneratua.

7. Alkate udalburuari dagokio erregistro elektronikoa zuzendu eta sustatzea, hura mantentzeko eta etorkizuneko berrikuntza teknologikoetara egokitzeko behar diren ekintzak bultzatuz.

26. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

Udalaren erregistro elektronikoak eginkizun hauek izango ditu:

–Udal administrazioari edo beste administrazio publikoei igorritako eskaera, idatzi eta komunikazioak hartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazi bezala.

–Herritarrek eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztu izanaren ziurtagiriak sortzea; sistema informatikoak berak sortuko ditu automatikoki.

–Jakinarazpen abisuak sortzea, interesdunek jakin dezaten eskura dituztela, herritarren karpetan, udal administrazioko organo eta entitateek egiten dituzten komunikazio eta jakinarazpen telematikoak.

–Udal administrazioko organoek interesdunei zuzendutako idazki eta jakinarazpenak igortzea.

–Urte naturalari dagozkion eskabide, idazki eta komunikazio telematikoen sarrera eta irteera idazpenen fitxategi informatikoa mantentzea eta kontserbatzea.

27. artikulua. Erregistro elektronikoaren funtzionamendua.

1. Erregistro elektronikoak bermatuko du honako hauek adieraztea egiten den idazpen bakoitzean: zenbakia, dokumentu mota adierazten duen epigrafea, dokumentua aurkeztu den eguna eta ordua, interesdunaren identifikazioa, administrazio-organo igorlea, hala badagokio, eta pertsona edo administrazio-organo hartzailea, eta erregistratutako idazki edo komunikazioaren edukiaren aipamena.

Horretarako, automatikoki, gordekin bat luzatuko da, kasu bakoitzeko dokumentuaren kopia kautotua izango dena, aurkezpenaren data eta ordua eta erregistroko sarrera zenbakia barne.

Hartze-agiriok hartzaileari helaraziko zaizkio, herritarren karpetaren bidez, Udalaren egoitza elektronikoan, hartutako dokumentuaren idazpena egin eta segituan.

2. Dokumentuen sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraituko zaio idazpenak egiteko, eta egin diren eguna adieraziko da. Erregistro-tramitea burututa, dokumentuak luzatu gabe igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, zein erregistrotan jaso diren, handik.

3. Udalaren aurrez aurre aurkezten diren dokumentuak digitalizatu egin beharko dira, ordenantza honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan ezarritakoaren arabera, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, salbu eta, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak Udalak gorde behar baditu, edo objektuak edo digitaliza ezin daitezkeen formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa bada.

4. Udalarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen subjekturen batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, hura zuzendu eta elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

28. artikulua. Idazpen elektronikoen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa.

1. Erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak bermatuko du egindako idazpenen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez.

2. Organo eskudunei, erregistro elektronikoaren bitartez, idazki, eskabide eta komunikazioak igortzen zaizkienean tramita ditzaten edo hauek interesdunei igortzen dizkietenean, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira ez daitezen komunikazioak atzeman edo aldatu, baimenik gabe eskuratu eta, orobat, datu pertsonalen babesa berma dadin, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz.

3. Halaber, erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak hartan sartu nahi duten herritarrei eta Udaleko organoei jakinaraziko die idazkiak, eskaerak eta komunikazioak telematikoki aurkeztean, beren datu pertsonalak administrazio organoen edo horiek hartu eta tramitatzeko eskumena duten entitateen esku jarriko direla.

29. artikulua. Epeen zenbaketa erregistro elektronikoan.

1. Udalak argitaratuko du zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.

2. Erregistro elektronikoa, epeen zenbaketarako, sartzeko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan oinarrituko da, eta behar diren segurtasun neurriak izango ditu bere segurtasuna bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egongo da.

Erregistro elektronikoko epeen zenbaketa arau hauen araberakoa izango da:

–Aukera emango du dokumentuak urteko egun guztietako eguneko hogeita lau orduetan aurkezteko.

