74. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

2019-2020 urteetako zergen kontrolerako plana

Udalak, 2019ko martxoaren 4an egin osoko bilkura arruntean, onetsi zuen Tuterako Udaleko zergen kontrolerako plana 2019-2020 ekitaldietarako, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2002 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da plan horren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tuteran, 2019ko martxoaren 8an.–Ogasuneko zinegotzi ordezkaria, José Ángel Andrés Gutiérrez.

HITZAURREA

Lehena:

Tuterako Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko udal zerbitzuentzat beharrezkoa da zergen kontrolerako udal plana egitea 2019-2020 ekitaldietarako.

Zergen kontrolerako udal plana funtsezko tresna da udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Finkaturiko helburuak bete ahal izateko garatu behar diren lehentasunezko ildo nagusiak zehazten eta ezartzen ditu plan honek.

Bigarrena:

Zergen kontrolerako udal planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izanen”. Eta bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izanen dituzte; eta horien hornidura nagusiak izanen dira tributu propioak, eta Estatuko eta autonomia erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.”

Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena:

Planaren xedea izanen da udal tributu guztietan zerga-iruzurra atzematea, iruzur fiskalaren aurkako neurriei buruzko apirilaren 17ko 14/2013 Foru Legean ezarritako jarraibideekin bat. Arreta eta ardura bereziz zainduko dira hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga (gainbalioa), lurraren gaineko kontribuzioa, ekonomia-jardueren gaineko zerga; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga; hirigintzako lizentzien tasa; eta lurzoru, lurgain eta lurpearen okupazio orokor eta bereziaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zergen kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zergen kontrolerako plan horretan, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai, baita zergak kudeatu eta ikuskatzeko udal zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan finkatuko diren ere, batere ukatu gabe ekonomia-jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eskuordetzen ahal dituen eskumenak. Gainerako jarduerak araudi aplikagarriaren, udalerriko egoera fiskalaren eta eskura dauden baliabideen arabera zehaztuko dira.

FINEAN, KUDEAKETA ETA IKUSKAPEN PROZEDURAREN BITARTEZ, ZERGAPEKOEK TOKIKO OGASUN PUBLIKOAREKIKO BETEBEHARRAK ONGI BETETZEN DITUZTEN AZTERTU ETA IKERTUKO DA.IKUSKAPEN LANEN ANALISIA

Zerga Ikuskaritzaren eginkizunak, funtsean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 130. artikuluan ezarrita daude:

a) Zerga-egitateak ikertzea, administrazioarentzat ezezagun direnak atzemateko.

b) Zerga oinarrien behin betiko integrazioa, zuzeneko zenbatespen objektiboen kasuak egiaztatuz eta zeharkako zenbatespenari dagozkion ikuskatze lanak eginez.

c) Egiaztatze eta ikertze lanen ondoriozko zergak likidatzea, erregelamendu bidez ezartzen diren moduak baliatuz.

d) Norberaren ekimenez edo administrazioaren gainerako organoek eskatuta, partikularren edo beste erakundeen gaineko ikerketa edo informazio lanak egitea, zuzenean edo zeharka, zergen aplikazioa baitute ondorio.

Zerga Ikuskaritzak egiten dituen egiaztapen eta ikerketa lanen helburua, azken batean, zergapekoek Tokiko Ogasun Publikoarekin dituzten betebeharrak eta eginbeharrak zuzen betetzen direla egiaztatzea izanen da.

Bestalde, ikuskapen prozedurako jarduketak partzialak edo orokorrak izaten ahalko dira. Jarduketa orokorrak eginen dira zergadunaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunarekin duen edozein betebeharri dagokionez, izan tributu arlokoa nahiz laguntzeko eginbeharra. Aldiz, jarduketa partzialak eginen dira, zerga-egitate jakinei dagozkienean; edo haien xedea, edozein izanik ere, arestian aurreikusitakoa baino mugatuagoa denean. Hori guztia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Kudeaketa arloan, zerga kudeaketaren arloan honelako lanak eginen dira: egiaztapen eta ikerketa arlokoak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo balioak kontraesanezko peritu-tasazio prozesuen bidez egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.

Zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuek ikertu beharko dute, beren jarduketetan, zerga bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan zergapekoek adierazitako egitateak eta inguruabarrak zehatzak eta egiazkoak diren. Halaber, ikertuko dute ba ote den egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen beste aurrekariren bat, administrazioak osoki edo hein batean ezagutzen ez duena. Azkenik, aztertuko du zergapekoek zerga likidaziorako egindako eragiketak zehatzak ote diren eta, era berean, ezarriko du haien zerga egoeran egoki iruditzen zaion erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, oro har informazio hori Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa ez bada.

Administrazioko beste organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibide eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

APLIKATZEKOA DEN LEGERIA

Udalaren zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako zergapekoen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki betetzen dituzten jakiteko eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Zerga Ikuskaritzaren eginkizunak, ahalmenak eta jarduketak honako hauen bidez arautuko dira:

–13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa.

–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

–152/2001 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onesten duena.

–153/2001 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Erregelamendua onesten duena.

–177/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Nafarroako Foru Komunitatearen Diru-bilketari buruzko Erregelamendua onesten duena.

–Tuterako Udaleko tributuak eta prezio publikoak arautzen dituen ordenantza eta Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorra.

–Aplikatu beharreko gainerako xedapenak, Nafarroako Foru Komunitateak emanak.

Organo eskudunak onetsitako zergen kontrolerako planetara egokituko dira Udalaren zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.

Zergen kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar dira zein irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

ZERGEN KONTROLERAKO PLANAREN FUNTSA ETA INDARRALDIA

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du zergen kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera”.

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor tributuen udal administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzeko bere eskumeneko lurraldean.

Plan hau prestatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa beteko da.

Planifikazioaren bitartez jarduketak abiarazteko baimena ematen zaio Zerga Ikuskaritzari, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10. artikuluarekin bat. Artikulu horretan ezartzen da zergen kontrolerako planaren oinarrian komenigarritasun eta ausazkotasun irizpideak egonen direla, bai eta egokitzat jotzen diren beste batzuk ere. Beharrezkoa da ikuskapenerako plan bat edo batzuk izatea. Plan horietan, jarduketa programak, lehentasunezko esparruak eta jarraibideak ezarriko dira, eta zergapekoak hautatzeko balioko dute, haien gainean ikuskapen jarduketak hasteko, dagokion urtean.

Funtsezko xedea da ikuskapen jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera, eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela, herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Tuterako Udaleko Zerga Ikuskaritzak prestatu du Zergen kontrolerako 2019-2020 bitarteko plana, tributuen kudeaketako burutzarekin koordinatuta. Bi urteko indarraldia izanen du, eta besterik gabe luzatu ahalko da, hura zuzendu edo plan berria onetsi ezean. Planaren indarraldian, beharrezkoa dela iritziz gero, jarduketa plan bereziak onetsi ahalko dira, sektorekoak nahiz lurraldekoak, bai eta komenigarritzat jotzen diren aldaketak ere.

Ikuskapenerako planen edukia isilpekoa izanen da eta ez du publizitaterik izanen. Hala ere, horrek ez du galaraziko haien gaineko irizpide orokorrak publiko egitea.

ISILPEKOTASUNA

Ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira eta ez dira aditzera emanen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 10. artikuluan ezarrita dago ikuskapen jarduketak aldez aurretik planifikatu behar direla. Hala ere, planak izaera irekia eduki behar du, ikuskapen taldeek bildutako informazio berria hartan integratu ahal izateko. Hori horrela, aktuarioek aukera izanen dute planifikaturiko jarduketetatik aldentzeko, eraginkortasun eta komenigarritasun irizpideei jarraikiz.

