74. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

29/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 3koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, kontseilari horrexek otsailaren 3an emandako 9/2017 Foru Agindua aldatzen duena; agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen. Foru dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren 23/2015 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen.

Urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen. Hezkuntza Departamentuaren egitura organiko berria onesteko, beharrezkoa zen bulegoen egitura eta haien atxikipena eta eginkizunak aldatzea. Horretarako, Hezkuntzako kontseilariak 9/2017 Foru Agindua eman zuen otsailaren 3an, zeinaren bidez ezarri baitziren Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak.

Gero, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 7ko 2650/2018 Ebazpenaren bidez, Kontratazio Bulegoa bete gabe deklaratu zen.

Ikusirik Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak 2019ko martxoaren 21ean emandako txostena, beharrezkoa da aipatu foru agindua aldatzea eta hura egokitzea Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalaren behar berriei. Hala, Kontratazio Bulegoa kenduko da, eta Zerbitzu Osagarrien Koordinazio Bulegoa sortuko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 34.4 artikulua aplikatuz,

AGINTZEN DUT:

1.–Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 3ko 9/2017 Foru Aginduaren 40. artikuluan araututako Kontratazio Bulegoa kentzea, eta, hortaz, artikulu hori aldatzea. Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren.

2.–Zerbitzu Osagarrien Koordinazio Bulegoa sortzea, Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari atxikia. Bulego berri honen eginkizunak Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 31ko 9/2017 Foru Aginduaren 40. artikuluan sartuko dira. Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren. Honela idatzita geldituko da artikulu hori:

40. artikulua. Zerbitzu Osagarrien Koordinazio Bulegoa.

Zerbitzu Osagarrien Koordinazio Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

–Eskola-garraioaren eta eskola-jantokien zerbitzu osagarriak koordinatzea Hezkuntza Departamentuaren eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen artean.

–Kontratatutako zerbitzu osagarriekin loturiko adjudikazioak egoki gauzatzen direla kontrolatzea eta jarraipena egitea.

–Eskola-garraioaren eta eskola-jantokien zerbitzu osagarriak koordinatzea hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arretan eskumena duen zerbitzuarekin.

–Zerbitzu osagarrien kontratazioa tramitatzea, bai eta kontratu horiek aldatzeko proposamenak ere, eta kontratistei eskatzen zaien dokumentazioa kontrolatzea.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, atxikita dagoen atalak esleituak dituenetatik.

3.–Hezkuntzako kontseilariak otsailaren 3an emandako 9/2017 Foru Aginduaren 39. artikulua aldatzea. Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren.

Honela geratuko da artikulu horren egungo testua:

39. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

–Zerbitzu Osagarrien Koordinazio Bulegoa.

–Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Bulegoa.

–Eraikuntza Bulegoa.

–Mantentze-lanen Bulegoa.

–Erosketa Bulegoa.

2. Zerbitzu Osagarrien Koordinazio Bulegoa eta Eskola Zerbitzuak Kudeatzeko Bulegoa Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari atxikitzen zaizkio.

Eraikuntza Bulegoa Obren Atalari atxikitzen zaio.

Mantentze-lanen Bulegoa eta Erosketa Bulegoa Hezkuntza Departamentuko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Atalari atxikitzen zaizkio.

4.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko apirilaren 3an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Roncesvalles Solana Arana.

Iragarkiaren kodea: F1904786