–Epeak egun baliodunetan kontatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera ematen duen araurik egon ezik.

–Dokumentuak aurkeztutzat joko dira, egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako dokumentuak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.

–Udalak bete behar duen epeen zenbaketaren hasiera erabakiko da Udaleko erregistro elektronikoan aurkeztu ziren data eta orduak aintzat hartuz. Betiere, epeen kontaketaren hasierako dataren berri eman beharko zaio dokumentua aurkeztu zuenari.

3. Egoitza elektronikoan erabakiko da artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako zein diren baliogabetzat jotzen diren egunak, udalerriaren lurralde-eremuari eta lan-egutegi ofizialari kasu emanez.

IV. KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoen betekizunak eta eraginkortasuna

30. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egiteko baldintza orokorrak.

1. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira lehentasunez, eta beti interesdunak horiek bide horretatik jasotzeko betebeharra duenean. Aurrekoa gora-behera, Udalak jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egin ahalko ditu honako kasu hauetan:

–Interesduna edo bere ordezkaria bat-batean agertzen denean Udalaren bulegoetan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

–Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa denean jakinarazpena zuzenean ematea jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izango dira baliodunak baldin eta honako hauek idatziz jasotzeko aukera ematen badute: jakinarazpena bidali dela edo erabiltzeko moduan jarri dela, interesdunak edo haren ordezkariak jaso duela edo bertan sartu dela eduki guztia, eta bidaltzailearen eta hartzailearen nortasun fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzera beharturik ez dauden interesdunek edozein unetan erabaki eta jakinarazi ahalko diote Udalari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, hurrengo jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko edo bide horien bidez egiteari uzteko.

Udalak ezarri ahalko du nahitaezkoa dela jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea prozedura batzuetarako, bai eta pertsona fisikoen zenbait kolektiborentzat ere, hain zuzen ere beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztaturiko beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera dutela frogatutzat jotzen denean.

Modu osagarrian, interesdunak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa eman ahalko ditu, artikulu honen seigarren apartatuan araututako abisuetarako, baina ez jakinarazpenetarako.

2. Ez dira inolaz ere bitarteko elektronikoen bidez egingo honako jakinarazpen hauek:

–Jakinarazi beharreko egintzak formatu elektronikora bihurtu ezin diren elementuak dituenean.

–Behartuta daudenen aldeko ordainketa bitartekoak dituztenak, hala nola txekeak.

3. Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, hark horretarako adierazitako bidea erabiliz egingo da jakinarazpena. Jakinarazpena elektronikoa izango da, administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta badago.

Jakinarazpena eskaeran adierazi bezala egiterik ez denean, horretarako egokia den edozein tokitan egingo da, eta interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena hartu izana, eta noiz jaso duen, jasotzailearen nortasuna eta jakinarazitako egintzaren edukia frogatzen duen edozein bideren bitartez.

4. Interesdunak edo haren ordezkariak administrazio jarduketa baten jakinarazpenari uko egiten badio, halaxe jasoko da espedientean, jakinarazpen saiakeraren inguruabarrak eta erabilitako baliabidea zehaztuz; tramitea burututzat joko da eta prozedurak jarraituko du.

5. Alde batera utzita jakinarazpena paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egin den, Udalak interesdunari abisua igorriko dio hark adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, jakin dezan jakinarazpen bat duela eskura Udalaren egoitza elektronikoan edo gaituriko helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori egin ezik ere, jakinarazpena guztiz baliozkotzat joko da.

6. Interesdunari jakinarazpena bide ezberdinak erabiliz egiten zaionean, lehenengo jakinarazpenaren data hartuko da aintzat.

31. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak.

1. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak Udalaren egoitza elektronikoan agertuz egingo da.

Horretarako, egoitza elektronikoan agertzea ulertuko da interesdunak, edo haren ordezkariak –behar bezala identifikatuta– jakinarazpenaren edukian sartzea.

2. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak egintzat joko dira haien edukian sartzearekin bat.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da, haren edukia ez bada eskuratu hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskura jarri zenetik kontatzen hasita.

3. Udala behartuta dago jakinarazpena egitera hamar eguneko epean, egintza ematen den datatik aurrera; betebehar hori betetzat joko da jakinarazpena Udalaren egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektroniko bakarrean eskura jartzearekin bat.

4. Interesdunek aukera izango dute jakinarazpenetan sartzeko administrazioaren sarbide-puntu nagusi elektronikotik; sartzeko atari gisa erabiliko da.

32. artikulua. Egoitza elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

Honela egingo da egoitza elektronikoaren bidezko jakinarazpena:

–Erregistro elektronikoaren bidez, interesdunei beren informaziorako jakinarazpen-abisua igorriko zaie, eurek udal administrazioari emandako helbide elektronikora; abisuaren bidez, interesdunei ohartaraziko zaie beren izenean jakinarazpen bat dutela, bai eta hura zer web-orritan sartuz eskura dezaketen ere.

–Interesduna jakinarazpen elektronikoko orrialdean sartu ahalko da, aldez aurretik erabiltzaile ziurtagiriaren bidez identifikatuz.

–Jakinarazpen elektronikoko orri horren bidez, jakinarazpenaren edukian sartu ahalko da; hartan adieraziko dira jakinarazpena egiten duen administrazio organoaren edo entitatearen izendapena, jakinarazpen dokumentu motaren erreferentzia, espedientearen zenbakia, eta irteera data eta erregistroa.

–Interesdunak jakinarazpena onartuz gero, haren dokumentuetan sartuko da, eta horiek inprimatzeko aukera izan ahalko du.

–Administrazio espedientean jasoko da jakinarazpen elektronikoa onartu den ala ez, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako ondorioak sortuko ditu.

33. artikulua. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

1. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazioaren jarduketaren edukira sartzen da Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

2. Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, baldintza hauek bete beharko ditu:

–Edukira sartu aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, bertara sartzean administrazioaren jarduketaren jakinarazpena jasoko duela adieraziko duena.

–Dagokion informazio sistemak jasoko du edukian sartu dela, bai eta zer egun eta ordutan sartu ere.

III. TITULUA

Dokumentu eta artxibo elektronikoak

34. artikulua. Dokumentu elektronikoak.

1. Udalaren administrazio-dokumentu publikoak dira udal administrazioko organoek balioz eginikoak. Udalak administrazio agiriak idatziz egingo ditu, oro har, baliabide elektronikoen bidez, salbu eta haien izaerak eskatzen badu modu egokiagoan adierazi eta jaso behar direla.

2. Baliozkotzat jotzeko, agiri elektronikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Edozein eratako euskarri elektronikoan artxibaturik izatea informazioa, identifikatzeko eta bereiziki tratatzeko modukoa den formatu baten arabera.

–Indibidualizatzeko aukera ematen duten identifikazio datuak izatea, hargatik eragotzi gabe espediente elektroniko batean sartzeko aukera.

–Eman diren unearen denbora-erreferentzia bat izatea.

–Eskatzen diren gutxieneko metadatuak izatea.

–Aplikatzekoa den araudiaren arabera dagozkion sinadura elektronikoak izatea.

Baliozkotzat joko dira betekizun horiek betetzen dituzten eta hirugarren bati bitarteko elektronikoz helarazten zaizkion dokumentu elektronikoak.

3. Ez dute sinadura elektronikoaren beharrik izango Udalak edo beste administrazio publikoek eman eta informazio hutserako argitaratzen diren dokumentu elektronikoek eta, orobat, administrazio espediente baten parte ez direnek. Dokumentu horien jatorria beti identifikatu beharra dago.

35. artikulua. Administrazio publikoek eginiko kopien baliozkotasuna eta eraginkortasuna.