Zergen kontrolerako plana baimen orokor bat da, zergapekoen gaineko egiaztapen eta ikerketa jarduketei edota informazioa lortzekoei ekin ahal izateko epe jakin batean. Zergapekoak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari begira, ikuskapen planetan ahalik hobekien kudeatzen dira Zerga Ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Ikuskapenerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, departamentuko gainerako langileek bezalaxe, beren eginbeharra bete beharko dute eta, horretarako, lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baizik eta ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:

–Ausazko alderdia:

Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

Zergadunen aitorpenek, datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak agertzen dituztenean.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datuak direneko alderdia:

Kasu honetan, gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez dutela aitorpenik aurkezten.

ZERGEN KONTROLERAKO PLANA BETETZEKO BEHAR DIREN BALIABIDEAK

Baliabide materialak:

Plan hau behar bezala gauzatzeko, ezinbestekoa da Udalaren departamentuekin elkarlan estuan aritzea.

Behar den laguntza teknikoa emanen dute Informatika Departamentuak eta udal alor hauek: Hirigintza, eta Ogasuna eta Ondarea.

Teknikariei zerga kudeaketako datu-baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute zergapekoen egoera aitortua ezagutzea, bai ikuskapena hasi aurretik zergapekoa tributuen aldetik nolako egoeran dagoen jakiteko, bai zergapekoaren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, bidezkoa balitz. Izan ere, ikuskatzaileen erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.

Teknikarien eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanari buruzkoak.

Obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta lurraren gaineko kontribuziorako izena ematen dutenen kontrola; horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira ekonomia jardueren gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.

Teknikariei baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko. Halaber, haien xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte.

Alkate udalburuak txartela edo beste identifikazio-agiriren bat emanen die ikuskatzaile teknikoei, lanpostuan aritzeko egiaztapena.

Giza baliabideak:

Zerga Administrazioko funtzionario eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, funtzionario ez diren langileei ematen ahalko zaie prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko jarduketen ardura, baldin zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Ezinbestekoa izanen da beharrezko koordinazioa izatea udal departamentuekin, bereziki, alor hauekin: Zerga kudeaketa, Hirigintza eta Udaltzaingoa.

Orobat erabiliko da Udal Idazkaritzaren eta Kontu Hartzailetzaren lankidetza eta, hala behar bada, haien aholkularitza.

Betiere Udalak zergen kontrolerako plana gauzatzeko beharrezko jarduketetarako kontratatzen ahal dituen administrazioko laguntza teknikoko zerbitzuak deusetan ukatu gabe.

IKUSKARITZA

Puntu honetan zehazten da ikuskatzaile aktuarioaren kargua Tuterako Udaleko diruzainak hartuko duela bere gain.

Ikuskapen lanetan aritzeko laguntza jasoko da.

Kudeaketa arloan, egiaztapen eta ikerketa egintzetarako arduraduna Udaleko ikuskatzaile aktuarioa izanen da.

Alkateak edo hura ordezkatzen duenak errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak izanen ditu.

PRESTAKUNTZA

Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emanen da.

HELBURU NAGUSIAK

1. Egiaztatze- eta ikertze-jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.

3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

TUTERAKO UDALAREN ZERGEN KONTROLERAKO 2019-2020 BITARTEKO PLANERAKO SEKTORE EDO JARDUERA BERARIAZKOAK

Zerga oinarrian oinarritutako estrategia:

Zergen kudeaketa eta ikuskapen jardueren gauzatzea zerga oinarriaren araberakoa izanen da, aktuarioen ekimena deusetan ukatu gabe, eraginkortasun, ekonomia eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten zergapekoei, baldin eta egintza horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jarduketa jakinarazien tramitazioari buruz indarra duen udal ordenantzan edo haren ordezkoan.

Halaber, eta obraren kalifikazioa gorabehera, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergagatik eta hirigintzako lizentzien tasagatik egiaztapena eginen zaie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten tributudunei, eta zergaren behin-behineko kuota garrantzitsua lortu bada ikuskapenerako, eraginkortasun eta aukera irizpideak aplikatuz.

