74. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

25/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 27koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, “Cordovillako goi-lautadako eremu urbanizatu berrira oinez eta bizikletaz sartzeko bide berria” izeneko proiektua jendaurrean egoteko aldia ebazten duena, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako, eta proiektua behin betiko onesten duena.

Garapen Ekonomikorako kontseilariaren martxoaren 22ko 15/2018 Foru Aginduaren bidez, behin-behinekoz onetsi zen “Cordovillako goi-lautadako eremu urbanizatu berrira oinez eta bizikletaz sartzeko bide berria” izeneko proiektua.

Jendaurreko aldia bukaturik, alegazio batzuk jaso dira. Hona hemen alegazioen edukia eta horiei emandako erantzuna:

–1. alegazioa, Ignacio Muñoz Vizcaíno jaunak aurkeztua, Autopistas de Navarra SAren izenean.

Adierazi du ezen, trafiko alternatiboaren ondorioz, eta kamioien eta obrako makineriaren joan-etorrien ondorioz ere, auto-ilarak sortzen ahal direla Mendebaldeko Ingurabidearen (A-15) lotuneko adarretan, eta auto-ilara horiek sortzen diren unean dagoen trafikoaren intentsitatearen arabera, A-15aren enborreraino iristen ahalko direla, Ezkirotzeko lotuneko adarrak ez direlako oso luzeak. Horrenbestez, eskaera egiten du obraren kontratista adjudikaziodunak dagoen trafikoa nahitaez zaindu dezan eta Audenasaren koordinazio zentroari abisua eman diezaion. Gainera, obra hasi aurretik, bilera bat eginen da kontratistaren ordezkarien eta Audenasaren ordezkarien artean.

Erantzuna:

Aintzat hartu da alegatutakoa, eta adierazitakoa ezartzen duen klausula bat sartuko da eraikuntza proiektuan.

–2. alegazioa, Vicente Taberna Irazoqui jaunak aurkeztua, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako gerentea den aldetik.

Adierazi du agian ez dela beharrezkoa lur azpiko pasabide bat egiteko konponbidera jotzea, sakagailua duen oinezkoentzako pasabidea nahikoa izan daitekeelako. Bizikletan egiteko bideari dagokionez, irtenbide hobea zen espaloi batek eta bizikleta-pista batek osatutako zerrenda bat jartzea, zuhaitzen ilara osagarri batek bereizita, espaloia zuinkatzeko.

Erantzuna:

Alegatutakoa ezetsi da. Baztertu egin zen sakagailudun semaforoa duen oinezkoentzako pasabidearen irtenbidea, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak ez duelako baimenik ematen mota horretako bidegurutzeak jartzeko hirigunetik kanpo dauden errepideetan. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen diseinuari dagokionez, zabor-legarrezko zorua jarri da, 20 zentimetroko zabalerakoa; izan ere, 600 metroko luzeran, gutxi gorabehera, bat dator Probintzietako Errege Altxonbidearekin. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak baimena eman du altxonbidea oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearekin erabiltzeko aipatutako baldintzapean.

–3. alegazioa, Carlos Tamburri Moso jaunak aurkeztua, Cordovillako UPSaren AR-01 banaketa eremuko konpentsazio batzordeko burua den aldetik.

Adierazi du behin-behinekoz onetsitako proiektuan aipatutako obrak konpentsazio batzordearen kontrolaren barnean sartzen direla. Cordovilla-Donapeako lautadaren UPSak arautzen du konpentsazio batzorde hori. Halaber, adierazi du 2011. urte erdialdean urbanizazio-proiektua onetsi zela, eta beraz, eremu horretan jarduteko, beharrezkoa zela urbanizazio-proiektua aldatzeko proiektu bat eratzea.

Erantzuna:

Alegatutakoa ezetsi da. Alegazio horri erantzuteko, txostena eskatu zaio Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalari. Jasotako txostenaren arabera, Cordovillako UPSa zuzenbide osoz deuseza da, eta horrenbestez, urbanizazio-proiektua ere bai. Hori horrela izanik, ez zen beharrezkoa beste proiektu bat egitea urbanizazio-proiektu hori aldatzeko.

Aurkeztutako alegazioak ebatzita, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendak ez du aldaketarik izan.

Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 20.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, bidezkoa da proiektua behin betiko onestea.

Horrenbestez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak egindako txostenarekin eta proposatu duenarekin bat, eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Jendaurreko epea ebaztea, azalpen zatian adierazi bezala, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako, proiektu honetan: “Cordovillako goi-lautadako eremu urbanizatu berrira oinez eta bizikletaz sartzeko bide berria”.

2. Behin betiko onestea “Cordovillako goi-lautadako eremu urbanizatu berrira oinez eta bizikletaz sartzeko bide berria” izeneko proiektua. Aurrekontua 292.853,80 eurokoa da, BEZa barne.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuaren webgunean argitaratzea, eta dagokion iragarkia Nafarroako Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren bi egunkarietara bidaltzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari, Desjabetze Bulegoari eta Iruñeko eta Galar Zendeako udalei, eta horiek premiatzea beren iragarki-tauletan argitara dezaten.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko martxoaren 27an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1904298