1. Udalak erabakiko du zer organok dituen eskumenak administrazio-dokumentu publiko edo pribatuen kopia autentikoak egiteko.

Dokumentu pribatuen kopia autentikoek ondorio administratibo hutsak dituzte. Administrazio publiko batek egindako kopia autentikoak baliozkoak izango dira gainerako administrazioetan.

2. Administrazio-dokumentu publiko edo pribatu baten kopia autentikotzat joko da, edozein euskarritan eginda dagoela ere, Udalak egindakoa, bermaturik geratzen bada kopia egin duen organoaren identitatea eta dokumentuaren edukia.

Kopia autentikoek jatorrizko agirien baliozkotasun eta eraginkortasun berak izango dituzte.

4. Interesdunek noiznahi eskatu ahalko dute udal administrazioak baliozki emaniko administrazio-dokumentu publikoen kopia autentikoak emateko. Jatorrizko dokumentua eman zuen organoari zuzenduko zaio eskaera, eta, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Legea aplikatzeak dakartzan salbuespenak salbuespen, hamabost eguneko epea emango da, eskaera udal administrazioaren edo haren mendeko entitatearen erregistro elektronikoan jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

Era berean, Udalak eman beharko ditu interesdunek aurkezten dituzten eta administrazio-espediente batean sartuko diren paperezko edozein dokumenturen kopia elektroniko autentikoak.

5. Udalak kopia elektroniko autentikoak ematen dituenean, halaxe adieraziko da espresuki kopiaren dokumentuan.

6. Notario-dokumentu publiko, erregistro-dokumentu publiko eta dokumentu judizial publikoen eta aldizkari ofizialen kopia autentikoak emateko modua bakoitzaren legeria espezifikoaren araberakoa izango da.

36. artikulua. Administrazio prozeduran interesdunek ekarritako dokumentuak.

1. Interesdunek administrazio-prozedurara ekarri beharko dituzte Udalak aplikatzekoa den araudiaren arabera eskatzen dituen datu eta dokumentuak. Komenigarritzat jotzen duten beste edozein dokumentu ere ekar dezakete interesdunek.

2. Interesdunak ez daude beharturik administrazioren batek eginak diren dokumentuen kopiak ekartzera, nahiz dokumentu horiek prozeduran aurkeztea nahitaezkoa izan nahiz aukerakoa izan, interesdunak adostasuna adierazi badio dokumentu horiek kontsultatzeari edo ateratzeari. Interesdunek kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena eman dutela ulertuko da, ez badute prozeduran aurkakotasun espresa adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresa adierazi beharra.

Interesdunaren aurkakotasunik ez bada, Udalak elektronikoki eskuratuko ditu dokumentuak, bere sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestaturiko beste sistema bati kontsulta eginez.

Nahitaezko txosten bat lehendik egina duenean prozedura tramitatzen ari den administrazio-organoaz beste batek, hamar eguneko epean bidali beharko du hark, eskatzen denetik aurrera zenbaturik. Epe hori betetakoan, interesdunari jakinaraziko zaio ekar dezakeela txosten hori edo geldi daitekeela organo eskudunak bidaltzeko zain.

3. Udalak ez die interesdunei eskatuko jatorrizko dokumentuak aurkezteko, non eta, salbuespenez, aplikatzekoa den araudiak ez duen hala agintzen.

Era berean, Udalak ez die interesdunei galdatuko aplikatzekoa den araudiak eskatzen ez duen edo interesdunak lehendik administrazioren bati ekarria dion datu edo dokumenturik. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Udalak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datuen bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez. Ulertuko da kontsulta hori interesdunek baimendua dela, non eta prozeduran ez den haren aurkakotasun adierazia jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun adierazia ematea; bi kasuetan ere, aurrez informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz. Salbuespenez, Udalak ezin baditu aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatu ahalko dio interesdunari ekar ditzala.