Zerga Ikuskaritzak dituen langileria eta baliabide urriak ahalik eta hobekien kudeatu nahi dira, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta zerga-egitate aukeratuak ikuskatu beharko dira. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz; kasu honetan, hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik larrienak. Arau-hauste horien artean, Zerga Ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera zehaztu beharreko zenbatekoa gainditzen dutenak, hain zuzen ere.

Lurzorua, lurgaina eta lurpea okupatzeko tasa egiaztatuko da, interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen kasuan.

Gainbalioaren udal zergan, egiaztapena egiten ahalko da lurraren gaineko kontribuzioa dela-eta titulartasun aldaketei buruz erregistro publiko, administrazio edo entitate laguntzaile guztiek igorritako datuak gurutzatuz lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren likidazioetako datuekin. Jarduketa horren bidez egiaztatzen ahalko dira, gertatu badira ere, Udalean aitortu ez diren titulartasun aldaketa guztiak (ez bakarrik eskritura publikoen bitartez eginak), hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan duten eragina zehaztu ahal izateko.

Ikuskaritza lanean, bereziki, “mortis causa” eskualdaketen jarraipena eginen da, behar diren likidazioak egiteko eskubidearen preskripzioa galarazi beharrez.

Lurraren gaineko kontribuzioari dagokionez, ikuskapena honako honetan oinarrituko da:

1.–Obra berriak, deklaratu gabeak.

2.–Higiezinen erabileraren egokitzapena.

3.–Eraikinen antzinatasunaren egiaztapena.

4.–Deribazioa ukipenagatik.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia:

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Udalen diru-sarreren artean, ekonomia-jardueren gaineko zergaren kasuan, garrantzitsua da zergaren osagai guztien gaineko kontrola egitea. Izan ere, zerga horretan edozein erregulazio egiten denean, unean uneko diru-sarrerak ez ezik, etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla, eta kudeatzaileen ekimena eragotzi gabe, zergapekoen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan.

Sektore edo jarduerak:

–Fabrikazio jarduerak: kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak jarriko dira jomugan, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan antzematen baitira. Alde batetik, ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz eta, bestetik, establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan; izan ere, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Fabrikazio jarduera horien benetako egoera jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, Industriako espedienteetan egoten direnak, irekitzeko lizentzia eskaeren ondorioz.

–Merkataritza mistoko jarduerak, edo saltoki handietan integratutako jarduerak.

–Handizkako eta txikizkako merkataritza jarduerak.

–Eraikinak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta, oro har, eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendearendako irekiak dauden bulegoak badituzte.

Jarduera ekonomiko bakoitzari dagozkion zergaren osagai guztiak berrikusi behar dira, eta halaber aztertu beharko da deklaratu diren jarduerak eta horiei dagozkien tarifak bat datozela benetan egiten diren jarduerekin.

Orobat, toki jakin batean egiten diren jardueren kasuan, instalazioak bisitatuko dira, aurkezturiko aitorpenak zehatzak ote diren egiaztatzeko xedez, hala zergei nola deklaratu gabeko edo era desegokian deklaratutako jarduerei dagokienez.

Lurraldean oinarritutako estrategia:

Udalerriko karrika, sektore edo esparru hauetan gauzatzen diren jardueren irekitzeko lizentziaren tasa eta hirigintzako bestelako lizentzien tasak egiaztatuko dira:

–Industria sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan daude kokatuta udalerriko industria eta merkataritza jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, industria- eta merkataritza-establezimenduek segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera itxiarazteko.

Zergen kontrolerako udal plan hau oinarri izanen da ikuskatu beharreko zergapekoak hautatzeko 2019-2020 bitartean, aukeraketa egiteko irizpideak eta jarraibideak ezartzen baititu. Hala ere, duen izaera malgua dela eta, aurreikusitako programa eta jarduketak egokitu, aldatu edo zabaldu ahalko ditu Udaleko ikuskaritza zerbitzuak, plana aplikatzean sortzen diren berezitasunak aintzat hartuta. Plan partzialak baliatuko dira horretarako.

Iragarkiaren kodea: L1903518