4. Baldin eta, salbuespenez, Udalak eskatzen badu jatorrizko dokumentu bat aurkezteko eta hura paperean badago, interesdunak kopia autentiko bat lortu beharko du, ordenantza honetan adierazitako betekizunen arabera, elektronikoki aurkeztu baino lehen. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori.

5. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, Udalak eskatu ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatu ahalko du.

6. Interesdunek administrazio-prozedurara ekartzen dituzten kopiek administrazio publikoen jardueraren eremuan bakarrik izango dute eraginkortasuna.

7. Interesdunak izango dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

37. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.

1. Udalak fitxategi elektroniko bakarra izango du amaitutako prozeduretako dokumentu elektronikoetarako, aplikatzekoa den araudian ezarri bezala.

2. Agiri elektronikoak gordeko diren formatuak bermatu beharko du dokumentuaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, bai eta haiei kontsulta egin ahal izatea, igarotzen den denbora igarota. Edozein kasutan, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera bermatuko da, aplikazio ezberdinetatik sarbidea izan dezaten. Dokumentu horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.

3. Dokumentuak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako dokumentuen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa. Bereziki, bermatuko dute erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legerian ezarritako bermeak betetzen direla ere, eta administrazio publikoek sortutako dokumentu elektronikoak berreskuratu eta luzaroan kontserbatzen dituztela, hala behar den kasuetan, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi-zikloari buruzko berezitasunekin bat.

4. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbestean, bai formatu berean dokumentua sortu zenetik abiatuta edo behar den informazioaren berdintasuna eta osotasuna segurtatuko duen beste edozeinetan erreproduzitu ahal izateko. Edozein kasutan, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera bermatuko da, aplikazio ezberdinetatik sarbidea izan dezaten.

IV. TITULUA

Lankidetza harremanak beste administrazio publiko batzuekin

38. artikulua. Datuen truke elektronikoa komunikazio-ingurune itxietan.

1. Udalaren eta beste administrazio publiko batzuen komunikazio-ingurune itxietan helarazitako dokumentu elektronikoak baliozkoak izango dira igorleen eta hartzaileen autentifikazio eta identifikaziorako.

2. Komunikazioetan parte hartzen duten pertsonak Udalekoak badira, azken horrek zehaztuko ditu komunikazioa arautuko duten baldintzak eta bermeak eta, gutxienez, jasoko dituzte igorle eta hartzaile baimenduen zerrenda eta trukatuko diren datuen nolakotasuna.

3. Parte-hartzaileak beste administrazio publiko batetakoak badira, aipatu baldintzak eta bermeak haien artean izenpetutako hitzarmenaren bidez ezarriko dira.

4. Edonola ere komunikazio-ingurune itxien segurtasuna eta eskualdatzen diren datuen babesa bermatu beharko dira.

39. artikulua. Sinadura elektronikoaren segurtatze eta elkarreragingarritasuna.

1. Udalak erabaki ahalko du zein tramitek eta txostenek eduki behar duten sinadura elektroniko aitortu edo kalifikatua eta aurreratua, sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutakoak.

2. Elkarreragingarritasuna erraztu eta dokumentu elektronikoen egiaztatzea ahalbidetzeko, Udalak ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektronikoa gainjarri ahalko du, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektronikoko sistemak ez diren beste sistema batzuk erabiltzen dituenean administrazio publikoei igortzeko edo haien esku jartzeko elektronikoki sinatutako dokumentazioa.

40. artikulua. Datuen transmisioa administrazio publikoen artean.

1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoarekin bat, Udalak eskura dituen interesdunen datuetan sartzeko aukera emango die gainerako administrazio publikoei, betiere zehaztuz datu horietan ahalik eta segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun handienaz sartzeko baldintzak, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak.

2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako administrazio publikoek beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez haiek arautzen dituen araudiaren arabera interesdunari eskatzen dizkiotenak baizik ez dituzte eskuratuko.

3. Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu eta dagokion eremuan behar dituen teknologiak sartuko, bere sareen interkonexioa ahalbidetzeko, sortze aldera administrazio publikoen informazio sistemak elkarrekin lotzen dituen komunikazio sare bat, haien artean trukatu ahal izateko informazioa eta zernahi zerbitzu, bai eta ahalbidetzeko ere Europar Batasuneko eta beste estatu kideetako erakunde sareekiko interkonexioa ere.

4. Bereziki, Udalak Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala hartu beharko du aintzat, informazioaren, formatuen eta aplikazioen segurtasun, kontserbazio eta normalizazio arloko irizpide eta gomendioen multzoa denaz bezainbatean.

5. Horretaz gainera, Segurtasunaren Eskema Nazionalari ere jarraituko dio, baliabide elektronikoak erabiltzeko segurtasun politika bat izate aldera, betiere erabat errespetatuz tratatutako informazioaren segurtasuna behar bezala bermatzen duten gutxieneko oinarrizko printzipioak eta osoki betez baldintzak.

V. TITULUA

Administrazio prozedura elektronikoa

41. artikulua. Espediente elektronikoa.

1. Administrazio-espediente elektronikoa da jatorri hori duten dokumentu eta jarduketen multzo ordenatua, administrazio-ebazpenaren aurrekari eta oinarri izateko balio duena eta hura betearazteko eginbideak ere jasotzen dituena.

2. Espedienteak formatu elektronikoa izan behar du, eta haren osagai izan behar duten dokumentu, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatuko da, eta barnean dituen dokumentu guztien aurkibide zenbakitu batekin joango, bidaltzen denean. Espedientean jaso behar da, orobat, harturiko ebazpenaren kopia elektroniko ziurtatua.

Aurkibide zenbakitu horrek bermatuko du espediente elektronikoaren osotasuna eta aukera emango du hura behar den guztietan berreskuratzeko; onargarria izango da dokumentu bera espediente elektroniko desberdinetan egotea.

3. Interesdunari espedienteak igorri beharrean, erabat legezkoa izango da espediente elektronikoa haren eskura jartzea; interesdunak kopiak paperean ateratzeko eskubidea izango du.

4. Arau baten ondorioz espediente elektroniko bat bidali beharra dagoenean, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta Elkarreragingarritasunari buruzko Arau Teknikoetan ezarritakoaren arabera bidaliko da, osorik, orrialdeak zenbakiturik, autentifikaturik eta dituen dokumentu guztien aurkibide orobat autentifikatu batez lagundurik. Aurkibide hori autentikatzeak bermatuko du sortutako espediente elektronikoa osorik eta aldaezina izatea sinatzen denetik, eta aukera emango du behar den guztietan berreskuratzeko. Onargarria da dokumentu bera espediente elektroniko desberdinetan egotea.

5. Ez da administrazio-espedientearen parte izango informazio lagungarria edo osagarria, hala nola aplikazio, fitxategi eta datu-base informatikoetakoa, ohar, zirriborro, iritzi, laburpen, komunikazio eta txostenetakoa, izan txostenok barrukoak edo administrazio-organo edo entitateen artekoak eta, orobat, administrazio publikoek emandako balio-judizioak, non eta ez diren prozedurari amaiera ematen dion administrazio-ebazpena baino lehen eskatutako txostenak, nahitaezkoak eta aukerakoak.

42. artikulua. Administrazio prozedura hastea.

1. Tramitazio elektronikoan sartutako prozedura administratiboak baliabide elektronikoen bidez hasi ahalko dira alderdi batek eskaturik, ordenantza honetan arautu den erregistro elektronikoan ereduaren araberako eskabidea aurkeztuz.

2. Aurreko atalean aipatutako eskabide elektronikoek sinadura elektronikoa izan beharko dute, bai eta Administrazio Publikoen Administrazioa Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 70. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak ere.

3. Interesdunak behar diren edo komenigarritzat jotzen dituzten dokumentuen kopia digitalizatuak erantsi ahalko ditu; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko du sinadura elektroniko aurreratuko sistemaren bidez. Udalak edozein unetan eskatu ahalko dio interesdunari jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko, eta orobat, dagokion artxiboari eskatu ahalko dio aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko. Kopia horiek aurkezteak esan nahi du administrazioari baimena ematen zaiola dokumentu horietan jasotako informazio pertsonalean sartu eta hura erabiltzeko.

4. Haien erabilera erraztu eta bultzatzeko, eskatzeko sistema normalizatuek izan ahalko dituzte aurkeztutako informazioa bere sistemetan edo beste administrazio publiko batzuen sistemetan jasotako datuekin bat heldu ote den ikusteko egiaztapen automatikoak, eta are eskaini ahalko ere galdetegi elektronikoaren eremuak beteta, osorik edo partez, interesdunak informazioa egiazta eta, hala behar badu, alda eta osa dezan.

43. artikulua. Prozeduren tramitazio elektronikoa.

1. Administrazioko tramiteak baliabide elektronikoen bitartez egiteko onesten diren programa, aplikazio eta sistema informatikoek honako hauek bermatu beharko dituzte: epeen kontrola, data eta ordua agertzea, eta jarduketen arduradunen identifikazioa. Gainera, espedienteen tramitazio hurrenkera errespetatu beharko dute.

2. Administrazioko organoek bermatuko dute interesdunei entzuteko eskubidea eta herritarrei informazio publikoa emateko eskubidea baliabide elektronikoen bidez gauzatzeko aukera egotea, bidezkoa denean.

3. Interesdunak tramitazioaren egoerari buruzko informazioa eskatu eta lortu ahalko du sartutako tramiteetan ezarritako modalitateez baliatuz.

4. Udalak interesdunari tramitazioaren egoerari buruzko abisuak igorri ahalko dizkio, harremanetarako interesdunak adierazi dizkion helbide elektronikoetara.

44. artikulua. Administrazio prozeduraren instrukzioa.

1. Baliabide elektronikoen bidez tramitaturiko administrazio prozedura batean, interesdunaren jarduketa guztiek eta dagozkien administrazio egintzek bete beharko dituzte legeak orokorki ezartzen dituen baliozkotasun irizpideak; horrez landa, luzatu eta jaso beharko dira ordenantza honetan arautzen den erregistro elektronikoaren bitartez.

2. Ordenantza honetan komunikatzeko eta jakinarazteko jasotzen diren baliabideak erabiliko dira interesdunek prozeduraren instrukzioan parte hartu beharrez baliabide elektronikoak erabiltzen direnean. Hori gertatuko da interesdunek alegazioak aurkezteko duten eskubidea erabiltze aldera, hori noiznahi egiten ahal baitute ebazpen proposamenaren aurretik, edo bidezko denean, entzute tramitearen bitartean.

3. Bai ziurtagiri eta dokumentu elektronikoetan bai datuen igorpenetan, haien luzapena, tratamendua eta ondorioak ordenantza honen araberakoak izango dira, hertsiki loturik datu pertsonalak babesteko araudiari, baita administrazio prozedurari aplikatzen ahal zaizkion gainerako arauei ere.

Paperezko ziurtagiri bat dagozkion datuen igorpenarekin ordezkatu ahal izateko, beharrezkoa izango da horien titularrak igorpena espresuki baimentzea, datu pertsonalei buruzko araudiak ezartzen duenarekin bat, lege mailako arau batek ezartzen dituenetan izan ezik. Baimenik ematen ez badu, interesdunak behar den ziurtagiria eskatu beharko du, eta hura aurkeztu.

4. Administrazio prozedura elektroniko batera ekartzen bada berarekin ikusteko duten paperezko edo bestelako euskarri fisikodun dokumenturik, erregistro elektronikoan prozedura horri dagokion zenbakia eta erregistro kode bana-banakoa jaso beharko dira.

5. Udalak bultzatuko du baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharrean interesdunak erantzukizunpeko adierazpena egin dezan, bertan adierazita baldintza horiek betetzen direla eta Administrazioak eskatuta behar diren agiriak aurkezteko konpromisoa hartzen duela.

45. artikulua. Administrazio prozedura amaitzea.

1. Kasu bakoitzean eskuduntzat hartzen den organoaren nortasuna bermatuko da prozedura bati baliabide elektronikoen bidez amaiera ematen zaionean.

2. Prozedura elektroniko bati amaiera ematen dion egintzak edo ebazpenak beteko ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzak, eta egintza edo ebazpena emateko eskumena duen organo administratiboak onartutako sinadura elektronikoa izango du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabiziko xedapen gehigarria.–Aplikatzeko, garatzeko eta abian jartzeko gaikuntza.

1. Alkate udalburuari ahalmena ematen zaio bidezko diren jarraibideak hartu ahal ditzan, ordenantza hau egiazki aplikatze eta garatze aldera.

2. Teknologia berrien gaietan eskumena duen zinegotzitzari ahalmena ematen zaio ordenantza hau egoki aplikatu eta garatzeko behar diren kudeaketak egin ditzan eta ordenantza honetan ezarritakoa abiarazi eta aplikatze aldera erabiliko diren aplikazio eta programa elektronikoak gaitzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Idazkaritzaren goi-mailako kudeaketa eta zuzendaritza.

Udaleko Idazkaritza Orokorrari dagokio Udalean administrazio elektronikoaren benetako ezarpenaren goi kudeaketa eta zuzendaritza eta, bereziki, Udalaren fede publikoarekin duten lotura zuzena izateagatik, gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioei erreserbatua, honako hauei buruzko alderdiena: egoitza elektronikoa, ediktuen taula elektronikoa, ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, jakinarazpen elektronikoak eta agiri elektronikoak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Langileen prestakuntza eta herritarrei zuzendutako kanpaina.

1. Udalak bultzatuko du bere zerbitzuko langileen prestakuntza, bere jardueretan baliabide elektronikoak erabil ditzaten.

2. Udalak beharrezko informazio kanpainak gauzatuko ditu, herritarrek ordenantza honen ezarpenak ezagut ditzaten.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabiziko xedapen iragankorra.–Tramite eta prozedurak administrazio elektronikora ekartzea.

1. Udalak progresiboki tramitazio elektronikora ekarriko ditu Udalaren tramite eta prozedura administratiboak, ordenantza honetan ezarritako printzipio orokorrei eta prozedurari jarraituz, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen babesean.

2. Betiere, ekarpenak egina behar du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean sartu baino lehen, honako hauei dagokienez: ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, gaitutako enplegatu publikoen erregistroa, administrazioaren sarbide-puntu nagusi elektronikoa eta fitxategi elektroniko bakarra.

Bigarren xedapen iragankorra.–Tramitazioan dauden prozedurak.

Ordenantza hau ez da aplikatuko indarra hartu baino lehen hasitako prozeduretan. Horiek lehengo araudiaren bidez arautuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe utziko dira ordenantza honetan ezarritakoari aurka egiten dioten udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Tramite eta prozedura berriak.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta tramite administratibo berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek jaso beharko dute horiek baliabide elektronikoen bidez tramitatzeko aukera, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan ezartzen diren baldintzekin.

Azken xedapenetan bigarrena.–Arauak egokitzea.

Udalak bere arauak egokitzeko konpromisoa hartzen du, ordenantza hau abian jartzeko, betiere udal aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Administrazio prozedura erkidearen arloko legeen aplikazioa.

Ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko da, honako hauetan ezarritakoa deusetan ukatu gabe: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta haiek garatzeko eman daitezkeen gainerako arauak.

Azken xedapenetan laugarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L1903914